Interneteko bilatzaileak

Googleri zuku guztiak ateratzeko formulak

Munduan gehien baliatzen den bilatzaileari ahalik eta emaitzarik zorrotzenak eskatzeko hamaika truku eta prozedura darabiltzate internautek
1 otsaila de 2007
Img internet listado 329

Googleri zuku guztiak ateratzeko formulak

/imgs/20070201/img.internet.01.jpg Web orriak klasifikatzeko xedez, ziberespazioa arakatzen duten makinak dira bilatzaileak, termino jakin bat daukatenak, aldez edo moldeko ordenan, erabiltzaileari eskaintzeko. Zeregin horretan Googlek ez du lehiakiderik, Espainian batik bat, bera baita, inondik ere, erabiliena. Baina Sarean dabilen informazioa geroz eta bolumen handiagoa hartzen ari denez, Googleri ahalik eta zuku gehienak ateratzea bideratzen duten estrategia ugarietako batzuk ezagutzea merezi du.

Zuzentasun ortografikoa eta zehaztasuna

Bilaketa baten arrakasta, bilatu nahi duen huraxe aurkitzeko bilatzaileak duen trebeziak baino areago, erabiltzaileak termino edo kontzeptu hori egokiro zehazteak determinatzen du. Bestela esateko, “okerreko galdera” egiten bazaio, nekez erantzungo digu egokiro ez Googlek, ez beste zeinahi bilatzailek.

“Desegokia” kontzeptua aplikatuko litzaioke bai zuzen ez dagoenari (ortografi edo tipografi akatsez idatzitakoari) baita ongi zehaztua ez dagoenari ere. Topatu nahi duguna bilatu eta aurkitzeko lehen urratsa, beraz, bilaketa ahalik eta zehazkien mugatzea da. Erabiltzaileak hainbat metodoren artean aukeratu ahal izango du.

Denetan soilena, bilaketa-leihoan hitz bat baino gehiago idaztea da. Adibidez, ez da gauza bera “Landa” idaztea (horren emaitzak, Googlen, hamaika lirateke: hotelak, grezierazko hizki bat, zinema aktore baten biografia, euskal abizenen genealogia, etc.) edo “Alfredo Landa” idaztea (kakotx eta guzti). Bi hitz horiek elkartzeak bilaketa testuinguru jakin batean kokatzen du; kakotxei esker, Googlek badaki bi hitzak elkarren ondoan bilatu behar dituela, adierazitako ordena horretan (beraz, “Alfredoren abizena Landa da” motako esakuneak dituzten orriak ez ditu erakutsiko).

Bilaketa aurreratuak

Bilaketak zehazten dituzten zeinu guztiak ikasi behar izan ez dezagun Googlek bilaketa aurreratuen zerbitzua eskaintzen du (bilatzailearen orri nagusiaren erdialdetik sartzen da bertara). Zehaztasun guztiz osaturiko formularioak lagunduko gaitu bila ari garen hori defini dezagun. Aurrenekoa, bilatzailearen leihoan idatziko genukeen huraxe da (Alfredo eta Landa, adibidez). Ondoren galdetu behar zaio bilaketa hori definitzen duen hitzez hitzeko esakunerik ba ote dagoen (kakotxen baliokidea).

Esakunea hitzez hitz idazterik ez badugu, bada bestelako aukerarik ere: emaitzetan agertu behar duten hitzak definitzea (Alfredo, Landa eta aktorea, adibidez), emaitzetan agertu behar ez diren hitzak (“aktorea”, esate baterako, aktorea ez den beste Alfredo Landarik bilatu nahik badugu) etc.

Dokumentu jakin bat bilatu nahi badugu, bilaketa aurreratuetan dokumentuaren formatu mota, hizkuntza edo Interneten sartu zen eguna defini dezakegu, adibidez. Era berean, bilaturiko hitzak orriaren helbidean, orriaren izenburuan edo edukian ager daitezen ere eska daiteke.

Aukera batzuk biziki baliagarriak dira oso-oso helburu berariazkoak erdietsi nahi direnean, hala nola, dokumentuak erreproduzitzea baimentzen duen jabetza intelektual jakin bat izatea. Horixe litzateke, lege arazorik izateke, Alfredo Landaren argazkia eskuratu eta beste web gune batean ipini nahi duenaren kasua. Edo bilatzaileak web orri jakin batetiko -zineman espezializatutako egunkari edo aldizkari bat, adibidez- emaitzak bakarrik agertzea.

Logikaren garrantzia

Bilaketa konplexuak eginez baino areago, logika erabiliz denbora dezente aurreztuko du internautak askotan. Esate baterako: jatetxe batean mahaia jasotzeko telefono zenbakia jakin nahi dugu. “Zein da halako jatetxeak mahaiak jasotzeko duen telefonoa?” idazten badugu, ez gabiltza bila, galdezka baizik. Baina horri erantzunik ematea ezinezkoa da makina batentzat, oraingoz behintzat.

Bilatzaileak ihardestea nahi badugu, bere hizkeran, bere mintzairan egin behar zaio galde, “engainuka” jardunez ere, ahalik eta emaitzarik hoberena eman diezagun. Bilatzailearen leihoan, beraz, “El Mesón jatetxea, telefonoa, mahaiak jasotzea, Madril” idatziko dute, adibidez, jatetxea Madrilen badago. Era horretan jardunik, oso litekeena da El Mesón jatetxeko mahaiak jasotzeko telefonoa Googlek agertzen dituen lehen emaitzetako bat izatea. Frantziako populazioa ezagutzeko “biztanle ditu Frantziak” edo “Frantzia, biztanle, errolda” idatziko da, baina inola ere ez: “Zein da Frantziako populazioa?”.

Bilatzailea baino zerbait gehiago

Taktika horiek baliatuz erabil daiteke Google bestelako helburuak ere lortzeko. Hozkailuan zer gutxi dagoenean eta afaltzeko sormenezko zerbait prestatu nahi denean, adibidez, Googlecooking (“Google estiloko sukaldaritza” edo antzeko zerbait) gunera jo dezakegu. Leihoan, etxean dauzkagun osagaiak idatziko eta aldamenean “errezeta” hitza jarriko dugu, ea zer eskaintzen digun. Bitxia badirudi ere, behin baino gehiagotan funtzionatu izan du. Hiztegi baliagarria ere izan daiteke Google. Horretarako, asko da “definizio” hitza eranstea bilatu nahi dugunaren esanahiari; bilatzaileak Wikipedia eta erreferentziako beste hainbat publikaziotan aurkitu dituen definizio guztiak emango dizkigu. Kalkulatzeko unean, beste horrenbeste: aurkez ezazu eragiketa bat (“2+2”) edo dibisa-trukea ingelesez, adibidez (“15 dollars in euros”).

Abrakadabra

/imgs/20070201/img.internet.02.jpg Bilaketa-barratik abiatuta Googlen miaketa aurreratuak zuzenean egiteko aski da hitz magiko mordoxka bat ezagutzea: nahi dugun emaitza horiek gerturatuko digute, hara:

  • linka: web jakin baterako lokarriak dituzten orri guztiak bilatzeko baliatzen da. Esate baterako, link:www.consumer.es sakatuta, CONSUMER EROSKI-ren web gunearen azalarekin lotzen duten orriak erakutsiko ditu.
  • minus zeinua: zeinu honek (-) hitz batekin lotuta ezartzeak esan nahi du hitz hori daukaten orri guztiak baztertzea nahi dugula.
  • sitea: web gune bakar batean eta horretan soilik bilatzea esan nahi du. Adibidez, site:consumer.es ordenador sakatuta, “ordenador” hitza agertzen duten CONSUMER EROSKI-ren orriak erakutsiko ditu.
  • -sitea: adierazten den web gunean agertzen diren emaitza guztiak baztertzea nahi dugu. Aurrekoaren kontrakoa da.
  • Kakotxak (“”): bi kakotxen artean sartu ditugun esakuneak hitzez hitz bilatzeko erabiltzen dira.
  • define: espainierazko erreferentziako liburu askotan bilatuko du hitz horren definizioa. Esate baterako, define:kilogramo sakatuta, hainbat hiztegi eta entziklopediak ematen duten hitz horren definizioa erakutsiko zaigu.
  • filetype: bilatzen dugun artxibo mota zehazteko balio du. Adibidez, filetype:pdf PDF formatuak bakarrik bilatzen ditugula esan nahi du.
  • allintitle: terminoa izenburuan agertzen duten orriak bakarrik bilatzeko.
  • allintext: terminoa testuan agertzen duten orriak bakarrik bilatzeko.
  • allinurl: terminoa url helbidean (orriaren beraren helbidea) agertzen duten orriak bakarrik bilatzeko.
  • allinanchor: terminoa, beste hainbat orrialdek adierazten dituzten esteketan agertzen duten orriak bakarrik bilatzeko.