Altzariak

Egurra, errege

Egurrezko altzari baten kalitatea hainbat faktoreri erreparatuta nabarmen daiteke: koloreari, bukaerari, ertzei, aireztapen sistemari, tiraderei, besteak beste.
1 otsaila de 2007

Egurra, errege

/imgs/20070201/img.vivienda.01.jpg Ohe aproposa, arropa armairu egokia edo jantokiko mahaia hautatzeko sekulako pazientzia hartu behar izaten da, estilo, diseinu eta prezioen aukera amaigabea delako. Baina, horrez gainera, erosi nahi denaren berri luze-zabal izatea ere komeni izaten da: materialen kalitatea, garbitzea, kontserbatzea, zona lehor edo hezeetan zahartzea, etc. Merkatuak eskaintzen duna, orokorki, bitan banatzen da: bukaera sintetikoko altzaria eta egurrezko altzaria. Lehenak prezio ekonomikoagoak eta diseinu gehiago eskaintzen ditu. Bigarrenak, bukaerako fakturan nabarmenduko den ebanisteri lana, eskulangintza, hitz batez.

Halaz ere, jendeak sinetsi ohi duenaz beste aldera, altzari baten kalitatea erabilitako materialak ez ezik beste zenbait faktorek ere determinatzen dute, hala nola bukaera edota funtzionaltasuna. Izan ere, egur hutsezko altzariak (ustez, behintzat, kalitate hobekoak balira ere) ia ez dira komertzializatzen, horrelakoak egiteko arbola gehiago ebaki beharko liratekeelako eta, gainera, egurra materia biziduna denez, hezetasuna eta tenperatura aldatzean, hura mugitu egiten da.

Ohikoena, egurrezko atala altzariaren kutxa edo ingurukoa bakarrik izatea da. Estrukturaren gainerakoa aglomeratu, kontratxapatu edo zuntzezko oholekin moldatzen da. Horrelakoak arboletako adar, azal, zerrauts eta txirbilez ekoizten badira ere, tenperatura edo hezetasun aldaketen aurrean altzariaren jokaera hobea bermatzen dute. Zumea, rattana eta melamina ere baliatzen diren arren, zura da denetan nahiena. Nolanahi ere, zur edo egurretan ere alde handiak daude. Oinarrizko batek hurrengoak bereizten ditu:

  • Egur gogorra: garestien eta iraunkorrena. Alde honetara eginez gero, kaoba, haritz, gaztaina, pagoa, gerezia, intxaurra, lizarra, wenge edota teka ditugu, besteak beste. Prezioa: armairu bat erosteko 1.000 eurotik gora.
  • Egur samurra: merkeen eta arinena. Honelako zurak dira pinua, altzifrea, izeia, makala eta urkia, adibidez. Samurra da lantzeko unean baina horrek ez du esan nahi gutxi iraungo duenik. Prezioa: armairu bat erosteko, 700 eurotik gora.

/imgs/20070201/img.vivienda.02.jpg Prezio horiek orientazio gisara ematen ditugu, egurraren, bukaeren eta izarien arabera, alde handiak gertatzen baitira altzari batetik bestera. Zur klase bat eta bestearen prezioen arteko aldea, funtsean, arbolaren hazkuntza-erritmoak determinatzen du: egur gogorra hazkuntza mantsoko arbolena da; zur samurra, aldiz, ugariago diren eta azkarrago garatzen diren zuhaitzek ematen dute.

Kalitatedun altzariaren adierazleak

Altzariaren iraunkortasunari doakionez, materialak (egurra, orokorki, nobleetako bat da) baino areago, emango zaion erabilerak eta mantenduko den egoerak baldintzatuko dute. Altzaria zaindu ezean, oso litekeena da egurrak nozi dezakeen kontrakzio naturalaren ondorioz bere piezak mugitzea, altzariaren harmoniaren kaltetan. Laburbilduz, altzaria kalitateduna den ezagutzeko hurrengo elementuek berme aldian nola jokatzen duten erreparatu behar da:

  • Ertzak. Altzari sintetiko baten ertzak irregularrak izan eta itsatsiak egon ohi dira; zurezko altzariak, oholtzen kasuan, elkarri itsatsitako lamez edo pieza bakar batez osaturiko amaiera perfektua dauka.
  • Bazterrak. Biribildurik egon behar dute, kolperik hartuz gero, kalte edo mina (haurrentzako altzariak direnean, bereziki) arintzeko.
  • Kolorea. Egur naturalezko altzariek ñabardurak, betak eta kolore ez uniformea agertzen dituzte; gainerakoek, kolore homogeneoa.
  • Bukaera. Altzaria bainuan jartzekoa bada, kanpo aldean korrosioaren kontrako berniz edo pintura eduki behar du. Haurrentzako altzariak direnean, garrantzi handikoa da pinturak berunik ez edukitzea.
  • Distira. Distira handiegiak ikusmen-nekea eragiten du, are eta gehiago altzari horretara begira luzaro egotekoa bada, idaztegiekin gertatzen den legez.
  • Erresistentzia eta ergonomia. Armairuak itxura sendoa erakutsi eta ergonomikoa izan behar du, hots, gauzak bertatik erraz hartu eta bertan erraz gordetzeko aukera emango duena. Loturek pisuaren aurreko erresistentzia agertu behar dute eta, altzaria haurrek badarabilte, erabilera intentsiboagoa jasateko modukoa behar du izan.
  • Estalki seguruak. Estalki horizontalek, ixtean, inor kolpa ez dezaten, bat-bateko itxiera edo erortzea eragotziko duten elementuak eduki behar dituzte.
  • Aireztatze sistemak. Altzari edukitzaileak -kutxak eta antzekoak- barrualdekoa aireztatzeko zuloak edo antzeko mekanismoak eduki behar dituzte.
  • Egurrezkoak edo bestelakoak izan daitezke; garrantzitsuena, ongi fabrikatuak egotea da, atzealdea ondo bukatua (arraspatu eta bernizatua), doitze perfektua eta aurreikusiriko gehieneko kargaren araberako labaintze-sistema edukitzea. Usain goxoa eta irekiera-topeak edukitzea komeni da, tiradera osoa altzaritik eror ez dadin.

Estiloak, egurrak

Altzari bakoitzak bere “izendapena”, hau da, fabrikazioan erabilitako egur mota definitzen duen estilo edo joera berariazkoa. Hona estiloetako batzuk:

  • Inperioa. Arrosa argi eta zerrodun uniformatuko kaoba darabil, batik bat, linea klasikoko altzariak (lera motako oheak eta antzekoak, adibidez) moldatzeko. Lerro zuzen eta angelu handiez osaturiko diseinuaren eboluzioa da.
  • Neoklasikoa. Zur finak, hala nola haritza -horixka, erresistentzia handikoa- edota intxaurra -marroi arrexka eta zerrodun oparokoa- darabiltza. Lerro zuzenak, itxura soilekoak, baina dotore-dotoreak.
  • Koloniala. Gerezia -tonu gorrixka eta zerrodun distiratsuduna- eta bernizez trataturiko intxaurra darabiltza, batik bat, zahartu airea emateko. Amerika Zentraleko jauretxeak gogorarazten dizkiguten altzari astunak dira, batez ere.
  • Probentzala. Gerezia darabilte gehien, baserri-estilotik gertukoan, etxe horiek bere-bereak dituzten kutxak eta antzekoak moldatzeko.
  • Landatarra. Pinu marroi argi edo horixka da estilo honetan hedatuena, “zaharkitua”, maiz. Eskuz landutako armairu, apalategi, liburutegi edota ateek etxea giro bereziaz janzten dute.
  • Modernoa. Txapadun eta melaminazko oholtzekin, batik bat, fabrikaturiko altzari hauen ezaugarriak bolumen zabalak edo minimalistak, lerro zuzenak eta modulukako distribuzioak dira.

Zaintza

/imgs/20070201/img.vivienda.03.jpg Denbora joan ahala egurrezko altzariak iluntzeko joera du, baina horrek ez du esan nahi altzaria endekatuko denik edo itxura zarpailagoa agertuko duenik. Aski da hautsa oihal heze batez kendu eta, ondoren, zapi batez lehortzea baina, era berean, produktu argizaritsuak balia daitezke horretarako. Altzariak zaintzeko eraz berariazko aginduak emateko pertsonarik egokiena saltzailea da, fabrikazioan erabilitako materialen arabera eta eman zaizkien amaieren (berniza, pintura, ehuna, metala edo beira) arabera. Aire zabalean (terraza edo lorategian) ohi dagoen altzaria denean egurrik aproposena teka da, hezetasunaren kontrako erresistentzia handia duelako eta urtean behin edo pare bat aldiz berniz esku bat ematea aski baitu. Espazio horietan bestelako zurak ere preziatzen dira, hala nola wengea, irokoa eta antzekoak, horiek denak Amerika, Afrika eta Asiako eskualde tropikaletatik baitatoz: bertan, jakina denez, klimaren bereizgarriak euri ugariak edo tenperatura handiak direnez, kanpo aldean ederki erantzuten dute altzariek.

Ez ahaztu…

  • Tenperatura-aldaketa bortitzak. Altzariek tenperatura hotzak beroak baino hobeto pairatzen dituzte. Tenperatura egokiena 20ºC – 24ºC tartekoa da. Bat-bateko aldaketak arraildura sor ditzake zurean.
  • Eguzki argia. Eguzki printzek altzariaren kolorea pixkanaka argitu egiten dutenez, hark itxura naturala galdu eta gris koloreko bihurtzen da, zuraren lignina endakatzearen ondorioz.
  • Hezetasun edukia. Hauxe da egurra endekatzearen arrazoirik behinenetako bat, urdin edo lizunen agerpena probokatzen baitu, dela euripean eduki delako kanpoaldean, dela barrualdean hezetasun handiegia izan duelako. Euriak lignina suntsitzen duenean, egurra arraildu eta hezetasuna bertan sartzen da. Pintura galtzea edota junturak bereiztea alarma-seinaleak ditugu.
  • Produktu kimikoak. Egurrezko altzariak ez dira horrelako produktuekin garbitu behar; hobe altzari sintetikoetan baliatzea.
  • Aireztapena. Leiho batetik edo aire-sistema egokitu baten bitartez airea sartzeak hezetasuna (bainuan, adibidez) edo gehiegizko berotasuna (kalefakzioa piztean, esaterako) biltzea galarazten du.
  • Intsektuak. Termitak eta zizka edo pipiak udaberrian batez ere agertzen badira ere, urteko beste zeinahi sasoitan ere azal daitezke. Zuretan sartu eta bera jaten dute barne-kanaletatik barrena. Altzariak bisitari horiek dituenean azaleran txulotxoak agertzen dira.
  • Babesa. Hainbat produktu desberdin erabil daitezke, hala nola fungizidak (onddoen kontrakoak), intsektizidak, hidrofugoak (hezetasunaren kontrakoak), pigmentatuak edo lasureak (eguzki printzen erasoen aurkakoak). Pintura porotsuak egurrari transpiratzeko aukera ematen dio eta bernizak geruza iragazgaitz babeslea osatzen du azalean. Kanpoaldeko egurretarako, hobe da babesle oliotsua ematea, hura elikatu eta arnastuko duena.
  • Orbanak. Horrelakoak garbitzeko altzariaren azalera osoa tratatu behar da, ez orbana daukana soilik. Nolako orbana -ura, alkohola, gantza, kafea…-halako produktu espezifikoa. Likidoa da etsairik okerrena.

Osaketa-etiketa

/imgs/20070201/img.vivienda.04.jpg Espainiako 1468/1988 Errege Dekretuak fabrikatzailea behartzen du altzariaren etiketan bere osaketa ager dezan, altzari hori erosi edo erabiltzea fabrikazioan baliaturiko materialek determinatzen baldin badute edo, bestela produktuaren purutasun, oparotasun, kalitate, segurtasun edo eraginkortasunaren ezaugarrietako bat bada. Etiketan agertu behar ditu produktuaren egiazko gaia (engainu edo akatsik ez ondorioztatzeko modura), kalitatea eta erabiltzearren edo erants dakizkiokeen dispositibo mekaniko jakinen ondoriozko arriskuak. Valentzia Erkidegoko Altzarien Merkatarien Federazioak 2005ean, enpresarioen, Administrazioaren eta kontsumitzaileen artean adostutako lehen etiketa-eredua, Espainian aitzindari, aurkeztu zuen. Altzariaren osaketaz era guztietako zalantzak ezabatzea helburu zuen etiketa hura sukaldeko, bainuko eta haurrentzako altzarietan eransteko sortu zen. Espainiaren gainerakoan oraino ez dago etiketa-eredu homologaturik baina elkarte eta erakunde publikoak lanean ari dira horrelako zerbait edo kalitate-zigilua ezartzeko.

Segurtasun arauteria betetzea

Altzari baten erosketa hainbat faktorek -estetikak, batik bat- determinatzen dutela argi eta garbi dagoen arren, bada biziki zaindu beharreko beste bat oraino; segurantziaz ari gara. Altzaria segurua da, baldin eta ?erabilera baldintza ohikoetan edo gizabidez aurreikus daitezkeenetan inolako arriskurik agertzen ez badu edo gutxien-gutxieneko arriskuak, produktuaren erabilerari dagozkionak, onartzeko modukoak, agertzen baditu” (1801/2003 Errege Dekretua). Esku jakin batzuetan (haurrak, pertsona zaharrak?) arriskutsuak gerta daitezke kristalezko elementuak dauzkaten edo, bestela, eskuz edo mekanikoki eragiten diren dispositiboak dauzkaten altzariak. Espainiako Altzariaren, Zuraren, Bilgarrien eta Tankerakoen Institutu Teknologikoak, horiez gainera, altzaria osatzen duten osagaiei dagokienez, kontuan hartzeko irizpideez ohartarazpena egin du.

Egurretan edo egurrezkoez osaturiko oholtzan fabrikatu delarik, altzariak azalerari pinturazko, bernizezko edo, hein txikiago batean, produktu kimikozkoez osaturiko bukaera eman zaio. Oholtzen kasuan, geruzak elkarri kolatu egiten zaizkionez, horrek formaldehidoaren presentzia ondorioztatzen du: Osasunaren Mundu Erakundeak (OMS) substantzia kantzerigenotzat jotzen duen gas hori pixkanaka-pixkanaka eguratsera liberatzen da eta ibilgailuek edo tabako keak igortzen duten berbera da. Fabrikatzaileen helburuetako bat itsaste-prozesuan gas hori murriztea denez, orain hasi dira kola eta prentsatze sistema berriak baliatzen. Dena den, altzarian datzan gas horren kopurua eta igorpena UNE-EN 120 eta UNE-EN 717-2 arauen arabera eginiko saiakuntzetan neur daitezke. Arau horiek bete direla baldin badio etiketak, kontsumitzaileak aurrean daukan altzaria segurua da, ingurugiroa errespetatzen duena.

Erreparatu beharreko beste aspektu bat, altxarietako pinturen dauzkaten metal astunen (kromoa, barioa, beruna) edukia da): alderdi horrek berebiziko garrantzia hartzen du haurrentzako altzariak (sehaskak, etab.) direnean, oso litekeena baita haurrak barroteak edo altzariko beste hainbat atal milizkatzea. Altzariak, baimendutako gehieneko kontzentrazioak errespetatu baditu, horrek esan nahi du UNE-EN 71-3 arautegia bete duela. Horra hor, beraz, altzariaren etiketan edo berme agirian bilatu beharreko beste datu bat, dendariak erostunari egiaztatu beharko liokeena hasiera-hasieratik.