Energi aurrezkia

Argindarreko fakturan ezustekorik ez

Argindarraren tarifaren igoerak, kontsumitzailearen fakturari aurrezkia eragingo dioten aholku eta ohitura soil-soilak betetzea neurri egokia dela frogatuko du
1 otsaila de 2007

Argindarreko fakturan ezustekorik ez

/imgs/20070201/img.consejos.01.jpg Urte berriaren hasierak Espainiako familiei argindarraren fakturaren %2,8ko igoera ekarri die, hau da, hilean 31 euroko faktura ordaintzen duen batez besteko kontsumitzailearentzat, 74 zentimoren karga. Hona beste argudio bat ohiko aztura txarrak baztertzen segitzeko: gelatik irtetean argia itzaltzea, termostatoa tenperatura egokiz gainean edukitzea, etab. Garestitze horrekin batera Espainiako Gobernuak gauezko tarifen merkatzea ere agindu du: horri esker, adibidez, arropa- eta baxera-garbigailuak gaueko 9etatik goizeko 11ak arte jartzeari esker, kontsumitzaileak %2 – %8 arteko aurrezkia izango du. Bada argindarraren fakturan ustekabeko desatseginik ez izateko bestelako neurririk, hala ere.

Argiteria

  • Ipini, bonbilla konbentzional edo gorien ordez (hauexek baitira gutxien irauten eta gehien kontsumitzen dutenak) lanpara “eraginkorrak” (fluoreszente konpaktuak, erreaktantzia erradioaktibotik gabeak eta boltaje apaleko halogenoak): argitasun berbera ematen dute, 8 bider gehiago irauten dute eta energiaren %80rainoko aurrezkia egiten dute. Espainiako Energia Dibertsifikatu eta Aurrezteko Institutuaren (IDAE) arabera, bonbilla tradizional baten ordez kontsumo apaleko beste bat jartzeak, bigarren honen bizitza baliagarria amaitzean, 60 euro baino gehiagoko aurrezkia ekarri du.
  • Etxean dauzkazun kontsumo handieneko hiru bonbillen ordez kontsumo apaleko hiru baliokide ipintzen badituzu, argiterian gastatzen duzuna erdira jaitsiko duzu eta, aurrezki hori esker, erositakoak zortzi hilabetean bere burua ordainduko du. Hortik bost urtera, aurrezkia 300 euro ingurukoa izango da.
  • Lanpara fluoreszente konpaktuak energi aurreztaile apartak dira, are eta gehiago etxebizitzako kontsumo elektrikoaren %20 inguru argiterian gastatzen dena dela kontuan izaki. Oso litekeena da, behar bezainbesteko argitasun naturalik ez duten bizitza batzuetan gastu hori argindarraren faktura osoaren erdia ere izatea.
  • Ipini fluoreszenteak argitasun handia behar duzun tokietan, argia luzaro pizturik eduki behar baduzu: sukaldean, bainuan, etab. Fluoreszenteak goriak baino 10 aldiz gehiago dirau eta lau aldiz energia gutxiago kontsumitzen du. Ez ibili etengabe piztu eta itzaliz, horrek lanpararen bizitza laburtzen baitu. Fluoreszentea itzalirik 20 minutu baino gutxiago egotekoa bada, hobe duzu pizturik edukitzea.
  • Lanpara guztiek, goriek zein fluoreszenteek, hautsik gabe egon behar dute, garbirik, igortzen duten argitasuna zikinkeriak eragotz ez dezan.
  • Ahal den guztietan, balia zaitez argitasun naturalaz. Egun argiz, eduki zabal-zabalik gortina eta pertsianak, eguzkiaren argitasunari ahalik eta etekin handiena erauzteko. Piztu argi artifiziala egiaz behar duzunean bakarrik. Inor ez dagoen tokietan ez utzi argirik piztuta.

Etxetresna elektrikoak

/imgs/20070201/img.consejos.04.jpg Etxetresna elektrikoa erostean energia kontsumoa ere aintzat hartu beharra dagoenez, aparatuak daukan etiketa energetikoari erreparatu behar zaio. Ondoko sailkapenak aparatuen eraginkortasun energetikoaren gradua agertzen du: zenbat eta eraginkorragoa orduan eta kontsumo txikiagoa, alegia:

Energi aurrezkia
Klasea Kontsumoa
A Batez bestekoaren %55 baino gutxiago
B Batez bestekoaren %55 – %75 artean
C Batez bestekoaren %75 – %90 artean
D Batez bestekoaren %90 – %100 artean
E Batez bestekoaren %10etik gora
F Batez bestekoaren %10 – %25etik gora
G Batez bestekoaren %25etik gora

Etxetresna elektrikoak aprobetxatzeko modurik egokiena, gutxiago kontsumi dezaten alegia, beti-beti karga betean baliatzea da, programa ekonomikoak erabiliz.

Plater-ikuzgailua

  • Energia gehien kontsumitzen duen aparatuetako bat da hauxe : kontsumo horren %90 ura berotzeko prozesuak gastatzen du eta gainerako %10 helizeari eragin eta ura astintzeak. Plater eta ontziak eskuz ur beroarekin ikuzteak, ikuzgailuaren aldean, kontsumoaren %40aren aurrezkia ekartzen du.
  • Aukera ezazu aparatuaren tamaina zeure premien arabera: eskuarki baxera gutxi erabiltzen baduzu, nekez beteko duzu ikuzgailu handi bat.
  • Tenperatura biko ontzi-ikuzgailua aukera polita da, agian: aparatuak dauzkan bi hartuneetako batetik ur beroa jasotzen du eta bestetik ur hotza. Era horretan, ur beroa berogailutik hartzen denez, ikuzteko denboraren laurdena eta energia asko aurrezten da.

Arropa-garbigailua

  • /imgs/20070201/img.consejos.02.jpg
  • Kontsumo apaleko arropa-garbigailuek uraren %70 eta energiaren %24erainoko aurrezkia egiten dute.
  • Azter itzazu modelo bakoitzak egiten dituen ikuzte-zikloak eta gogoan hartu, ziklo ekonomiko laburra izatearen garrantziarekin batera, ikuzteko tenperaturak hautatzeko aukera ere bai.
  • Izan kontuan aurretik kargatzen diren garbigailuek, orokorki, gainetik betetzen direnek baino ur eta energia gutxiago gastatzen dutela.
  • Garbigailuak kontsumitzen duen guztiaren %90 ura berotzen gastatzen du. Erabil ezazu ur epel edo hotzeko garbitze-programa, egungo detergenteekin aski baita horixe.

Hozkailua

  • Etxeko tresna denetan energia gehien kontsumitzen duena da hozkailua: denek kontsumitzen dutenaren %40, hain zuzen.
  • Jela eta izotza isolatzaileak direnez, aparatuaren barnean produktuak hoztea eragozten dute. Merkatuan badira izotzik egiten ez duten no-frost izeneko aparatuak, barrualdean izotz eta jela osatzea galarazten duen aire-zirkulazioa etengabea eragiten dutenak.
  • Erregula ezazu hozkailuko tenperatura fabrikatzaileak emaniko aginduen arabera: gradu zentigrado bakoitza jaisteak energia-kontsumoaren %5 gehiago eragiten du.
  • Eduki hozkailu eta izozkailuen atzealdea garbi eta aireztaturik; ipini aparatu hauek bero-iturrietatik urrun. Baldintza egokietan ez badaude, energia gehiago kontsumituko dute (%15eraino).
  • Ez sartu elikagai beroak hozkailu edo izozkailuan. Kanpoan epeldu edo hozten utziz gero, energia aurreztuko duzu.
  • Egiazta ezazu hozkailuak zuzen ixten duela. Ez ireki alferrik. Metaturiko hotzaren parte handi bat galduko du barrualdeak segundo gutxitan.

Plaka eta labea

  • /imgs/20070201/img.consejos.03.jpg
  • Sukalde elektrikoa badaukazu, erabil itzazu plaka edo sutondo elektrikoa baino handiagoak diren kazola, eltze eta paderak. Horrelako ontzi batek sutondo horren bizpahiru zentimetro aprobetxatu gabe uzten badu, kontsumitzen duen energiaren erdia galduko du. Errezetak bide ematen badu, balia ezazu presio-eltzea: energiaren erdia baizik ez dute gastatzen eta denbora asko aurrezten dute.
  • Balia ezazu sukalde elektrikoen hondar-berotasuna: eragiketa amaitzeko bost bat minutu falta direla, itzal ezazu aparatua (minutu gutxiago, bitrozeramika bada).
  • Ez ireki labea alferrik. Irekialdi bakoitzean tenperatura dezente jaitsiko denez (50º eta 125º C) metaturiko beroaren %20raino xahutuko duzu. Balia ezazu aparatuaren erlojua edo txirrina.
  • Labea erabili ohi baduzu, hona berri jakingarria: konbekziozkoek berotasunaren banaketa uniformea eragin, denbora aurreztu eta energia gutxiago gastatzen dute.

Bestelakoak

  • Etxetresna elektriko txiki bat erosten duzunean, aukera ezazu zure premiak aise beteko dituen potentziakoa. Gezurra badirudi ere, oso litekeena da ile-lehorgailuak, mikrouhin labeak edo xurgagailuak, erabiltzen ari direnean, hozkailuak baino gehiago gastatzea.
  • Erabiltzen ez duzunean, eduki itzalita telebista, bideoa, musika aparatua, ordenagailua. Stand-by posizioan %33 gehiago gastatzea eragin dezake.
  • Deskonekta itzazu aparatuen itzalgailuak: urrutiko aginduarekin itzaltzen badituzu, tresnen osagai batzuek konektaturik segitzen dute, energia (ohiko kontsumoaren %80raino) gastatzen dute. Teleagintearekin bakarrik itzali den telebistak orduko 15 watt kontsumitzen du.

Tenperatura, zorrotz

  • Isolamendu onak kalefakzioaren ?baita aire egokitu eta eguraste sistemaren? kontsumoan familiak egiten duen gastuaren %40raino aurrez dezake (urtean 160 euro inguru), Espainiako Energia Dibertsifikatu eta Aurrezteko Institutuaren (IDAE) arabera.
  • Erradiadore elektrikoen ordez ipini bero-metagailuak eta kontrata ezazu gauezko tarifa. Kalefakzio gastuetan %50 baino gehiago aurreztuko duzu.
  • Ahalegin zaitez kalefakzioaren tenperatura 20º C inguru mantentzen, horixe baita etxebizitza bateko tenperatura egokiena. Hortik gora, gradu bakoitzeko energiaren %5 – %7 gehiago kontsumituko duzu. Etxetik kanpora bazoaz ordu batzuetarako, jaitsi termostatoa 15º C-raino.
  • Aire egokituko aparatuari, 25º C-tik behera, eskatzen diozun gradu bakoitzeko, energiaren kontsumoa %8an areagotuko da.