Ondasun batentzat zer adierazten du Gizadiaren Ondare kategorian sartzeak?
Maila horretako kategorian sartu edo kanpoan geratu, herri baten ondarea bere Historiaren duintasun handieneko adiera da. Horretaz gozatu ahal izatea funtsezko eskubidea da, 948ko Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalean aldarrikatua, eta Espainiako Konstituzioan jasoa. Ikuspegi horretatik, ondasun hori babestea erakundeen eta gizarte osoaren ezinbesteko betebeharrekoa da. Herentzian jaso dugun altxor hori gure ondorengoei utzi behar diegu baina, nola ez, beraz gozatu ondoren. Horiez gainera, irizpide eta baldintza zorrotzak beteaz, UNESCO-ren Zerrendan sartzen bada, izaera unibertsalarekin mundu aurrean aurkez dezakezu ondasun hori.
Espainian Gizadiaren Ondare izendaturiko 39 Ondasunen artean bada, azaletik begiratuta, bederen, alde kualitatibo latza, eman dezagun, Granadaren handientza eta Eivissaren bioaniztasun eta kultura etereoen artan. Zerrenda luzatzen segitzea beharrezkoa ote?
Zein zen kontua, horren begi bistakoak ez ziren errealitateak zerrendan sartzea?
Ondarea izateko arrazoian aurrera egitea zen kontua: 1966 urtean Batzordeak oreka geografikoaren bila abiatzeko erabakia hartu zuen, ordura arte ordezkaritza urria zuten eskualde eta herrialdeei ateak zabaltzeko. Tipologia-zerrendan ere oreka bilatu zuten, baita irizpide-malgutasun edo zabaltasun handiagoa ere: glaziar eta basamortu gutxi zegoen, baina gotiko, maia edo erromaniko asko. Egungo asmoa bestelako arkitektura berreskuratzea da, erlijioso eta zibilez gainera, meategietakoa edo industriarekin oro har lotua dagoena. Hori zela eta, 2001 urtean Aranjuez sartu zen, gizakiak diseinaturiko natur ingurunearen integrazioa eskaintzen duen paisai kulturala den aldetik. Úbeda eta Baeza herriekin lanean hasi ginen orduan: hasiera batean olibadiarekin integratu nahi izan zen arren, Espainiak Amerikara esportatzen duen Errenazimenduarekin lotzea operatiboago gertatu zen. Beste horrenbeste gertatu zen La Laguna-ko diseinu urbanistikoarekin: bertatik Ameriketara helarazi zen katedralak egiteko sistema, horretarako garatu behar diren lanbideak, horretan ezinbestekoak diren eskulangileak, etab. Portugaleteko Zubi Esekia aintzat hartua izan dadin lortu dugu eta orain dinosauroek Penintsula Iberikoan utziriko aztarnekin ari gara lanean. Datorren ekainean, Zeelanda Berrian, Teide-ko Parke Nazionalaren alde, Isurialde Mediterraneo eta Pirinioetako paisai kulturalaren alde egingo dugu.
Nola egiten duzue alde?
Lana hilabetetan zehar egiten da baina ez da Batzar Nagusian defendatzen. Lanak eginik iritsi behar dugu Zeelanda Berrira. Espainia Batzordeko kidea da eta, kortesia diplomatikoagatik, bertako kide bakar bat ez da mintzatzen, hitza Batzar Nagusian ordezkaritza duten gainerako herrialdeetako kideei ematen zaie. Beraz, ordurako dena amaitua dago. ICOMOS-ek (Ondarea kontserbatzea dela eta, UNESCO-ren gobernuz kanpoko erakunde kolaboratzaileak, beronek baitu Ondarearen errealitatea informatu eta horretaz informazioa helarazteko ardura) laguntzarekin txostenak prestatu ditugu.
Erabakia ezezkoa izatekotan, ideia bertan behera utziko da?
Segun-eta: jatorria ukatzen bada, ez duzu berriro aurkeztuko; konponketak egitea aholkatzen badizute, proiektu berrian hasiko zara. Horrelakorik, ordea, ez da gertatu ohi: hautagaitza aurkeztea azkeneko urratsa denez, ordurako hautemana duzu helburua, irizpideak eta egokitasuna betetzen dituen edo ez. Maiz, ordea, salbuespenak jazotzen dira: prozesuan barrena irizpideak aldatzea edo etorkizunean aukera hobea bilatzea, hala komeni baita.
Ondarearentzat arriskua ote da turismoa?
Gozatzeko prezioak ez dira den-denetan herritarrak.
Ez zait horrela iruditzen. Espainian ez da asko ordaintzen, inguruko herrialdeetako prezioen aldean, batez ere. Onartzen dut, dena den, balitekeela sarrera batzuk garestiak izatea (Sevillan, Kordoban), baina kontura gaitezen eraikinak egoera onean kontserbatzea eta kalitate oneko zerbitzua ematea asko-asko kostatzen dela.
Ondare-aberastasunak, buruz bada ere, bisitatzen direnean, horrek eskatzen duen dirutza ikaragarria dela konturatzen gara. Nola lehenesten dira inbertsioak?
Ondarean inbertitzea beharrezkoa izango da beti. Bizi den zerbait da. Obra batzuek beste batzuek baino lehentasun larriagoa izango baina diru premia izango da hor beti. Kontu bat azpimarratu nahi nuke hemen, dena dela: ez ditugu zaharberritze kontuetan behar adina espezialista, behar beste enpresa on. Badira on-onak baina lepo daude, lanpeturik; hortaz, batzuetan aurrekontuak gastatu behar izaten dira eta, enpresa hoberenak kontratatzerik ez badago, bestelako batzuei eman behar izaten zaie lama, baina hau ez da inoiz konponbiderik egokiena. Premia hori aipatu dut adibidea jartzeko: kultura ez da beti dirua xahutzeko bidea, aberastasun-sortzaile ere izan baitaiteke. Ez gara errealitate zaharkitu zurruna, eragile ekonomiko eta sozial gisa ere esku hartzen dugu.
Errealitatea ezinduentzat egokitzea geroz eta hobeki betetzen ari bada ere, badirudi kasu zenbaitetan ezinezkoa dela: Cuencan, adibidez. Ondarea defendatzea dela eta, premia hori ere aintzat hartzen al da?
Bertara edonor sartu ahal izan dadin oreka bilatu beharra dago baina, era berean, egokipenak egitean zuhur-zuhur jokatu beharra dago. Bitarteko teknikoetan zenbat eta aurrerago egin, orduan eta oztopo gehiago kenduko ditugu tartetik. Kontu hauetan gauza bat adierazi nahi nuke, berariaz: borondateari eutsi behar zaio, ez dugu konformatu behar egiten ari den horrekin (ona bada ere), kontuan hartu behar dugu obligazio hori betetzeak osotasuna hobetuko duela, alegia.
Espainiako 39 Ondasunak bisitatu dituzu?
Medulak ikustea falta zait baina aurki joango naiz bertara. Gainerakoak bisitatuak ditut, horietako zenbait, askotan.
Zaletasun berezirik edo??
Denak berdin, denek dute unibertsal izaera ongi merezia.
Zein modutan bisitatzea aholkatuko zenuke?
Norberak gozatuko du bere buruari exijituriko mailaren arabera. Toledok abegia egiten die bi orduko, bi eguneko zein bi asteko bisitariei. Bisitaria bere jardueran gustura dabilen bitartean, iritsi nahi duen sakonera-maila hautatu behar du norberak. Ondarea sakon ezagutu nahi duen pertsonari bezala, toki bat azaletik ezagutu eta bisitatutako horrekin sentsazioak berpiztea baizik nahi ez duenari ere sarrera eman behar diote erakundeek. Kontua da bertara itzultzeko premia sentiaraztea. Eta itxaropenak betetzea. CONSUMER EROSKI-k izan duen ekimena eta antzeko beste batzuk ere onuragarriak dira, Ondarera hurreratu eta ondasunez gozatzeko aukera ematen dutelako.
Ondarearen zaintzan bide luzea ibilia duzu. Hiritarrak egun errespetu handiagoa agertzen du edo, aitzitik, berea duenaz axolarik eza?
Errespetu handiagoa, gauzak ongi ezagutzeko gogo biziagoak, dudarik gabe. Turismo kulturala taxutzen ari da orain. Polita da hori entzutea eta politagoa, oraino, turismo hori geroz eta ugariago eta heterogeneoagoa dela egiaztatzea: hortxe dira gazteak, familia osoak, taldeak, atzerritarrak, auzoak. Mundu osoa ibilarazten du Ondareak.