Hiritarra klima aldaketaren aurrean

Espainiatik sustaturiko "Clima" mugimenduak negutegi efektuaren kontrako borrokan hiritarra inplikatu nahi du
1 otsaila de 2007
Img medioambiente listado 451

Hiritarra klima aldaketaren aurrean

/imgs/20070201/img.medioambiente.01.jpg Joan den azaroan Nairobin klima aldaketaz egin den Nazio Batuen gailurreko topaketak “Clima” mugimenduaren sorrera ospatu du: Espainiatik sustatu den ekimen horrek hiritarren partaidetza eskatzen du, CO2-en igorpenak moteltzen laguntzeko. Estatu eta nazioarte mailako lau erakundek bultzatu eta Espainiako Ingurugiro Ministerioak sostengaturik, ekimenaren helburua ahalik eta hiritar gehienei klima aldaketa arintzen laguntzeko gauza direla jabearaztea da. Horrela ez jokatzeak ekarriko du milioika pertsonak, ahulenak bereziki, uholde, lehorte, urakan eta goseteen arrisku larriagoan bizitzea eta planeta osoan kalte ekologiko eta ekonomikoak egundokoak izatea.

Nola joka dezake hiritarrak?

Aipatu ildo horretan lerratzen dira “Clima” mugimendua eta antzeko jarduerak. Erakunde antolatzaileetako batek (WWF – Adena) dioenez, argindarraren etxeko gastua murriztea igorpenak murrizteko oso modu soil baino eraginkorra da, betikoa egiteari utzi behar izan gabe. Kontua, alferrikako gasturik ez egitea -aparatuak pizturik edukitzea, adibidez, erabiltzen ari ez garenean- baino ez da.

Horren adibide ezagun bat ordenagailuak eta soinu aparatuak dira: itzalita ere, entxufatuta baldin badaude argindarra kontsumitzen dute. Gastu hori ez egiteko, beraz, aparatuak entxufetik deskonektatu behar dira. Bada, izan, beste motibo sendo bat aparatuak saretik deskonektatzeko: tentsioaren gorabeherak; erpinek (bat-bateko tentsio igoerak, sekulako mailetarainokoak) aparatu elektroniko denetan eragin kaltegarria dute eta, itzalita badaude ere, kalteak eragin diezazkiekete. Ekipoa entxufetik deskonektatzea aparatuak babesteko modu soila eta, bide batez, argindarra aurrezteko era polita da.

Sustaturiko neurrien artean, aipa dezagun bakarren bat: kontsumo apaleko bonbillak baliatzea (lau bonbilla bakarrik aldatuta, urteko argindarraren fakturan 36 euro aurrez dezakegu), ate-leihoen isolamendua hobetzea (burletak ipintzeak kalefakzio gastuaren %10erainoko aurrezkia dakar) eta, etxetresna elektrikoa erostean, A klasekoen artean hautatzea (honelakoek D klaseko antzekoek baino %60 energia gutxiago kontsumitzen baitute).

Aurrezkia zifratan

Argindarra dugu negutegi efektudun gasen igorpenen iturri behinenetako bat. Espainian, argindarraren etxeko gastua guztirako kontsumoaren %20 – %30 ingurukoa da (2004 urtean 238.730 milioi kilowatt izan zen, Industria Elektrikoaren Espainiar Elkartearen arabera). Sustatzen ari diren egintza horiei esker, Espainian kontsumitzen den argindar guztiaren %2 – %5 inguru eta etxeko kontsumoaren %10eraino murritz liteke, WWF/Adena erakundekoen iritziz.

Kilowatt bakoitzaren ekoizpenak, Espainian, atmosferara 0,379 kg karbono-dioxido igortzea eragiten du. Etxeko batez besteko kontsumoa, hilean, 363,5 kilowatt da, bertako Ingurugiroaren Ministerioaren arabera; horrenbestez, CO2-ren igorpena, hilean, 126 kg litzateke eta urtean, 1.513 kg. Etxean kontsumoaren %10eko murrizketa egingo balitz, negutegi efektudun gasen igorpenen proportziozko murrizketa (150 kg familia bakoitzeko) erdietsiko litzateke, hots, hilabetean igortzen denaren parekoa.

Stern Txostenak (Gobernu britainiarraren aginduz, Nicholas Stern ekonomistak egin eta 2006ko urrian argitara emaniko dokumentua, klimaren aldaketak munduko ekonomian izan dezakeen inpaktuaz), dioenez, orain arte bezala jarraitu eta neurririk hartu ezean, negutegi efektudun gasen maila hirukoiztu egin liteke mende honen amaierarako; horrek, noski, hurrengo urteetan planetako tenperatura 5º C altxatzeko arriskua ekarriko luke.

Kalkulu hotzak

Gehikuntza horren ondorioek gizakia “eremu ezezagunean” ipintzen dute, aipatu Txostenaren arabera. Hori zer izan litekeen irudikatzeko, egin dezagun kontu egungo tenperatura azken glaziaziokoa (duela 20.000 urte) baino 5º altuagoa dela, batez beste, planeta osoan. Honelako aldeak bost gradu “bakarrik” eragiten badituzte, itxaropenak ez dira biziki baikorrak.

Era guztietako ondorioak izan ditzake aldaketa horrek: itsas aldetik hurbil edo ibai handien arroetan dauden hiriak (Londres, New York, Bartzelona, Hong Kong eta antzekoak) harrapatuko dituzten uholdeak, eskualde zabal-zabaletan uzta osoa galtzea, espezie asko desagertzea, urakanen intentsitatea areagotzea, kliman aldaketa bortitzak gertatzeko arrisku larriagoa, Groenlandiako hormazko geruza behin betirako urtzea, etc.

Ondorio ekonomiko larri-larriak

Aspektu batzuetan -aldaketa globalak eta klima-aldaketa erregionalen arteko loturari dagokionean, adibidez- oraino ere ziurgabetasuna da nagusi. Baina beste hainbatez ez da dudarik, Txostenaren arabera: aldaketa horiek ondorio ekonomiko larriak ekarriko dituzte. “Datozen urte hauetan egingo dugunak mende hau amaitu arteko eta datorren gizaldi osoko jarduera ekonomiko eta soziala arrisku bizian jar dezake, gerrate handietan eta Depresio Handian nozitutakoen tankeran “.

Aldaketa saihestu edo mugatzea

Txostenak, beste aldetik, beste eszenategi bat ere ikusten du etorkizunean: behar bezalako egintzetan jardunez gero, CO2-ren igorpenak egonkortu ahal izango dira; horrek ez luke klima aldaketa galaraziko, baina mugatu egingo luke. Bertan proposatzen diren egintzak hiru ildotatik doaz: karbono igorpenak erregulatzea, berrikuntza eta teknologia garbien garapena sustatzea eta, azkenik, eraginkortasun energetikoa erdietsi eta gizartea bestela joka dezan trebatzea.

Klima aldaketaren kontra borrokatzeko gida

/imgs/20070201/img.medioambiente.02.jpg

  • Musika aparatua, ordenagailua eta telebista itzali eta entxufetik deskonektatzeak, erabiltzen ez direnean, urtean 87,2 kg CO2 igortzea aurrezten du.
  • Kargatzen amaitu duenean, telefono mugikorraren kargadorea entxufetik ateratzeak urtean 6 kg CO2 igortzea aurrezten du.
  • Arropa garbigailua beterik dagoenean bakarrik jartzeak, tenperatura apaleko programekin, urtean 359,8 kg CO2 igortzea aurrezten du.
  • Bainuaren ordez dutxa hartzeak urtean 531 kg CO2 igortzea aurrezten du.
  • Neguan kalefakzioa gradu bakar batez jaisteak urtean 228,7 kg CO2 igortzea aurrezten du.
  • Lau bonbilla tradizionalen ordez kontsumo apaleko beste lau ipintzeak, urtean 179 kg CO2 igortzea aurrezten du.
  • Pertsianak jaitsi eta aire egokiturik ez erabiltzeak urtean 578 kg CO2 igortzea aurrezten du.
  • Garraio publikoa erabiltzea edo lantegira oinez edo bizikletan joateak urtean 305 kg CO2 igortzea aurrezten du.
  • Aire hotza sar ez dadin, ate-leihoak behar bezala isolatzeak, urtean 286 kg CO2 igortzea aurrezten du.
  • A klaseko etxetresna elektrikoak erabiltzeak urtean 293 kg CO2 igortzea aurrezten da.