Informazio honetan agertzen diren datu, informazio, interpretazio eta kalifikazioak haiek egin ziren uneari dagozkio, eta, beraz, denbora mugatuz daude indarrean.
Espainiako 18 hiritako 133 igerileku estali aztertu dira : Kopuruz, eskas; erabiltzailearentzako informazioa, dezente hobetu beharrekoa
Maila orokorra ona bada ere, lau igerilekutako batean ez zaio igerilariari jakinarazten uraren egoera eta kalitatearen berri
Horregatik, CONSUMER EROSKI-k Espainian dauden titulartasun publiko (udalarenak, gehienbat) zein pribatuko erabilera publikoko igerileku estaliak aztertu nahi izan du. Horretarako (A Coruña, Alacant, Bartzelona, Bilbo, Burgos, Kordoba, Granada, Madril, Malaga, Murtzia, Oviedo, Iruñea, Donostia, Sevilla, Valentzia, Valladolid, Gasteiz eta Zaragoza) 133 igerileku estalitako ekipamendua aztertu da eta, horrez gainera, aldizkari honetako teknikariek bertatik bertara eginiko ikuskaritza eginez, beste hainbat alderdi ere aztertu dira, hala nola erabiltzaileei eskaintzen zaizkien informazioa eta zerbitzuak, instalazioen eta igerilekuen kontserbatze eta garbitasun egoera, ezinduek bertara iristeko dituzten erraztasun eta oztopoak eta instalazioen zaintza, besteak beste.
Instalazio urriak
Igerileku estaliek negute hotzean igeriketa praktikatzeko eskaintzen duten hornidura ez da aski, inondik ere: 59.000 biztanleko, batez beste, titulartasun publikoko igerileku estali bakar bat dago (helduentzako igerilekuak bakarrik aintzat hartuta, hots, umeentzako jolastokiak bazterturik), hiri batetik bestera panorama erruz aldatzen bada ere: Gasteiz azpimarratzeko eredua da (sartze publikoko igerileku bat du 28.000 biztanleko), ondotik A Coruña, Oviedo eta Donostia datozkiola: horrelako igerileku bat 37.000 biztanleko. Zerrendaz beste muturrean datoz Malaga (igerileku bakar bat 137.000 biztanleko), Zaragoza (titulartasun publikoko sei igerileku estali baizik ez, 600.000 biztanleentzat) eta Madril (75.000 gizaki, batez beste, igerileku bakoitzeko). Iruñean eta Bartzelonan igerileku bat daukate 65.000 biztanleko baina nafar hiriburuan, Udalak dioenez, kirol instalazio pribatuak ugariak dira (Iruñean 15 dira igerilekua daukaten elkarteak eta populazioaren %41 horietakoren bateko bazkide da).
Urriak izan arren, instalazio horien balantze orokorrak datu onak agertzen ditu. Dena dela, hiri batetik besterako aldeak latzak dira: azterturiko hiru igerilekutik bi “oso onak” edo “bikainak” dira baina hobetzeko aukera handia da oraino, 133 igerileku horietatik %7k ez baitu proba gainditu eta %8k gainditu bai, baina ozta-ozta agertu delako. Nota global okerrena erakutsi duen atala erabiltzaileari emaniko informazioari eta zerbitzuen aniztasunari dagokio: horietan, igerilekuen %20 kale egin dute: lau igerilekutik batean, izan ere, erabiltzaileari ez zaio informaziorik ematen uraren egoeraz eta kalitateaz eta lautik hirutan zenbat erabiltzaile sar daitezkeen ere ez da jakinarazten.
Bisitatu diren igerileku estali gehien-gehientsuenen garbitasun eta kontserbazioa, aldiz, alderdi hoberenetako bat izan da (proba hau igerilekuen %4k bakarrik utzi dute gainditzeke): aldagelen %2 higiene eta garbitasun egoera kaskarrean zegoen. Beste aldetik, ordea, aldagelen %8tan eta komunen %10etan ez zegoen paperontzi edo zakarrontzirik; komunen %14,3tan ez zegoen xaboirik (%57 Oviedokoetan, %43 Bilbokoetan eta %37 Sevillakoetan) eta aldagelen %16tan ez zegoen arropa eskegitzeko pertxarik (Alacanteko %70etan eta Valladolideko %30etan). Hamar komunetatik lautan ez dago ile-lehorgailurik, %15etan ez zegoen komuneko erratzik eta %42tan bakarrik ikusi zen haurtxoei arropa aldatzeko elementua.
Eduki honen barruko orrialdekatzea
- Ez dago aurreko orririk
- Orri honetan zaude: [Or. 1 de 5]
- Joan hurrengo orrialdera Instalazioak, ongi kontserbatuta »