Karatxo genitalen arriskuak
Arrisku faktoreak
Birusa identifikatzea eginkizun konplexua da, beste hainbat birus edo bakterio ez bezala, honako hau ezin kultiba baitaiteke in vitro; beraz, metodo molekular izenekoak baliatzen dira ikerlan hauetan. VPH-ren kasuan, birusaren azido desoxirribonukleikoa (ADN) atzematean oinarritzen badira ere, azido ribonukleikoaren (ARN) atzematean euskailu duten metodoak ere garatzen ari dira. Birus honi dagokionez, antigorputzak atzemateko metodoek ere ez dute balio ohiko diagnostikoa osatzeko.
Ikerketa epidemiologikoei esker hainbat arrisku-faktore definitu ahal izan dira:
- Sexu-bikotekide bat baino gehiago izanez gero, arriskua hamar aldiz biderkatzen du bikotekide berri bakoitzak
- VPH transmititu ahal izateko sexu-harreman bakar bat aski bada ere, zenbat eta harreman-maiztasun handiagoa, hainbat eta arrisku larriagoa.
- Sexu-transmisio bidezko beste hainbat gaixotasunek infekzioa gerta dadin lagun dezakete
- Jatorriko herrialdea ere baldintza ahaltsua da: herrialderik txiroenetan prebalentzia handiagoa da.
Prebentzio konplexua
Kaliforniako Unibertsitateak egin berri duen ikerlan batean, berriz, VPH bidezko infekzioak bizitza osoan nahitaez irauten ez duela egiaztatu da: kasuen %90etan, organismotik birusa eliminatu egiten da hirugarren urterako. Nolanahi, pertsona asko ostera ere infektatzen da.
Infekzioaren garapena
Infekzioa gertatuz gero, oso litekeena da besterik gabe suntsitzea edo, bestela, infekzio kroniko gisa finkatzea. Kasu honetan, infekzioak gaitz hauek ondoriozta ditzake:
- Kondiloma akuminatuak: karatxo benereoak genital maskulino eta femeninoetan.
- Infekzio subklinikoa: karatxorik ez badago ere, nekez ikus daitezkeen makula edo papulak agertzen dira (atzemanik, zuri koloreko bihurtzen dira, azido azetikoa aplikatuz gero).
- Minbiziaren arriskua: utero-lepokoa askoz ere arrisku larriagoa da trakto genitaleko beste zeinahi zatitakoa baino. Emakumeari arrisku biziko birus bat kutsa dakioke (kasurik gehienetan, 6 – 12 hilabetera suntsitu ohi den eta atzeman ezin daitekeen behin-behineko infekzio gisa gorpuzten da) baina, inoiz, ezkata moduko lesioak eragin ditzake epitelioen artean (estadio hau minbizia eragiten duten lesioen aurrekoa da), mikroskopio elektronikoaren bitartez bakarrik hauteman daitezkeenak. Birusak, suntsitu ordez, hortxe irauten duenean, lesio eragilea eta horrelako lesio gehiago hedatuago eta larriago agertuko dira pazientearengan eta horrek, bistan da, minbizi inbaditzaile ondoriozta dezake atzenean.
VPH birusen bidezko infekzioarekin loturiko hainbat arrisku-faktore ere minbizi zerbikalaren agerpenean lagungarri gertatzen dira:
- Bost erditze baino gehiago
- Ahozko antisorgailuak hartzea (bost urtetik gora)
- Tabakoa kontsumitzea
Prebentzio primario eta sekundarioa
VPH bidezko infekzioaren prebentzio primarioa egin daiteke gaur, 6, 11, 16 eta 18 motetako birusen kontrako txertoari esker. Aurretiko saiakeretan erdietsitako emaitzak biziki onuragarriak izan ziren eta, itxura guztien arabera, VPH-ren kontrako txertoa hartzeak utero-lepoko minbizi tasak dezente urritzen lagunduko luke planeta osoan. Dena den, ori ez dago oraingoz sartuta Osasun Publikoko neurritzat txertatze egitarauetan, oraino konpontzeke dauden kontuak direla medio: txertoa hartzeko adin egokiena, diana-populazioa, “sexu-transmisio bidezko gaixotasun” bat prebenitzeko txertoa populazioak nola hartuko duen, osterako txertatzeak beharrezkoak diren, kostua eta efikaziaren arteko erlazioa, etc.
Utero-lepoko minbiziaren prebentzio sekundarioaren euskailua, Papanicolauren teknikari esker, zitologia aztertzearen bidez minbizi-aurreko lesioak garaiz detektatzea da. Populazioaren bahetze-egitarau antolatuek eraginkorrak direla frogatua dute dagoeneko, metodo hau era masibo eta jarraituan aplikatzen den herrialdeetan intzidentzia eta hilkortasuna hagitz urritu baitira. Zitologi azterketak egiten hasteko adin egokiena 25 urte da edo, bestela, gizakia sexu-harremanetan hasi denetik hiru urtera; proba, jakina, 3 – 5 urtez behin egitea komeni da hortik aurrera ere.
Espainian egoera ontzat eman daiteke, eskura dauden datuak ikusirik: 20 urtetik gorako emakumeen %63k zitologia egina dute; 35 eta 54 urte bitartekoetan, proportzio hori %81raino doa; 55 urtez gorako emakumeen bahetze horren estaldura hobetu beharra dago baserri munduan eta maila sozial zigortuenetan.
Egun, zitologia bidezko bahetzea eta, ADNren bitartez, VPH identifikatzeko aukera ikertzen ari dira. Gizonezkoetan ere beharrekoz da VPH identifikatzea: izan ere, minbizia pairatzeko gizasemeak duen arriskua emakumearena baino arinagoa bada ere, utero-lepoan minbizia agertzea lagunduko duen birus-edukiontzi larria da. Beraz, berdin-berdin tratatu beharra dago. Horretarako, peniskopia izeneko atzemate-metodo berria baliatzen da, ikusteko moduko lesiorik hautematen ez denean. Bai lesio ikusgarriei (karatxo benereoak edo kondiloma akuminatuak), baita ezin ikusizkoei ere eman dakieke aplikazio lokaleko produktuen (podofilinozko erretxinak, a. trikloroazetikoa, 5-fluoraziloa) bitarteko tratamendua, krioterapia, laserterapia, elektrokauterioa, exeresis kirurgikoa edota inmunoterapia.
Emakume zein gizasemea eroale asintomatiko izanik, infekzio genitala VPH bidez transmiti dezake. Kontuan izan dezagun, gainera, gaitza ez dela toki zehatz batean kokatzen: utero-lepoan, baginan, bulban, uzki-kanalean, perineoan, eskrotoan eta zakilean atzeman daiteke.