Bekaizkeria: lehia horretan beti gara galtzaile

Sentimendurik ohikoen eta kaltekorrenetako baten atzean dauden konplexu eta frustrazioak gainditu egin daitezke, inguruan ditugun pertsonak eta gauzak gehiago balioztatuz
1 apirila de 2007

Bekaizkeria: lehia horretan beti gara galtzaile

/imgs/20070401/img.psicologia.01.jpgSentimendu unibertsal bezain kaltekorra da bekaizkeria: hein handi edo txikiago batean, bederen, gizaki guztiek nozitu dugu inoiz bestearekin lehian aritzeko irrika itogarria, beti-beti galtzea egokitu zaigun lehian. Horrelakoetan gure ondamuaren gune den pertsona goialdean kokatzen dugu, ongizate handiaren jabe ikusten dugula. Hirugarrengoa den edo daukan horren gorespenaren ondorez inpotentzia, frustrazioa eta bera baino gutxiago garela sinesteko jaidura sortzen da gure baitan. Hirak eta amorruak osaturiko uztarriak eramango du bizipen hori, bekaiztia bekaiztuaren menpeko bizi dadin. Horixe da Harry Snack Sullivan psikoanalista itzaltsuak, ondamu edo bekaizkeriaren definizioa ematen duenean: “Geu izan edo geuk eduki beharko genukeen zerbait beste inor dela edo daukala deskubritzeak ondorioztatzen du deserosotasun latzeko sentimendu hau”.

Eskakizunek gabeziak agertu

Lortu ahal izateko borrokan diharduenekoaz ari dela, bekaiztiaren diskurtsoa errepikakor, monotono eta konpultsiboa da beti. Inbidia dion horixe abiagune harturik ikusiko ditugu bekaiztiaren gabeziak. Bekaizkeriaren objektua ez da beti pertsona jakin bat; baliteke, era berean, jarraibide gisa erakusten zaigun eta balioz apaintzen duten “ereduzko zerbait” izatea.

Bekaiztiaren bizitza ez dabil bere buruaren errealitatearen inguruan, erdietsi nahiko lukeen baina oraingoz falta duen beste horrenean baizik. Ezin asea eta hutsa, bere egiazko bizitza gozatzea galarazten dion ezaugarri iraunkorra du bekaiztiak. Tristezia eta pesimismoak berezkotasun eta alaitasunez bizitzea ukatzen diote. Ez daki bere buruaz barre egiten, ez eta besteekin ere. Gainerakoak mespretxatuz eta trufatuz bakarrik dihardu irribarre kontuetan ere.

Biktimismotik lainezara

Portaera honek, besteak beste, antsietate jeneralizatua , apetituaren eta loaren trastornoak eta beste hainbat alterazio sortarazten ditu, pertsona batetik bestera aldeak badira ere. Bekaiztiak bizitzarekiko duen jarreran ere izango du eragina: besteekiko elkarbizitza-forma jakin batzuk eratuko dizkio: beti-beti bere burua biktimatzat agertzetik etengabe defentsiban jokatzeraino. Jarrera hori agertzeko era askotako baliabideak erakutsiko ditu: ironia, laineza, hoztasuna, urruntasuna, jarrera oldarkorrak, mespretxua, kritika negatiboa…

Aitortu gabeko sentimendua

Bekaiztiak ez du aitortu nahi izaten bere ondamurik: hala dela ikustarazteak baino min handiagoa ez dio ezerk ere egiten. Kontuan izan dezagun bekaizkeriaren gibelean hauek dautzala:

  • Gutxiagotasun eta ziurgabetasun sentimendua.
  • Norberaren mugak ezagutzeko gaitasunik eza; mugak ahultasunarekin identifikatzen ditu bekaiztiak.
  • Zoriontasunik eza ez da norberak ez daukanaren ondorio, daukana behar bezala ez preziatzearena baizik.
  • Bere bizitzarekiko konpromisorik eta erantzukizunik eza. Besteren bizitzara begira etengabe, berea ez du onartzen.

“Bekaizkeria osasuntsurik” ez da

Den-denok inoiz nozitu dugun eta gorabehera mikatzen, atsekaberen eta erresuminen bat ekarri digun besteren ongia ez onartzearen ondoriozko sufrikarioa negatiboa da beti. “Bekaizkeria osasungarririk” ez dago: nozitzen ditugun sentimenduetako bat dela onartu behar dugu, besterik gabe. Kezka gero etorriko da, bekaizkeria gaitz patologiko bihurturik, pertsonaren bizitza eragozten, oztopatzen duenean, sentimendu hori gizakiaz jabetzen denean, bere auto-estimazioa urritzen duenean, bizimodu osasuntsua egitea galarazten dionean.

Bekaizkeriaren aurreko jarrerak

Prebentzioa

Zeinahi sentimendu ero edo kaltekorrekin jazotzen den bezala, prebentziozko jarrera agertzea komeni izaten da, ondamuaren eraginak obsesioz jasan ez ditzagun. Bekaizkeriaren aurrean, prebentzio egokiaren xedeak lirateke:

  • Norbere buruan eta gainerakoengan sinetsi beharra bultzatzea.
  • geure burua den bezala onartuz, geure ahalbide eta mugak ezagutzea.
  • Gauza batzuk aldatu ahal izango ditugu eta beste batzuk, ez: hori horrela hartzea.
  • Norbere buruaren gaitasuna zehaztasunez balioztatzen ikastea, gutxietsi gabe eta jainkotu gabe.
  • Arreta errealitatearen alderdi positiboenetara bideratzen ohitzea.
  • Enpatia -hots, bere burua bestearen tokian jartzeko gaitasuna- bultzatzea.
  • Norberaren parekoekin asetzeko moduko harreman egokiak egin eta mantentzea.
  • Alde sozialak erlatibizatzen ikastea eta norbere burua norekin, nola eta noiz konparatu behar duen egokiro hautatzeko gaitasunez jabetzea.
  • Arrakasta bera ere erlatibizatzen ikastea.
  • Nor berak egiten duen aurrerakuntza aztertzea, bere buruarekin (eta ez beste inorekin) konparatuz.
  • Laguntza eman eta eskatzen, elkarlanean aritzen eta partekatzen ikastea: horri esker, bekaizkeriak probokatzen dituen liskarrak konpontzeko gaitasunak eskuraut ahal izango ditugu.

Geure burua hobetzea

Bekaizkeria kudeatu eta gainditzeko, funtsezko printzipio batzuk ostera planteatu beharko dizkiogu geure buruari: horiexek dira oreka hobeaz gozatzen eta bizimodu zoriontsuago eta bareagoa izaten lagunduko gaituztenak:

  • Gainerakoei ondo doakienean ezer galtzen ez dugula sinestea.
  • Gu geu izan nahi badugu, hobetu eta gainditu beharreko erreferentzi gune bakarra geure burua dela sinestea. Ez dugu zertan geure burua beste inorekin konparatu.
  • Gure bizitzaren balioa preziatzea eta hori edukitzeaz eskerrona agertzea.
  • Daukagunaz poztea. Ezin gaitezke bizi ez daukagunari etengabe begira.
  • Geure ingurukoak egunez egun idorotzea:: pertsonak, paisaia, bizitza errazten diguten eguneroko gauza txikiak…
  • Amaitzeko, zailena (baina erdiesteko modukoa): gainerakoen suerte onarekin geure burua zoriontsu sentitzea, azken batean, kontua da ahalik eta alaitasun, poztasun, zoriontasun une gehienak bizitzea; bestearenak izan, gureak izan.