Jasotzaile globala duten orri zuriak
Exhibizionismoa eta diskurtso publikoaren artean
Bloga edo bitakora, izan, formatu digitaleko orri zuriarekin tankera handiena daukana da. Erraz sortu eta mantentzeko moduko web orri horiek testuak eta irudiak maiz plazaratzeko balio dute. Horrelakoetan edukiak ordena kronologikoz agertzen dira, atzekoz aurrera: atzenekoak lehendabizi erakusten dira bertan. Horri esker, ohiko irakurleak eroso segi diezaioke bere autore gogoenaren obra.
Nerabeek sentimenduak beren egunkarietako orri zurietan idazten dituzte, helduek idatzizko korrespondentzia dute eskutitzez, posta elektronikoen bidez? Idatzizko korrespondentziaren edo kaieretan ezkutaturiko egunkari kutunen kasuetan ez bezala, ordea, idazlan digital hauen jasotzailea dagoeneko ez da pertsona bakarra (edo lagun gutxi) komunitate globala baizik. Bloga exhibizionismoaren eta diskurtso publikoaren arteko erdibidea da, gizakia baita gainerako guztiei mintzo zaiena, bere bizitza edo pentsamenduaren berri ematen diena. Irakurlea aske da web orri horretan sartu edo beste bat aukeratzeko unean.
Sortzen duena eta irakurtzen dutenaren arteko dependentzia
Nolanahi ere, erabat mekanizaturiko ingurunean garatzen den fenomenoa den arren, bloga bertan behin eta birritan idazteko gogoak, kamera batek atzemaniko bideo edo argazki digitalak erakusteko asmoak eta gizakiaren ahaleginak erabat baldintzatzen dute. Komunitateaz elikatzen den organismo biziduna da bloga, bera sortu duen eta eguneratzen duen pertsonaren menpeko da eta bera ikusi edo irakurtzen (eta blog horren existentzia beren blogetan hedaraziko dutenen) mendeko, hein banatan. Blogak gizaki bakar bat du sorburua eta komunitate osora hedatzea helburua.
Blogen esentzia azalduz gero aiseago ulertuko dugu zergatik aurreikusten den blogen gailurra 2007 urtean jotzea eta hortik gainbehera hastea: blogen moda pasatutakoan bloggileen erdiek idazteari utziko diotenez, beren sortze-lanak blogosferaren zulo beltzean galduko dira. Beste erdiak, ordea, aurrera egingo du.
Protagonista erabiltzailea da
Amore eman ez duten internauten artean egiazko elkarte digitala sortzen ari da; bertan, erabiltzaileak ez daude egunkari, aldizkari edo argitaletxeen zain egon behar informazioa jasotzeko, denbora pasatzeko edo literatura ona dastatzeko. Blogosferan ez dago albiste horrek beste hark baino gehiago balio duela dioen eginkariko zuzendaririk, ezta jeinu berria iragarriko diguten kritikari literariorik ere.
Blogen munduan bloggileek eta irakurleek osaturiko komunitatea (ehunka milioi pertsona, beraz) da, ia-ia nahi izan gabe ere, blog jakin bat goresten, lehenesten dutenak: albisterik interesgarrienak agertzen dituelako, olerkirik sakonenak eskaintzen dituelako, argazki digitalik ederrenak erakusten dituelako, hausnarketarik zorrotzenak egiten dituelako edo iruzkinik argienak ematen dituelako. Horren testigantza, esate baterako, 2006 urtean Time aldizkariak urteko protagonista (aldizkari horren abenduko azala agertzen duen aurpegia, alegia): Interneten erabiltzaile denak!
Autorearentzat: soil eta merkea
Plataforma batzuek -Blogger izenekoak (www.blogger.com), adibidez- bere bloga aurrera ateratzeko asmoa duen nornahiren eskura jartzen dituzte, era bat doan, Interneten idazteko eta argitaratzeko beharrezkoak diren txantiloi eta programak. Eta, egiari zor, posta elektronikoa baino zailagoa ez da horien erabilera.
Sistema horren bidez bere bloga jasoko duen “www.erabiltzailea.blogspot.com” motako Interneteko helbidea (dena den orain Blogger horrek helbide pertsonalizatuak ere eskaintzen dizkio domeinua -9 euro urtean- ordaintzen duen erabiltzaileari) eskuratzen du erabiltzaileak. Horrek esan nahi du gainerako erabiltzaileek aski izango dutela beren nabigatzailean helbide hori tekleatzea egilearen orrietan sartzeko, honek orriok pribatuak direla berariaz adierazi ez badu. Blogean sarrera berri bat idazteko, berriz, prozesua e-maila bat igortzea bezain soila da.
Gerora, berotasuna epeldu ez bada, badago blogak editatzen dituzten plataforma konplexuagotara iristea, hala nola WorldPress edo MovableType-ra: hauek “Blogger”-ek baino sortzeko askoz ere ahalbide gehiago eskaintzen dituzte baina zerbitzari propioa eta sistemaz ezagutza sakonagoa edukitzea agintzen dute.
Interneten makina bat blog dago baina, noski, egunero-egunero milaka sortzen ari direnez, milaka eguneratzen uzten ari direnez eta informaziorik ia ez daukatenak milaka direnez, egokiena blog-bilatzaileak baliatzea da: garrantzi handia du horrek bai irakurlearentzat (hasberri zein adituarentzat) baita egileentzat ere, honelako web orri gehientsuok eragiten dituen erregaiaren tankerakoa (zehazkiago, autoreen niaren elikagaia) delako horiek egin ohi dituzten arrakasta-neurtzeak.
Estreinako bilatzaile espezializatua Technorati izan zen: blogosfera antolatzeko, oinarria blog egileak idatziriko iruzkinei ezartzen dizkien etiketak (“tags”) hartu zituen. Ondoren, Google-k eraso egin zuen Google Blog Search sistemarekin: honek bilatzailearen bertsio konbentzionalak baino informazio “freskoagoa” (eguneratuagoa) eskaintzen du. Nolanahi ere, asko-askotan kontua da abiagune on bat topatzea: blogek beren ezker edo eskuineko zutabean beste blog batzuk gomendatzen dituzte. Liluratu gaituen blog bat bilatu eta aurkitu badugu, blogez blog bila joan gaitezke, azkenean egunero kontsultatuko ditugun elementuez moldaturiko sarea osatzeko.