Testamentua, soluziorik egokiena izatezko bikoteentzat
Nafarroa, E.A.E. eta Balearretako erkidegoan bakar-bakarrik dira berdinak izatezko eta legezko bikoteen ondorengotza-eskubideak. Katalunian, legeak herentziaren laurdena, erdia edo osoa jasotzeko eskubidea aitortzen dio bikotekideari, beste senitarteko batzuk bizi diren edo ez kontuan izaki. Aragoin ondorengotzaren inguruko legeriak ohiko etxebizitzan doan urtebetez bizitzeko eta etxe horretako arreo edo puskak jasotzeko eskubidea onartzen du. Andaluzian, bikotekidea hil denetik urtebetera ohiko etxean bizitzeko eskubidea du bikotekideak. Gainerako autonomi erkidegoetan izatezko bikotekideek ez dute eskubiderik hildako kidearen herentzian; hauen eskubidedunak seme-alabak edo gainerako senitartekoak izango dira, testamentuan besterik agindu ez bada.
Testamentuaren garrantzia
Aipaturiko salbuespenezkoetan izan ezik, testamentua egin ez duen pertsona bat hiltzean aplikatzen den zuzenbideak hildakoaren bikotekidea ez du aintzat hartzen. Kode Zibilaren ondorengotza-erregimenak ondorengotza-eskubideak aitortzen dizkie seme-alabei eta, hauek izan ezean, gurasoei edo ondorengoei. Ez batzuk ez besteak ez badira, anai-arreba eta ilobak izango dira eskubidedunak.
Nola zuzendu egoera hori?
Testamentua egin eta bikotekidea heredero izendatuz. Tramitea soil-soila da, ez da garestia eta arazo eta egoera desatseginak saihesten ditu. Testamenturik ez badu, bikotekideak ez du herentzian deus ere jasoko.
Ondasun guztiak bikotekideari utz dakizkioke?
Ez: nahitaezko herederoen -hots, seme-alaben edo, horrelakorik izan ezean, gurasoen- eskubideak errespetatu behar dira. Dena den, ez ondorengorik ez aitzinekorik ez balego, bikotekideari utzi ahal izango lizkioke ondasun guztiak.
Nolako eskubideak dituzte seme-alabek?
Bien seme-alabak izan edo ez izan, legitima jasotzeko eskubidea zor zaie, hots, herentziaren bi herenak. Bi herenak seme-alabei utzirik, geratzen den herena bikotekideari utz dakioke.
Izatezko bikoteak ez du seme-alabarik baina beren gurasoak bizi dira. Nola egin testamentua?
Testamentua egitean gurasoen legitima -ondasunen erdia, alegia- bi bikotekideek errespetatu behar dute. Beste erdiaren heredero bikotekidea izenda dezake testamentugileak.
Herentzia banatu behar bada, norentzat izango ote da bi bikotekideek parte berdin banatan daukaten etxebizitza?
Herentzia jasotzera badoaz gurasoak eta izatezko bikotekidea, ondasunak banatzeko herederoek itundu edo adostu dutenera jo beharko da. Espainiako Kode Zibilak dioenez, horiek nahi duten erara banatu ahal izango dute herentzia baina, hildakoaren gurasoei ondasunen %50 entregatu behar zaiela kontuan izaki, bikotekideak etxebizitza horren %25 bakarrik jasotzeko eskubidea izango du. Etxebizitza bat, normalean, ezin zati daiteke banaketa egiteko baina heredero bati esleitzea erabaki daiteke; etxebizitzaren balioa herentzian heredero horrek dituen eskubideak baino handiagoa baldin bada, gainerako balioa dirutan beste herederoei ordain dakieke.
Akordiorik ez dagoenean, mutur-muturreko kasuetan, etxebizitza enkantean jarri ahal izango da.
Testamentugileak etxebizitzaren jabe bakarra bikotekidea izan dadin nahi badu, herentzia testamentuan bertan banatzea komeni da, ondasunen erdiaren heredero bikotekidea izendatuz eta lote horretan etxebizitzaren %50 jarriz, non eta horrek gurasoen legitima murrizten ez duen. Interesgarria da, era berean, testamentuan konfiantzako norbait izendatzea, heredero ez dena, banaketa egin dezan.
Izatezko bikote bat kide baten jabetzako etxean bizi da. Pertsona hori dibortziatua dago eta bikotekide ohiarekin bizi den seme-alaba dauka. Interesgarri testamentua egitea?
Horren bikotekide ohiak ez du herentzia jasotzeko eskubiderik, legezko herederoa seme-alaba da. Egoerak horrela irautea nahi badu ez du testamentua egin beharrik. Haren seme-alabak etxebizitza eta gainerako ondasunak herentzian jasoko ditu. Egoera hori interesatzen edo komeni ez bazaio, berriz, egin beza testamentua eta gehienez ere ondasunen herenaren heredero bikotekidea izenda beza. Hil den unean daukan ondareak eta herentzia banatzeko erak bikotekidea eta seme-alaba etxebizitzaren jabekide izatea determina dezakete. Erabaki beza, hala balegokio, nork nahi duen etxebizitza herentzian hartzea, nor egon litekeen premiatsuago eta, dauzkan ondareen arabera, egin beza banaketa testamentuan bertan: esate baterako, etxebizitza bikotekideari utziz, seme-alaba kaltetu gabe, edo alderantziz; ondarea munta handi-handikoa ez denean bigarren aukera hau egingarriago gertatzen da. Jaso beza aholkua notaritzan edo abokatuarenean.
/imgs/20070401/img.derechos.02.jpg Egin ezazu testamentua, tramite soil eta merkea baita.- Notaritzan bertan emango zaizu aholkua. Kontsulta ezazu ondasun jakinen bat zure heredero zehatz bati edo batzuei uzteko edo legatuak egiteko aukeraz.
- Unea iritsitakoan, ondasunen banaketa errazteko, izenda ezazu testamentuan zenbatzaile-banatzailea. Zure konfiantzako abokatua edo zure interesen berri sakon ezagutzen duen beste norbait izan daiteke.
- Zeure gorabeherak aldatuko balira edo zure herederoetako bat hiltzen bada, alda ezazu testamentua.
- Zure bikotekidearen babesa hobetzeko, kontrata ezazu bizitza-asegurua.