Pladur: hamaika erabilerako zelulosa
Etxegintzan pladurra erabiltzeak hastapeneko alor anekdotiko hutsa aspaldi gainditu zuen, hamaika erabileretarako balio baitu: erabilera industrialetan, brikolajean eta, batez ere, apainketan balioesten da material honen arintasuna eta instalatzeko azkartasuna. Prezioa ere aldekoa du: 5 – 30 euro metro karratuko.
Kostua, berriz, osaketaren arabera aldatzen da. Pladurra, igeltsuzko barnealdea estaltzen duten zelulosazko bi geruzak osatzen dute baina, segun-eta zertan erabiliko den, barnealde hori sendotua edo beste material batzuekin (beira-zuntzarekin, adibidez) osatua egon daiteke. Emaitza: ukipen atsegineko plaka, erresistentzia handikoa, are suaren aurrean ere. Era askotako bukaera eman dakioke, gainera: pintura, papera, berniza, eta, areago, azulejoa.
Ipintzeko unean, pladurra altzairu galbanizatuzko egitura batean kokatzen da; egitura hori hezurdura izango da eta haren gainean plakak josi eta paper berezi batekin elkartuko dira. Eragiketa hau amaituta, torlojoak eta balizko akatsak masilla berezi batekin estaliko dira, bukaera uniformea erdietsi arte. Eragiketa garbi eta lehorra da eta obra-lanak bezainbeste hauts ez du harrotzen baina pazientzia handia eskatzen du, plakak zehatz-zehatz doituko badira.
Plaka-motak
Pladurraren jatorrizko estruktura igeltsu eta zelulosak osatua badago ere, barne-plaka hori hainbat materialezkoa izan daiteke, emango zaion erabileraren arabera. Honelako plakak ditugu dendan:
- Estandarrak. Igeltsu zuri eta zelulosazko bi kanpo-geruzak osatua. Hauxe da oinarrizko plaka eta hemendik abiaturik fabrikatzen dira gamako gainerakoak. Metro karratuaren prezioa: 5 – 10 euro.
- Gogor sendoa. Bere diseinuari esker, gorputz gogorren kolpe eta inpaktuak hobeki pairatuko ditu eta, gainera, isolamendu artistiko ona erdietsiko du horrela. Ospitaletan, aisialdi zentroetan eta tankerakoetan baliatzen da. Metro karratuaren prezioa: 25 – 30 euro.
- Suaren kontrakoa. Barne-geruza igeltsuz eta beira-zuntzez osatua dago: material horrek sarexka gisa dihardu, garren kontrako erresistentzia areagotuz. Metro karratuaren prezioa: 7 – 30 euro.
- Uraren kontrakoa. Kanpoko zelulosazko plakak silikonaz tratatu dira, hezetasunaren xurgapena apaltzeko. Plaka hau biziki baliagarria da sotoetan eta bainuetan. Metro karratuaren prezioa: 20 – 30 euro.
Aplikazioak
- Isolamendu termiko eta akustikoa. Horma eta sabaiak moldatzeko baliatu ohi da pladurra, isolamendu termiko eta akustikoa hobetzeko xedez edo, bestela, hezetasunaren, suaren eta kolpeen aurkako erresistentzia handiagoa erdiesteko. Suaren kontrako materiala den aldetik, garren eragina geroratzen duen suebaki eraginkorra denez, zutabe eta zurtoinetan jartzea komeni izaten da. Isolamendu akustikoaz ari garela, soinuaren aurkako hesia osatzen du, bere dentsitate handi eta lodiera txikiari esker.
- Elementu apaingarriak. Pladurrezko plakak instalatzea biziki baliagarria da obrako hodiak edo bestelako estrukturak ezkutatzeko unean: plaka horien gainetik pintatu, papera ipini, azulejoa kokatu egin daiteke, kasuan kasuko premiari hobekien egokitzen zaion diseinua erdietsi arte. Aski da plakak neurrira ebaki eta ipintzea. Instalazioa soila da, bai azalera zuzenetan, baita kurboetan ere, sasi-sabaietan, paretetan edota kebideetan, esate baterako.
- Erabilera industrialak. Eremu honetan pladurra, batez ere, ate eta hormetan baliatzen da. Hemen bilatzen dena suaren aurkako erresistentzia da, plakak oholtza modura instalatuz. Pladurra arin-arina denez, azalera industrialetan erraz maneiatzen eta muntatzen da, segurtasun-neurri zorrotzen mesedetan.
- Altzariak. Hainbat tamainatan fabrikatzen denez, pladurrez hamaika altzari mota egin daitezke: liburutegiak, ohe-buruak, mesanotxeak, tiraderak eta komodak dira ohikoenak, erresistentzia eta karga hartzeko gaitasun handikoak izatearren. Bainuko gainaldeak, ateak, fronteak eta muralak ere pladurrez egiten dira.
- Brikolajea. Esku trebearentzat eta ez horren trebearentzat pladurra baliabide iturri agortezina da. Erraz ebaki eta muntatzen denez, material ezin egokiagoa da apalategiak moldatzeko eta brikolajeko beste hainbat lan egiteko. Argindarrerako instalazio eta guzti ezar daiteke, gainera.
- Pladurrezko plakak erraz ebaki ahal izateak neurri-neurriko piezak eta zeinahi azaleratarako egokitze doia erdiets daitezke.
- Material arina denez, erraz maneiatzeko, garraiatzeko eta ipintzeko modukoa da, are eta aspaldiko egituretan ere.
- Produktu ekonomikoa da, patrika gehienetara irisgarri: horrek obra-lanen azken kostua merkatu egiten du.
- Instalazio azkarrekoa izateak lanorduak murrizten ditu; dena den, pazientzia eskatzen du, emaitza ona izango bada.
- Bere konduktibitate termikoa beste material askorena -igeltsu tradizionalarena, adibidez- baino urriagoa da: horri esker berotasunetik luzaroago irauten du bereiz.
- Giroa kargaturik dagoenean hezetasuna xurgatu eta giroa lehortzean kanporatu egiten du.
- Igeltsuak hautsak biziki harrotzen baditu ere, pladurra material garbia da eta obra lehorrekoa, hots, material hau instalatzeko aski dira torlojoak eta plakak elkartzen dituen paper berezia.
- Ukipen atseginekoa da, epela eta ez da suharbera. Erraz ebakitze, zulatze, kateatze, iltzatze, itsaste eta apaintzeko modukoa da.
Eragozpen behinena: egurra eta beste material batzuk baino erresistentzia txikiagoa da, baina, hori bai, liburuen eta beste hainbat gauzaren karga ederki eusten du. Baliabide interesgarria da obra edo altzari hori zertan erabiliko den erabakita, nolako plaka erabiliko den erabakitzea.