Arnasten dugun airearen zikinkeriak
Hautsetatik azido sulfurikora
Kutsatzailerik txarrenak, Europar Batzordeak eginiko “Kutsadura Atmosferikoari buruzko Estrategia Tematikoa” txostenaren arabera, esekiduran dautzan partikulak (hauts xehea) eta troposferako ozonoa (atmosferako behereneko geruzetan, 0 – 17 kilometro artean, dagoena) dira. Kutsagarri horien aurreko esposizioak ekar ditzakeen ondorioak latzak dira, arnas aparatuan efektu arinetatik hasi eta behar baino lehenago hiltzeraino.
Ozonoa beste kutsagarri batzuen -“nitrogeno-oxidoak eta konposatu organiko lurrunkorrak (ehunka substantzia, hala nola metanoa, bentzenoa, formaldehidoa eta disolbagarriak, industriak eta automobilen igortzen dituztenak)-” erreakzioaren ondorioz sortzen da. Erreakzio fotokimiko bidez sortzen denez, ozono-kutsadura mailarik handienak egun eguzkitsuetan jasotzen dira.
Esekiduran dautzan partikula horiek, airean esekiduran dauden milioika partikula solido (hautsa, polen, kadmio, kedar…) eta ttantta (azido sulfuriko, petrolio, dioxinak, plagizidak…). Kutsadura-iturriren batetik datoz zuzenean (automobiletatik, etxegintzatik) edo, bestela, sufre dioxido, nitrogeno oxido, edota amoniako edo antzeko gasetatik datozen partikula sekundarioak dira.
Muga segururik ez da
Badira, dena dela, horiek baino estimazio pesimistagoak. Osasunaren Mundu Erakundearen txosten batek zioenez, 2006 urtearen kondarrean, planetan urtero bi milioi lagunetik gora hiltzen dira airearen kontaminazioak jota. Heriotza horiek erdiak, txostenaren arabera, herrialde garatuetan gertatzen ziren, ibilgailuen trafikoak eta industriak eraginiko gehiegizko kutsaduraren ondorioz.
Partikula arriskutsuenak
Orain dela urte gutxiz geroztik badakigu gizakiarengan eraginik larriena duten kutsagarriak, beste zeinahiren aurretik, esekiduran dautzan partikulak (PM) eta ozonoa dira. Horien arriskugarritasuna tamainaren arabera aldatzen da: zenbat eta txikiagoak izan orduan eta errazkiago sar daitezke giza organismoan. Esate baterako, 10 mikrometro (mikrometroa metroaren milioirena da) baino diametro txikiagoa daukaten partikulak (PM10 izenekoak) arnaste traktuaren goialdean sar daitezke eta 2,5 mikrometroko diametrodunak (PM2,5), berriz, biriketaraino irits daitezke: beraz, txiki hauek dira arriskutsuagoak.
Badakigu partikula horien aurreko esposizio kronikoak gaitz kardiobaskularrak eta arnasketa alorrekoak ez ezik, biriketako minbizia ere nozitzeko arriskua areagotzen duela. Atmosferaren behealdeko geruzetako ozonoak, berriz, arnasketa alorreko arazoak, asma krisiak, biriken funtzioaren moteltzea eta biriketako gaitzak sortaraz ditzake.
Osasunaren Mundu Erakundeak Airearen Kalitateaz emaniko arauek, airearen metro kubiko bakoitzeko PM2,5 partikuletatik gehienez ere 10 mikrogramo eta PM10etatik 20 mikrogramo onartzen ditu, batez beste, urtean. OME horrek zehaztu duen bezala, zifra horiek ez dira maila seguruak, kutsagarriek osasunean dituzten efektuak arintzea helburu, lortzeko eta onartzeko moduko helburuak baizik. Ozonoari dagokionez, gehienez ere 100 mikrogramo izatea aholkatzen du metro kubiko bakoitzeko.
Egoera Espainian
Esate baterako, 2007ko otsailean, Madrilgo Udaleko Ingurunea Neurtzeko 25 Estazioetatik bik bakarrik jaso zuten 20 mikrogramo (hots, Osasunaren Mundu Erakundeak aholkatzen duena) hileko baino kutsadura arinagoa. Gainerakoetatik, bederatzik 20 ? 30 mikrogramo arteko balioak bildu zituzten eta beste 23 estazioek, berriz, 30 mikrogramo baino gehiago jaso zuten metro kubikoko. Areago, hiru estazioren datuek 40 mikrogramo baino gehiago adierazten dute, PM10 partikulez ari garela.
Espazio itxietako airearen kalitate txarra arriskutsua da munduko populazioaren erdiarentzat, OMEren arabera. Giroa berotzeko biomasa edo ikatzezko erregaiak erabiltzen diren tokietan partikulen kontzentrazioak aholkatutakoa baino 10, 30 edo 50 aldiz handiagoak ere izan daitezke. Hori ohiko egoera denean arriskua ez da bat ere ñimiñoa.
partikula-iturri ohikoetako bat ibilgailua da. Espainiako Ikerkuntza Zientifikoen Goi Kontseiluak 2005 urtean eginiko azterketa batek jakinarazi zuenez, Espainiako hirietako partikulen %60raino trafikoak sortarazten ditu; izan ere, diesel motako motorrek gasolinakoek baino lau bider karbono partikula gehiago sortarazten dituzte. Aholkua, dena den, ez zen diesel motorrik ez erabiltzea (besteak baino eraginkorragoak baitira), partikulen %90 atxikiko dituzten iragazkiez hornitzea baizik.
Ibilgailuen trafikoa arintzea, garraio publikoa hobetzea, hirietan berdeguneak eta oinezkoentzako guneak ugaltzea, biodiesela gehiago baliatzea, errekuntza eta kutsagarrien igorpena eragiten duten kalefakzio sistemen ordez bestelako batzuk (garbiagoak) instalatzea eta beste neurri asko hartu beharko dira airearen kalitatea hobetuko bada.