Espainia osoko 23 aireportu aztertu dira

Aireportuak: zerbitzuen prezioak laino guztien gainetik eta hiriekiko konexioak sasi guztien azpitik

Aireportuen erdiak baino gehiagotan hiri-busen ordutegiak eta lehen eta atzen hegalaldikoak ez datoz bat. Instalazio hauetako garbitasun eta segurtasuna, nabarmentzeko modukoak
1 apirila de 2007
Img temap 279

Aireportuak: zerbitzuen prezioak laino guztien gainetik eta hiriekiko konexioak sasi guztien azpitik

/imgs/20070401/img.tema-portada.01.jpgHegazkina ez da gaur soilik eliteentzako garraiobidea, estatistikek berresten dutenez: bidaiarien kopurua urterik urte %6 – %8 ugaltzen ari da eta 2001etik hegazkin-eragiketen munta %35 gehitu da. Espainiako aireportuek, 2006 urtean, ia bi milioi eta erdi hegaldi kudeatu dituzte, 193 milioi bidaiari eramateko. Kausak: txartelen prezioa, ez garestitzeaz gainera, merkatu egin da; hegaldiak maiztasun handiago batez egiten dira eta konexioak ugariago eta hobeak dira orain.

Hegaldiak horrela ugaltzeko azpiegiturek handiagoak eta hobeak izan behar dute baina eboluzio hori ez da beti gertatzen errealitatean. Espainiako aireportu nagusien egoera orokorra ona bada ere, gertueneko hiriarekiko errepide bidezko konexioa eta garraio publikoa dezente hobetzeko modukoa da eta, kasuren batean, arras eskasa. Erdia baino gehiagotan (%56) autobusen ordutegiak ez datoz bat lehendabiziko eta azkeneko hegazkinarekin. Aireportu gehienetan, berez itxaronaldi luzeak egin behar izaten diren arren, ez dago aisialdiko doaneko hornikuntzarik eta eskaintzen diren zerbitzuak oso garestiak dira. Txanponaren ifrentzuan, berriz, larrialdiak prebenitzeko eta segurtasun neurriak, garbitasuna eta kontserbatze egoera on-onak dira.

Horrela egiaztatu dute CONSUMER EROSKI-ko teknikariek, otsailean bisitatu dituzten 23 aireportuetan, hots: A Coruña (Alvedro), Alacant (El Altet), Asturias (Oviedo), Bartzelona (El Prat), Bilbo (Loiu), Girona (Costa Brava), Kanaria Handia, Granada (Federico G. Lorca), Xerez, Madril (Barajas), Malaga, Murtzia, Palma Mallorkakoa, Iruña (Noain), Donostia (Hondarribia), Santander, Santiago Compostelakoa (Lavacolla), Sevilla (San Pablo), Tenerife Hegoa (Reina Sofía), Valentzia (Manises), Valladolid (Villanubla), Gasteiz (Foronda) eta Zaragozan.

Azterketari hasiera emateko gertueneko hiriburutik aireporturaino taxia hartu behar zen, hiri hartatik aerodromorainoko ibilbidea zenbat kostatzen den egiaztatzeko. Aireportuan zirela, teknikariek hamaikatxo alderdi aztertu zituzten, sei sailetan banatuta: hiriarekiko komunikazioa, aireportuetako mantenu eta garbitasuna, zerbitzuen eskaintza, segurtasun neurri prebentiboak, aisialdirako doako eskaintza eta ezindurik dauden pertsonentzat aireportua zein gradutaraino dagoen egokitua.

Taxian, 1,10 euro minutuko

/imgs/20070401/img.tema-portada.02.jpgHiria eta aireportuaren arteko errepidezko komunikazio onak eta garraio publikoaren zerbitzu-zerrenda luzeak aireportuaren kalitatearen berri zehatz samarra ematen dute, hein handi batean. Aldizkari honetako teknikariek hiriaren erdialdetik aireporturaino joateko taxia hartu zuten eta, ibilbideko, batez beste 21 minutu behar izan zituzten iristeko. Taxiko minutua, batez beste, 1,10 euro kostatzen da. Tarifa horiekin eta aire konpainia askok prezioak jaisteko politikan segitzen duela kontuan izaki, paradoxa begi bistakoa da: oso litekeena da taxian eginiko bidea hegaldia bera baino garestiagoa izatea.

Lekualdaketa merkeena A Coruñan egin zen: 40 zentimo minutuko. garestiena, berriz, Kanaria Handiko Las Palmaseko aireportutik hiri erdiraino: ia bi euro minutuko.

Bidaiariak bere automobil partikularra erabiltzea nahiago badu, eginiko lekualdaketetako hamarretik hirutan, hiri erditik aireporturainoko ibilbidearen seinaleztapena ez da egokia (Gasteiz, Valentzia, Sevilla, Valladolid eta Zaragozan), aldirietaraino iritsi arteko norabideak ez baitira adierazten. Murtzian, adibidez, ia seinalerik ez dago.

Garraio publikoan, berriz, panorama ez da hobea, aukera askotxorik ez baitio ematen bidaiariari: gehien-gehienetan autobusa da garraiobide bakarra. Halaz ere, azpimarratzekoa da Barajas-etiko (Madril) komunikazio ona, bai autobusez, bai metroz, baita El Prat (Bartzelonan) eta Malagan, autobusez eta trenez. Iruñeko Noain aireportuarekiko joan-etorriak egiteko, berriz, ez dago autobusik ere. Aireportuen %56tan autobusen ordutegiak ez datoz bat lehendabiziko eta azkeneko hegaldiarekin.

Erabiltzailea ongi informaturik edukitzeko ahalegina

/imgs/20070401/img.tema-portada.03.jpgErabiltzaileari eskaintzen zaion informazioak ere dezente hobetzeko dauka oraino. Hegaldien irteera-heldueren berri jasotzen duten arbelen zuzkidura egokia bada ere, azterturiko aireportuen ia erdiek ez daukate bertako instalazioen plano bat, erabiltzaileek non dauden jakin ahal izan dezaten. Aerodromo guztiek, sarreratik gertu, pertsonal espezializatuaz hornituriko informazio bulegoa daukate eta hamarretik zortzi baino gehiagotan Europar Batzordearen Bidaiarien Eskubideen Karta agerian dago.

Erabiltzaileen iradokizun eta erreklamazioak jasotzeko sistema bat edukitzeko konpromisoa idatziz hartu zuen AENA-k baina, hamar aireportutik lautan ez zegoen iradokizunak jasotzeko kutxarik. Aldizkariko teknikariek iradokizun eta erreklamazio orriak eskatu zituzten eta hamar aireportutik zortzitan bidaiarekiko jokaera ona edo oso ona izan zen. CONSUMER EROSKI-ko teknikariak, bestetik, aireportuetako korridoreetan informazio alorreko pertsonalaren bila ibili ziren, instalazioetako gune urrunerainoko ibilbidea erakutsi eta lagun egin ziezaieten. Ez zuten horrelakorik aurkitu El Prat (B terminalean), Lavacolla, Malaga, Noain, San Pablo, Villanubla eta Zaragozan. Aldeko jarrera agertu zuen pertsonala (hiru enplegatutik bakar batek jardun zuen horrela), aireportuen %65tan, informazio-mahaiko enplegatuak ziren (beren postua ezin utz zezaketenak, beraz); hiru aireportutatik batean bakarrik lagun egin zieten teknikariei galdetutako guneraino.

Gurpileko aulkian doan pertsona bat arazo handirik gabe ibil liteke Espainiako aireportuetan, hamarretik bitan ez baitago oztopo arkitektonikorik eta, horrelako eragozpenak dituztenetan, maila batetik bestera iristeko arrapalak (kasuen erdietan) edo igogailuak daude (azterturiko aireportuen %23tan). Ongi bete den funtsezko premietako bat, egokituriko komunak dira; horien %76, halaz ere, ez daude ongi prestatuak pertsona itsuentzat. Egoeraren salbuespena Barajas-en dago: bertan dabilen pertsonal espezializatuak pertsona horiek instalazio egokietaraino lagun egiten die.

Abegi eskaseko tokia

Aireportuetako itxaronaldiak minututan kalkulatu ordez, ordutan neurtzea ez da inondik ere harritzeko konturik. Halaz ere, dirurik gastatu gabe denbora pasatzea ez da zeregin erraza. Aireportuek hautatua dute eredua: bidaiarientzako ingurune atsegina moldatu ordez, merkatal zentroa ezarri dute. Aireportu horietan, bestetik, txikien olgeta edo denbora-pasa ed dago inondik inora bermatua, horien %8tan bakarrik baitago haurtzaindegia edo haurrentzako jolastokia.

Aireportu guztiek dauzkate erabiltzaileentzako kafetegia eta jatetxeak, zerbait hartu nahi izanez gero. Kafe baten batez besteko prezioa 1,34 euro da eta 2,01 euro freskagarri batena baina alde handiak daude aireportu batetik bestera: kaferik garestiena Tenerife Hegoko aireportukoa da (hiru euro, ia) eta prezio handieneko freskagarria, Malagakoa (2,75 euro).

Osasun-artapena emateko konpromisoa ere sinatu zuen AENA-k; horrelako zerbitzua daukate aireportuen %76tan. Ez dago horrelakorik El Prat-eko B terminalean (farmazia bai, ordea), Xerezen, Murtzian, Donostian, Valladoliden eta Zaragozan. Aireportuen erdietan, dena den, botikina edo eri-gela hutsa da hamarretik ia hirutan; %20tan, berriz, sendatzeko gela bat. Farmazia dute aireportuen %36k bakarrik.

Erretzaileez ari garela, tabakoaren aurkako lege espainiar berriak espazio publikoetan erretzea debekatua duenez, aireportu gehien-gehienek beren burua “kerik gabeko gunetzat” jotzen dute eta orain arte erretzeko berariaz zeuzkaten gelak kendu egin dituzte. Otsailean instalazioen %12k bakarrik zeuzkaten erretzaileentzako gune bereziak aireportuan, edo, gutxienez, Terminaleko hainbat tokitan barreiatuak. Teknikariek egiaztatu zutenez, legea hitzez hitz betetzen da. Horrek esan nahi du kerik gabeko instalazio publikoak izan daitezkeela eta erretzaileak hainbat ordu erre egon daitezkeela.

Aireportu guztiek dauzkate esertzeko areak, behar bestekoak eta ongi banatuak, oro har. Eserleku horiek erosoak dira aireportuen 90etan. Argiteria ona edo oso ona da bisitatu diren aireportu denetan eta tenperatura ere, egokia.

Ekipajea eskuetan hartu eta aireportuko toki batetik bestera joatea egiazko balentria izan daiteke; kontuan izan 23 aireportuen %16tan bakarrik ematen da maletak kontsignan uzteko aukera. Zerbitzu hori ematen den tokietan batez besteko prezioa lau euro ingurukoa da. Horrez gainera, beharrezkoa zen tokietan ez zegoen ekipajea eramateko orgatxorik El Prat (B terminalean), Xerez, San Javier, Villanubla eta Zaragozan. Aireportuen %36tan, izan ere, orgatxoen banaketa hola-halakoa zen, txarra zen edo orgarik ez zegoen.

Aireportuko parkingean ibilgailua ordubetez uztea euro bat pasatxoa kostatzen da eta egun osoan aparkaturik lagatzea, batez beste, 11 euroraino doa. Egonaldiko laugarren edo bosgarren egunetik murrizten da tarifa aireportu denetan; beraz, astebeteko batez besteko prezioa 67 euro inguru dabil. Motorrean dabiltzanek aparkatzea konplexuagoa dute: hamar aireportutatik seitan ez dago motorrentzako aparkalekurik.

Komunetako ekipamendua ere ongi osatua dago, bidaiariaren erosotasunerako: hamar aireportutik bederatzik badute haurtxoei arropak aldatzeko instalazio egokia komunetako batean bederen, eta hamarretik zazpi aireportutako komun guztietan daude entxufeak; horien %20tan usain txar edo kiratsak aditzen dira. Nolanahi ere, 23 aireportuetako dependentzia guztietako garbitasuna akats gabea da.

Segurtasunari dagokionez, barrualdea blindatua daukan azpiegitura da aireportua, kanpoaldean bezainbesteko zaintza ez badauka ere. Aireportuen %24tan parkingak ez du zaintza zerbitzurik; zerbitzu hau daukatenen erdietan zaintza-kamera hutsak dira. Kritika zorrotzena merezi duen alderdia, dudarik gabe, larrialdirik izatekotan bidaiariari zer egin behar duen jakinaraztearekin lotutakoa da: aireportuen %72tan ez zegoen horretarako seinalerik, kartelik, orritxorik.

Ontziratzeko zona

/imgs/20070401/img.tema-portada.04.jpgCONSUMER EROSKI-ko teknikariek, Espainian trantsitu handiena duten hamaika aireportuetako hegazkinerako zonak bisitatu zituzten. Txartel elektronikoa hartu, ontziratze-txartela jaso eta aurretiazko polizi kontrola gainditu zuten. Hegazkinerako zonak aztertu ziren Alacanten, Barajas-eko 4. Terminalean, El Prateko B Terminalean, Gironan, Kanaria Handiko La Palman, Bilbon, Malagan, Valentzian, Sevillan, Palma Mallorkakoan eta Tenerife Hegoan.

Fakturatze-ilararaino iritsi zirenetik artatuak izan eta ontziratzeko txartela jaso arte, batez beste 9 minutu igaro ziren. Denbora tarte luzeena (25 minutu) Girona eta Barajas-en behar izan zuten, ondotik Alacant eta Sevilla (10 minutu) zetozkiola. Palma Mallorkako aireportua izan zen denetan azkarrena (minutu bakarra): lurreko azafatak bidaiaria auto check-in motako makinan fakturazioa egitera eraman eta behar bezalako argibideak eman zizkion. Polizi kontrola harik eta laburragoa izan zen: segurtasun neurriak zorroztu badira ere, bost minutu eta erdi baizik ez zuten behar izan poliziek. Barajas-en 15 minutu eta Loiun 10 minutu iraun zuten kontrolek, azterlan honetako luzeenak; denetan arinetan, aldiz, Tenerife Hegoa (minutu bakarra) eta, honen atzetik, Girona, Las Palmas, Malaga, Son Sant Joan (3 minutu) eta El Prat (4 minutu). Ontziratzeko ateraino bost bat minutu behar izan zuten batez beste; urrutienekoak, aitzitik, (8 minutura) Palma Mallorkakoa eta Sevilla izan ziren. Bisita amaitutakoan, teknikariek pare bat minutu baino gehiago ez zuten behar izan taxi bat hartzeko, Valentziako aireportuan izan ezik (5 minutu itxaron behar izan zuten bertan).

Aireporturik egokiena eta baldarrena?

BERTARA IRISTEKO

  • Egokiena: Madrilgoa (Barajas), bertako zeinahi terminaletaraino, hiri erditik egokiro seinaleztatua baitago, garraio publikoan irits daitekeelako, hegalaldien ordutegietara egokituak daudelako eta dabilen taxi zerbitzuagatik (prezio egokian eta ibilgailu kopuru egokian).
  • Baldarrena: Iruñekoa (Noain), garraio publikorik ez dabilelako, eta Gasteiz (Foronda) hiri erditik egokiro seinaleztaturik ez dagoelako, aireportuan taxirik ez dagoelako eta autobusak behar bezainbesteko maiztasunez ez dabiltzalako, lehendabiziko eta azkeneko hegalaldiekin bat ez etorrita.

BARRUAN EZ GALTZEKO

  • Egokiena: Santiago Compostelakoa (Lavacolla), bertan orientatzea erraz-erraza delako, seinaleztapena zehaztasun eta eraginkortasun osokoa delako eta informazioa hizkuntza askotan ematen delako (espainolez, ingelesez, gailegoz eta alemanez).
  • Baldarrena: Alacantekoa. Bertan ez dago orientatzeko planorik, informazio pantailak falta dira eta instalazioetan barrena argibideak eskatzeko moduko informazio-pertsonalik ez dagoelako.

ITXARONALDIA EROSOTASUNEZ ETA ASPERTU GABE ERAMATEKO

  • Egokiena: Santiagokoa (Lavacolla) eta Iruñekoa (Noain) doan eskaintzen dituzten jarduerengatik (erakustaldiak, jokoak eta ordenagailuak, lehenean, eta Interneterako doako konexioa, prentsa eta aldizkariak, Iruñekoan).
  • Baldarrena: Girona, A Coruña (Alvedro), Granada (Federico García Lorca) eta Xerezekoak, bertan ez baitago doako jarduerarik eskaintzen denbora pasatzeko; kafetegi bakarra baizik ez dute.

AIREPORTUKO PERTSONALARI KONTSULTAK EGITEKO

  • Egokiena: Gasteiz (Foronda), A Coruña (Alvedro), Madril (Barajas) eta Murtziakoa (San Javier): artapen eta zerbitzu ona ematen dute eta, kontsultatutako tokiraino lagun egitea eskatu zitzaienean, eragozpenik ipini ez zutelako.
  • Baldarrena: Iruñekoa (Noain), bertako informazio-pertsonala ez zelako oso adeitsu agertu; Donostiakoa, informazio mahaira azaldu arte 40 minutu igaro zirelako.

APARKATZEKO

  • Egokiena: Gasteiz (Foronda), Donostia (Hondarribia) eta Zaragozakoak, doakoak direlako, nahiz eta zaintza zerbitzurik ez duten. Gehienez ere ordu erdiko aparkatzea bada kontua, aukera politak dira Alacant, Las Palmas, Palma Mallorkakoa (Son Sant Joan) eta Tenerife Hegoa, zaintza zerbitzua badaukatelako. Egonaldia bost egun baino luzeagoa denean Santanderrekoa (Parayas) da egokia: bosgarren egunetik aurrera hiru euro bakarrik kostatzen da, eguneko.
  • Baldarrena: Madrilgo biak: hor plaza libre bat aurkitzea ez da kontu erraza eta, gainetik, prezio garestienak dituelako: astebetea ia 100 euro kostatzen da.

KAFEA HARTZEKO, PATRIKA HUSTU GABE

  • Egokiena: Valladolidekoa (Villanubla), preziorik merkeenak dituelako (kafea, euro pasatxoa; freskagarria, 1,55 euro).
  • Baldarrena: Tenerife Hegokoa: horrelakoen prezioak hiru euro ingurukoak direlako.

AIREPORTURIK GARBIEN ETA HOBEKIEN KONTSERBATUTAKOA

  • Egokiena: Santiago (Lavacolla) eta Madrilgo 4. Terminala, bereziki: bertako instalazio, kafetegi eta komunak egoera egin hobean daudelako. Erretzaileentzako zonak garbi daude eta, areago, kalean bertan ere, badira paperontzi eta hautsontziak. Zorua, hortaz, garbi-garbi dago.
  • Baldarrena: Asturiaskoa, bertako komun gehienetan kiratsa aditzen delako. Paperontzi arruntak baizik ez ditu eta kafetegietako garbitasuna ez da bereziki azpimarratzekoa, gainera.

Zertan hobetu aireportuak?

  • /imgs/20070401/img.tema-portada.05.jpgA Coruña (Alvedro)
    Zerbitzu gehiago: ez du makina saltzailerik, haurrentzako jolastokirik, konsignarik, etc. Itxaron gunean ez dago informazio panelik.
  • Alacant (Altet)
    Itxaronaldiak arintzeko, aisialdiko doako sistemak (erakustaldiak, jolasak, ordenagailuak, etc.).
  • Asturias
    Zerbitzu gehiago. Aireportutik hiri nagusietarako distantzia, luzeegia.
  • Bartzelona (El Prat) A Terminala
    Bidaiarien itxaronaldiak arintzeko, aisialdiko doako sistemak (erakustaldiak, jolasak, ordenagailuak, etc.).
  • Bartzelona (El Prat) B Terminala
    Parkingean eta terminaleko sarreran, ekipajea eramateko orgatxoak.
  • Bilbo (Loiu)
    Paperontzi gehiago, sarreran eserlekuak. Heldueren area aire zabalean dago.
  • Girona (Costa Brava)
    Zerbitzu zuzkidura, eskasa.
  • Granada (García Lorca)
    Une horretan, bederen, ez zuten iradokizun orririk.
  • Xerez
    Garraio publikoz gaizki hornitua. Zerbitzu gehiago. Bidaiarien itxaronaldiak arintzeko, aisialdiko doako aukerarik ez dago.
  • Las Palmas
    Ostalaritza zerbitzuak, garesti. Komunetako batzuetan ez zegoen paperik ezta xaboirik ere.
  • Madril (Barajas) T1
    Bidaiarien itxaronaldiak arintzeko, aisialdiko doako sistemak (erakustaldiak, jolasak, ordenagailuak, etc.).
  • Madril (Barajas) T4
    Ostalaritza zerbitzuak, garesti.
  • Malaga (Pablo Picasso)
    Ostalaritza zerbitzuak, garesti.
  • Murtzia-San Javier
    Garraio publiko gehiago eta zerbitzu gehiago.
  • Palma Mallorkakoa (Son Sant Juan)
    Kafetegiak eta jatetxeak, garesti.
  • Iruña (Noain)
    Garaio publikoa ipintzeko premia.
  • Donostia (Hondarribia)
    Erabiltzailea artatzea.
  • Santander
    Zerbitzu gehiago: ekipajeak prezintatzeko makinak, haurrentzako jolastokia, makina saltzaileak, etc.
  • Santiago (Lavacolla)
    Garraio publiko gehiago. Bidaiariarentzako artapen hobea.
  • Sevilla (San Pablo)
    Heldueren zonan eserleku gehiago.
  • Tenerife Hegoa
    Ostalaritza zerbitzuak, ikaragarri garestiak.
  • Valentzia (Manises)
    Taxien zain zeuden bidaiari asko. Komun batzuetan ez dago paperik.
  • Valladolid (Villanubla)
    Zerbitzu gehiago.
  • Gasteiz (Foronda)
    Garraio publiko ugariagoa. Taxirik ez dago.
  • Zaragoza
    Bidaiaria gaizki artatzen da, ez dago horretarako pertsonalik.
Arazo behinenak, konponbide nagusiak

Hona hemen Kontsumitzailearen Europar Zentroen sareak jasotako gorabehera nagusiak, 2005 urtean jasotako azken datuen arabera, 450 milioi bidaiarik nozitu dituztelako. Espainiako kontsumitzaileak dira, hain zuzen, aire konpainiekin liskar gehien dauzkatenak eta horien kontrako erreklamazio gehien aurkeztu dituztenak. Espainiako airetiko garraiolariak, gainera, kexu gehien jaso dituztenetan laugarrenak dira, Europa osoan.

Ekipajea

Kontsumitzaileek eginiko erreklamazioen %24 ekipajearen gaineko arazoei buruzkoak dira. Eduki itzazu zeuretzat garrantzizkoak diren gauzen erosketa-agiriak, hegazkinean galdu edo hondatzen badizute, bidezko indemnizazioa eman dakizun.

“Ekipajea hondatu didate, bertako objekturen bat galdu didate”. Zure maleta urratu edo hondatuta dagoela ikusten baduzu, aireportuan bertan Ekipajeen Irregulartasun Kasuetarako Formularioa (PIR) bete behar duzu. Indemnizazioa jasotzeko eskubidea izan dezazun, zazpi eguneko epean hegaldia egin duzun aire konpainiara erreklamazioko eskutitza igorri behar duzu.

“Ekipajea atzeraturik iritsi da”. Ekipajeen Irregulartasun Kasuetarako Formularioa (PIR) bete behar duzu eta, ekipajea entregatu zaizun datatik, hogeita bat eguneko epean hegaldia egiteko txartela saldu dizun aire konpainiara erreklamazio eskutitza igorri behar duzu.

“Maletak galdu dizkidate”. Bete Ekipajeen Irregulartasun Kasuetarako Formularioa eta, indemnizazioari dagokiola, kasu honetan ez dago konpainiara eskutitza igortzeko muga-eperik. Halaz ere, komeni zaizu, 21 egun igarota, lehenbailehen bidaltzea.

Hegaldia

“Hegazkinean sartzea galarazi didate”. Europar Batasunaren 261/2004 Araudiak, gehiegizko txartelen salmentaren (overbooking) ondoriozko arazoari aurka egiteko arautegia osatzen du. Indemnizazioa jasotzeko ez ezik, txartelaren prezioa itzul dakizun eskubidea zor zaizu, hegazkinean sartzea galarazten badizute.

“Hegaldia bertan behera utzi didate”. Hegaldia irteteko bi aste edo gutxiago falta direnean konpainiak bertan behera uzten badu, erosi zenuen baina baliatu ez duzun txartel horren prezioa itzul dakizun eskubidea zor zaizu. Konpainiaren obligazioa da, gainera, helmugara iristeko bestelako bide bat eskaintzea eta nolabaiteko indemnizazioa, hegaldiaren iraupenaren arabera. Zer gerta daiteke, ordea? Konpainiak “aparteko salbuespen” diren horietako batera jotzea (Europako Araudiak horiek ere aintzat jotzen baititu): ezegonkortasun politikoagatik, segurantziaren arriskuagatik, grebagatik edo kontrako egoera meteorologikoagatik (ohikoena, berau), dena delakoagatik. Balizko kasu horietan konpainiak bere obligazioak betetzetik salbuetsita dago edo, bestela, betebeharreko horiek mugatuagoak dira.

“Hegaldia atzeraturik iritsi da”. Atzerapena bi ordu baino luzeagoa denean, txartela saldu dizun konpainiak ahamen bat eman eta telefonoa doan erabil dezazun aukera eman behar dizu. Atzerapena bost ordu baino handiagoa denean edo biharamunera arte luzatzen denean, hotel batean lojamendua eman behar dizu eta, bidaia egin nahi ez baduzu, txartelaren prezioa itzuli behar dizu.

Aireportuetako prezioak, izugarri garesti eta Konparaketako taula

/imgs/20070401/img.tema-portada.06.jpgOstalaritzako prezioetan ere sekulako aldeak hauteman ziren aireportu batetik bestera: freskagarri bat hartzea, batez beste, bi euro kostatzen da eta kafesnea, berriz, 1,35 euro.

Aireportuko parkingean ibilgailua uztearren euro bat pasatxoa ordaindu behar da, egun osoko aparkamendua, batez beste, 11 eurora iristen da eta astebetean utzi behar izatekotan, 70 euro atera behar dira patrikatik. Nabarmen dezagun, hala ere, Donostia, Gasteiz eta Zaragozako aireportuetako parkinga doakoa dela. Garestienak: Madril, Bartzelona, Alacant eta Malaga; horietan automobila uztea 1,55 euro orduko, 15,45 euro eguneko eta ia 100 euro asteko ordaindu behar da (dena den, Madrilgo aireportuak badauka egonaldi luzeetarako berariazko parkinga, kostua dezente murrizten duena).

Aireportu batzuek nozitzen duten garraio publiko bitarteko komunikazio (ohiz) eskasak hertsaturik, maiz erabiltzaileak taxi zerbitzua baliatu behar izaten du. Batez besteko ibilbidea egiteko 22,5 euro ordaindu behar dira, nahiz eta A Coruñan eta Iruñean 10 euro baino gutxiago kostatzen den. Oviedo, Murtzia eta Tenerifen, aldiz, hiri erdialdetik aerodromoraino joateko 46 eta 60 euro artean eman behar zaizkio taxizaleari. Prezioa, bistan denez, hiritik aireporturaino dagoen distantziak xedatzen du. Kaltetua, nolanahi ere, erabiltzailea beti.