Jende-ilararik gabeko etorkizuna prestatzen
Orain edo geroago, baina azkenean, bai: dendako kutxaren aurreko, zinemako txarteldegiko, diskotekako segurtasun kontroleko edo jendetza handiarentzako kontzertuan sartzeko jende-ilararenak egin du. Gakoa RFID siglek daukate: horri esker, erabiltzaileak kutxatik igaro gabe ordaindu ahal izango du edo, bestela, bere burua identifikatuko du chip irakurgailura hurreratu hutsarekin.
Barra-kodearen ordezko
RFID sistemak erosotasun handia ekar lezake dendara, bertan “betidaniko” barra-kodearen ordezko izan liteke-eta. Produktu-ale bakoitzeko (eta ez, ordea, produktu-mota bakoitzeko, gaur den bezala) bakarra den etiketa elektroniko horrek, haren prezioa, kontsumitzeko data-muga, marka, modeloa, pisua eta gainerakoak jakinaraziko dizkio horretarako gaiturik dagoen irakurgailuari. Horrez gainera, chip hori irrati-frekuentziaz irakurtzen denez, ez da zertan produktu bakoitza argi-sorta baten aurretik pasatu, egun bezala; arku batean antolaturiko dispositiboak karroan dauden produktu guztiak identifikatu (eta kobratu) egin litzake, gauza denak banan-banan atera eta sartzen ibili beharrik izan gabe. Teknologia ondo heldu arte itxaron beharko da, ordea, egungo RFID irakurgailuek produktu bakarra ezagutzen baitute aldi bakoitzeko.
Etorkizuneko erabilerek zientzia-fikzio alorrekoak dirudite orain: RFID sistemaz hornituriko hozkailuak, adibidez, elikagai bat kontsumitzeko data-muga gerturatzean horren berri eman lezake. Dispositibo horiek gorde dezaketen informazioa handia denez, oso litekeena da eskain ditzakeen aukera guztien parte ñimiño bat baizik kontuan hartu ez izana, oraingoz.
Zergatik ez dira dendara iritsi oraino?
Sistema hedatzeak daukan eragozpen behinena unitate bakoitzaren kostua da. RFID chip merke bat 20 zentimo kostatzen da: hori, ikusi batera, ez da asko. Baina kontuan har dezagun dispositiboa ale guzti-guztiei aplikatu behar zaiela, kalean har dezakeen prezioa gorabehera. Egun duen prezioan, adibidez, etiketa jogurta baino garestiagoa litzateke: horrelakorik ezin onets dezake industriak. Oraingoz, behintzat, chip horren erabilera prezio handiagoko produktuetara bakarrik irits daiteke: arropa, oinetakoak, etxetresna elektrikoak, etab. Garraio industrian palet askok daukate etiketa hori, kudeaketa automatizatua biziki errazten duelako. Nolanahi ere, aurki chip horien prezioa izugarri merkatuko da: 2010 urterako produktu merkeenetan ere teknologia hori sartu ahal izango dela aurreikusten dute adituek.
Gehien-gehienetan, ordea, arazoa bestelakoa da: urrutitik, poltsa itxi batean zer dagoen norbaitek jakin ahal izatea, alegia. Hori dela eta, teknologia horri mugak ezarri nahi dizkiotenak paranoikotzat jotzen dituzte batzuek. Kasu batzuetan, dena den, mehatxua dezente larriagoa da: aurreikusia dagoen legez, Estatu Batuetako pasaporteei RFID ezartzen bazaie, adibidez, atzerrian dauden eta beren jatorria ezkutatu nahi duten hiritar estatubatuarrek, behar bezalako bitarteko teknologikoak dauzkanarentzat hori ez litzateke sekretua. Arrisku gorria, beraz, egungo panoraman.
Arazo horiek denak saihestu egin daitezke, establezimendutik etiketak desaktiba daitezen agintzen badu legeak. Bien bitartean, norbaitek asmatu eta Interneten bidez irakasten du etiketa horiek baliogabetzeko modu erraz, bitxi eta eraginkorra: mikrouhin labean sartzea.