Automobil berria erosteko modu merkeagoa
Abantailak
- “Zero kilometro” ibilgailu bat, orokorki, matrikulatu ondoren, stockean lau hilabeteraino eman duena bada ere, automobil berriak bezalako bermea dauka eta, beti-beti, matrikulatu den datan sartzen da indarrean.
- Ibilgailua matrikulatzean, kontzesionarioak prezioa merkatu egin behar du, eskuarki %20an prezio ofizialetik; beraz, horrek erostunari 2.000 ? 3.000 euroko aurrezkia ekar diezaioke. Izan ere, automobila, matrikulatua dagoenez, bigarren eskukotzat jotzen da, estreinatzeko badago ere.
- Frogatua dagoenez, “zero kilometro” motako ibilgailua erosteko joera duen kontsumitzaileak aurrezkia balioztatzen du, erosi beharreko ibilgailuaren definizioan besteak bezain zurrun eta hunkibera ez bada ere. Horregatik, une horretan eskaintzen zaion autoaren kolore eta ekipamendura egokitzean besteak baino malguago agertzen da.
- Horrelako ibilgailu baten erosleak badaki kotxea behar den moduan erabili dela eta kilometro-kontagailua maneiatu ez dela. Areago, automobila erabili bada ere, egoera onean legoke, enpresako zuzendariek bakarrik baliatuko zutelako. Horrenbestez, horrelakoak ederki zaindutako ibilgailuak dira, kilometro gutxi dute eta sekulako mantenua egin zaie.
- “Zero kilometro” ibilgailu baten bizitza baliagarria automobil berriarenaren pare-parekoa da, kilometro gutxi edo bat ere egin ez duelako.
- “Zero kilometro” ibilgailuek azken generazioko automobila, seguruagoa, teknologian erdietsitako azken aurrerakuntzak dituena eta motor indartsuagoa daukana eskuratzeko aukera ematen dute, ibilgailu berria baino prezio merkeagoan.
- Bigarren eskuko ondasuntzat hartua, honelako ibilgailuen erosketa Kontsumo Ondasunen Salmentako Bermeei buruzko Legeak babestua dagoenez, automobilak bi urteko bermea du. Partikularren artean eginiko salerosketa ez dago Lege horren marko juridikoan; beraz, ibilgailua partikular bati erosten bazaio, ibilgailuari akatsak edo arazoak bilatzeko sei hilabeteko epea baizik ez dago.
Eragozpenak
- Horrelako ibilgailua erostea erabakitzean, erostunak une horretan salgai dagoen “zero kilometro” horrexekin konformatu behar du. Eskuarki ezinezkoa da kolorea edo ekipamendua aldatzerik, horrek produktua garestitu egingo luke-eta.
- Ibilgailuaren hondar-balioa (salmenta-balioari, ezbeharra gertatzekotan, konponketa-lanen gastua kentzearen ondoriozko kopurua) txikiagoa izaten da: izan ere, eragin juridikoetarako, ez da ibilgailu berria, matrikulaturik erosi baita.
- Horrelako automobil bat erosteko aukera gutxi-gutxitan aurkezten da: urtearen erdialdean eta hondarrean baizik ez.
- Erostunari berme ekonomiko handiagoak eskatzen zaizkio eta, automobila finantzatzeko unean, eragiketa zehaztasun handiagoz aztertzen da. Zigor-interesik ezartzea nahitaezkoa ez bada ere, zuhurtzi neurri gehiago hartzen dira eta eragiketa zehazkiago aztertzen da.
- “Zero kilometro” ibilgailuen salmenta-iragarki batzuek erabakia hartu ez duten bezeroak prezioa beheratua duten bestelako ibilgailuak ikustera erakartzeko balio izan dezakete. Horrelako automobilak, dena den, ez dira publizitatez iragarri ohi; hobe du bezeroak kontzesionariora jo eta bertan horrelakorik salgai baduten galdetzea.
“Zero kilometro” ibilgailuen azken helburua, hortaz, emaitzak makillatzea eta une berezietan marka batek merkatuan duen partaidetza-kuota optimizatzea, dela stock bat likidatzeko, dela modelo baten bizitza komertzialari amaiera emateko, dela salbuespenezko egoeretan. Horregatik, “zero kilometro” autoak desagertzeak kontzesionarioek beren helburuak betetzea galaraziko luke eta kontsumitzaileak ez luke izango gama apalago bateko automobilaren prezioan gama hobe batekoa erosteko aukera hori. Irtenbide mesedegarria da, bai kontzesionarioarentzat, baita bezeroarentzat ere: honakoa da, izan ere, praktika honek irautean interes behinena daukana, kontzesionario batzuek ezarritako eragozpenak medio, “zero kilometro” ibilgailuen salmentak behera egin badu ere. Establezimendu batzuetan, izan ere, horrelako eragiketak zuhurtzia osoz eta justifikazio larriko motiboa dagoenean baizik ez dira egiten. Bestetan “zero kilometrorik” saldu ere ez da egiten, horrekin “bezero on” izenekoari -aukeren bila ez dabilen arren, beste batzuek aurkitzen dituztela ikusten duen horri- iruzur egiten omen zaiolako.