Berdeguneak ez dira ugaldu eta, gainera, bertan segurantzia falta atzeman dute erabiltzaileek
Horregatik CONSUMER EROSKI-k 102 parke edo lorategi eredugarri bisitatu ditu 18 hiri espainiarretan: 8 Madril eta Bartzelonan, 7 Valentzia, Sevilla, Zaragoza eta Malagan, 6 Alacant, Bilbo, Kordoba, Murtzia eta Valladoliden eta 4 A Coruña, Oviedo, Iruñea, Donostia eta Gasteizen. Era askotako aspektuak baloratu dira: parkeen mantenu, garbitasun eta kontserbatze egoerari dagozkionak, ekipamendu mailakoak, erabiltzaileari ematen zaion informazioa, bertarako irisgarritasun gradua eta segurtasuna. Ikerlana osatu eta herritarraren iritzia ezagutzeko, 2.040 erabiltzaileri egin zaie hiriko berdeguneei buruzko inkesta. Horiez gainera, hiriz hiri pertsona bakoitzeko zenbat berdegune dagoen ere kalkulatu da.
Ondorio nagusia: gure hirietan berdegune gutxiegi dago (hiri gehienek ez dute OMS-en aholkua betetzen) eta horiek baliatzen dituztenek segurtasun eza nozitzen dute: sentsazio hau, aldizkari honek duela bost urte egin zuen antzeko inkestan agerturiko hura baino txikiago ez izateaz gainera, ez da gutxiengo jakin baten kontua: hiri-parke eta berdeguneei buruzko galdetegiari erantzun dioten 2.000 pertsona baino gehiago izaki,, horien %40ren iritziz leku horiek ez dira seguruak. Egoera, dena den, berdeguneen azalerari dagokionean bezala, biziki aldatzen da hiri batetik bestera. Egin dezagun kontu, adibidez, Iruñea eta Gasteizen biztanle bakoitzeko 26 eta 23 metro karratu berdegune dituztela; Murtzia, Alacant, Bilbo, Malaga, Valentzia eta Granadan bizi den gizakiak, aldiz, 5 metro karratu baizik “ez dauka”.
Bestetik, aldizkari honetako teknikariek 18 hiritako 102 hiri-parke eta berdegunetara eginiko bisitatik ondoriozta daitekeenez, horien mantenu eta garbitasun egoera asetzeko modukoa da eta erabiltzaileari ematen zaion informazioa, ezinduentzako irisgarritasuna (sarbideak, etab.) eta segurtasuna (segurtasun-pertsonalaren presentzia, ezbeharrik pairatzeko arriskurik edota objektu arriskutsurik eza), salbuespenak salbuespen, aski dira. Halaz ere, berdegune horietan baliagarri dauden ekipamendua eta zerbitzuak (haurrentzako jolastokiak, piknik motako mahai-aulkiak, txakurrentzako areak, hiri-altzariak, iturriak?.), orokorki, urriak dira.
Garbitasuna: ongi, oro har
Gainerako zona, zerbitzu eta ekipamenduei dagokiela, emaitzak antzekoak izan dira: erabilera publikoko komunak dituzten parkeetatik lautik batek baino gehiagok garbitasun alorreko gabeziak agertu zuen eta, areago, hamarretik seitan ez zegoen esku-xaboirik, hirutik batean komuneko paperik ere ez zen eta %40k ez zuen paperontzirik. Beste aldetik, ordea, lautik hirutan aulkiak garbi eta baliagarri zeuden (denetan hoberenak Bartzelona, Oviedo, Iruñea, Donostia eta Valentzian) baina hamarretik ia bitan paperontziak lepo beterik zeuden edo gizakiak kaltetuak (hautsita, erreta, etab.) eta hamarretik batean ur iturria hondatuak edo zikinak zeuden (okerrenak, Malaga eta Logroñon).
Haurrentzako jolastokiez ari garela, horrelako instalazioen %13 zikin-zikinak zeuden (zakurrek kaka nonahi egiten dutelako, kontrolik gabe), %12k zoladura abandonatua agertzen zuen eta hamarretik batek mantenu-arazoak erakusten zituen jolas eta zabuetan (elementu hautsiak, pintadak, etc.).
Ekipamendua, urri-urria
Udalak nekez ager daitezke harro hiri-parkeetako ekipamendu eta zerbitzuez: bisitatu ditugun espazioen %43k ez dituzte atal honetako itxaropenak bete. Hamarretik seik ez zuten komun publikorik (nabarmentzekoak, alderdi ezkorretik, A Coruña, Bartzelona, Kordoba, Logroño, Murtzia, Oviedo, Donostia eta Gasteizkoak) eta %11 itxita zeuden; lautik bakar batean zeuden piknik motako mahai-aulkiak, instalazioen %80tan ez zegoen telefono kabinarik, hamarretik bitan bakarrik zeuden txakurrentzako berariazko areak, eta lautik bakar batek zeukan eguzki edo euritatik babesteko zona estalirik (pergola edo estalkiak). Bisitatu ditugun hiri-berdeguneetako kirol-ekipamendua ere ez da ugaria, hara: saskibaloian aritzeko saskiak hamarretik hirutan bakarrik ikusi dira, futbolean jokatzeko zelaiak %23tan, ping-pong mahaiak %19tan, skate edo irristatzeko pistak %23tan, bolatokia %16tan, petankan jarduteko gunea %19tan eta bizikletan ibiltzeko berariazko espazioak %27tan baizik ez.
Zerbitzu-hornikuntzaz ari garela, parkeen %29k bakarrik dauzkate zakur gorotzetarako zorroak saltzeko makinak eta zorro horiek botatzeko zakarrontziak, %11tan ez zegoen ur edangarriko iturri bat bera ere, parkeen %40k baizik ez zuten kafetegi edo kioskoa zabalik eta lautik hirutan bizikleta aparkatzeko elementurik ez zegoen.
Haurrentzako informazioa, eskas
Haurrentzako jolastokietako informazioa, aldiz, eskasa da: hamar zonatik lautan bakarrik debekatua dago animalien presentzia edo bertarako sarrera (gogoan izan animalia direla zona horietako zikinkerien eragile nagusiak); proportzio horretako kartelek jakinarazten dute ekipamenduak eta jolasen erabiltzaileen adinak eta berdeguneen %28tan baizik ez da agertzen akats eta gabezien berri emateko telefono zenbakia.
Berdegune horietan hautemaniko informazio baliagarria ere ez da aski: erdiek baino ez dute parkearen izena adierazten; zonaren ezaugarriez edo jokatzeko arauez informaziorik %85etan bakarrik ematen zaio bisitariari eta %22tan soilik ematen zaio parkearen antolamenduari buruzko informazioa: banaketa, guneak, etc., plano edo antzekoen bidez.
Segurtasuna, egokia; irisgarritasuna, hobetzeko modukoa
Segurtasun atalean, aldiz, bisitatu ditugun berdeguneek kalifikaziorik hoberenak eraman dituzte: proba berdegune guztiek gainditu dute baina, hori bai, %17k batez beste “onartzeko moduko” apala baizik ez dute merezi izan. Hobetzeko moduko alderdiak: parkeen %28k ez dute behar bezalako argiteria zona batzuetan, hirutik batean arriskutsuak diren elementuak ikusi dira (hesirik edo esku-barandarik ez izatea, zoladuran egur puskak edo bestelako oztopoak, berdindu gabeko guneak, seinaleztapen egokirik gabeko obra-lanak, etab.).
Hamar parketik hirutan, ohiko aisi jardueretan eragin kaltegarria zuen ibilgailu-trafikoa hauteman zen; kasuen %20tan, gainera, berdegunea zeharkatzen zuen trafiko horrek. Hiru parketik batean ibilgailuak ikusi ziren baina hamarretik lau baizik ez ziren auto edo motor partikularrak (ez zien mantenu edo garbitze zerbitzuetako edo poliziarenak, alegia). Bisitatu ditugun berdeguneen %23tan bakarrik ikusi zen segurtasun-pertsonalik (polizia, parke-zain edo zaindariak); egoera hau eta 2002 urtekoa oso-oso desberdinak dira, orduan zifra hori %74 izan baitzen.
Segurtasun alorrean, haurrentzako jolastokiei dagokiela, horien %52 ez zeuden itxiak edo zehazki mugatuak eta, larrialdirik egokitu edo ezbeharrik gertatzekotan, zein telefonotara deitu behar zen adierazteko kartelak parkeen %29tan soilik zeuden. Hurrentzako zonen %35 bakarrik zeuden kautxuzko zolaz edo antzekoez ekipatuak; gainerakoetan lurzorua hondar, legar, porlan edo asfaltozkoa zen.
Segurtasun eta aisia, erabiltzaileen eskakizun nagusiak
Azterturiko parke eta berdegune guztiek segurtasunari buruzko proba hau gainditu duten arren, segurantzi gabeziaren sentsazioa nabarmena da: galdetegia erantzun duten hamar erabiltzailetik lauren iritziz parkea ez da toki segurua (honakoa ez da aldatu aurreko azterketa egin zenetik, 2002 urtean). Hiriz hiri, parkeetan segurtasun gabezia larriena hautematen duten hiritarrak Alacantekoak (%77), Sevillakoak (hirutik bi, hor nonbait), Kordoba eta Malagakoak (%75 inguru). Zerrendaz beste muturrean, Donostiakoak (bisitarien %99k ez du uste parkea segurtasunik gabeko lekua denik) harro egon daitezke beren parkeetako segurantziaz. Antzekoa gertatzen da A Coruñan ere: berdeguneen erabiltzaileen %92ren iritziz, parkean ez dago inolako arriskurik.
Zerbitzu eta ekipamenduez ari garela, inkestaturiko hiritarren %40 inguruk, normalean ohi doan parkeak gabeziaren bat daukala uste du. Atal horrek kritika gehien jaso du Granada, Malaga, Sevilla eta Valentzian: lau horietan bisitarien erdiak baino gehiagok uste du berdeguneek gabeziak nozitzen dituztela. Erabiltzaileen eskakizun ugarienak: haurrentzako jolastoki gehiago jartzea (galdetegiari erantzun dioten pertsonen %15), komun publikoak, argiteria hobea eta iturri gehiago (hiru kasuetan ere, hamar erabiltzailetik bik eskatzen dituzte horrelakoak) eta belar zein arbola-zuzkidura hobea (%7).
Beste aldetik, ordea, hiru erabiltzailetik batek bakarrik uste du parkearen garbitasun eta kontserbatze egoera onona ez dela. Alacant da parkeak eskasen mantentzen dituen hiria (bertako erabiltzaileen iritziz, %62); ondotik Sevilla, Kordoba eta Malaga datoz (inkestan parte harturikoen erdiek horrela diote).
Hiriari "birika berdea" kostatzen zaiona
Hiriko berdeguneek, espazio fisikoa ez ezik, kalitatedun kontserbatze eta mantenua bermatzeko moduko zuzkidura ekonomiko handia ere premiazkoa dute. Espainiako udalek hiriko “birikak” zaintzera udal aurrekontuen %2,5 bideratzen dute, batez beste. Logroño eta Iruñean, azterketa honetako lorategi eta parke gehien dituzten bi hiriak izateko harrotasunaz gainera, batez bestekoa baino ahalegin ekonomiko handiagoa egin dela ere hautematen da: %4,5era igotzen da hiri horietako zuzkidura. Bartzelona eta Valentzia ere batez bestekoaren gainetik dabiltza atal honetan (urteko aurrekontuen %3tik gertu bideratzen da horretara). Malagak, aitzitik, bertako parke eta lorategiak zaintzeko portzentajerik urriena ematen du, 18 hirietatik (aurrekontu orokorraren %0,8 umila baizik ez); ondotik Bilbo datorkio (%1,5) eta segidan Oviedo eta Zaragoza (%2). Batez bestekotik gertu dabiltza Valladolid, Sevilla, Kordoba, A Coruña, Murtzia, Donostia eta Granadako udalak.
Termino ekonomikoetan, berriz, nabarmentzen dira parke eta lorategiak baldintza onetan mantentzeko Bartzelonak bideratzen dituen 50 milioi euro horiek, Valentziak gastatzen dituen 21,5 milioiak eta Sevillak jartzen dituen 19 milioiak (Espainiako hiriburu handienetakoak izanik); beste izkinan, Oviedok gai horretara bideratzen dituen 4 milioi eta Granadako 5 milioi euro urri horiek ikusten ditugu.
- Azalera egokia: denentzako espazio nahikoa eskaini behar du parkeak, erabiltzaileak eroso senti daitezen hainbat jardueratan aritzean: kirol praktikan, harreman sozialetan, jaten, paseoan, irakurketak, solasaldian edo atseden hartuz.
- Urte osoan ingurune atsegina izatea: hiriko parke on batek uda partean itzala emango lukeen landaredia eta neguan haizetik eta hotzetik babesturiko bazterrak eduki beharko lituzke, adibidez.
- Behar adina zerbitzu kalitatedun eskaintzea: jarduera kulturalak, aisialdi eta kirol praktikak egiteko edota paseatzeko behar bezainbesteko ekipamendu eta instalazioak, erakusketak egiteko eta artelanak agertzeko eraikin egokiak, piknik egiteko zonak eduki behar dituzte hiriko parkeek eta, gainera, auzotarrei arbolak edo bestelako landareak aldatzeko guneak eskaini behar dizkiete. Jarduera eskaintza dohainekoa baldin bada, harik eta hobeto: bizikletak edo patinak alokatzea, adibidez.
- Haurrentzako jolastokiek erabiltzaileen adinen arabera antolatuak egon behar dute: kontua da adin guztietako haurrei jolasteko aukera ematea. Horiez gainera, helduek txikiak eroso begiratu eta zaindu ahal izateko moduko guneak eduki behar dituzte (jolastoki inguruan, adibidez, eguraldi txarretik babesturiko aulkiak).
- Hiri-altzarien ergonomia: hiri-altzariak (aulkiak, paperontziak, iturriak, farolak, etc.) erosoa, ugaria eta ezintasunak nozitzen dituzten pertsonentzat egokitua behar du izan; altzari horien jarrerak, beste aldetik, parkeko zona bakoitzeko erabilera logikoa aintzat hartu behar du.
- Naturaren dibulgazioa: hiriko berdeguneek aukera paregabea ematen dute natura gertuagotik erakusteko (ezagutu eta ikasteko moduko espazioak). Horregatik komeni da, era didaktikoan (informaziodun kartelen bidez, esate baterako), bertan nolako flora eta fauna dagoen erakustea (natur gelak) eta informazio baliagarria ematea (parkeko planoak, instalazioetan matxurak edo akatsak bilatzekotan deitu beharreko telefono-zenbakia, ezbeharra gertatzekotan nora jo behar den, joko eta jolasetan aritzeko argibideak, etc.).
- Oztopo arkitektonikoak suntsitzea: mugikortasun murriztua duten pertsonentzat parkeko zona eta ekipamenduetara iristea ez da eragozpenik bihurtu behar; horrez gainera, hiritarrak parkeraino eroango dituen garraiobideen azpiegitura eraginkorra edukitzea ere komeni da.
- Mantenu eraginkorra: egin beharreko garbitze-lanez gainera, parkean paperontzi eta zakarrontziak zehazki barreiaturik antolatu behar dira, zakurren gorotzak jasotzeko zerbitzuaz, komun publikoez eta gainerakoez hornituak.
- Giro lasaia: zarata ozenik gabe (trafikoak eragiten duen inpaktu akustikoa, adibidez), espazioak eta zonak egokiro antolatuak, jolaslekuak, pasealekuak eta egonlekuak bereizita, adibidez.
- Biodibertsitatea zaindu eta errespetatzea: berdeguneak ez dira zertan landare eta animali espezie autoktonoentzako inpakturik izan. Hiriko parke eta lorategiek, denboran zehar lurraldean garatuz etorri diren bizi-formen ekosistema orekatuak izan behar dute.
Hiria bizitoki egokiago bihurtzeko aholkuak eta konparaketako taula
Adituak bat datoz: hiria bizitoki egokiago eta atseginago bihurtuko bada aholku behinena, berdeguneak berreskuratzea da. Ekimen hori, dagoeneko, Espainiako hainbat udalerritan jarria da martxan. Eragiketa latz eta garestiak dira, eraikinak eraistea, zoladurak aldatzea eta landareak landatzea agin ditzaketelako baina, egiari zor, azkenean merezi du. Horretan sartzen da bestelako elementuak -hondartzak, hezeguneak, padurak, etc.- integratzeko ahalegina egitea ere.
Zoruaren iragazgaiztasunaren aurka neurri egokia da, plan urbanistikoetan, zoru iragazkorren (landare-bizitzari ekin ahal izatekoen) gutxieneko mugak finkatzea, beti ere %30etik gorakoak: horrixe deritzo Zoruaren Indize Biotikoa.
Berdeguneen kalitatea balioztatu behar da hainbat adierazle baliatuz, hala nola eraikinek okupaturiko espazioarekiko azalera berdearen proportzioa eta horrek lurraldeko biodibertsitatean duen inpaktua, etc. Era berean, hiriaren aztarna ekologikoa eta lurraldea zamatzeko gaitasuna balioztatzea ere oso garrantzitsua da. Hitz bitan, aurreikusi egin behar da, zorua, ura eta antzeko bitarteko urrietan atzera gabeko inpaktuei saihesteko.
Hirietan berdeguneak sortzea ez da hiri-klima hobetzera bakarrik mugatu behar, haratago iritsi behar da: ezinbestekoa da, hiri hedapenaren abiagune gisa, lurraldeko balioen azterketa egitea. Horrek esan nahi du hiriarentzat bere Plan Berdea (informazio osoa batuko duena) taxutu beharra dagoela eta, era berean, Ondare Naturala eta balio historikoak garrantzi-maila berekotzat jotzea.
Hiri trinkoak hobetu egin daitezke, hiritarrak hiri inguruetako eta landa gunetako espazioekin lotuko dituzten korridoreak eratuz. Lotura horri esker hiriko parkeen kontserbatze eta mantenua hobetu ahal izango da. Erakunde eta adituak hiri barnean edo perimetroan eraztun berdeak, bidezidorren sareak eta hiriko parke eta berdeguneen arteko bideak taxutzearen aldeko azaldu izan dira aspalditik.