Bakarkako aisialdia
Dagoeneko haur asko ez da jolasten, horren ordez denbora-pasako produktuak (telebista, bideojokoak, etab.) “kontsumitu” egiten du: horra txikien astia betetzeko irtenbide soila, olgetaren globalizazioa. Egungo gizarte honetan teknologia geroz eta indartsuagoa da eta aisialdia, orain, elektronikoa da. Segapoto bidezko mezu laburren igorpena eta chat mundua gaztetxoen ohiko harremanak aldarazten ari dira eta sendagilearen kontsultara iritsi dira dagoeneko lehen ziber-morroiak: haur eta nerabe horiek ezin diote utzi bideojokoekin aritzeari edo online berriketan jarduteari.
Espainiako Hedabideak Ikertzeko Elkarteak argitara eman zuen “Espainiako 2004 urteko Hedabideen Audientzia haur eta Gaztetxoen artean” azterlanak azpimarratu zuenez, 8 eta 13 urte arteko umeek beren geletako pelutxe tradizionalen ordez musika-ekipoak (%46,4), telebistak (%36,2) edota ordenagailuak (%22,1) ezarri dituzte. Bideojokoak gaztetxo guzien %73,7k dauzkate eta astean, batez beste, 172 minutu ematen dituzte horiekin jolasean. Haur eta gaztetxoen gogoko jokoetatik abentura, kirol eta ekintzakoak dira nahienak. Gazteen herenak telefono mugikorra dauka, erabilera pertsonalerakoa. Telefono mugikorra hitz egiteko eta mezuak jaso eta igortzeko (%80-%82) ez ezik, jolasteko ere baliatzen dute gazte askok (%51).
Gainerakoengandik isolatzeko, bakarrik eta eserita jolasteko joera geroz eta nabarmenagoa da gure seme-alaben aisialdi-aztura berri horietan. Ikea Ibérica S.A. enpresak eginiko azterketa baten arabera, haur gehienak (%60) bakarrik jolasten dira, beste batzuk (%35) adiskideekin eta umeen %3k baizik ez du nahiago familiarteko batekin jolastea; datu horietan, behintzat, neskato eta mutikoen artean ez dago alderik. Jolastoki gogokoena aire zabala bada ere (%68), jostatzeko beste leku bat hautatzean, norberaren gela aukeratzen dute erdiek (%46%), bertan dauzkatelako beren gauzak eta lasai egoteko bermea.
“Bakartasuneko aisialdi” horren aurkako aukera ohikoena merkatal gunea da, nerabeen txulo kuttun eta mina, bertan premia guztiak ase ditzakete-eta: bolatokiak, makinak, litxarreriak eta fast food erosteko dendak, zineak…
Jolasteko eskubidea
Hauek dira jolas-tekniken eboluzioa eta haurren garapenean jolas-jarduketa daukan garrantzia sakon ikertu dituen Granadako Unibertsitatearen azterketa bateko ondorioetako batzuk. Adituak ere bat datoz: eskolaz kanpoko jardueretan eta bideo-jokoetan denbora gehiegi emateak haurtzaroko hezkuntzan garrantzi gehien daukan baina gutxiegi balioztatu den jardueretako bat arrisku gorrian jarri dute: berezko jolasa, umeek beraiek sortu eta araututakoa, umeen irudimen eta sormena garatzeko ezinbestekoa.
Bizi-erritmo azkarra eta agenda bete-betea bereizgarri dituen heldu eta haurrek osaturiko gizartean, gurasoek eta seme-alabek elkarrekin jarduerak egiteko duten beta urritu egiten da. Gurasoek seme-alabekin emateko asti askorik ez dute: horren muturrean “giltza-haurrak” ditugu, hots, eskolatik irten eta etxera bakar-bakarrik doazenak, hantxe “beren bizitza bilatzera”.
Pediatrics aldizkariaren azken zenbakian Pediatriaren Amerikar Akademiak plazaratutako txosten batek azpimarratu duenez, jolasak sormena adierazteko eta irudimena, esku-trebezia, gaitasun fisiko, kognitibo eta emozionalak garatzeko aukera ematen dio haurrari. Beraz, garuna osasuntsu garatzeko garrantzi handia du horrek. Egituratu gabeko jolasak dituen alderdi mesedegarrietako bat, haur batzuk (pertsona heldurik gabe) elkartzen direnean, talde-lanean aritzen, gauzak partekatzen, negoziatzen, gatazkei konponbidea bilatzen eta ematen eta nork bere ikuspuntua defendatzen ikasten dute. Gurasoekin jolasteko aukera duenean, berriz, helduek arreta osoa bideratzen diotela atzematen du haurrak eta horrek, bistan da, harreman iraunkorrak eraikitzen laguntzen du. Jolasak haurrak kontzentratzeko eta oroitzeko dituen gaitasunak bikoiztu egiten dituenez, ikasketa soilago gertatzen da horrelako jardueretan aritzen denean, Kataluniako Pedagogoen Kolegioak arestian eginiko azterketa baten arabera.
Informazio eta Komunikazioaren Teknologiek adin txikikoengan eraginiko inpaktua
Informazio eta Komunikazioaren Teknologia (IKT) berriek bizitza sozialean duten inpaktuak haur eta gazteen jokabide eta aisialdi-azturetan berebiziko aldaketa eragin du, aurreko belaunaldietako pertsonenen aldean. Gazteek chateatzen, bideo-jokoekin eta Sarean nabigatzen ematen duten denbora urterik urte areagotuz doa, sekulako abiadan, gainera. Espainiako nerabeen kasua harik eta sintomatikoagoa da: horietako asko eta askok egunean sei ordu baino gehiago ematen dituzte teknologia berriekin kontaktuan (Internet, telefono mugikorra, bideo-jokoak, mp3 erreproduzitzailea, etc.).
Adituek diotenez, IKT horiek, berez ez dira onak, ez txarrak ere. Online jokoetan denbora gehiegi emateak, esate baterako, morrontza, ergonomia eta, areago ikusmen alorretako arazoak sortaraz ditzake baina zentzuz erabiliz gero, errehabilitazio-faktore izan daiteke (hainbat funtzio psikomotor estimulatu eta erreflexu-azkartasuna areagotzeko, adibidez). Kontua da informazio eta aisialdirako bitarteko berri horiek nola erabiltzen diren.
Bideojokoak
Inkestari erantzun dioten adin txikikoen %69, adibidez, eskuarki jolasten da horietan. Sexuen arabera, adin txikiko gizonezkoen %85ek eta neskatoen %52k baliatzen dituzte bideojokoak. Jarduera horretan ordu asko ematen dituzte gazteek; %23k asteburuan egunero bi ordu baino gehiago pasatzen ditu eta %9k bakarrik esan du asteburuan aparatua piztu ere ez duela egiten. Bideojokoek askotan talde-aisialdiaren kontzeptuari erantzuten dioten arren, gehienetan (%52) adin txikikoak bakarrik jolasten dira.
Nafarroako Unibertsitateak oraindik orain eginiko azterlan batean azpimarratzen du gazteen gairik gogokoenak abentura eta ekintza direla; horien %38ren iritziz, jolasek ikasteko eskaintza murriztu egiten dute eta %18k aitortu duenez, gogorregi gerta dakizkioke. Txosten horren arabera, gurasoak eta seme-alaben arteko liskar-iturri behinena pantaila aurrean emaniko ordu-kopurua, jolas horiek eskola-etekinean, loan eta osasunean duten eragina da, inondik ere ez edukien kalitatea edo egokitasuna, adibidez. Bideojokoak baliatzen dituzten haurren %45ek onartzen du: gurasoekin kalapitak izaten dituzte, pantaila aurreko denbora dela tarteko; Internetez ari garela, aldaki horrek eztabaiden %16,8 betetzen du; telefono mugikorrak sail honetako atzenak dira: %7,5 baizik ez.
- Bideo-jokoak haurren aisialdiaren osagaietako bat izan daitezke baldin eta aberasteko elementutzat jotzen badira, eskaintza zabal baten barruan: horrela hartu behar dute umeek. Bideojokoak umeen ordu askotako denbora-pasa izateko baliatzea gurasoen akatsa da, ez seme-alabena.
- Jokoen klasifikazioak eta pribatutasun adierazpenak ezagutu behar dira; era berean, online jolas-guneen erabilera onargarrien nolakotasunak begiratu behar dituzte helduek.
- Seme-alabek aukeratzen dituzten joko eta jolasak eta jolaskideak begiratzea komeni izaten da. Horretarako, jolas-ekipo edo kontsola jarduera erraz ikuskatzeko moduko toki ageri batean egotea da hoberena.
- Hobe jokalari edo jolaskide bat baino gehiagoren parte hartzea bideratzen duten bideojokoak baliatzea.
- Bideojokoak erabiltzeko denbora mugatzea komeni da: egunean 30 – 60 minutu, 20 edo 30 minutuan behin pausaldi bat eginez (haurraren adinaren arabera).
- Mesedegarria da talde-jokoa sustatzea; ahal dela, senitartekoak jolaskide izaki.
- Jolasak eta baliabideak aldatu behar direnez, haurra jolasez eta jolas-objektuez alda dadin ahalegindu beharko du helduak.
- Ez da komeni pantaila handiko telebistak baliatzea, horrelakoetan bideojokoetako argi biziak are eta indartsuagoak direlako.
Internet
“Fundació Catalana per a la Recerca” elkartearen “Internet Segura” azterketak (2003) egoera hori adin txikikoentzat arriskutsua zela azpimarratzen zuen, umeek chatak baitituzte gogoko. Chatetako idatzizko solasaldietan murgildurik, baliteke mintzakidearen egiazko nortasuna zehatz-mehatz identifikatzea zail gertatzea edo, areago, komunikazio birtual hori egiazko bizitzara lekualda lezakete, horren emaitzak ezin aurreikustezkoak izanki.
Telebista
Nafarroako Unibertsitateak haurren aztura eta zaletasunez eginiko azterketak argi eta garbi erakutsi du umeak bizi diren ingurune digitalean telebista dela erakargarritasun eskaseneko bidea, elkarreraginean aritzeko aukerarik ematen ez duelako. Aisialdi elektroniko elkarreragileagoak geroz eta toki gehiago harrapatzen dio pantaila txikiari, ikusle gazteenen artean.
Azken zortzi urteotan Espainiako umeek eguneko telebista-kontsumoa 18 minutuz urritu dute; orain, bestelako pantailetan ematen dute denbora hori: Interneten, bideojokoetako kontsoletan, telefono mugikorretan, etab., hauek elkarreraginean aritzeko aukera handia ematen dutelako. Joan den urtean erabiltzaile gazteenen artean beherako joera hori finkatu egin zen, hirugarren urtez segidan.
Corporación Multimedia-k emaniko datuen arabera, 2006 urtean 4 eta 12 urte bitarteko umeek egunean batez beste 140 minutuz ikusi zuten telebista, hau da, aurreko urtean baino bi minutu gutxiago eta aurreko urteetan baino 18 minutu gutxiago. Nerabeek, ordea, telebista kontsumoari eutsi egin diote eta, hala eta guztiz ere, haur batzuek denbora gehiago ematen dute “kanguru katodikoaren” ondoan lagun eta senideen artean baino.
Kataluniako Ikus-Entzunezkoen Kontseiluak “Hezkuntza ikus-entzunezkoen inguruan” gaiaz eginiko liburu zurian ondorioztatzen denez, umetxoek urtean ikasturteko 23 egunen baliokidea ematen dute gogoko programetara begira (hauek pertsona helduentzakoak badira ere). Egunean batez beste 40 minutu ematen dute telebista prime time ordutegian (21:00etatik 24:00ak arte). Pantaila txikian ia 2.000 ekintza bortitz ikusten dituzte urtean; 15 urteko mutiko edo neskato batek bere bizitzako 17 hilabete eman ditu telebista begira.
Hiru adin txikikotatik batek telebista dauka bere gelan eta %62k, erabiltzen ari denean, ez du gurasoen zaintzarik (gurasoen erdiek, bitxia bada ere, seme-alabek telebista gutxi edo oso gutxitan ikusten dutela uste dute). Maila ekonomikoa zenbat eta apalagoa izan, orduan eta denbora gehiago ematen da pantaila aurrean, aisialdi-aukera urriagoak dituztelako familia horiek.
Telebista begira astean ematen dituzten 19 ordu horiei bideojoko eta ordenagailuan pasatzen dutena eransten bazaie, emaitza argi dago: adin txikikoak pantaila aurrean 30 ordu ematen ditu batez beste. Ikus-entzunezkoen kontsumo hori helduen kontroletatik at egiten da, batik bat.