Trauma ekonomikorik gabeko banantzeak
Nola konpentsatu beste bikotekidea?
Pentsio -“orekatzaile”- baten bitartez, legezko banantze edo dibortzioaren ondotik bikotekideetako batek jasan dezakeen bizitza-mailaren beherakada arintzeko. Desoreka ekonomikoa edo, bestela, ezkonduta zegoen garaietan baino egoera ekonomiko okerragoa nozitzen duen ezkontideak, ebazpen judizialak zehaztuko duen pentsioa jasotzeko eskubidea du, bietan posizio ekonomikorik hoberena daukanaren eskutik.
Pentsio orekatzailea jasotzeko eskubidea emaztearena ote da beti?
Ez, noski. Pentsio horren helburua, babesgabetuen egokitu den bikotekidea konpentsatzea da, sexua sexu. Baliteke eskubidea bi ezkontideetako edozeinek izatea eta baliteke, era berean, ez batak eta ez besteak ez izatea, hainbat faktore aintzat hartuta:
- Adina eta osasun egoera.
- Kualifikazio profesionala eta enpleguan sartzeko aukerak.
- Familiari bideratu den eta bideratuko den eskaintza.
- Ezkontideak, bere lanarekin, bestearen jarduera komertzial, industrial edo profesionaletan kolaboratzea.
- Matri- monioaren eta elkarbizitzaren iraupena.
- Bi ezkontideen ondasunak, bitarte ekonomikoak eta premiak.
Zein da pentsioaren munta?
Alde handiak daude, batetik bestera. Hainbat faktore hartu behar dira kontuan, hala nola, famili arduraldia, adina, lana bilatzeko aukera, etab. Helburua ezkontide ohien posizio ekonomikoak parekatzea ez denez, nekez zehatz daiteke diru-kopurua; dena den, eman dezagun soldataren %15 eta %40 artean dabilela, eskuarki (batzuetan, hala ere, soldataren erdia ere izan daiteke).
Adostasunik ez dagoenean, gorabeherak balioztatzeko eta pentsioaren munta zehazteko arduraduna epailea da.
Nola kobratzen da pentsioa?
Pentsioa hilero, onuradunaren bankuko kontuan, jasoko dela epaian zehaztuko da. Egun KPI-aren arabera gaurkotzen da.
Ordaindu ezean, zer gerta daiteke?
Motiboa jakin behar da. Pentsioa ordaintzeko asmorik ez dagoenean, berriro jo beharra dago epaitegietara, ordaintzeko obligazioa duenaren soldata bahi dakion.
Pentsioa betirako finkoa da?
Hori ez da nahitaezkoa. Pentsio konpentsagarria jasotzeko eskubideari mugak ezar dakizkioke. Epaileak, bikotekide bakoitzaren gorabeherak azterturik, hainbat urtetarako edo bizitza osorako ezarri ahal izango du.
Pentsio konpentsagarria finkaturik, horren munta ere berrikusia izan daiteke, ordaintzailearen edo jasotzailearen ondasunean aldaketarik gertatzean eta, noski, desoreka ekonomikoa amaitzean, pentsioa ordaintzeko obligazioa ere amaitu egin daiteke. Pentsioaren onuraduna, matrimonio bidez edo izatez, beste norbaitekin elkartzen bada, pentsioa jasotzeko eskubidea ere indargabetu egiten da.
Ordaintzailea hiltzen denean?
Pentsioa jasotzeko eskubidea ez du ordaintzailearen heriotzak baliogabetzen. Halaz ere, herederoek epaileari pentsioa murriztu edo ken dezan eska lezakete, herentziatik pentsioa ordaintzerik ez balego.
Izatezko bikoteak
Errealitate sozialak izatezko bikote iraunkorrak geroz eta ugariagoak direla eta matrimonioaren eta dibortzioaren erregimen juridikoan familia motatzat onetsiak daudela esaten badigu ere, pentsio konpentsagarria ez da automatikoki horietara pasatzen baina horrek ez du galarazten bikotekideek, elkarbizitzan hasterakoan, horixe idatziz adostea. Kontu hori epaitegietan planteatzen denean, ostera, soluzioak oso-oso desberdinak dira eta batzuetan, adibidez, bikotekide bati indemnizazio ekonomikoa jasotzeko eskubidea aitortzen zaio, bere kontura beste bikotekidea gizabidez kontra aberastu egin delako. Nolanahi ere, lehendabizi elkarbizitza iraunkorra badela judizialki egiaztatu beharra dago. Kontu hori soilagoa da bikotea Izatezko Bikoteen Erregistro batean agertzen denean edo bi kideak helbide berean erroldaturik daudenean.
/imgs/20070301/img.derechos.02.jpg Izatezko elkarbizitzari ekin aurretik, bikote-bizitzan indarrean egongo diren lotura ekonomikoak eta, balizko banantzea gertatzekotan, likidazio-prozesua nolakoak izango diren zehazteak garrantzi handia du.- Ituna notarioaren aurrean eskritura publikoan edo idazki pribatuan egin eta Elkartze Iraunkorren Erregistroan -horrelakorik bada- alta eman dezakete kideek.
- Desoreka ekonomikorik gertatzekotan, bikotekide bati ordaindu beharreko diru-konpentsazioak jaso ohi dira horrelako itunetan.
- Izatezko bikoteak legezko dira Katalunia, Aragoi, Nafarroa, Euskadi, Valentzia, Balear Uharte, Madril, Asturias, Andaluzia, Extremadura, Kantabria eta Kanariar Uharteen autonomi erkidegoetan.
- Balear Uharteetako legeak, elkarbizitzaren etenak desorekarik sortu edo eragitekotan, aldian behin pentsioa jasotzeko eskubidea jasotzen du, Nafarroako legearen modura. Aragoi, Katalunia, Kantabria eta Extremaduran, diru-kopuru bat jasotzeko eskubidea aitortzen zaio bikotekideari, bestea gizalegez kontra aberastu baldin bada. Asturias, Valentzia, Euskadi, Andaluzia, Madril eta Kanariar Uharteetan, inskribatze-itunean konpentsazioak ere finka daitezke.