Kontu korronte abandonatu baten bizitza baliagarria
Horrela gertatzen denean erakundeak bezeroari dei egiten dio, metaturiko mantenuagatiko komisioengatik zor zaion dirutza erreklamatuz, bezeroaren ustekaberako. Guraso askok, ume jaio berriari kontua ireki eta diru kopuru txikiak sartu dizkiote urtetan (20 euro, adibidez). Halako batean bankuak deitu egin die, mantenuagatiko komisioak ordain diezazkioten, kontuan zegoen dirua ez baita aski zorra kitatzeko. Bezeroaren aldeko 20 euro haiek, sei bat urtean, kontrako 100 euro bihur daiteke, esate baterako.
Zeharo ahantzitako balizko mantenuagatiko zerbitzu horrengatik zerbait ordaindu behar ote du bezeroak? Gehieneko komisio horiek kobratzea zilegi ote du bankuak?
Bankuek eta aurrezki kutxek ustez beraiena dena eskatzeko obligazioa dute. Abandonatuak omen dauden kontuetan komisio handiagoak aplikatze hori legezkoa da, finantza produktuei erakundeek aplika diezazkieketen komisioek mugarik ez baitute.
Nolanahi ere, erakundeek ez diote presioa eragiten bezeroari, egiaz abandonatua zegoen eta, izan ere, bankuan ahantzirik geratu zenean saldo eskasa zeukan kontu batengatiko gastuak ordain ditzan. Gehienetan, zorra kobratzeko hainbat saiakera egin ondoren, erakundeek etsi eta kontua itxi egiten dute, besterik gabe. Izan ere, kontu batek mugimendurik jaso ez badu eta izan zezakeen saldo urri-urria erakundeak komisio kontzeptuan “irentsia” badu, Espainiako Bankuaren iritziz, mantenuagatik bederen erakundeak ez luke diru gehiago eskatu beharko.
Kontu abandonatua, deuseztatua ala “zero saldoa”?
Horrez gainera, bankuko bezeroek jakin behar dute maiz erakundeek mantenuagatiko komisio altuak aplikatzen dituztela kontu korrontearen batez besteko saldoa kopuru batetik behera dabilenean -muga hori erakunde batetik bestera aldatu egiten da-. Horrela bada, diru kopuru txikiekin abandonatu diren kontuetan ohikoena, hortik urte gutxiren buruan, banku edo aurrezki kutxaren aldeko zor txiki bat metatzea da. Mantenuagatiko komisioa urtean behin edo bitan kobratu ohi da eta horren munta biziki aldatzen da, erakunde batetik bestera, urteko 36 euroraino.
Komisioen legezko kobrantzaz ari garela, legeak gauza bakarra dio: kreditu erakundeak beren tarifa eta komisioak finkatzeko libre direla, egindako gastuen edo emaniko zerbitzuen ondoriozkoak badira; kontu korronteei dagokiela, berriz, mantenuagatiko komisioa kobratzea legeak bete-betean justifikatzen du. Erakundeek, beren produktuei aplikatzen dizkieten tarifa eta komisio altuenak jasotzen dituen orritxoa Espainiako Bankura igortzea aski dute, prezio horiek praktikan ezarri baino hamabost egun lehenago. Horien berri emanik, moneta erakundearen partetik eragozpenik ez badago, aplikatzen has daiteke banku edo aurrezki kutxa. Beste baldintza bat bete behar dute hauek, dena dela: gehieneko tarifa horiek web orrietan eta sukurtsal fisikoetan, agerian ipintzea, alegia.
Zergatik kontu bat abandonatu?
Ahazteaz gainera, beste hainbat motibok ere zuritzen dute finantza erakundeetan kontu korronteak abandonatuak izatea, hala nola erakundeari jakinarazi gabe etxez aldatzea, herederorik utzi gabe hiltzea, etc.
Zer da abandonatutako kontu korrontea?
Noiz jabetzen da Estatua diru horretaz?
Abandonaturiko kontu korronte horietako dirutza Estatuko kutxan sartu ahal izateko, legeak xedaturiko baldintzak hitzez hitz bete behar dituzte finantza erakundeek. Lehen-lehenik, banku edo kutxak beren bezero-baseetan abandonaturiko kontuak dauzkatela berresten dutenean, Estatu espainiarreko Aldizkari Ofizialean (BOE) eta tirada estataleko egunkarietako batean gutxienez dei egin behar diete titularrei edo kontu horien herederoei. Iragarki horiei esker, kontuen ustezko titularrak, horien senideak edo ezagunak abandonatutako kontua daukatela konturatzea lortu nahi da, geratzen zaien dirua erreklamatu ahal izan dezaten.
Horrelako iragarkietan, erakundeek titular denaren izena edo arrazoi soziala (kontuak juridikoak, enpresenak, baldin badira), onuradunak (horrelakorik balitz), kontua osatu zeneko herria eta erakundearen izena argitaratzen dituzte. Ohikoa da, era berean, kontuan dagoen diru kopurua ere argitara ematea.
Iragarkia BOE aldizkarian argitaratzea doanekoa da baina egunkariek hori publizitate kontzeptu gisa kobratzen dutenez, kasuan kasuko tarifaren arabera ordaindu behar izaten dira plazaratze horiek, kontuan dagoen dirutik. Kostua ordaintzeko bezainbesteko saldorik egon ezean, erakundeak ez du horrelako iragarkiak ezartzeko obligaziorik.
BOE eta egunkarietan iragarkiak plazaratu diren datatik urtebetea dute titularrek eta herederoek erreklamazioak aurkezteko. Epe hori amaiturik, egiaz abandonaturiko ondasunak diren tokian tokiko Ogasun Delegazioek deliberatuko dute. Horrela izatekotan, erakundeek 15 eguneko epea dute dirutza Altxor Publikoan sartzeko. Epe horretan banku edo kutxek diru sarrera egiten ez badute, sartu gabeko diru-kopuruaren pareko zigor ekonomikoa ezarriko zaie, kopuru horri interesak erantsiko zaizkielarik.
Horrenbestez, Santiago Bide osoan sukurtsalak zeuzkan Galiziako erakunde batean kontua irekitzea deliberatu zuen Cuencako familiak: era hartan, gainean diru askorik eraman behar izateke, oporraldietan diru gabeziari konponbidea emango zion. Oporraldiak amaituta, kontuan 5.000 pezeta zeuden baina familia hartaz ahaztu egin zen. Handik zortzi urtera, Cuencako familiari erakundeak 37,86 euro eskatu dio, kontua eragiketarik jaso gabe egon den epe horretan metaturiko mantenuagatiko komisioak ordaintzeko (batez besteko komisio hori, urtean, 6,17 euro izan zen). Bezeroak kontua oso-oso helburu zehatza betetzeko ireki zuela eta tarte horretan inolako eragiketarik egin ez zuela frogatu ondoren, erakundeak etsipenak eman eta kontua baliogabetu eta itxi egin zuen, besterik gabe.