Hortzetako eskuilak, bateriadunak eta pilekin dabiltzanak

Garestienak ez dira belharrezkoak

Eginkizuna ederki beteko duen eskuila eskuratzeko ez da beharrezkoa garestienak erostea
1 urtarrila de 2008
Img analisis 2 listado 166

Garestienak ez dira belharrezkoak

Hortzetako eskuila elektrikoek ez dute zertan izan eskuzkoak baino eraginkorragoak, baina egin beharreko lan aspergarria arindu egin dezakete, zeregin horretako klabea ez baita darabilgun sistema, egunero-egunero jardutea baizik. Ez dira, halaz ere, gutizia eroso hutsa: erabilera errazekoak direnez (trebeziaz edo indarrez aritzea ez baita beharrezkoa), adin handiko pertsonek edota ezinduek ahoa egoera higieniko egokian manten dezaten baliagarriak dira, bereziki.

Pilaz dabiltzan hiru eta bateria duten lau hortzetako eskuila (bi, gama garaikoak eta beste bi, gama ertainekoak), laborategian aztertu ondoren, erabilera proba egin dute erabiltzaileek. Piladun eskuilak merkeenak dira (Binaca laginaren 8,75 eurotik hasi eta Braun Advancepower eskuila kostatzen den 18 euroraino); ondotik eskuila elektriko merkeak datoz (20 euro inguru dabiltza). Gama garaiko bien prezioa 100 eurotik gora doa. Dena dela, eskuilaren prezioa bezain garrantzitsua da buruarena (kontuan izan honakoa hiru hilean behin aldatu beharra dagoela). Philips Sonic Care laginaren prezioa, adibidez, 17 euro da, Binaca laginaren buruz kostatzen den 50 zentimo horretatik urruti. Horregatik eta eskuila bakoitzarekin batera entregatzen den buruen kopurua laginaren arabera aldatzen denez, ekipo horiek (eskuila gehi beharrezko buruak) bi urtez erabiltzearen prezioa kalkulatu dute: Braun Professional Care da denetan garestiena (140 euro) eta Binaca, inondik ere, merkeena (12,25 euro).

Prezioen arteko alde izugarri horrek ba ote du eraginik kalitatean? Bi ekipo garestienek merkeenak (denetan okerrena, askozaz ere) baino eraginkorragoak direla frogatu dute baina prezio ertaineko laginek zeregina aise betetzen dutenez, piladun eskuila nahi dutenentzat prezioa eta kalitatearen arteko erlazio egokiena Colgate Actibrush da (36 euro, bi urteren buruan); bateriaduna nahiago dutenek, berriz, Braun Vitality dute (50 euro): biak onak dira erabiltzaileen %80rentzat eta azterketa froga erraz gainditu dute. Kalitate hobeko produktuaren bila dabilenarentzat, aldiz, aukera polita Braun Professional Care da (140 euro). Zazpiak seguruak dira eta etiketa zuzen ez daukan bakarra Binaca Aquafresh da, testua ez delako espainieraz agertzen, ingelesez baizik.

Buruaren garrantzia

Azterturiko Braun markako bi eskuilek buru berdina darabiltenez, laborategian sei lagin bakarrik aztertu dira: Braun Oral-B Pro-White eta Precision Clean, Philips Sensiflex eta Elite, Binaca Aquafresh Duo-Clean eta Colgate Multiaction ekipoenak, hain zuzen.

Eskuila txikiak ahoko toki guztietara “baita atzealdeko haginetara ere” errazkiago iristeko aukera ematen du. Braun markako ekipoen buruak biribilak dira, azterketa guztiko txikienak. Colgate, Binaca eta Philips Sensiflex laginenak bikoitzak dira (buruaren atal batek garbitzeko zona handitzen du edo azken bazterretaraino iristeko aukera ematen du) eta Philips Elite laginaren itxura eskuzko eskuila tradizionalarena da. Braun eta Binaca marketako laginak birakariak dira eta Colgate markakoak errotazio bikoitza egiten du (buru bat eskuinetik ezkerrera doa eta bestea alderantziz). Philips Elite oszilatzailea da eta Philips Sensiflex laginak errotazioa eta oszilazioa konbinatzen ditu.

Zenbat eta zuntz gehiago eduki, orduan eta azalera zabalagoa garbituko du eskuilak. Guztirako xerlo gehien daukana Binaca da (43), ondotik Philips Sensiflex (35 xerlo) datorkiola. Oral-B Pro-white laginak 16 xerlo baizik ez du. Dena den, datu hori, soilik, engainagarria gerta daiteke, Oral-B Pro-white lagina baita guztira zuntz gehien dauzkana (250 zuntz). Aquafresh laginak du buru soilena. Xerloen kolore desberdinek ez dute adierazten eraginkortasunik. Xerloen diametroak eskuilaren gogortasunean eragin zuzena du: ilerik meheenak Oral-B laginarenak dira eta lodienak, aldiz, Binaca, Colgate eta Philips Sensiflex ekipoena.

Luzera desberdinetako zuntzak

Binaca markako ekipoaren zuntz guztiek luzera berdina dutenez, garbitzeko azalera laua da eta, hortaz, hortzari egokitzean eraginkortasun urrienekoa. Luzera desberdinetako zuntzak dituzten buruak (hobeak, ondorioz) Philips laginarenak dira. Buruak fabrikatzean, zuntzak ebaki ostean, biribildu eta leundu egin behar dira, ertzak zorrotz izan ez daitezen. Sei laginak ederki leunduak daude.

Buruen higaduraren aurreko erresistentzia probatzeko, hiru hileko erabilera konbentzionala imitatzen zuen hiru orduko saioa eginarazi zitzaien laginei. Burua zuzen-zuzen mugitzen zen, txulo konikoak zituen aluminiozko higadura-plaka batean minutuko 150 translazio eginez. Philips Elite-k jaso zuen emaitzarik txarrena (dena den, aparatu horrek luzera handieneko zuntzak dauzkanez, higadura-efektua areagotu egiten da). Oral-B Precision Clean (%5), Colgate (%6) eta Oral-B Pro-White (%8) higatu dira gutxien. Burutik ileak erauzteko nolako indarra eragin behar zen ere kalkulatu zen: gutxien-gutxienez, 1,5 decaNewton jasan behar dituzte. Proba sei buruek gainditu zuten.

Jokaera elektrikoa

Pilekin dabiltzanek bateriadunek baino iraupen luzeagoa dute, oro har. Denetan hoberena Braun Advancepower da (6 ordu eta 50 minutu, hots, hilabete eta erdiko eskuilatzea) eta Braun Vitality, aldiz, pizturik gutxien irauten duena (46 minutu, hau da, 5 eguneko eskuilatzea). Minutuko zenbat errotazio egiten dituzten neurtu eta pizturik irauten duten denbora tarte horrekin alderatu da, era berean. Oszilazio gehien egiten dituena Braun Advancepower da (Binaca Aquafresh laginaren halako bi). Hutsean eta presio desberdinak eraginez (motorra blokatu arte) duten potentzia ere kalkulatu da. Indarrik handiena aplikatuz ere motorra gelditzen ez bazen, eskuz geldiarazten zen ekipoa. Braun Advance Power, Colgate eta Braun Professional Care izan dira hoberenak, eskuz bakarrik blokatu ahal izan direlako. Philips Sonic Care ezin izan zen neurtu azken bi probetan, laginak ez baitu funtzionatzen errotazioz, oszilazioz baizik.

Eskuila elektrikoek maiz ura ukitzen dutenez, estankotasun egokia bermatu behar dute. 15 zentimetro eta metro beteko sakoneran eginiko proba normalizatuak zazpi laginek gainditu dituzte. Pilen konpartimentuko hermetikotasuna egiaztatzeko, hamar aldiz ireki eta itxi da, baina akats edo deformaziorik ez zaie atzeman. Braun lagina irekitzea gainerakoak baino pittin bat zailago gertatu da.

Garrantzi handikoa da bateriadun eskuilek kargatzeko zenbat denbora behar duten jakitea. Lau laginak antzera dabiltza: kargatzeko denbora dezente (20 ordu inguru) hartzen dutenez, erabat bete gabe ere baliatu behar izango du erabiltzaileak. Segurtasunaz ari garela, ihes-korronte eta zurruntasun dielektrikoari eta elikatzeko haria ainguratzeko dispositiboaren ezaugarriei buruzko arau zorrotzak laurek betetzen dituzte.

Osoko kalitatea

Kalitate hobereneko eskuila zein den atzemateko proba guztiak kontuan izan dira. Bateriadunen artean, Philips Sonic Care eta Braun Professional Care (gama garaiko biak) dira onenak (balorazioa: “oso onak”); Philips HX 1622 eta Braun Vitality “onak” baino ez dira. Piladunetan hoberena Braun Advancepower da; lagin horri eta Colgate markakoari, “ona” kalifikazioa eman zitzaien. Binaca-k ez du proba gainditu (nota: “erdipurdikoa”), emaitza eskasak agertzearren eta etiketako testuak espainieraz, legeak agindu bezala, ez dituelako ipini.

Erabiltzaileen iritzia

ogei erabiltzaileri, azterketako ekipo horiekin eta etxean egin ohi duten moduan hortzak eskuila zitzaten eskatu zitzaien. Hainbat alderdi 1etik 10era puntuatu zituzten eta (prezioa ezagutu gabe) produktua erosteko prest zeuden adierazi zuten.

Bateriadun eskuiletan Professional Care (10 puntutik 7,9; erabiltzaileen %75ek erosiko zuketen) gustatu zitzaien gehien, pieza osagarrien kopuru eta kalitateagatik: hortzetako eskuila bi eta hiru buru ematen ditu. Balorazio hoberenak jaso zituen atal guztietan, abiadura aukeratzekoari zegokionean izan ezik, horretan Philips Sonic Care (gainerako eskuilek ez daukate funtzio hori) nabarmendu baitzen. Beste atal denetan Philips Sonic Care (6,1 puntu) arbuio antzekoa sortarazi du (erabiltzaileen %70ek ez luke erosiko) garbitzeko darabilen teknologiagatik: kontsumitzaileen iritziz, izan ere, “gehiegi bibratzen du, ahoan deserosoa den sentsazioa eraginez”. Braun Vitality (7,1 puntu; erabiltzaileen %80k erosiko luke) laginaren alderdi nabarmenak ergonomia, buruaren mugimendua eta eraginkortasuna dira eta Philips HX1622 laginaren alderdi gustagarriena, kargatzeko mekanismoaren tamaina txikia.

Piladunetan kalifikazio onena Colgate Actibrush laginari (7 puntu) eman zitzaion, bere diseinuagatik eta buruaren formagatik; pizgailua, berriz, hobetzeko modukotzat jo zen. Sailkapen horretan gertu zetorkion Braun Advancepower (6,8 puntu). Binaca Aquafresh piladuna ez zaie bat ere gustatu erabiltzaileei (%95ek ez luke erosiko), eraginkortasun urriagatik, diseinuagatik eta, gainera, “gainerakoen mailan ez dagoen burua edukitzearren”, kontsumitzaileen iritziz..

Laburbilduz eta konparaketako taula

Laburbilduz

  • Zazpi hortzetako eskuila elektriko aztertu dira oraingoan; horietako lau bateriadunak dira eta gainerako hirurak pilaz dabiltza; prezioak 8,75 euroetatik (Binaca Aquafresh) 114 euroak arte doaz (Braun Professional Care, prezio horretan bi eskuila ematen ditu). Eginiko ikerlan askok diotenez, ahoa garbitzeaz ari garela, metodoa, iraunkortasuna eta erabilitako teknika dira sistema bera baino garrantzizkoagoak. Presaka eta korrika eginiko eskuilatzea ez da eraginkorra, ez eskuzko eskuila erabilita, ezta elektrikoa baliatuta ere.
  • Eskuila guztiek proba fisiko eta mekaniko denak gainditu dituzte. Philips Sensiflex lagineko buruaren xerloak besteenak baino aiseago erauz daitezke eta Philips Elite laginarenak gainerakoak baino gehiago higatzen dira. Binaca Aquafresh laginak etiketari buruzko araua urratzen du, testua espainieraz ez agertzearren. Zuntzak ederki biribilduak agertzen dira ekipo denetan.
  • Pilaz funtzionatzen duten eskuilek bateriadunek baino autonomia handiagoa ematen dute; halaz ere Philips Sonic Care gehien irauten dutenetako bat da.
  • Kontsumitzaileek Braun Professional Care laginari eman diote balorazio hoberena (7,9 puntu); ondotik Braun Vitality eta Colgate Actibrush datozkio, 7na puntuz. Binaca Aquafresh da denetan gutxien gustatu dena: 4,7 puntu baizik ez du eraman.
  • Kalitate handienekoak Braun Professional Care eta Philips Sonic Care dira (“oso ongi”), atzetik Braun Advance Power, Colgate Actibrush, Braun Vitality eta Philips Hx1622 (“ongi”) datozkiela. Binaca Aquafresh laginak ez du proba gainditu (“erdipurdi”).
  • Pilaz dabiltzanetan kalitatearen eta prezioaren arteko erlazio egokiena Colgate Actibrush laginak ematen du, merkea eta kalitate onekoa baita. Bateriaduna nahiago duenak Braun Vitality aukera polita du, prezio egokian. Kalitate hobereneko eskuila behar duenak, berriz, Braun Professional Care hauta dezake.
Marka / Modeloa Colgate Actibrush Braun Advancepower Binaca Aquafresh Braun Vitality
Funtzionamendua Pilak Pilak Pilak Bateria
Ordezko burua Colgate Multiaction Oral-B Pro White Aquafresh Duo clean Oral-B Precision Clean
Ekipoaren osagaiak
  • hortzetako eskuila bat
  • buru bat
  • hortzetako eskuila bat
  • buru bat
  • hortzetako eskuila bat
  • buru bat
  • hortzetako eskuila bat
  • buru bat
Prezioa (euro unitateko):
Ekipoa 12,35 18,01 8,75 19,90
Ordezko burua 3,31 5,13 0,50 4,36
Prezioa, 2 urtebete erabili ondore (eurotan) 35,52 53,92 12,25 50,42
Etiketa eta markak Zuzen Zuzen Ez dago zuzen Zuzen
Burua:
Unitateak 2 3 2 3
Buru mota Bikoitza Biribila Bikoitza Biribila + kautxua
Mugimendu mota Biraketa bikoitza Biraketa Biraketa Biraketa
Xerlo kopurua 3 3 2 3
Xerloen kolorea Zuri/Berde/Urdina Zuri/Berde/Urdina Zuri/Horia Zuri/Berde/Urdina
Xerlo kopurua (guztira) 15/8/8 (31) 6/6/4 (16) 33/10 (43) 8/8/10 (26)
Zuntz kopurua, xerloko (guztira) 42/40/64 (146) 54/94/102 (250) 30/28 (58) 60/62/58 (180)
Zuntzen diametroa (mikrometro) 175/176/153 137/137/155 177/179 154/152/153
Zuntzen luzera (milimetro) 8/7,9-10,3/8 7/7/8 8-8,2/8 7/7/7,1-8,4
Ile ebakeraren profila Onargarri Onargarri Onargarri Onargarri
Eskuilaren higidura (%) 6 8 13 5
Xerloa erauztearen aurkako erresistentzia (daN) 2,4 3,5 2,4 3,5
Ekipo elektrikoa:
Deskargatzeko denbora (ordu; :min) 2:15 6:50 4:20 0:45
Errotazio abiadura (bira/min) 4343 5441 5056 3960
Potentzia (W) 1 3,7 4,6 6,2 2,1
Uraren aurkako estankotasuna Onargarri Onargarri Onargarri Onargarri
Bateria kargatzeko denbora Pilekin dabil Pilekin dabil Pilekin dabil 19:30
Erabilera proba:
Osoko balorazioa / Erosteko asmoa 7 / 80% 6,8 / 75% 4,7 / 5% 7,1 / 80%
Osoko kalitatea Ona Ona Erdipurdikoa Ona
Marka / Modeloa Braun Professional Care Philips Sonic Care Philips HX1622
Funtzionamendua Bateria Bateria Bateria
Ordezko burua Oral-B Pro White Elite 7000 series Sensiflex
Ekipoaren osagaiak
  • hortzetako eskuila bi
  • 3 buru
  • hortzetako eskuila bat
  • 2 buru
  • hortzetako eskuila bat
  • buru bat
Prezioa (euro unitateko):
Ekipoa 114,34 99,95 21,97
Ordezko burua 5,13 17 4,67
Prezioa, 2 urtebete erabili ondore (eurotan) 139,99 133,95 54,66
Etiketa eta markak Zuzen Zuzen Zuzen
Burua:
Unitateak 3 2 3
Buru mota Biribila + kautxua Clásico Bikoitza
Mugimendu mota Biraketa Oszilazioa Biraketa+Oszilazioa
Xerlo kopurua 3 3 2
Xerloen kolorea Zuri/Berde/Urdina Zeharrargitsu/Berde/Urdina Berde/Urdina
Xerlo kopurua (nre. total) 6/6/4 (16) 14/10/8 (32) 19/16 (35)
Xerlo kopurua (guztira) 54/94/102 (250) 56/44/66 (166) 38/50 (88)
Zuntz kopurua, xerloko (guztira) 137/137/155 155/179/128 177/152
Zuntzen diametroa (mikrometro) 7/7/8 8-10/8,1-11,2/8-10 6,4-9,5/6,4-7,5
Zuntzen luzera (milimetro) Onargarri Onargarri Onargarri
Desgast del raspall (%) 8 37 8
Resistència arrancament floc (daN) 3,5 3,2 1,9
Ekipo elektrikoa:
Deskargatzeko denbora (ordu; :min) 0:56 5:00 1:25
Errotazio abiadura (bira/min) 8998 (2) 3848
Potentzia (W) 1 2,6 (3) 2,5
Uraren aurkako estankotasuna Onargarri Onargarri Onargarri
Bateria kargatzeko denbora 19:10 19:40 19:50
Erabilera proba:
Osoko balorazioa / Erosteko asmoa 7,9 / 75% 6,1 / 30% 6,4 / 50%
Osoko kalitatea Oso ona Oso ona Ona

(1) Potentzia: motorra blokatzean erdietsitako potentzia adierazten da hemen

(2) Ezin izan da ebaluatu errotazio abiadura eskuilak mugimendu oszilakorra egiten duelako eta ez errotaziozkoa, gainerako ekipoek ez bezala

(3) Ezin izan da ebaluatu potentzia, teknologia honek ez daukalako blokatzeko moduko atalik; eraginiko indarra gorabehera, kontsumoa ez da aldatzen.

Banan-banan

Bateria edo pila duten zazpi hortzetako eskuilak, banan-banan

Colgate Actibrush. Piladuna

  • Eskuila: 12,35 euro.
  • Prezioa (bi urtetan baliatzen diren buruen kostua barne): 35,52 euro
  • Osoko kalitatea: ona
  • Piladunetan, Prezioa eta kalitatearen artean erlazio egokienekoa. Buru bikoitza. Autonomia: 135 minutu.
  • Erabilera proba: 10 puntutik 7; piladunetan, balorazio hoberenekoa. Aparatuaren estetika eta buruaren forma gustatu zaie erabiltzaileei, baina pizgailua hobetzeko modukoa da.

Braun Advance Power. Piladuna

  • Eskuila: 18 euro.
  • Prezioa (bi urtetan baliatzen diren buruen kostua barne): 53,92 euro
  • Osoko kalitatea: ona, piladunetan hoberena
  • Buru biribila. Zuntz gehien (eta erauztearen aurreko erresistentzia handienekoen) lagina. Autonomia handienekoa: ia 420 minutu, oszilazio gehien eginez.
  • Erabilera proba: 10 puntutik 6,8; Eskuila eraginkor eta orekatua da, alderdi guztietan.

Binaca Aquafresh. Piladuna

  • Eskuila: 8,75 euro, denetan merkeena.
  • Prezioa (bi urtetan baliatzen diren buruen kostua barne): 12,25 euro
  • Osoko kalitatea: erdipurdikoa, denetan txarrena
  • Buru bikoitza. Etiketa-araua urratzen du, testua espainieraz agertzen ez duelako. Zuntz gutxien dauzkan lagina. Autonomia: 260 minutu.
  • Erabilera proba: 10 puntutik 4,7 (denetan txarrena); eraginkortasun urriko eskuila da, estetikari kritikak egin zaizkio eta lagin horren buruak gainerakoena baino kalitate apalagokoa da.

Braun Vitality. Bateriaduna

  • Eskuila: 19,90 euro.
  • Prezioa (bi urtetan baliatzen diren buruen kostua barne): 50,42 euro
  • Osoko kalitatea: ona
  • Bateriadunetan, Prezioaren eta kalitatearen arteko erlazio egokiena. Buru biribila. Erauztearen aurreko erresistentzia handienekoa ezartzen duten zuntzak. Autonomia urrienekoa (45 minutu) eta oszilazio gutxien egiten dituena.
  • Erabilera proba: 10 puntutik 7,1. Ergonomia, buruaren mugimendua eta eraginkortasuna gustatu zaie erabiltzaileei.

Braun Professional Care. Bateriaduna

  • Eskuila: 114,34 euro (azterketako lagin garestiena).
  • Prezioa (bi urtetan baliatzen diren buruen kostua barne): 139,99 euro
  • Osoko kalitatea: oso ona
  • Aukera polita, hau ere. Buru biribila. Zuntz gehien (eta erauztearen aurreko erresistentzia handienekoen) lagina. Autonomia: ia 60 minutu. Bi eskuila datoz lotean.
  • Erabilera proba: 10 puntutik 7,9 (denetan hoberena). Asetze-sentsazio eta eraginkortasun-pertzepzio hoberenak uzten dituena. Hobetzeko moduko alderdi bakarra, abiadura aukeratzeko sistema.

Philips Sonic Care. Bateriaduna

  • Eskuila: 99,95 euro.
  • Prezioa (bi urtetan baliatzen diren buruen kostua barne): 133,95 euro
  • Osoko kalitatea: oso ona
  • Forma klasikoko burua. Errotazioz aritu ordez, oszilazioz dabilen bakarra. Honen zuntzak gainerakoenak baino gehiago higatzen dira. Autonomia: 300 minutu.
  • Erabilera proba: 10 puntutik, 6,1 (bateriadunetan, txarrena). Bibrazio-teknologia ez zaie gustatu erabiltzaileei, buruak bibrazio handiegia egiten duelako, ahoan sentsazio deserosoa sortaraziz.

Philips Hx1622. Bateriaduna

  • Eskuila: 21,97 euro.
  • Prezioa (bi urtetan baliatzen diren buruen kostua barne): 54,66 euro
  • Osoko kalitatea: ona
  • Buru bikoitza. Zuntzak erauztearen aurreko erresistentzia txikienekoa. Autonomia: 85 minutu.
  • Erabilera proba: 10 puntutik 6,4. Azpimarkatzeko, kargagailuaren tamaina txikia