Aseguru segurua bermatzeko aholkuak

Automobilena seguruei dagokiela, hobe da arretaz begiratu eta balizko poliza-eskaintzekin eta hobekuntzekin ez itsutzea
1 urtarrila de 2008
Img eco domestica listado 235

Aseguru segurua bermatzeko aholkuak

“Kontuz, automobila dirua galduz dabilkizu!” Aspaldi honetan iragarki honek eta antzeko beste askok milaka gidari “bila eta konpara ezazu: hoberik topatuz gero, eskura ezazu huraxe” lelo ezaguna praktikatzera bultzatu dituzte. Automobilen aseguru alorrean piztu den lehiakortasun bortitzak konpainiei prezioak etengabe jaistera, eskaintzak egitera eta hamaika motibotxorengatik (aseguratuak edo bere senideren batek konpainia horretan beste aseguru bat izatearren, konpainiaz aldatzeagatik, gidari trebea delako, gida-baimena aspalditik edukitzearren…) hobariak emanarazi dizkie Ibilgailu aseguratuak ugaltzen ari direnez (2006 urtearen kondarrean 27 milioi baino gehiago izanik, 12.200 eurotik gorako negozio-bolumena sortarazi zuten), abaguneaz baliatu dira konpainiak bezero berriak atzematean oldarkortasun biziagoa erakusteko.

Egun, automobilen salmenta urritzeak eta aseguru konpainiak nozitzen hasi diren diru-sarreren murrizteak, aresti arte denon ahotan zebilen auto-aseguruen prezioen gerrari tartei a anekdotiko hutsa baizik ez diote utzi. Sektoreko lehen konpainia den Mapfre-ren negozioa, adibidez, biziki amildu da eta 2007 urteko lehen bederatzi hilabeteetan primen atzematean %0,7ko beherapena nozitu du konpainiak. Bestetik, 2008ko urtarrilean autoei buruzko zuzentarau berri bat indarrean sartzeak derrigorrezko aseguruak estali behar dituen indemnizazioak ugaldu egingo ditu. Lege berri horrekin, horrelako polizek, ezbeharreko kalte pertsonalei aurre egiteko, 70 milioi eurorainoko kopurua estali behar dute eta 15 milioiraino, berriz, ondasunetan eraginiko kalteak indemnizatzeko. Automobila segurua kontratatzeko, beraz, hainbat aholku praktiko gogo-gogoan hartu behar ditugu.

Prezioa eta kalitatea

Autoa segurua kontratatu edo erakunde berean kategoriaz aldatu aurretik gidariaren arreta biziena erakartzen duen alderdia prezioa ohi da. Arriskua kalkulatzeko modua aseguru konpainia batetik bestera aldatu egiten denez, horrek prezioen arteko tartean eragin handia izan dezake. Eskuarki, gainera, Internet edo telefono bidez diharduten konpainiek (Línea Directa edo Direct Aseguru erakundeek, adibidez) merkatuko batez bestekoak baino tarifa merkeagoak eskaintzen dituztela frogatua dago, negozio-plegu horren ondoriozko kostu-aurrezpenengatik (bulegorik ez izatea, teknologiaren ezarpen handiagoa…) hain zuzen Aseguru baten eta beste baten arteko aldea, dena den, eskaintzen dituen estalduretan datza.

Auto aseguruez ari garela, arrisku orotako poliza da egokiena, derrigorrezko erantzukizun zibila, bidaiako asistentzia, defentsa juridikoa, gidariaren asegurua eta bertan eragindako kalteak estaltzen baititu. Hirugarrenentzako aseguruak, ordea, derrigorrezko erantzukizun zibila, bidaiako asistentzia, defentsa juridikoa eta gidariaren asegurua baizik ez du estaltzen. Oinarrizko estaldura horiek gorabehera, aseguru konpainiek ezbeharra gertatzekotan biziki baliagarriak diren beste hainbat zerbitzu ere sartzen dituzte; dena den, zerbitzu horiek zertan diren zehazki jakitea komeni da, beharrezkoak jazotzekotan, ustekabekorik ez izateko. Konpainia desberdinetako estaldurak berberak direnean, lehen urteko prezioari ez ezik, hurrengoetan ere ordaindu beharko dena begiratu beharko da:

  • Osagarriak eta estrak: ika-mika eta, aseguratuaren aldetik, erreklamazio gehien sortarazten dituen estalduretako bat ibilgailuaren pieza osagarri eta estrekin loturikoari dagokiona da. Aseguruak, eskuarki, automobilak fabrikatik dakartzan serieko piezak estaltzen ditu. Gidariak elementu berriak erantsi nahi badizkio horrelaxe jakinarazi behar dio konpainiari eta honek, noski, polizaren prezioa altxa egingo dio. Esate baterako, autoan integraturik ez datorren GPS-a ez legoke aseguruak estalirik eta, horrenbestez, lapurreta gertatzekotan, konpainiak ez luke hori indemnizatzeko obligaziorik. Hirugarrenentzako aseguruetan, normalean, aseguratuak polizan berariaz sartuak ez baditu, behintzat, ez daude sartuak ebasketa, sute eta kristalengatiko kalteak.
  • Frankiziak: aseguru merkeenak frankizia daukatenak ohi dira, hots, ezbeharra gertatuz gero, aseguratuari aurretiaz diru-kopuru finko bat ordainarazten diotenak. Hortik aurrerakoa, kalteen guztirakok ostua estali arte, konpainiaren konturakoa da. Frankizia ekar dezake bai hirugarrenentzako aseguruak, baita arrisku orotarakoak ere eta horren prezioa aldatu egiten bada ere, ohikoena da 300 euro inguru izatea (bada, halaz ere, 1.000 euroko frankizia ezartzen duten konpainiak ere). Frankizia hartzeko interesik izanez gero, kontratua sinatu aurretik, horren kostua zehatz-mehatz baloratzea komeni da, frankiziarik gabeko aseguruaren aldean merezi ote duen kalkulatzeko.
  • Gazteentzako asegurua: gidari gazteek ezbehar-kopuru handiagoa agertzearen eraginez, aseguru konpainiek kolektibo horri prima garestiagoak aplikatzen dizkiote (adin handiagoko beste gidari bati ezartzen zaiona baino %400 altuagoa ere izan daitezke). Ezbeharren maiztasunaz gainera, gazteek gidatzen eskarmenturik ez izatea eta jarrera oldarkorragoa erakustea argudiatzen dituzte aseguru konpainiek. Halaz ere, primak kalkulatzean, erakunde batetik bestera alde handiak atzematen direnez, asegurua kontratatu aurretik tarifak konparatzea merezi du. Kasu batzuetan, asegurua aski moduan (batez bestekoaren azpitik) kontrata dezake gazteak, ibilgailua gauez ezi biltzeko eta ez edateko konpromisoa hartzen badu. Bestetan, berriz, konpainia batzuek plus bat kobratzen dute ibilgailua ohiko aseguratuaz gainera, oraindik 25 urte bete ez dituen gidari hasberri batek eraman behar dutenean. Zenbaitetan, ordea, gidariak 25 urteak beterik baditu, hasberria bada ere, aseguratua dagoen ibilgailua baliatzearren ez du beste diru-kopururik ordaindu behar.
  • Hobariak eta zigorrak: aseguru konpainiek bezeroak atzemateko gehien darabilten amuetako bat hobariak aplikatzea da. Deskonturik handienak, dena dela, konpainia batetik beste batera aldatzean egiten zaizkio aseguratuari baina, halaz ere, kontu zibili beharra dago: baliteke poliza biak berdinak ez izatea. Deskontu handienak iragartzen dituzten erakundeek, eskuarki, frankiziadun aseguruak komertzializatzen dituztenak dira; horiek, ordaintzeko obligazio hori ez daukaten polizen aldean, merkeago dira, inondik ere, baina ez dituzte zerbitzu berberak eskaintzen.
  • Poliza erakunde berean mantentzeagatik, konpainiek hobaria egiten dutela dioten arren, ibilgailuaren balioaren galera da benetan primaren prezioa behera ekarri duena. Erakundeen terminologian gidari hobaridunak direnak errealitatean zigortu gabeak dira. Aspaldi honetan istripurik nozitu ez duten gidari hoberenei, hamar urtetik gorako eskarmentua baldin badaukate, ez zaie zigor ekonomiko hori ezarriko.
  • Puntukako gida-baimena: sistema hau indarrean sartuz geroztik (2006ko uztailaren 1ean, hain zuzen), aseguru konpainia batzuek estaldurak zabaldu egin dituzte: aseguratuari, gidatzeko baimenik ez daukan eta, hortaz, gidatzerik ez duen bitartean (berak aukeratuko duen epean: 6, 12 edo 24 hilabetez) diru-laguntzak ematea izan daiteke zerbitzu horietako bat. Era berean, aseguru konpainiek beste hainbat prestazio ere kontrata ditzakete, hala nola galdutako puntuak berreskuratzeko xedez gidariak egingo dituen bide-hezkuntzako ikastaroetan matrikulatzea, telefonozko asistentzia juridikoa; trafikoko lege-hauste administratiboetan atxilotuaren artapena eta defentsa, besteak beste. Jakina, estaldura horiek jasotzeko aseguratuak prima handiagoa ordaindu beharko du. Konpainia batzuek estaldura berri horiek automatikoki sartu dituzte beren aseguruetan, poliza garestiturik. Dena den, konpainia askok ez dituzte sartu horrelako zerbitzuak oinarrizko aseguruetan eta, ondorioz, horrelakoez gozatu nahi duten gidariek berariazkoa segurua kontratatu behar dute. Erakunde zenbaitek, amaitzeko, ez dute puntutako gida-baimenarekin loturiko ezustekoei aurre egiteko aukerarik eskaintzen.
  • Erabateko ezbeharraren estaldura: ibilgailua lapurtu, sukartu edo ezbehar larrian galtzen bada, konpainiek automobila maiz erabateko ezbeharrekotzat jotzen dute. Horrelakoetan ere biziki aldatzen dira bermeak konpainia batetik bestera. Ibilgailua, aurreneko bi urteetan ezbeharra edo lapurreta jasanez gero, berria balitz bezala baloratzeko joera indartzen ari da. Halaz ere, polizetan konpainiek, oro har, ibilgailuaren merkatuko balioaren araberako indemnizazioak lehenesten dituzte. Lehen kasuan (merkatuko balioa), ezbeharra gertatu den unean erostekotan, autoak duen egiazko balioa da (bere ezaugarri, bere aspaldikotasun eta guzti). Objektu salgarri den aldetik, autoak une horretantxe daukan balioa da “benal” edo saltze-balio ezaguna, egin dituen kilometroak gorabehera eta ibilgailua asko edo gutxi zaindu den gorabehera. Bi kontzeptuen arteko aldea ez da huskeria, %20 inguru izan baitaiteke (aseguratuak indemnizazio handiagoa jasoko du polizan merkatuko balioa agertzen denean). Esate baterako, baliteke erabilitako ibilgailu bat 6.000 eurotan saltzen ahalegintzea (saltze-balioa) baina kopuru hori 7.200 euroraino lihoake ibilgailu horixe kontzesionarioan erosi nahi izanez gero.

Azken hiru urteotan automobilarekin ezbeharrik izan duten pertsonen portzentajea, sexuen arabera sailkatuta

Iturria: UNESPA/IPSOS Argitalpen Orokorra

Azken hiru urteotan automobilarekin ezbeharrik izan duten pertsonen portzentajea, adin-tarteen arabera sailkatuta

Iturria: UNESPA/IPSOS Argitalpen Orokorra

Azken hiru urteetan ibilgailuarekin istripuren bat izan duten gidarien portzentajea, erkidego autonomoen arabera
Erk. Aut. %
Madril 41,5
Nafarroa 35,1
Gaztela-Mantxa 30,3
Andaluzia 30,2
Gaztela eta Leon 30,1
Asturias 27,8
Extremadura 27,2
Valentziako Erkidegoa 25,5
Kanariak 25,2
Katalunia 25,0
Aragoi 24,1
Balearrak 23,4
Errioxa 22,4
Murtzia 21,8
Galizia 20,1
Kantabria 19,5
EAE 13,2

Iturria: UNESPA/IPSOS