Gidari goazela, nola ezagutu nekea eta nola aurre egin
Atsedenik ez hartu edo lo ez egitearen ondoriozko nekea, auto-ilarak, gehiegizko beroa eta deshidratazioa, besteak beste, trafiko istripuen %30en kausa dira, beste hainbat motiboren aurretik, hala nola errepideen egoera edo kontrako meteorologia. Arazo behinena, nekea etsai isila izatean datza: gidarien %64k, izan ere, ez ditu identifikatzen horren sintomak.
Nekearen eragileak
- Logalea
- Ibilbide luzeetan atsedenik ez hartzea
- Janari ugari astunak
- Deshidratazioa
- Alkohola hartzea
- Arropa desegokia
- Eguartean, gehiegizko bero eta argitasuna
Nekea da hori, hauetakoren bat sentitu baduzu:
- Gidari zoazela, behin eta berriz mugitzeko eta posturaz aldatzeko premia.
- Besoak eta hankak “lotan” dituzula.
- Lepoa edo aurpegia etengabe ukitzeko beharra.
- Ondoeza eta nekea, orokorki.
- Saman tentsioa.
- Begian hazkura eta, ondorioz, etengabe kliskatzen badituzu.
- Belarrietako dundurioa
- Beroa “astun”
- Logalea eta, ondorioz, aharrausika eta besoak luzatzen hasten bazara
- Martxaz aldatzean nahastu egiten bazara
- Errepidean kontzentratzea kosta egiten bazaizu eta maniobrak ia konturatzeke egiten badituzu
Nola saihestu nekearen agerpena
- Bidaia luzeari ekina urretik, lo egin ezazu behar adina. Lanaldia amaitu eta, atseden hartu baino lehenago, ez hartu bolantea.
- Abiatzeko bezperan, sartu automobilean ekipajea: horrela ez duzu beste estres bat nozituko goizean, abiatzean, maletak kabitzen ez direlako, autoa kargatzeko eginkizuna luzatzen ari delako eta aurreikusi gabeko atzerapenaz zoazelako.
- Gidari aritzeko, jantzi arropa eroso eta lasaia. Arropa estuek aske mugitzea eragozten dutenez, odolaren zirkulazioa eragotz dezakete eta gidariari estresa eragiten diote.
- Saia zaitez bidaia ez egiten zaintza-maila txikieneko orduetan, hots, goizaldeko ordu bietatik bostak arte eta arratsaldeko ordu batetik laurak arte.
- Ahalegin zaitez eguneko ordurik beroenetan ez ibiltzen, ibilgailuak aire egokitua ez badu, batik bat.
- Doitu eserlekua, buru-euskarria eta bolantea ongi.
- Gida ezazu aholkatutako abiaduran (zenbat eta azkarrago joan, hainbat eta arreta biziagoa ipini behar da eta, noski, lehenago agertzen da nekea).
- Eduki auto barneko tenperatura 20 eta 21 gradu artean.
- Botikarik hartzen ari bazara, kontsulta ezazu gidatzean eraginik ote duen.
- Ez zaitez engaina: musika ozenak edo aurpegian aire freskoak errealitatea makillatu baizik ez dute egiten tarte batez.
- Bi orduz behin edo 150 – 200 kilometro eginikoan, egin ezazu 15 edo 20 minutuko geldialdia. Adineko pertsonek ordubete edo ordu eta erdian behin geratu behar dute.
- Haurrekin bazoaz, egoera normalean baino geldialdi ugariagoak egin beharko dituzu. Txikienek ez dute deus ulertzen: aspertuta, nekatuta edo ondoezik baldin badaude, alamena emango dute, gidariaren nerbioen kaltetan.
- Atsedenaldia eraginkorra izan dadin, autotik irtendakoan egin osteratxo bat, ariketa arinen bat eta mugi zaitez. Lo egiteko gogorik agertzen bada, ez izan dudarik: 15 – 20 minutuko kuluxka batek zaintza-maila egokiro suspertuko dizu.
- Freskatu aurpegia ur hotzez.
- Ez egin janari ugari edo astunik.
- Gehiegi ez jatea bezain garrantzitsua da hipogluzemiari -odoletan azukre-maila apalegiari- saihets egitea. Dena den, ez hartu azukredun produktu gehiegi. Gluzidoek -fekula eta azukreek- irents idirenetik ordubetera logalea eragiten dute.
- Edan ura beldurrik gabe, deshidratazioak nekea eta logalea eragin ez diezazun.
- Gidatzera bazoaz ez hartu alkoholik behin ere.
- Eduki eskura txikle edo gozokiren bat, aldian behin hartzeko. Bideko Segurtasun eta Trafiko Istripuen aurkako Taldeak (GSVAT) eginiko azterlan baten arabera), bai murtxikatzeak, bai murtxatzeak ere, arreta-mailari eusten laguntzeaz gainera, bolantean lo geratzeko arriskua arintzen dute.
- Eraman beti aldean eguzkitarako betaurrekoak eta ipini, eguartean batez ere, ikusmenaren nekea arintzeko.
Jakitea komeni...
- Bolantean 4 – 6 ordu eginez gero, distantzia keta abiadurak kalkulatzeko behar den denbora %63tan handitzen da, erreakzio-denbora %86tan eta arreta selektiboa eta gidatzeko funtsezkoa den informazioa prozesatzeko gaitasuna %60taraino jaisten da.
- Bi orduz behin atseden hartzea, luzaketak egitea, alkoholik gabeko likidoa hartzea eta antzeko azturak ez izateak istripua nozitzeko arriskua %10 eta %14ren artean areagotzen du.
- RACE-k eginiko azterlan baten arabera, esna eta jardueran 17 ordu emandakoan, odoletan 0,5 gramo alkohol bageneuka bezala murrizten dira erreflexuak.