Zesarea: noiz da derrigorrezkoa?

Zesarea bidez erditzea ohiko bihurtzen ari da. Maiz, amaren edota umearen osasuna bermatzeko motiboak argudiatzen badira ere, bost kasutik bitan arrazoiak ez daude argi.
1 urtarrila de 2008
Img salud 2 listado

Zesarea: noiz da derrigorrezkoa?

Erditzea arras bizipen pertsonala da. Emakume batzuentzat erditze baginala ama eta umearen arteko harremana indartzen duen giza esperientzia sakon, bizi eta emozioz betea da eta, beste zenbaiten iritziz, min, oinaze eta beldurraren pareko. Horregatik, medikuntzako sektore batzuen aburuz, erditze baginalak baino segurantzia handiagoa izateaz gainera, abantaila ugariago ere ekartzen ditu zesarea bidezkoak: jaio berriarentzat segurtasun handiagoa, amarentzat pelbis-zoruko traumatismo arinagoa eta erditzean min eta sufrimendurik nozitu beharrik ez izatea. Eragozpenak ere badirenik, baina, ez dute ukatzen sektore horiek: erditzean ama hiltzeko arrisku biziagoa, ondorengo haurdunaldi eta erditzeetan arazoak (uteroko orbainak haustea, jaioberria hiltzeko arrisku handiagoa) eta ondorio psikologiko kaltegarriak agertu ahal izatea.

Motiboak gorabehera, herrialde garatuetan geroz eta zesarea gehiago praktikatzen ari dira, kasu denetan horren aldeko erabakia harraraziko lukeen ebidentzia zientifikorik ez dagoen arren.


Zesareek ez dute zertan izan erditzeen %15 baino gehiagorik

Herrialde garatuetan zesarea bidez egiten diren erditzeak guztien %29 dira, batez beste, baina orain dela hogeita hamar urte %6 baizik ez zen. Sektore publikoan kopuru hori %25 inguru dabil eta jaiotza guztien herenaz arduratzen den sektore pribatuan, berriz, tasa dezente handiagoa da: %44, hain zuzen. Joera-azterlanek, gainera, ugaltze horrek seguru aski iraun egingo duela berretsi dute. Zifren zama larria izaki, zesareak jaiotzen %15 baino ugariago izan ez daitezela aholkatu dute Osasunaren Mundu Erakundeko adituek.

Eskakizun handiagoaren zergatiak

Kausa nagusia haurdun dauden emakumeen eskakizuna dela iradoki izan den arren, obstetren artean eginiko inkestek frogatzen dutenez, haurdunen eskari hutsez praktikatzeari muzin egiten diote espezialista gehienek. Baliteke, ordea, profesional horiek egun defentsazko praktikak sustatzen dituen testuinguru batean jarduteak garrantzi handiagoa izatea. Erditzeari loturiko arazoak nozitzeko arriskua urrundu eta, bide batez, okerreko praktikagatik edo arduragabekeriagatik egin litekeen erreklamazioa saihesteko,bai amarentzat, bai umearentzat seguruena izango den bidea hartzea hobesten dute.

Zesarea bidezko erditzeen biderkapenaren bigarren zergatia amaren adina da egun, lehen umearen jaiotza geroratzea baita joera orokorra. Baina badira zesarea praktikatzea zuritzen duten beste arrazoi batzuk, hala nola amak gehiegizko pisua, hipertentsioa, diabetesa eta antzeko gaitzak nozitzea, adibidez. Lehen umea zesarea bitartez ekarri duten emakumeen erdiek baino gehiagok bigarrena (baita hirugarrena) ere horrela erditzea deliberatzen dute. Bestetik, in vitro ernaltzearen ondoriozko haurdunaldi aniztunen ugaltzearen kausa ere argudiatu izan da fenomeno hau esplikatzeko.

Egoera ekonomikoa ere kontuan hartzeko aldakia da: aseguru pribatu batzuek zesarea bidez erditzeak dakartzan gastu guzti-guztiak estaltzen dituzte (kirurgia handia izatearren) baina ez dute zentimorik ordaintzen erditze baginala denean; oso litekeena da hori, ama batzuentzat, klinika pribatuan kosturik gabe erditu ahal izateko pizgarri izatea. Estatu Batuetan hamar milioi erditzeren inguruan eginiko azterketa batek erakutsi duenez, ama eta fetuarentzako arrisku-faktoreak zesareen %22,7rentzat soilik lirateke baliozko aitzakia; “bestelako kausak” epigrafean agertzen den %40 hori arrazoitzeko motibo argirik ez dago.

Kirurgia handia

Zesarea umea sabeleko horman eta uteroan eginiko ebaki banari esker erditzea da; kirurgia handiko ebakuntza da eta, horrenbestez, arriskutsua. Egoera jakin batzuetan erabat justifikatua dago zesarea bidez erditzea eta, areago, zenbaitetan -plazenta prebio, aurreko erditzea zesarea bidez egina, umea hiltzeko arriskua, amaren gaixotasuna (bihotz-gutxiegitasun, hipertentsio larria, diabetesa, etc.), genital femeninoetan herpes birusen bidezko infekzioa, edo erditze baginala galarazten duen desproportzio pelbiko-zefalikoa (ume handiegia, malformazioak edo amaren pelbis estuegia eta antzekoak diagnostikatzen direnean- erditzea haurdunaldian zehar planifikatzen da. Bestetan, berriz, zesarea egiteko erabakia erditzean bertan hartzen da, hainbat kausa direla medio: fetuaren sufrimendua, haurtxoaren okerreko kokapena, dilatazioak ez segitzea, karenaren askatze zabala, baginako hemorragia larria, zilbor-hestearen prolapsoa eta uteroa urratu dela susmatzearren, besteak beste.

Kirurgia handia den arren, arriskua oso-oso txikia da eta, bai amarentzat, baita umearentzat ere, biziki ebakuntza segurutzat jotzen da zesarea. Eskura ditugun zifrek agertzen dutenez, jaiotzean hiltzeko arriskua (erditze baginalean, 0,04) hirukoiztu egiten da zesarea bidezkoetan. Dena den, zifrok hutsaren hurrengo badira ere, hainbat faktorerekin loturiko arriskuak hortxe dira: hemorragia larria, infekzioak, behe-ataletako edo pelbiseko tronbosia amarentzat eta anestesia erabiltzearen ondoriozko konplikazioak, ama eta umearentzat.