Elkarbizitzaren aldeko familien topalekuak
Aldi batez bikote bizimodua egin duten bi pertsonen banantze prozesua herrak eta purrustadak maiz usteltzen dute. Tartean umeak direnean egoera are eta larriagoa da, adingabea gurasoetako bakarrarekin bizi izatea baita ohiko formula; beste gurasoarekin, berriz, oporraldiak eta hilean bi asteburu emateko aukera izango du, asteguneko bisitak ez ezik. Bisita erregimena ez betetzea izan da liskar nagusien iturri famili epaitegietan, organo hauek ez baitute izan epaian xedaturiko gurasoen eta seme-alaben arteko harremana bermatzeko lanabes eraginkorrik.
Bikotekide zirenen arteko gatazkaren ondorioz manipulazioaren objektu bihurtu ohi dira umeak, geroz eta maizago. Baliteke, era berean, zaintza-lanetan ez dabilen gurasoak agindutako egunean seme-alabak jasotzera ez agertzea ere; muturreko egoeretan, gurasoarekin elkartzeari uko egiten diona umea bera da. Bisita erregimena betetzea are eta korapilatsuagoa da gurasoetako bati bikotekideagandik urruntzeko agindua eman zaionean.
Famili epaitegiek eta adingabekoak babesteko eskudun diren erakunde publikoek erabakitako bisita erregimena bermatu eta errazteko xedez sortu ziren Espainian, aurreko mendearen kondarrean, Familien Topalekuak (FT). Hauek gailurrera iritsi ziren 2003 urtean, Etxe Barneko Biolentziaren Biktimak Babesteko Agindua arautzen zuen Lege Arautzailea indarrean sartzean eta 2005ean, emakumearen kontrako bortizkeriarako epaitegiak sortu zirenean.
Familien Topalekuak zer diren
Topalekuok pertsonal espezializatua duten espazio fisiko neutralak dira eta bertan aukera ematen zaie gurasoei seme-alabekin elkar daitezen.
Noiz eta nola jo daiteke Topaleku horietara?
Bisitaldia liskar edo arrisku bide denean eta zaintza bereganatua ez duen gurasoarekin harremanetan jartzeari umeak uko egiten dionean erabil daitezke topalekuak. Adingabekoa zaintzeko gaitasunik ez duten gurasoek edota seme-alabak bizi diren tokian etxebizitzarik ez dutenek ere balia ditzakete leku horiek; baita, era berean, etxebizitza baduten arren, behar bezalako higiene-baldintzetan ez dagoenean edo gurasoa umeari kaltegarri izan dakiokeen eragina duen pertsona batekin bizi denean ere.
Doako toki publiko horietara epaitegiek edo gizarte-laguntza zerbitzuek igorrita iristen dira interesatuak, familiak eta zentroak hala adostuta. Autonomi erkidego batetik bestera aldeak izan daitezkeen arren, gehienetan zeharkako kudeaketaz (lehiaketa publiko baten bidez eginkizun hori betetzera iritsi diren enpresa pribatuekin) dihardute zentroek.
Bisita erregimena urratzen denean zer egin daiteke?
Abokatuarekin hitz egin eta epaitegian, erregimen-urraketa salatuta, idazki bat aurkeztea, neurriak bete edo alda daitezen eskatuz. Hortik aurrera, oso litekeena da epaitegiak urraketaren motiboak jasoz eta FT bat erabil dadin aholkatuz, txostena egitea. Bisita erregimena, dela zaintza-lanetan ari den gurasoak entrega eragozten duelako, dela beste gurasoak garaiz jaso edo entregatu ez duelako, etc., behin eta berriz ez betetzeak adosturiko zaintza eta bisita erregimena aldaraz dezake.
Nola gertatzen dira topaketak horrelako topaleku batean?
Epailearen ebazpenak edo Haurren Babespen Zerbitzuak baimendutako guraso edo senideak entregatu eta jasotzen du umea. Kasuan kasuko gorabeherek adierazita, elkartzea topalekuan eta tutoretzapean (aurrean berariazko pertsonala dela) edo tutoretzarik gabe egingo da, gurasoek elkarrekin kontaktu pertsonalik izateke, gatazkan baldin badabiltza. Umearentzat arriskurik ez dagoela hautemanez gero, dagokion gurasoarekin gera daiteke “entrega eta jasotze toki” hutsean eta, horrela, badago bisita topalekurik kanpo egitea.
Nolakoa da topalekuko gizatalde teknikoa?
Diziplina anitzetan espezializatutako profesionalek osatzen dute, psikologoak eta langile sozialak, gehienbat.
Nolako abantaila eta eragozpenak dituzte Familien Topalekuek?
Epaitegiaren ebazpenak bete daitezen errazteaz gainera horrela seme-alabek gurasoekin harremanetan izateko duten eskubidea betearazten da, tutoretza daukan gurasoari bisitaz informazioa jasotzeko aukeraz gainera, seme-alabak ondo artatuak egongo diren bermea ere ematen dio, eta beste gurasoari umearekin harremana errazten zaio. Topaleku horietan denek aholkularitza eta bitartekaritza eska ditzakete, zeinahi gatazka konpontzeko.
Topalekuak negoziotzat jo ahal daitezke?
Topaleku asko irabazteko asmorik gabeko erakundeek kudeatzen dituzte. Salaketa nagusien mamia, berriz, horrelako zentroetara bideratzen diren baliabideen urria eta, bisitak gestionatzeari dagokiola, epaitegia eta topalekuaren arteko konexio ahulegia da. Inoiz gertatu da zerbitzua berantegi ematen hastea, bitartekorik ezean edo tramite burokratikoak egin behar izatearren. Valentziako kasuan, topalekuak kudeatzeko kolegio profesionalen eta erakunde publikoen arteko hitzarmena sinatu zen, kudeaketa erakunde pribatuen eskuetan uzteke, eta badirudi hori emaitza hobeak agertzen ari dela.