Sexurik, gure adinean?
Askotan ahantzi egiten zaigun arren, jaiotzean hasi eta hil arte, izaki sexualak gara. Bizitza sexuala “gazteentzako kontua” dela, nerabezaroan hasi eta helduaroko une jakin batean desagertzen dela sinestea absurdua da, egia ez izateaz gainera; areago, hori sinesten duenak esker oneko esperientzia osasuntsuak bizitzeari eta bere harreman afektiboen zerrenda zabaltzeari uko egiten dio.
Bizitzan zehar sexualitate alorrean aldaketa ugari gertatzen zaizkigu: gure ezaugarri sexualen itxura eta tamaina, hormona elkartu batzuen kontzentrazioa, jokabide sexuala? Horrek, ordea, ez du adierazten sexualitatea agertu edo desagertu dela, eboluzionatu eta eraldatu dela baizik.
Halaz ere, 50 – 60 urteak beteak dituzten pertsona askok uste dute beren sexualitatea aurrerantzean apaltzen hasiko dela, sexua dagoeneko ez dela beraientzako kontua. Ezta inondik ere! Gainerako pertsonekin harremanetan aritzeko, sentimenduak adierazteko, maitasuna agertzeko premiak ez du adin jakinik, ezta agortze-datarik ere.
Egia da, dena den, helduaroaren amaieran eta zahartzaroan gizakiarengan aldaketa latzak gertatuko direla (ez, ordea, bizitza zikloko beste hainbat unetan baino handiagoak) eta horiek sexualitatearen bizipenean izango dute eragina. Hona, horietako batzuk:
- Osasun fisikoa edo mentala: adinak bere-bereak dituen “ajeak”, gauzak egiteko modua aldarazten duten edota maniobratzeko gaitasuna muga dezaketen gaixotasunak.
- Bikotekiderik ez izatea edo bikotekidea sexu harremanetan aritzearen kontra agertzea.
- Harremanen monotonia, “tabu” den gai horri buruzko komunikazioan sortzen diren zailtasunekin lotua, eskuarki.
- Normalak diren aldaketa fisiologikoen aurrean jarrera negatibo eta antsiogenoak agertzea: emakumeetan, adibidez, menopausiaren ostean estrogenoak gutxitzeak lubrifikazio baginala dezente apaltzen du; horrek mina eragin dezake lubrifikagarriak baliatzen ez badira; antzeko emaitzak ditu erekzioa erdiesteko gizasemeak topatzen duen zailtasunaren ondoriozko antsietateak ere.
- Edertasunaren kanonetik urruntzearekin eta nork bere burua erakargarri ez sentitzearekin batera agertzen diren inhibiziozko jokamoldeak.
- Bikotekidea galtzeak, sare soziala zein maila ekonomikoa endekatzeak edota sexuarentzako interesean behin-behingoz eragina duten familiaren baitako osasun-arazoek ohi dakarten estresa.
Dena den, faktore sozialak dira inhibiziozko joerekin maizen lotzen direnak, suntsitzen ez diren sexuarekiko interes eta premiak asetzeari dagokionez:
- Adineko pertsonen sexualitatea umeak ekartzearekin ezin identifika daitekeenez, sexualitate horren existentzia ukatu edo, gutxienez, gai tabutzat jotzeko joera dago gure kulturan.
- Jokabidearen bitartez sexuaren aldeko interesik erakusten duten adineko pertsonei atso edo agure gordin deritzegu, peioratiboki iritzi ere; beraz, ondoriozko erru-sentimenduak eraginik, beren desirarekin loturiko adierazpide guztiak inhibitzen ahaleginduko dira.
- Emakumea, tradizioz, bere sexu-desirak erreprimitzeko hezia izan denez (oraino ere, desira sentitze hutsagatik lotsatu egiten dira asko) ez dio ekiten sexu-hurrenkerazko jokabideari eta, ondorioz, frustrazio horiek etsipenez onartzen ditu.
- Horra horren agerpenetako bat: zaharren egoitzetan horrelako jokaerak ez errazteaz gainera, bertan bizi diren pertsonen artean sor daitekeen sexu-jarduera oro mugatu edo galarazi egiten da.
Adineko pertsonek beren sexualitatea nola bizi duten naturaltasunez adieraztea lortuko balute, beren sexu-interesa beraiek bezain bizirik dagoela egiazta genezake: elkarreragin afektiboagoetara orientaturik, laztanak eta samurtasuna hainbat sexu-erantzunen galera ordeztuz doaz pixkanaka. Sexu harremanak izateak aldartea hobetzen diela, asetze pertsonalaren iturri berdingabea dela eta bikotekidearekiko harreman afektiboak sendotzen dituela sinetsi beharra dago, beraz.
Esan ala ez esan?
Ezinezkoa da ez heztea. Dela akzioz, dela omisioz, gauzak azalduz edo ez azalduz, hezten ari gara etengabe. Eta, horretan, sexualitatea salbuespenik ez denez, erne egon beharko dugu, hori gure eta haien bizitzako osagai izan dadin, naturaltasun osoz.
Galderei ihardestea
Maiz “deserosotzat” jotzen ditugun itaunak agertzean egia esanez eta naturaltasunez erantzutea komeni da. Galdera egin duenak adieraziko du zein neurritaraino jakin nahi duen. Nahi duena baino informazio zabalagoa ematen bazaio gaiz aldatuko da edo kontua saihestu egingo du. Informazioa urriegia iruditzen bazaio, galdezka segituko du. Erritmoa hark ezarriko digu.
Dena ez da bakarrik ikasten
Beren galderei ihardetsi ezean edo gai honetan haien esanetara egon ezean, gurasoek zeharo ezezaguna duten beste iturri batetara joko dute.
Naturaltasuna transmititzea
Sexualitatea eboluzio-erritmoan dabil; iritsi arte, ezin daiteke etaparik egindakotzat jo, horretaz asko jakin edo luze jardunik ere. Zeharo alderantziz: balio sexualez umeak zenbat eta gehiago jakin (sexualitatean heztea ez da sexu-praktikez mintzatzea), orduan eta lasaiago hurreratzen da gaira, erabakitzeko bitarteko gehiago ditu eskura eta gogoeta egiteko gaitasun handiagoa hartzen du.
Baliabide kontua
Sexualitatean heztea, eskuarki bizitzako beste hainbat alorretan darabiltzagun baliabideak, auto-estimazioa, negoziatzeko gaitasuna eta balioak ematea da. Hori gogoan hartzea komeni da, galdera “deserosorik” egiten digutenean