Biriketazo Gaixotasun Buxatzaile Kronikoa (BGBK), saihesteko moduko gaitza
K gaixotasun kronikoaren bereizgarri nagusia, airea bronkioetan barrena igarotzeko geroz eta zailtasun larriagoa izatea da. Arnasketa-fluxua moteltzearen ondorioz, gaixoak itolarria (arnasestu edo disnea) sentitzen du ibiltzean, esfortzu zein ariketa fisikoa egitean edo hotzeria zein biriketako infekzioa nozitzean. Gaitz honen hastapeneko sintomak ezagunak dira: eztula, goizean karkaxak eta arnasa hartzeko zailtasuna. Bronkitis kronikoa edo birikako enfisema ditu agerpen ohikoenak eta tabakoa, berriz, errudun behinena. Aresti eginiko azterketek egiaztatu dutenez, diagnostiko hori duten gaixoen %90 erretzaile dira edo izan dira.
BGBK-ren kausa nagusia tabakoa erretzea bada ere, toki itxietan, biomasaren (egur eta ikatzaren) errekuntzako ke aurrean egotea, suspentsioan hauts partikula ugari dagoen giroko lantokian aritzea (granja batzuetan gertatzen den bezala) edo kutsadura atmosferikoa dira gaitza pairatzen dutenen arrazoietako batzuk. Kausa horiei beste bat erantsi behar zaio, alfa-1-antitripsina (DAAT) entzimaren defizita nozitzea: odol analisi soil batez detekta daitekeelarik, herentziaz hartzen den trastorno genetiko horrek biriketako ehunaren endekapena eragiten du. Hala eta guztiz, defizit hori zehazki diagnostikatu arte zazpi urte ere igaro ohi dira.
BGBK bizitzako bost edo seigarren hamarkadan hasten da agertzen baina geroz eta goizago agertzen da (zenbaitetan, 40 urteko pazienteengan ere). Gaitza pairatzen duen pazienteak, maiz, hastapenetako sintomei -oizeko espektorazioari, batik bat-ez die ematen garrantzirik eta zahartze prozesu naturalari dagozkion ajeak direla argudiatzen da. Nahaste hori dela medio, sendagileari ez zaio kontsulta egiten eta, espezialistarengana jotzen denean, gutxi-gutxitan joaten da gaixoa eztula edo karkaxengatik; alderantziz, disnea da alarma piztu ohi duena.
Diagnostikoaren lehen urratsa espirometria da, lehen mailako arretako zeinahi zentrotan egin daitekeen proba soila, alegia. Horren bitartez bronkioen buxadura-maila neurtu eta gaitzaren maila sailkatu egin daiteke: arin, motel edo larria.
IBERPOC erakundeak Espainian gaixotasun horrek emaniko datuez eginiko azterlan batean, populazio osoaren %9k nozitzen du BGBK baina bostetik bati bakarrik egin zaio diagnostikoa eta, kasu guztien erdiari bakarrik egin zaio diagnostikoa aurreko faseetan, azterketaren arabera. Emakumeetan baino gizasemeetan askoz ere maizago agertzen da patologia (pazienteen %87). Sexu bien arteko alde izugarri horren azalpena erraza da: emakumea aresti hasi da tabakoa erretzen eta, bestetik, gaixotasuna pertsona adinean aurrera doala agertzen da, latentzia-aldi baten ostean. Baina, tabakoarekiko, emakumearen azturak aldatu direnez, eragina nozituko duten emakumeen kopurua handituko dela aurreikusten da.
Datuon gordinak diagnostiko goiztiarra egiteko premia are eta larriago bihurtzen du, pronostikoa hobetzeko eta tratamenduari lehenbailehen ekiteko. Alderdi horiek direla eta, espezialistek bi borroka-fronte planteatzen dituzte, hara:
- Alde batetik, gutxieneko esfortzua egitean arnas hartzeko geroz eta zailtasun handiagoa duten 40 urtetik gorako pertsonek, erretzaile badira edo izan badira, familiako medikuarengana jo dezaten aholkatzen dute, horien sintomak BGBK gaitzaren diagnostikoarekin bat datozen berresteko. Espainiako Neumologia eta Kirurgia Torazikoko Elkarteak (SEPAR, espainieraz), SEMERGEN eta Lehen Mailako Arretako Arnasketa-Elkarteak batera eginiko adostasunezko agiriaren arabera, hori bakarrik aski izan liteke, osasun-arretaren lehen mailetan gaixotasunaren detekzioa eta gaixoaren maneiua hobetzeko.
-
Bigarrena, biziki konplexuagoa, DAAT nozitzen duten pertsonak identifikatzean datza. Espezialistek, neumologoek bereziki, genetikari dagokion aholku horrek duen garrantzia azpimarratzen dute defizitaren transmisioa mugatzeko edo famili talde berean balizko kasuak atzemateko.
BGBK agertarazi duten kausak identifikaturik, tabakoa uztea, biomasari darion kez beteriko giroak edo gehiegizko kutsadura atmosferikoa duten tokietan ez izatea dira prebentziozko estrategia hoberenak (bakarrak ez esatearren). Printzipio hori bera nagusi da gaixotasuna agertu denean ere. Erretzeari uztea, gaitza arintzen duten botikak eta, azken finean, oxigenoa hartzea, itxaropenak eta pazientearen bizi-kalitatea hobetzeko aukera bakarrak dira.
Tabakoa uztea ezinbestekoa den arren, maiz neurri hori bakarrik hartzea ez da nahiko izaten: horrelakoetan, gaixotasunak aurrera egin ez dezan, gaitzen sintomak arinduko dituzten botiketara jo behar da. Fase egonkorretan ohikoena bronkioak dilatatzen dituzten produktuak hartzea da: botika horiek, une jakin batean disnea sentsazioa arintzeko, eskatu ahala administratzen dira edo, bestela, bestelako jarraibideen arabera preskribatzen ditu espezialistak, bronkioen buxadura arintzeko xedez.
BGBK gaitzak okerrera bat-batean egiten duenean kortikoideen inhalatzera jotzen da. Antibiotikoak hartuko ditu pazienteak baldin eta bakterio bidezko infekzioa hauteman bada, eztula maizago, zornedun karkaxak eta arnas hartzeko zailtasunak handiagoak dira horren sintoma klasikoak. Fase aurreratuetan ahozko kortikoideak ere hartzen dira. Disnea eta esfortzuaren aurreko tolerantzia hobetzen badituzte ere, teofilina eta aminofilina baliatzea auzitan jarri da egun, kontrako efektuak agertzeko arrisku bizia duelako horrek.
Gaixotasunaren atzeneko faseetan baliteke pazienteak oxigeno-ekarpen handiagoaren premia izatea. Horrelako kasuetan, etxean bertan oxigenoterapia hartzea aholkatzen da. Aspaldi honetan teknologiak sekulako aurrerapena egin duen arren, pazienteak oxigeno-bonbona bat erantsita bizi behar izatea da ohikoena (egunean 16 -19 orduz).
Mutur-muturreko kasuetan birikaren transplantea egitea deliberatzen dute espezialistek, baina bizia arriskuan jartzen duen aukera hori paziente gaztei bakarrik uzten zaie.
Arnasketaren errehabilitazioa (gaixotasuneko fase denetan aplika daiteken teknika izaki), arnaste funtzioa hobetzeko teknika baliagarria da. Gaixotasuneko fase arinetan errehabilitazio programa soila da: aski da bizi-ohiturez aldatu, tabakoa utzi, ariketa egin eta arnaste-fisioterapia egitea. Fase ertain eta larrian, errehabilitazioa areagotu egiten da, fisioterapia eta muskuluen entrenamendua eginez. Eskatzen den ahalegina aldatu egiten da pazientearen eta larritasunaren arabera baina, oro har, hiru hilabetetik gora luzatzen da programa.
Arnasketa-errehabilitazioak biriketako funtzioa hobetzen ez duen arren eta osasun-baliabide gutxiago erabilarazten duenik frogatu ez bada ere, disnea sentsazioa arindu, eguneroko bizitzako esfortzu-gaitasuna handitu eta gaixotasuneko zeinahi fasetan pazientearen bizi-kalitatea hobetzen du.
Horrelako tratamendua -orberaren etxean edo ospitalean- lehen mailako arreta-zerbitzuen artean Andaluziak bakarrik eskaintzen du, berariaz, Katalunian, berriz, hainbat artapen areatarako (neurologia, traumatologia, neumologia eta pelbis-barrenerako) errehabilitazio plan bateratua taxutu da.
Nola prebenitu BGBK?
- Ez erretzea
- Laneko ingurumenean, hautsa dagoen giroetan ez izatea.
- Airearen kutsaduratik alde egitea
- Ariketa fisikoa egitea: egunean ordu erdiz bizikletan edo oinez ibiltzea.
- Alfa-1 antitripsinaren defizitaren testa egitea, tratamendu goiztiarra ezartzeko, bidezko bada
- Munduan, BGBK gaitzak hiru milioi pertzona hiltzen ditu urtean
- Espainian urtean 18.000 pertsona hiltzen ditu
- Aurreikus daitekeen heriotza-kausa behinena da
- 2000 urtetik hona laugarren heriotza-kausa da
- 2020 urtean hirugarren heriotza-kausa izango da; beraren aurretik gaitz kardiobaskularrak eta minbizia bakarrik egongo dira
- Osasunaren Mundu Erakundearen iritziz, 2020 urtetik aurrera heriotzen %27 eragingo du gaitz honek
- Espainian 3.000 milioi euroko osasun-gastua eginarazten du urtero
- BGBK nozitzen duten bost lagunetik bati ez zaio diagnostikoa egin
- Gaitz honengatiko emakumeen hilkortasuna bikoiztu egin da 20 urte honetan
- Lehen mailako arretako kontsultara doazen BGBK-ren pazienteen erdiak diagnostikoa egin denetik 10 urtera hiltzen dira.
Iturriak: SEPAR eta BGBK-ren gaineko Adostasun Espainiarra Lehen Mailako Arretan