Immigrazioa, denon kontua
Okerrena pasea dugu! Espainiara iristen diren etorkinen artean biziko ohikoa den esakune horrek ez du ia zerikusirik errealitatearekin. Zailtasunak ez dira amaitu, aldatu baizik. “Kokaturik” daudela, etorkizun hobe baten bila Espainiara doazen pertsonen (3,7 milioitik gora doaz, hots, populazioaren %8,4) arazo larrienak lau dira: etxebizitza, lana, osasun-txartela eskuratzea, seme-alabak eskolaratzea eta familiaren birbiltzea aintzat hartua izan dadila lortzea.
Etxebizitza
Ohiko eragozpen orokorrei (pisuak erosteko zein alogerean hartzeko prezio garestiak, amaierarik gabeko hipotekak eta interes altuak) beste bat erantsi behar zaie, batzuetan: higiezin horien jabeen mesfidantza edo erabateko arbuioa eta pisuen merkatuaz informazio egokia jasotzeko oztopoak, bertako hizkuntzan aritzeko zailtasunengatik, batez ere. Egoitza finko egonkorra edukitzea oinarrizko betebeharrekoa da herrialde berrian etorkinek bideari ekingo badiote. Kontuan izan dezagun, ikuspegi juridikotik ere, ezinbesteko elementua dela hori zuzenbidezko estatuaren bermeak eskuratu ahal izateko.
Lojamendua bilatzeko premiak larriturik, etorkin askok sekulako dirutza ordaindu behar izaten dute maiz auzategi marjinaletan dagoen eta osasun-baldintza minimoak ere betetzen ez dituen bizileku ziztrin batengatik. Halaz ere, Bartzelonako Unibertsitateak eginiko azterlan baten arabera, lau etorkinetik batek etxea dauka Espainian eta, areago, bertan etxebizitza erosteko formalizatzen diren maileguen %33ren titularrak atzerritarrak dira, Latinoamerikatik iritsitako pertsonak, gehienbat.
Etxe-jabeen mesfidantza eta erreparoak sortarazten dituzte etxebizitzaren okerreko erabilerak eta endekatzeak, auzoekiko arazoek, higiezinaren balio-galtzeak (eskualde hori inoiz “etorkinen auzo”tzat joko ote den beldurra) eta antzekoek. Arazo hori bi eratan, batik bat, agertzen da errealitatean: ezagutzen ez diren etorkinei pisua alokatzeari uko egitea edo, bestela, etxebizitza alogerean utzi bai, baina prezioari arriskuak konpentsatuko dituen “estra” bat aplikaturik, hainbat formulaz baliatuz: prezioa biztanleko jartzea, kobrantza egiteko epeak ohi ez bezala zatikatzea, etc.
Horrelako iritzi eta jarrerak uxatzeko lehen urratsa ez jeneralizatzean eta, ahal den neurrian, laguntzean datza. Hona hemen formula zenbait:
- Etorkinari, bizi den Udaleko telefonoa ematea. Bertan, etxebizitza eskuratzeko laguntza-programen berri emango diote eta, horiek oraino indarrean ez baldin badaude, sostengua jaso ahal izateko moduko beste departamentu batzuetara igorriko dute.
- Lankide edo ezaguna dugun immigrantearekin, gure etxeko lanetan laguntzen gaituen, senide gaixoa zaintzen duen edo kontratatua dugun pertsonarekin etxegintza-agentziara joatea, hainbat alderdi garrantzitsu jakinaraz diezaiogun, hala nola agentzia horrek poltsikoratzen duen komisioa, kontratuaren terminoak, etc.
- ONG batzuek immigranteari etxebizitza eman diezaiokete aurreneko egunetan edo lana bilatu eta, diru horrekin, alogerean zerbait hartu ahal izan arte.
Osasun-laguntza
Herrialde berrira iritsi diren immigrante gehientsuenek ez dakite osasun-laguntza zerbitzuak nola funtzionatzen duen, etorkin bakoitzak izan dezakeen estaldura-mota norberaren egoeraren arabera aldatzen baita. Erregularrek gainerako hiritarren eskubide berberak dituzte baina era irregularrean (udalerrien batean erroldatu gabe, alegia) direnei larrialdiko osasun-laguntza jasotzeko eskubidea bakarrik zor zaie, hots, istripu eta gaixotasun larrien artapena, senda-agiria jaso arte. Beraz, aukera bat erroldaturik egotea da: egokiera horretan denari osasun-laguntza gainerako herritarren baldintza berberetan jasotzeko eskubidea zor zaio: istripu eta gaixotasun larrien artapenaz gainera, lehen mailako arreta eta espezialistak, erditzeak eta erditze-ostekoak estaltzen dizkio gizarte segurantzak. Adin txikikoak eta emakume haurdunak, nolanahi ere, zeinahi egoera juridikotan daudela, osasun-laguntza osorik hartzeko eskubidedun dira.
Osasun-laguntza eskatzeko, bizileku duen herriko Lehen Mailako Arreta Zentrora jo behar du eskatzaileak, erroldan alta emanik dagoela egiaztatzen duen agiria eta identifikazio-dokumentu bat eskuan. Bertan, Osasun-Sistema Nazionaleko erabiltzaile dela ziurtatuko duen osasun-txartela entregatuko zaio.
- Laguntzen hasteko, ez dira topiko zaharrak erabili behar, hala nola “etorkinek espainiarren osasun-aurrekontua xahutzen digute” edo “eskubide gabeko jende horri doan ematen zaio osasun-laguntza”. Etorkinen osasun-laguntzak eraginiko gastua immigranteek Espainiari “bai derrigorrezko kotizazio sozialen eta zergen bitartez, bai aberastasunaren sorreran duten partaidetza bidez” ekartzen dioten irabazien munta baino txikiagoa da.
- Osasun-laguntzaren zerbitzuak nola funtzionatzen duen ez jakitearren, kasu askotan ezin dira eskura dituzten osasun-zerbitzuez baliatu.
- Une latzetan “larrialdiko ebakuntza, diagnostiko txar bat, ahaideren baten heriotza” elkartasuna adieraztea garrantzi handiko kontua da. Erizainak dioena kostata ulertzen duen atzerriko norbait ospitaleko aldameneko ohean edukitzeari muzin egiteak ez dio askorik lagunduko eriondotik suspertzen.
- Geroz eta ohikoago bilakatzen ari da: ama eta ume jaio berrien inguruko harrabots, bonboi eta lore-sortak ospitaleko gelako parte batean eta, bestean, emakume etorkina bakar-bakarrik edo bere bikotekidearekin, mutu, baliabide askorik gabe. Zutitu nahi den amari laguntza eskaintzeak, irriño batez begiratzeak eta antzekoek haren egoera fisikoa hobetuko du eta gainera “traban ez dagoela” ulertzea erraztuko dio. Psikologoen iritziz, horixe da amaren bizitzan arrasto sakona utziko duen egokieretako bat.
Irakaskuntza
Immigrazioaren eragileetako bat “egoera ekonomikoa hobetzeko asmoarekin batera”, seme-alabentzat etorkizun hobea lortzeko aukera da. Espainiako legerian berariaz xedatua dago jatorri guztietako haur eta gazte denek eskola-sisteman integratu behar dutela 16 urteak bete arte. Guraso etorkinek seme-alabak gertueneko eskolan inskribatu baizik ez dute, hortaz.
Immigrazioaren Behatoki Iraunkorrak egin eta espainieraz argitaratu zuen “Heldu bilakatzen diren etorkinen seme-alabak: marokkoar, dominikar, perutarrak”) izeneko estreinako azterlanak topikoa birrindu zuen: Espainian finkaturiko etorkinen seme-alabek (berauetako asko, espainiarrak jaiotzez) ez dituzte behar baino lehenago ikasketak bertan behera uzten: horien eskolaratze-tasa (16 eta 25 urte bitartekoez ari gara) espainiarrenaren antzekoa izateaz gainera, lautik batek ikasten segitzen du Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza amaitutakoan ere: horien %14,7 Goi Batxilergoa egiten ari da eta %8 Unibertsitatera doa.
Goi mailako hezkuntzan, atzerriko titulua homologatzea dute etorkin askok arazo larrietako bat: hamaika eragozpen eta traba burokratiko gainditu behar izaten dituzte, beraien formazioa lurralde nazional espainiar osoan baliozkoa den titulu espainiar ofizial baten baliokidetzat har dakien. Tituluak, homologatuko badira, ofizialak eta “herrialdean herrialdeko ordenamendu juridikoaren arabera” horretarako eskudun diren aginteek emanikoak izan behar dute.
- Guraso, osaba-izeba do aitona-amonen integratzeko lana errespetu, tolerantzia eta bizikidetza-balioen sustapenean hasten da, etorkinen seme-alabak ere ikaskide normaltzat ikus ditzaten. Predikua ematearekin batera arras gizabidezkoa da eredugarri jokatzea, ikastetxe bereko gainerako gurasoekin harremanetan sartuz, adibidez.
- Familia zigortuen “tartean, immigranteen” umeen eskola-materiala erosten eta, areago, beharrezkoa balitz, matrikula ordaintzen ere laguntzen dute Espainiako guraso-elkarte bat baino gehiagok.
Lana
Espainiara iristen diren etorkin gehientsuek besteren kontura dihardute lanean. Lan Ministerioak emaniko datuen arabera, 2007ko urriaren 31n Gizarte Segurantzan bi milioi atzerritar zeuden afiliaturik, hots, guztien %13. Bere kontura diharduten langile afiliatuak, berriz, 217.054 dira (guztien %11). Langile Autonomoen Federazio Espainiarraren (ATA) datuen arabera, atzerriko autonomoen %27 merkataritzan eta automobilen konponketa sektoreetan dabiltza; ondotik etxegintzan (%22) eta ostalaritzan (%15) dihardutenak datoz. Estatistika ofizialek, ordea, ez dute agertzen immigrante askok jornal apalagoen truke aritu behar dutela lanean eta, askotan, aseguraturik egoteke.
- Langile immigranteei beren eskubideak zein diren lankideek azal diezaiekete eta, era berean, enpresaren sindikatuaren edo INE-ren helbidea eman diezaiekete; horietan, noski, langileak betetzen duen lan-eginkizunari dagokion hitzarmenaren kopia entregatuko diote.
- Etxe-zerbitzuan 760.000 pertsona baino gehiago ari dira; horien %90 emakumeak dira eta 400.000, atzerritarrak: gehien-gehienek ez dute kotizatzen Gizarte Segurantzan. Ekimen solidario bat izan daiteke, adibidez, Gizarte Segurantzari ordaindu behar zaion kostua pertsona horrek lan egiten duen familia horietako batzuen artean partekatzea. Baliteke horietako bakoitzak, bereiz, gastuari aurre egitea ezinezkoa izatea baina batzuk bilduz gero (ezagunak badira, batez ere), kostuak dezente merkatuko lirateke.
- Ahal dela, ez da “beltzean” ordaindu behar, etorkinak banku-abala, kreditua edo erroldatzeko baimena eskuratzeko modu bakarra baitu: nomina agertzea.
- http://www.trabajadorinmigrante.com/ web orrian langile etorkinen laneko gorabeherei buruzko informazioa, curriculuma osatzekori buruzkoa eta antzekoak ematen dira.
Familia birbiltzea
Familia birbiltzeko baimena eskuratzea izango da egoiliar txartela eskuan daukan immigranteak seme-alabak eta lehen graduko ahaideak Espainiara berarekin ekartzeko aukera emango diona. Familiaren birbiltzea eskatu ahal dezakete Espainian urtebetez legez bizi izan direnek, baldin eta bertan beste urtebetez, gutxienez, bizitzeko baimena lortu badute.
Hurrengo ahaideak dira birbiltzeko modukoak:
- Izatez edo zuzenbidez banandua ez dagoen ezkontidea.
- Interesatuaren edo bere ezkontidearen 18 urtez beherako edo ezinduak dauden seme-alabak, adoptatuak barne, ezkonduak ez badaude.
- 18 urtez beherakoak edo ezinduak, atzerritar egoiliarra legezko ordezkari dutenean.
- Bere gurasoak edota ezkontidearenak, haren kontura bizi direnean (ekonomiaren ikuspegitik, birbiltzearen eragilearen menpeko izatearren) eta Espainian bizitzeko premia justifikatzen duten arrazoiak daudenean.
Familia birbiltzea, elkartu nahi diren ahaideentzako behin-behineko bizileku-baimenaren agiri ofiziala (atzerritarren bulegoetan eta Poliziaren komisarietan ez ezik, Interneteko (http://extranjeros.mtas.es/, http://www.mtas.es/, http://www.mir.es/ eta http://www.map.es/ webguneetan eskura daitekeena) aurkeztuz eskatu behar da.
WEB HELBIDE INTERESGARRIAK
- Immigrazio eta Emigrazioaren Estatu Idazkaritza
- Errefuxiatua Laguntzeko Espainiar Batzordea (CEAR)
Errefuxiatu edota bere herrialdetik egotziriko pertsonei laguntza eta artapen juridiko, sozial, ekonomiko edo humanitarioa bertatik bertara ematen diete. - MIGRAR Fundazioa
Atari horretan, etorkinen erabateko integrazio soziala errazteko sostengu, aholkularitza eta formazioa eskaintzen dituzte - CONSUMER EROSKI-ko Elkartasun Kanala
Atari honetan, etorkinentzat eta elkartasun eremuan interesa duten denentzat baliagarri izan daitekeen informazioa eskaintzen da
Espainiako Konstituzioaren I. Tituluan agertzen diren eskubide eta askatasun guztiak zor zaizkie, nazioarteko itunetan, Estranjeriaren gaineko Lege Organikoan eta bera garatzeko arauetan xedaturiko terminoetan, espainiarren baldintza berberetan.
- Etorki edo jatorriko herrialdeko aginteak eginik, bere nortasuna edota Espainian duen egoera egiaztatzen duen dokumentazioa edukitzeko eskubide eta betebeharra.
- Espainiar lurraldean askatasun osoz ibiltzeko eta bertan bizilekua aukeratzeko eskubidea.
- Elkartzeko eta bazkidetzeko eskubideak.
- Hezkuntza jasotzeko eta irakaskuntza edo ikerkuntza alorretako jardueretan aritzeko ez ezik, hezkuntza-zentroak sortu eta bertako zuzendaritzan jarduteko eskubidea.
- Bere do besteren kontura ordaindutako lanbidean jarduteko eta Gizarte Segurantza sisteman sartzeko eskubidea, lanean aritzeko baimena eskuratuz gero.
- Atzerriko langileek ere nahi duten sindikatuan afiliatzeko eta greba egiteko eskubidea dute.
- Bizileku duen udalerrian erroldaturik badago, osasun-laguntza jasotzeko eskubidea.
- Etxebizitza kontuetan laguntzak jasotzeko eskubidea.
- Gizarte Segurantzaren prestazioak eta zerbitzuak jasotzeko eskubidea; baita zerbitzu eta prestazio sozialak jasotzeko ere.
- Espainian erdietsitako diru-sarrerak eta aurrezkiak bere herrialdera edo beste edozeinetara transferitzeko eskubidea.
- Familia berriro elkartzeko eta famili intimitatea zaintzeko eskubidea.
- Babes judiziala eragingarria jasotzeko eskubidea.
- Ofizioko abokatuaren laguntza eta interpretea izateko eskubidea, atzerritartasun kontuetako prozedura administratibo edota judizial zenbaitetan.
- Prozesu judizialetan doako laguntza juridikoa izateko eskubidea, auzitan aritzeko baliabide ekonomikorik eza siempre que acredite la insuficiencia de recursos económicos para litigar.