Txokolatezko bonboiak

Gantz eta kaloria ugarikoak izatearren, tamainaz kontsumitu behar

Ehun gramo bonboik 510 - 580 kaloriaz hornitzen gaituzte; horien gantza, hein handi batean, saturatua da
1 abendua de 2005
Img analisis listado 103

Gantz eta kaloria ugarikoak izatearren, tamainaz kontsumitu behar

/imgs/20051201/bombones.jpg Txokolate beltz edo esnedunetan bilduak, pralinez, likorez edo kafez beteak… Jende askorentzat, dastatzeko unean bertan bizi dugun gozamenagatik, nekez saihesteko moduko tentazioa dira bonboiak. Espainian, dena dela, txokolate eta kakaozko bestelako produktuen kontsumoa (3,7 kilo laguneko eta urteko) Europako beste hainbat herrialdetan baino txikiagoa da: Suitza, Norvegia, Austria, Belgika eta Erresuma Batuan urteko eta laguneko 8 kilotik gora kontsumitzen da. Indarreko arauaren arabera, txokolatezko bonboia ahamen baten tamainako produktua da, zerbaitez beteriko txokolatez edo hainbat txokolate nahastuz (txokolate esneduna, txokolate familiar esneduna, txokolate zuria eta bestelako jangaiak, alegia, txokolatea produktu osoaren pisuaren %25 baldin bada, gutxienez) osatutakoa.

CONSUMER EROSKI-k laborategian azterketa eta ondoren dastatze proba egin zien laginei, 200 gramotik 370 gramorainoko kartoizko kutxetan zeutzan zortzi bonboi sortei, alegia. Horien prezioak arras desberdinak dira: merkeenarena, kiloko, 20 euro izaki (Valor), ia 34 euro kostatu zen garestiena, kiloko (Uña).

Askotariko bonboiak egiteko prozesuan hainbat lehengai baliatzen dira, hala nola azukrea, kakaoa, kakao gantza, bestelako landare gantzak, txokolate esnedun, zuri eta beltza, trufa, pralinea, kafea, fruitu lehorrak, pattarrak eta aromak, besteak beste. Bistan denez, osaketa nutrizionala aldatu egiten da, markaren arabera ez ezik, kutxa bereko bonboi batetik bestera ere bai. Analisi honetan, lagin bakoitzean sorta osoa aztertu da, kutxa bakoitzeko ale guztiak kontuan hartuta, arras desberdinak izan arren. Hortaz, lagin bakoitzaren gaineko osaketa nutrizionala bonboi sorta guztiari dagokio.

Kontsumitzaile gehienek inoiz edo behin, aparteko egun edo ospakizunetan, kontsumitzen duten produktua bada ere, elikagai den neurrian, halakotzat jo beharra dago bonboia: zeinahi barietatetakoa dela ere, dieta orekatu eta osasuntsutik arras urruti dabil bonboia, ezaugarri nutrizional jakin batzuk ditu-eta. Karbohidrato asko (laginen arabera, %49 eta %64 bitartean) eta gantz ugari (%26 – %38) daukanez, ehun gramo bonboik 510 eta 580 kaloria ditu. Erabat ongi ez dabilen urdailarentzat digestio astuneko produktua izateaz gainera, gantz horiek, hein handi batean, saturatuak dira, osasunari mesede gutxien egiten diotenak, alegia. Bonboiren bat inoiz edo behin hartzeak (beti tamainan aritzea komeni da) ez dakarzkio arazo handirik kontsumitzaile arruntari; baina gizentasuna, hipertriglizeridemia, diabetes edo digestio trastornorik nozitzen duenak eta behazunean kalkuluak dauzkanak ez du kontsumitu behar.

Zortzi laginen egoera higieniko-sanitarioa egokia da eta, areago, lagin bakar batean ere ez da atzeman genetikoki eraldaturiko lehengairik. Etiketa ere, denek zuzen eta egoki dute.

/imgs/20051201/analisisa2.jpg
Txokolatearen kalitatea neurtzeko parametroetako bat kakaoaren edukia den arren (lehengai honen kostua handia da), laginak puntuatzeko garaian ez zaio aintzat hartu eduki hori ale bakoitzari. Noski, askotariko bonboiak direnez, ezin ondoriozta daiteke kakao gehiago edukitzearren erabilitako txokolatea hobea dela: kutxa batek txokolate zuriz eginiko bonboi gehiago (horrelakoek kakao gantza baizik ez dute, hots, ez daukate kakaorik) edo fruitu lehor, gaileta zein pattar gehiago betegarrian baldin badauka, guztirako masak proportzioz kakao gutxiago edukiko du. Baina horrek ez du esan nahi bonboiaren kalitatea kaskarragoa denik, lagin horrek, txokolateaz gainera, bestelako osagaiak ere (kalitatezkoak, hauek ere, eta kakaoa bera baino garestiagoak, zenbaitetan) badauzkala baizik: horiei esker kutxako edukia oparoago eta, agian, erakargarriago gerta dakioke erostunari.

Dastatze proban jasoriko emaitzen arabera hiru multzo osatu dira: kalifikazio hoberena Guylian, Trapa eta Lindt-ek osatutakoak jaso du. Multzo horretako laginen mailara iritsi gabe, kategoria onekoak dira Nestlé eta Lacasa multzokoak; hirugarrenean, gainerako hirurak agertzen dira, kalifikazio apalagoekin. Kalitatea eta prezioaren arteko erlazio egokiena Trapa laginak eskaintzen du: prezioa ertaina du eta, gainera, bere gantzak bigarren aukera den Lindt laginaren batez bestekoak baino osasuntsuagoak dira.

Etiketa eta ontzia

Zortzi lagin hauen etiketa aztertu eta kalifikatzeko unean, produktu honi aplikatzen zaion arauteria (“gizakien elikadurarako kakao eta txokolatezko produktuak” du izendapena) hartu da aintzat. Etiketak, dakigun bezala, datuok agertu behar ditu nahitaez: marka erregistratua, salmentako izendapena, enpresaren identifikazioa (izena eta helbidea), osagaien zerrenda, pisu garbia, lotea, kontsumo egokieneko data, kontserbatzeko modua (“toki fresko lehorrean”) eta ikusmen eremua, hori dena espainolez. Arautegiek xedatutakoa etiketa guztiek betetzen duten arren, azalean kutxak dauzkan bonboien kopurua agertzea eskertuko luke kontsumitzaileak. Baina informazio hori Uña (38 bonboi), Lindt (34 bonboi) eta Lacasa-k (20 bonboi) bakarrik ematen dute.

Nola egiten diren txokolatezko bonboiak

Bonboiaren txokolatea moldatzeko kakao orea, azukrea, kakao gantza, landare gantzak eta, barietatearen arabera, bestelako osagaiak ere baliatzen dira (esne hautsa edota esneki solidoak, adibidez). Aurreneko eragiketa, berariazko makinetan lehengai nagusiak nahastea da (kakao orea, azukrea, kakao gantza eta beste hainbat). Ondoren, nahasketa findu egiten da, hots, bonboia dastatzean ez nabaritzeko moduko partikula txikiak erdietsi arte eho behar da orea. Ondoren eragite edo oskoltzea dator: produktua zenbait ordutan astintzen da, frikzioari esker nahasketa epeltzen den arte; bertatik azido lurrungarriak eta ura lurrundu egiten dira. Aurreko fasean txokolatea 70ºC edo 80ºC-tan egon denez, orea epeltzea izango da hurrengo eginkizuna. Atzenean produktua egokitu eta moldatuko da, nahi den itxura eta tamaina har dezan, eta azkeneko osagaiak eransteko: fruitu lehorrak, kakao hautsa, etab.

Txokolatezko bonboia eta gantza

Bonboiak gantz ugari dauka, kakao gantzez eta, neurri apalago batean, esnez osatuta dagoelako (bigarrena bonboi hauen %5 baizik ez da, orokorki). Kakao gantzak kate luzeko gantz azido saturatuak ditu nagusi. Horietako batek -azido estearikoak- gainontzeko gantz saturatuek ez bezala, ez du kontsumitzailearen odoletako kolesterol maila altxatzen. Kakao gantzak baditu bestelako gantz azidoak ere, hala nola palmitikoa (saturatua, osasunarentzat kaltegarria), oleikoa (monointsaturatua) eta linoleikoa (poliintsaturatua eta funtsezkoa).

Guztirako gantza, batez beste, produktuaren %34 da; gutxien daukatenak Cadbury bonboiak dira (%26), beste muturrean Guylian eta Valor (%36) agertzen direlarik. Gantz horretan azido saturatuak dira ugarienak (%52, batez beste), hots, osasunari mesede gutxien egiten diotenak; intsaturatuak, berriz, %48 inguru dabiltza, batez beste. Trapa bonboietan bakarrik alderanzten da proportzio hori (intsaturatuak, guztirako gantzaren %61). Dena dela, kontua gantz saturatu horiek kontsumitzailearen osasunean duten eragina aintzat jotzea denez, azterketa honetan azido estearikoa (gantz saturatua izan arren, ez ditu eragiten gainerako gantz saturatuen efektu kaltegarriak) batetik eta, gehiegi kontsumitzen direnean, kaltegarri gertatzen diren azidoak, bestetik, bereizi ditu.

Gantz profil egokieneko laginak Trapa eta Lacasa dira, osasunarentzat kaltegarri gertatzen diren gantz saturatuen proportzioa txikia delako marka hauetako bonboietan: gantz saturatua guztirako gantzaren %21 eta %26 da, hurrenez hurren; Lindt eta Guylian laginek, aldiz, gantz proportzio handienak agertzen dituzte (%32 batak eta %28 besteak). Produktu bakoitzaren guzirako gantza kontuan hartzean, ordea, Trapa eta Lacasa bonboiek osasuntsuenak direla frogatzen dute, beren osaketaz ari garela: edukiaren ehun gramotik 8 eskas dira osasunarentzat mesedegarria ez den gantz horri dagozkionak; Lindt eta Guylian bonboietan, berriz, 11 gramo inguru dabil zifra hori.

Ikuspegi nutrizionaletik, gantzaren ezaugarriak baino areago bonboiaren izaera energetiko handia azpimarratu beharra dago, azukre eta gantz ugari baitauzka: ehun gramoko 550 kaloriaz hornitzen gaitu bonboiak, batez beste, hots, txokolatezko produktuok baino askozaz ere osasuntsuagoak diren hurrek eta gainerako fruitu lehorrek bezainbeste. Zortzi laginak dabiltza 500 kaloriaren gainetik, (Cadbury-tik hasita (508 kal. 100 gramoko) Guylian-eraino (581).

Laburbilduz eta konparaketako taula

Laburbilduz

  • Kartoizko kutxetan salgai dauden zortzi bonboi sorta aztertu dira oraingoan; lagin horien pisu garbiak 200 gramotik 370 gramora arte doaz eta prezioak, berriz, 20 eurotik (Valor) ia 34 eurora arte, kiloko (Uña).
  • Karbohidrato ugari (%49 – %64) eta gantz asko (26%-38%) daukatenez, energetikoak dira, oso: bonboi hauetako ehun gramok 510 eta 580 kaloria bitarte dute eta gantz hori, hein handi batean, saturatua da (osasunari mesede gutxien egiten diona, alegia).
  • Hortaz, tentuz eta neurriz kontsumitu behar dira; areago, gizentasuna, hipertriglizeridemia, diabetes edo digestio trastornorik nozitzen duenak eta behazunean kalkuluak dauzkanak ez dute kontsumitu behar.
  • Dastatze proban Guylian, Trapa eta Lindt nabarmendu ziren (7 puntutik gora), ondotik Nestlé eta Lacasa zetozkiela. Gainerako hiru laginek kalifikazio apalagoak eraman zituzten baina denek erraz samar gainditu zuten proba
  • Kalitatea eta prezioaren arteko erlazio egokiena Trapa laginak eskaintzen du, prezio ertainekoa izaki, Lindt laginak (bigarren aukera interesgarriena) baino gantz profil osasungarriagoa daukalako.
Txokolatezko bonboiak
Marka
Izendapena
Trapa Sele- cción Lindt “El bombón” Valor Sele- cción de Oro Guylian Nestlé Caja Roja Lacasa Cadbury Milk Tray Uña Gran Sele- cción
Prezioa (euro kiloko) 25,60 24,36 19,96 30 21,40 26,80 21,98 33,78
Formatua (gramoak) 250 350 275 225 200 250 227 370
Barietate kopurua 6 13 14 Forma eta kolore desber-
dinak (txoko- latea eta txoko- late zuria)
11 10 12 6
Etiketa Zuzen Zuzen Zuzen Zuzen Zuzen Zuzen Zuzen Zuzen
Hezetasuna (%) 0,4 2,1 2,7 0,8 1,1 4,8 3,8 2,9
Proteina (%) 6,8 6,4 8,5 7,5 7,6 6,1 5,1 7,8
Gantza, guztira (%) 35,4 36,6 38 38,2 34,1 29,8 25,7 33,7
– G.A. saturatuak 1 21 32 25 28 25 26 36 25
– Az. estearikoa (%) 2 18 24 26 25 27 28 22 25
– Mono-
insaturatuak (%)
54 39 41 42 41 41 37 43
– Poli- insaturatuak 7 5 8 5 7 5 5 6
Karbohidratoak (%) 55,9 53,4 49 51,9 55,8 57,9 64 54,3
– Azukreak (%) 3 50 45,8 41,4 50,8 47,5 45,1 53,6 43
Balio kalorikoa (Kcal/100 g) 569 569 572 581 561 524 508 552
GEO 4 Ez dago Ez dago Ez dago Ez dago Ez dago Ez dago Ez dago Ez dago
Egoera mikrobio- logikoa Zuzen Zuzen Zuzen Zuzen Zuzen Zuzen Zuzen Zuzen
Dastatze proba (1 – 9) 7,3 7,2 5,9 7,3 6,8 6,2 5,9 6,1

(1) Gantz azido saturatuak: honelako gantz azidoen ohiko kontsumoak gizakiaren osasunean eragin kaltegarriak izan ditzake. Bertan ez da sartu estearikoa.

(2) Azido estearikoa: kimikoki, gantz azido saturatua da baina osasunean dituen eraginak ezin konpara daitezke gainerako saturatuenekin, odoletako kolesterol maila altxatzeko ahalmenik ez duela frogatua baita.

(3) Azukreak guztira: karbohidrato soilak.

(4) GEO: genetikoki eraldatutako organismoak

Banan banan

Bonboi laginak, banan-banan

Trapa Selección "Txokolatez beteriko bonboiak"

/imgs/20051201/trapa.jpg 250 gramoko kutxa.
25,60 euro kiloko. Kalitatea eta prezioaren arteko erlazio egokiena.
Gantz saturatu gutxien daukana (guztirako gantzaren %21, hots, 7,4 g/100 g ). Dastatze proban, 7,3 puntuz, hiru hoberenetako bat: epai mahaikideei “laginaren itxura”, “betegarriaren zaporea” eta “urtzeko modua” atsegin bazaizkie ere, “ale guztiak bilduta egotea” eta “samur” gertatzea ez zaizkie gustatu. Atseginen gertatu direnak “Nocciolato” eta “Mandarola” dira.

Lindt "Bonboi sorta".

/imgs/20051201/lindt.jpg 350 gramoko kutxa.
24,36 euro kiloko. Aukera polita honakoa ere. Gantz saturatu gehien daukatenetako bat (guztirako gantzaren %32, hots, ia 12 g/100 g ).
Dastatze proban, 7,2 puntuz, hiru hoberenetako bat: epai mahaikideei “aukera anitza”, “txokolate zaporea”, “bonboi almendradunak edukitzea”, “krematsuak izatea” eta “uzten duten bukaera” atsegin bazaizkie ere, “gogorrak” gertatzea ez zaie gustatu. Atseginen gertatu direnak “Macadamia” eta “Rocher Noir” dira.

Valor Selección de Oro "Bonboiak"

/imgs/20051201/valor.jpg 19,96 euro kiloko, denetan merkeenak. 275 gramoko kutxa.
Proteina gehien (%8,5) eta gantz gehien daukatenetako bat (%38 ), baina azukre gutxien dutenetako bat (%41).
Dastatze proban, 5,9 puntuz, txarrenetako bat: epai mahaikideei “sortaren aniztasuna”, “betegarria”, “txokolate zaporea” eta “urtzeko modu egokia” atsegin bazaizkie ere, “txokolatearen kolorea”, “zapore bizia” eta “krematsutasun apala” ez zaizkie gustatu. Atseginen gertatu direnak “Choco. Avellana” eta “Negro con naranja” dira.

Guylian "Belgikar txokolate finen sorta"

/imgs/20051201/guylian.jpg 30 euro kiloko. 225 gramoko kutxa.
Gantz (%38) eta kaloria gehien dutenetako bat (581 kaloria 100 gramoko).
Dastatze proban, 7,3 puntuz, hoberenetako bat: epai mahaikideei “sortaren aniztasuna”, “txokolate zaporea”, “urtzeko modu egokia” eta “bukaera” atsegin bazaizkie ere, “sortaren itxura” eta “zapore gozoegia” ez zaizkie gustatu. Atseginen gertatu direnak “Tambor”, “Caballito de mar” eta “Bola” dira.

Nestlé Caja Roja "Bonboi txokolatezkoak"

/imgs/20051201/nestle.jpg 21,40 euro kiloko. 200 gramoko kutxa.
Dastatze proban, 6,8 puntu: epai mahaikideei “sortaren itxura”, “txokolate zaporea”, “urtzeko modu egokia” eta “bukaera” atsegin bazaizkie ere, “zapore gozoegia” eta “gainerako laginak baino nekezago urtzea” ez zaizkie gustatu.
Atseginen gertatu direnak: “Trufa blanca”, “Crocantini” eta “Supreme”.

Lacasa "Bonboiak"

/imgs/20051201/lacasa.jpg 26,8 euro kiloko. 250 gramoko kutxa.
Gantz gutxien (%30) eta gantz saturatu gutxien (guztirako gantzaren %26, hots, 8 g/100 g) daukatenak.
Dastatze proban, 6,2 puntu: epai mahaikideei “sortaren aniztasuna”, “txokolatearen zaporea” eta “uzten duten bukaera” atsegin bazaizkie ere, “gozoegi izatea” eta “ongi ez urtzea” ez zaizkie gustatu. Atseginen gertatu direnak: “Hoja”, “Roca” eta “Veloute”.

Cadbury Milk Tray "Bonboi sorta".

/imgs/20051201/cadbury.jpg 21,95 euro kiloko. 227 gramoko kutxa.
Gantz gutxien (%26), proteina gutxien (%5) eta kaloria gutxien (508 kaloria 100 gramoko) dituztenak, azukre gehien daukate hauek (%54).
Dastatze proban, 5,9 puntuz, txarrenetako bat: epai mahaikideei “sortaren itxura”, “betegarria” eta “txokolatearen zaporea” atsegin bazaizkie ere, “kolore hitseko sorta izatea”, “gozoegia” eta “gogorra izatea” ez zaizkie gustatu. Atseginen gertatu direnak: “Vainilla Fudge” eta “Coffee Truffle”.

Uña Gran Selección "Bonboiak"

/imgs/20051201/una.jpg 33,78 euro kiloko, denetan garestienak. 370 gramoko kutxa.
Azukre gutxien daukatenetako bat (%43).
Dastatze proban, 6,1 puntu: epai mahaikideei “sortaren itxura”, “txokolatearen mikaztasuna” eta “urtzeko modu egokia” atsegin bazaizkie ere, “zaporearen intentsitatea”, “txokolatea latza” eta “gogorra” izatea ez zaizkie gustatu. Atseginen gertatu direnak: “Roca de Oro” eta “Rizo”.