Alde handiak prezioan eta prestazioetan
“Flash” memoriadun MP3 musika erreproduzitzaileak aparatu txiki arinak dira, eta aurreko walkman eta discman arbasoen hutsunea betetzera etorri dira. Musika ordenagailutik MP3 formatuko dispositibo hauetara iragan behar denez, ezinbestekoa da PC bat edukitzea honen barruan musika eraldatzeko. MP3 formatuko doinuak Internetetik jaits daitezke (dela dendaren batean -Itunesen adibidez- ordainduz, dela doan eskaintzen dituzten artisten web orrietatik zuzenean deskargatuz, dela artxiboak trukatzeko sistemak baliatuz) edo nork bereak fabrika ditzake, CDak audiotik sistema honetara ekarriz.
Erreproduzitzaile hauen barne-memoria, disko gogorra izan partez “flash” motakoa denez, dispositiboak ahalmen txikiagoa du eragozpen latza: azterturiko guztietan handienak (Ipod Nano) 2 Gb baizik ez dauka, esate baterako, disko gogorrekoek dozena batzuk “giga” dituztelarik. Beste alderditik, “flash” memoriadunak erabilgarriagoak dira, atal mugikorrik ez daukatelako; horrela, erabiltzailearen higiduraren ondorioz aparatuak jasan ditzakeen astinketek erreprodukzioan eraginik izaten ez dutenez eta horiek ekipoari kalterik eragiten ez diotenez, egoki-egokiak dira MP3 horiek erabiltzea kirola egiten ari den bitartean baliatzeko, esate baterako.
Erorikoa gertatuz gero…?
MP3 erreproduzitzaileak erortzea ohiko kontua dela gogoan izanik, aparatu hauen erresistentzia egiaztatzeko iraultze-upelean sartu eta 25 bira eman zitzaizkien, hau da, eguneroko erabilerak jasan ditzaketen 50 kolperen pareko proba ezarri zitzaien. Hau amaitutakoan Acer lagina kalte larriak nozitua zegoen eta, ondorioz, funtzionatzeari utzi zion; Ipod Nano laginak, berriz, funtzionatzen bazuen ere, pantailan urradura ugari txiki eta arinak agertu ditu. Gainerakoek ez dute bat ere kalterik erakutsi.
Beste aldetik, aurikularren iraungarritasuna egiaztatzeko 10 newtonen trakzioa noziarazi zaie minutu batez eta 90ºko 1.000 flexio eginarazi zaizkie, 2,5 newtoneko trakzioarekin. Lagin bakar batek ere ez dio funtzionatzeari utzi. Aurikularretako hari luzeenak Acer, Creative eta Sony laginenak dira; laburrenak, aldiz, Samsung eta Blu-Sens markakoenak. Ipod Shuffle laginak beste aurikular pare bat dauka.
Patrikan eraman ohi den erreproduzitzaile bati txiki eta arin izatea eskatzen zaio. Aztertutako denetan txikiena Ipod Shuffle da, ondotik Blu-Sens (%31 handiagoa) datorkiola; denetan handienak Mpio eta Oregon dira (Shuffle baino lau aldiz handiagoak). Pisuaz ari garela denak arinak diren arren, badira aldeak lagin batetik bestera: Ipod Shuffle da denetan arinena (22 gramo) eta Mpio astunena (63 gramo). Ipod markako bi laginak gainerakoak baino meheagoak direnez, gordetzeko eta eramateko errazago gertatzen dira.
Funtzio erantsiak
Sony, Acer eta Ipod markako biek ez daukate irratirik, Acer laginaren aurikularrek funtzio hori betetzen badute ere. Datuak karpetetan artxibatzeko aukera zortzi aparatuek ematen dute (diskoak banan-banan entzun nahi direnean prestazio horrek berebiziko garrantzia hartzen du) eta, gainera, PC batetik bestera artxiboak iragan ahal izateko (antzina disketeekin egiten zen modura) gordailu gisa balia daitezke denak. Memoria handitzeko aukerarik ez du bakar batek ematen. Sony, Ipod Shuffle eta Oregon laginek ez dute ahotsik grabatzen eta Ipod Nano izenekoak aukera hori eskaintzeko ekipoak berez ez dakarren mikrofonoa baliatu behar da. Funtzio gehien dauzkan ekipoa Ipod Nano da: egutegia, alarma, jolasak… Samsung laginak tenporizadorea dauka eta Oregon aparatua ur azpian erabil daiteke.
Baterien iraupena neurtzeko xedez, doinu bera bolumenik altuenean erreproduzitu egin da ekipoak agortu arte. Sony laginak (ia 50 ordu) bigarrenak (MPIO, 25 ordu) baino ia bi aldiz gehiago eta gutxien iraun zuenak (Blu-Sens, 6 ordu) baino ia zortzi halako iraun du martxan. Iraupen eskaseko beste erreproduzitzaile batzuk dira Oregon (9 ordu) eta Acer (10 ordu).
Ipod markako bi laginen eta Oregon laginaren bateria kargatzeko ordenagailu bat erabili behar izateak eginkizun hori zaildu egiten dio erabiltzaileari, ekipo informatikoa eskura ez daukanean. Blu-Sens lagineko bateria entxufe arrunt batekin karga daiteke; gainerako bost erreproduzitzailek pilekin funtzionatzen dute.
Sony eta Ipod markako bi laginek, ordenagailutik erreproduzitzailera doinuak iragan ahal izateko berariazko programa erabilarazte hori eragozpen gisa hartzen du kontsumitzaileak: normalena da honek artxiboak transferitzeko ohiko sistema baliatu nahi izatea (Windows Explorer, esate baterako). Ipod markako laginak ezin erabil daitezke Linux edota 2000 baino lehenagoko Windows modeloen bidez eta Sony markako erreproduzitzaileak ez du funtzionatzen Linux-ekin, ezta Mac OS-ekin ere. Gainerako zazpietan, berariazko programa daukaten arren, horien erabilera aukerazkoa denez, USB onartzen duen zeinahi sistema operatzailerekin elkargarri dira: Windows, Mac OS edota Linux. Baina funtzio erantsiak dituzten programa hauek Windows-ekin bakarrik funtziona dezakete, Ipod markako bi laginek izan ezik (biek Mac Os-ekin ere funtzionatzen baitute). Ekipo bakar batek ez du Linux-en erabiltzailea aintzat hartu.
Azterturiko bederatzi erreproduzitzaileak PC-arekin USB portuaren bitartez konektatzen dira doinuak transferitzeko. USB 2.0 estandarra onartzen ez duen lagin bakarra Acer da: hori dela medio, transferentzia askoz ere mantsoago egiten du. Ipod Nano laginak FireWire konexioa onartzen du: honakoa USB bezain hedatua ez dagoen arren, hura baino dezente azkarragoa da.
Kontsumitzaileen iritzia
Honelako aparatuak erabili ohi dituzten sei kontsumitzailek probatu eta erreproduzitzaile hauen hainbat alderdi 1etik 10era kalifikatu dituzte. Gehien gustatu zaizkienak Samsung (7,6 puntu), Ipod Nano eta Blu-Sens (biak ere 7,3na puntu) eta Creative (7,2) dira. MP3 erreproduzitzaile kaskarrena, erabiltzaileen iritziz, Ipod Shuffle (5,8 puntu) da, pantailarik ez daukalako, batik bat, gabezia horrek doinuak aukeratzea eragozten baitu. Erabiltzaileek gogorren zigortu dituzten alderdiak hauek dira: ekualizadore eta pantailarik ez izatea (Ipod Shuffle) eta irratirik ez izatea (Ipod markako biak eta Sony). Bezero horien aburuz, diseinurik erakargarriena Ipod Nano laginarena da eta erabiltzeko zailena, Acer.
Subjektiboki bada ere, aparatuen kalitatea eta soinua baloratu dituzte erabiltzaileek. Proba horretan doinu bera bi aurikular desberdinekin entzun dute: lehendabizi, ekipoak dakartzan aurikularrekin eta ondoren gama garaiko aparatu batekin. Ondorio behinena: kalitate alderik ez da atzeman aurikular berberak erabili direnean; hortaz, soinuaren kalitatea ez da erreproduzitzailearen arabera aldatzen, ekipoak dakartzan aurikularrenena baizik: alde nabarmenak hauetan hauteman dira, izan ere. Kaskarren baloratu diren aurikularrak Oregon markakoak dira (6,3 puntu), ondotik Ipod Shuffle eta Mpio (6,8 puntu) datozela; denetan hoberenak Ipod Nano (8,2 puntu) dira; erosoenak, amaitzeko, Ipod Shuffle laginarenak.
Pantailarik hoberenak
Ipod Shuffle da pantailarik ez daukan lagin bakarra, ekipoa doinuak aleatorioki erreproduzitzeko diseinatuta dagoelako, fabrikatzaileak adierazi duenez. Gainerako zortzi aparatuek pantaila daukatenez (denek ere LCD motakoak), erabiltzen errazagoak dira eta, gainera, funtzio aleatorio hori ere eskaintzen dute. Ekiporik txikienetako batek (Ipod Nano) dauka pantaila handiena (746 mm2, hots, gainerakoena baino bi aldiz handiagoa) eta koloretako bakarra; dena den, erraz urratzen dela egiaztatu da azterlan honetako probetan. Pantaila txikienak Sony (141mm2) eta Oregon (168 mm2) laginenak dira.
Laburbilduz etta konparaketako taula
Laburbilduz
- Aspaldiko walkman eta discman haien ordezko berri diren “flash” memoriadun bederatzi MP3 erreproduzitzaile txiki eta arinak aztertu dira oraingoan. Erreproduzitzailean doinuak sartu ahal izateko ordenagailuaz baliatzea ezinbestekoa da.
- Horien prezioak 85 euroetatik (Acer Advanced) 210 euroetaraino (Ipod Nano) doaz. Azken honek gainerakoek baino ahalmen handiagoa du (2Gb -32 ordu inguru-, gehientsuenen 512 Mb -8 ordu-eta Mpio laginaren 256 Mb -4 ordu-).
- Ekipo guztiak seguruak diren arren, laborategian 50 kolpe harrarazi ostean Acer laginak funtzionatzeari utzi zion eta Ipod Nano laginaren pantailak urratu ugari nozitu zituen.
- Blu-Sens eta Oregon laginen bermeak bakarrik daude zuzen: gainerakoek, bietako bat urtebetekoa bakarrik ematen dute (legezkoa bi urtekoa izaki) edo ez daukate berme-agiria.
- Autonomia luzeena Sony laginak eskaintzen du (50 ordu), gainerakoetatik arras urruti. Ipod eta Sony aparatuek ez daukate irratirik. Aurikularrik hoberenak Ipod Nano ekipokoak dira.
- Erabiltzaileek gehien baloratzendituztenak: Samsung, Blu-Sens, Ipod Nano eta Creative.
- Kalitatea eta prezioaren arteko erlazio egokiena Creative Zen Nanoplus da: merkea (112 euro, 512 Mb) eta erabiltzaileen aldetik balorazio ona jaso duena. Hona beste aukera polit batzuk: Sony (autonomia handiagatik) eta Samsung (erabilera proban hoberena eta Ogg formatu librean doinuak irakurtzen dituen bakarra).
Marka Modeloa |
CREATIVE ZEN NANOPLUS |
SONY NW-E105 |
SAMSUNG YP-ST5X |
BLU-SENS 2306 |
---|---|---|---|---|
Prezioa (eurotan) |
112,61 | 104 | 142,55 | 99 |
Memoria | 512 Mb | 512 Mb | 512 Mb | 512 Mb |
Kontsumitzailea- rentzako informazioa |
Zuzen | Zuzen | Zuzen | Zuzen |
Bermea | Ez dago zuzen (urtebetea) |
Ez dago zuzen (agiria gabe) |
Ez dago zuzen (urtebetea) |
Zuzen |
Elkargarritasun elektromagnetikoa |
Araua urratzen du |
Zuzen | Zuzen | Araua urratzen du |
Alderdi teknikoak – Neurriak (mm) |
65, 5×33, 5×12,9 |
56, 1×56, 1×19,1 |
54, 3x23x23 |
58, 1x31x13,v4 |
– Pisua (g) | 34 | 38,8 | 35 | 30,2 |
– Pantaila LCD (mm2) |
185, urdina |
141, berdea |
211, 7 kolore, aukeran |
304, berde eta urdina |
– Elikadura | Pilak | Pilak | Pilak | Bateria |
– Musikarako softwarea |
Creative (Ez da beharrezkoa) |
SONICSTAGE | Yepp studio (Ez da beharrezkoa) |
Ez da beharrezkoa |
– Onarturiko artxiboak |
MP3, WMA | MP3, ATRACK3, WAV, WMA |
MP3, WMA, WAV, ASF y Ogg |
MP3, WMA |
– Sistema elkargarriak |
Denak USB euskailu- dunak |
WINDOWS | Denak USB euskailu- dunak |
Denak USB euskailu- dunak |
– PC-arekiko konexioa |
USB 2.0 | USB 2.0 | USB 2.0 | USB 2.0 |
– Ekualizadorea | Bai | Bai | Bai | Bai |
– FM irratia |
Bai | Ez | Bai | Bai |
– Ahots grabaketa |
Bai | Ez | Sí | Sí |
– Ur azpian erabiltzerik |
Ez | Ez | Ez | Ez |
– Pieza osagarrien kopurua |
6 | 3 | 8 | 6 |
– Bateriaren iraupena |
17 h 37min |
49h 30min |
18 h 07min |
6h |
– Aurikularretako soinuaren kalitate subjektiboa |
7,2 | 7,3 | 7,8 | 7,2 |
– Erreproduzitzailearen erresistentzia |
Egokia | Egokia | Egokia | Egokia |
Erabilera proba (1 a 10) |
7,2 | 6,1 | 7,6 | 7,3 |
Osoko kalitatea |
Ona | Ona | Ona | Ona |
Marka Modeloa |
OREGON MP120 |
IPOD SHUFFLE A1122 |
IPOD NANO A1137 |
MPIO FG100 DIGITAL COOL |
ACER ADVANCED PLAYER QSG |
---|---|---|---|---|---|
Prezioa (eurotan) |
133 | 98,83 | 210,50 | 157 | 85 |
Memoria | 512 Mb | 512 Mb | 2 Gb | 256 Mb | 512 Mb |
Kontsumitzailea- rentzako informazioa |
Zuzen | Zuzen | Zuzen | Zuzen | Zuzen |
Bermea | Zuzen | Ez dago zuzen (urtebetea) |
Ez dago zuzen (urtebetea) |
Ez dago zuzen (urtebetea) |
Ez dago zuzen (ez du adierazten) |
Elkargarritasun elektromagnetikoa |
Zuzen | Zuzen | Zuzen | Araua urratzen du |
Zuzen |
Alderdi teknikoak – Neurriak (mm) |
68, 5x52x19, 9 |
86, 4x25x8, 5 |
90, 2×40,1×7, 3 |
83, 1×31, 4×30, 5 |
95, 9×30, 1×21, 1 |
– Pisua (g) | 46,5 | 21,6 | 45,3 | 63,3 | 44 |
– Pantaila LCD(mm2) |
168, urdina |
Ez du pantaila | 746, koloretakoa, Argazkiak onartzen ditu |
272, laranja eta urdina |
231, urdina |
– Elikadura | Bateria | Bateria | Bateria | Pilak | Pilak |
– Musikarako softwarea |
Digital music player (ez da beha- rrezkoa) |
ITUNES | ITUNES 4.7, IPHOTO |
MPIO (ez da beha- rrezkoa) |
ACER (ez da beha- rrezkoa) |
– Onarturiko artxiboak |
MP3, WMA | AAC, MP3, WAV |
AAC, MP3, WAV, APPLE LOSSLESS |
MP3, WMA, ASF |
MP3, WMA |
– Sistema elkargarriak |
Denak USB euskailu- dunak |
WINDOWS, MAC OS |
WINDOWS, MAC OS |
Denak USB euskailu- dunak |
Denak USB euskailu- dunak |
– PC-arekiko konexioa |
USB 2.0 | USB 2.0 | USB 2.0 | USB 2.0 | USB 1.0 |
– Ekualizadorea | Bai | Ez | Bai | Bai | Bai |
– FM irratia |
Bai | Ez | Ez | Bai | Bai |
– Ahots grabaketa |
Ez | Ez | Bai | Bai | Bai |
– Ur azpian erabiltzerik |
Bai | Ez | Ez | Ez | Ez |
– Pieza osagarrien kopurua |
5 | 5 | 5 | 8 | 4 |
– Bateriaren iraupena |
9 h 07min |
13 h 07min |
15 h 25min |
24 h 38min |
9 h 46min |
– Aurikularretako soinuaren kalitate subjektiboa |
6,3 | 6,8 | 8,2 | 6,8 | 7,0 |
– Erreproduzitzailearen erresistentzia |
Egokia | Egokia | Urratuak pantailan |
Egokia | Funtziona- tzeari utzi zion |
Erabilera proba (1 a 10) |
6,4 | 5,8 | 7,3 | 6,8 | 6,4 |
Osoko kalitatea |
Ona | Ona | Erdipurdikoa | Ona | Eskasa |
Banan banan
Bederatzi MP3 erreproduzitzaileak, banan-banan
CREATIVE "Zen NanoPlus"
Osoko kalitatea: ona.
Kalitatea eta prezioaren arteko erlazio egokiena Bermeei buruzko araua urratu egiten du: legeak xedatuak dituen bi urteetatik bakarra eskaintzen du. Deskarga elektrostatikoak aplikatzean, aparatua itzali egiten da eta ez du adierazten, martxan berriro hasteko, “reset” botoia sakatu behar dela (araua urratzen du). Doinuak MP3 formatuan ez ezik WMA ere erreproduzitzen du.
Erabilera proba: 7,2 puntu. Txikia, eroateko erraza, menu soila, ongi baloratutako irratia dauka.
SONY "NW-E105"
Osoko kalitatea: ona.
Aukera polita honakoa ere, bateriak irauten duenagatik batez ere (49,5 ordu). Bermeei buruzko araua urratzen du: ez du agiririk ematen. Pantailarik txikiena (141 mm2) eta pieza osagarri gutxien dauzkan erreproduzitzailea. Ez dauka irratirik. Doinuak iragan ahal izateko berariazko programa baliatu behar du (Windows-en bakarrik funtzionatzen duena). MP3 ez ezik, WMA, WAV eta Atrack3 (Sony-ren formatua) erreproduzitzen du.
Erabilera proba: 6,1 puntu. Memoria ahalmen handia Atrack3-n (bere formatuan). Bere kontrolak ez zaizkie epai mahaiko kideei atsegin.
Samsung "YP-ST5X Yepp"
Osoko kalitatea: ona.
Aukera polita honakoa ere, Ogg formatu librean irakurtzen duen bakarra delako; horrez gainera, MP3, WMA, WAV eta ASF sistemetan ere irakurtzen du. Bermeei buruzko araua urratu egiten du: legeak xedatuak dituen bi urteetatik bakarra eskaintzen du. Tenporizadorea daukan bakarra. Pieza osagarri gehien dauzkan laginetako bat.
Erabilera proba: 7,6 puntu, denetan hoberena. Bere diseinua eta pantaila (txikia den arren, beharrezkoa den informazio guztia ematen baitu) gustatu zaizkie epai mahaiko kideei. Funtzioetan eta erabiltzeko erraztasunean hobekien osatuena.
Blu-Sens "2306"
Osoko kalitatea: ona.
Deskarga elektrostatikoak aplikatzean, aparatua itzali egiten da eta ez du adierazten, martxan berriro hasteko, “reset” botoia sakatu behar dela (araua urratzen du). Txikien eta arinenetako bat. Bateria daukaten lauetatik, sarean entxufatuz eta PCren premiarik izan gabe kargatzen den lagin bakarra. Agendaz hornitua. Autonomia laburrenekoa (6 ordu). MP3 ez ezik, WMA ere erreproduzitzen du.
Erabilera proba: 7,3 puntu. Txikia eta eroateko erraza, diseinua eta erabiltzeko erraztasuna ditu alderdi nabarmenak.
Oregon Scientific "MP120"
Osoko kalitatea: ona.
Ur azpian funtzionatzen du. Pantaila txikienetako bat daukana (168 mm2). Autonomia laburrenetako bat (9 ordu). Honen aurikularren kalitatea eskasenetako bat da. MP3 ez ezik, WMA ere erreproduzitzen du.
Erabilera proba: 6,4 puntu. Pantaila txikia eta USB portuan sartzeko zailtasuna.
Ipod Shuffle "A1122"
Osoko kalitatea: ona.
Denetan txikien eta arinena. Bermeei buruzko araua urratu egiten du: legeak xedatuak dituen bi urteetatik bakarra eskaintzen du. Pantailarik ez daukan bakarra. Doinuak iragan ahal izateko berariazko programa behar du (Windows eta Mac OS-en bakarrik funtzionatzen duena). Irratirik ez dauka. USB konektagailua erreproduzitzaileak dauka; haria ez du ezinbestekoa baina hori gabe nekeza gerta daiteke konexioa. Ekualizadorea ez daukan bakarra.
Erabilera proba: 5,8 puntu, denetan txarrena. Ez pantailarik, ez irratirik eta ez ekualizadorerik ez izatea biziki zigortu dute erabiltzaileek.
Ipod Nano "A1137"
Osoko kalitatea: erdipurdikoa.
Ahalmen handienekoa (2 Gb), askozaz ere. Bermeei buruzko araua urratu egiten du: legeak xedatuak dituen bi urteetatik bakarra eskaintzen du. Pantaila handiena dauka (746 mm2), irudiak agertzeko gauza den bakarra, koloretakoa gainera; baina erraz urratzeko modukoa: erresistentzia probak urratu ugari eragin zizkion (denak azalekoak). Doinuak iragan ahal izateko berariazko programa behar du (Windows eta Mac OS-en bakarrik funtzionatzen duena). Irratirik ez dauka. Hainbat funtzioz hornituta dago: agenda, jokoak… Honen aurikularren kalitatea hoberena da.
Erabilera proba: 7,3 puntu. Diseinurik egokiena, senez baliatzeko moduko menua, erraz erabiltzeko modukoa.
Mpio "FG100 Digital Cool"
Osoko kalitatea: ona.
Denetan astun eta handiena, ahalmen txikienekoa, garestienetako bat. Bermeei buruzko araua urratu egiten du: legeak xedatuak dituen bi urteetatik bakarra eskaintzen du. Deskarga elektrostatikoak aplikatzean, aparatua itzali egiten da eta ez du adierazten, martxan berriro hasteko, “reset” botoia sakatu behar dela (araua urratzen du). Pieza osagarri gehien dakartzan ekipoetako bat Bigarren autonomia luzeena daukana (24,5 ordu).
Erabilera proba: 6,8 puntu. Argibide-liburua eta kontrolak ez zaizkie atsegin gertatu erabiltzaileei.
Acer "Advanced Player QSG"
Osoko kalitatea: eskasa.
Bermeei buruzko araua urratzen du: ez du agiririk ematen. Autonomia laburrenetako bat daukana: 10 ordu eskas. USB konektagailua erreproduzitzaileak dauka; haria ez du ezinbestekoa baina hori gabe nekeza gerta daiteke konexioa. USB 1.0 (mantsoagoa) soilik daukan bakarra. Irratia aurikularrean dauka. Erorikoen proba eginarazi zitzaionean funtzionatzeari utzi zion bakarra.
Erabilera proba: 6,4 puntu. Honen aurikularrak denetan deserosoenak dira eta ez dauka paperezko argibide-libururik.