Eguberrietan su-etena dietari
Gorabehera sozial, pertsonal, psikologiko eta emozional batzuk direla medio, jende askorentzat dieta egitea ez da bat ere samurra; are gutxiago, Eguberrietan, udako oporraldietan, etxekoen ohorezko bazkari edo afarietan, etab., egun horietako ospakizunei dagokien alderdi sentimentala gogoan izaki. Egokiera horiei beste zerbait erantsi behar zaie: dieta egitea jende askok are eta zailago bihurtzen du, helburuak epe laburregira edo erdietsi ezinezko helmugak planteatzearren, hala nola hilabete gutxi-gutxitan kilo asko jaistea, uda gainean duelako -“bikini operazio” beldurgarria-, Eguberrietan dietan sartzea, gozokiak jateko tentazioan ez amiltzeko irtenbiderik egokiena delakoan edo, egun horietan bizpahiru kilo har ditzakeela eta, elikagai eta kaloriekin maniatiko bilakatzeraino obsesionatzea.
“Dena ala ezer ez” formulatik alde egitea
Lortu nahi dugun guzti-guztia ezin eskuratzearren zerbait erabat galarazte horrek -psikologian “dena ala ezer ez” mekanismoa deritzona- pertsona askotxoren frustrazio eta etsipenaren arrazoia argi asko agertzen du: jende horrek, pisua galtzea edo pisu osasuntsuan mantentzea den helburura iristeko bidean erraztasun baino eragozpen eta oztopo gehiago ikusten ditu.
Jarrera horiek are eta nabarmenago garai jakin batzuetan azaltzen dira, hala nola uda edo Gabonen aurreko asteetan, dieta egitearen emaitzak erakustea irrikaz espero baitu gizakiak orduan. Nork bere mugak ditu eta ordura arte lortu ahal izan dugun horrekin gozatu behar dugula ulertu beharrekoa da, ordea. Esate baterako, “gaur hasteko foie-gras eta azkenean turroia hartu dut, dietari saihets eginik. Bihar zintzo ekingo diot berriro”. Horrela gauzak hobe hartuko ditugu, agian, salbuespen txiki batez gozatuz; egun horretan zuhur ibiliz gero, hurrengo ospakizun batean ere bidetik pittin bat irten ahal izango garela jakinik.
Borondatea… eta beste zerbait
Dieta egitea ez da pisua galtzeko pertsonak hartu behar dituen kalorietara egokitzea bakarrik. Dietak emaitza onak erakutsiko baditu, pazienteak jakin behar du bere elikaduran eta bere pisuan faktore askok eragiten dutela, hala nola genetika, kultura, ohiturak, familia, egoera ekonomikoa, elikagaien moda, lan ordutegi eta erritmoa, etc. Gizakiaren gorpuzkera -bere tamaina eta oinarrizko metabolismoa, hots, bere energi premia gutxienekoak- determinatua du genetikak. Bera hezi den kultura horretan ikasiko zuen halako elikagaiak bestelakoak baino nahiago izatea, estetikari zein osasunari garrantzi handi edo txikiagoa ematea, etab. Janaren aurrean agertzen dugun jarreran familiak ere uzten du bere arrastoa: elikagaiak aukeratzeko edo baztertzeko eran, prestatzeko eran, elikagaien ezaugarrien ezagutza arin edo sakonean, etab.
Aipaturiko guztiari elikagaiek daukaten balio sinbolikoa gehitu behar zaio. Zeinahi arrazoirengatik (argaldu, tentsioa kontrolatu, kolesterola jaitsi, diabeteari tamaina hartu…) dieta egin duenak inoiz nozituko zuen gutxien komeni zaizkion elikagaiak hartzeko tentazio saihestezina. Dietan jartzen garenean elikagai jakin batzuen aurrean tentazio ia gaindiezin hori zergatik sentitzen dugun ulertzeko, jateko kontuek karga sinboliko eta emozional handia dutela, karbohidrato, proteina eta horrelakoez gainera beste zerbait ere badutela, hartu behar dugu kontuan. Elikagai batzuk gure bizitzako egokiera edo pertsona jakin batzuekin, oroitzapen gozo edo lazgarriekin identifikatzeko joera dugu: identifikazio horietako asko ezinbestekoak ditugu, emozionalki orekatu bizi ahal izateko.
Psikologiako adituek ohartarazia dute balio sinboliko eta emozional handiz hornituriko elikagaien aurrean nola jokatu behar duen dieta egiten ari den pertsonak aparteko gorabeheretan (Eguberrietan, adibidez). Aditu horietako askok ematen duten aholkua bete dezagun, galarazitako elikagai horiei ez diegu uko egin behar. Ondo sentitzeko, gutizia horiek noiz edo noiz -Gabonetako ospakizunetan, adibidez- hartzeko premia dugunez, horrek inongo segurantzi gabezia edo traumarik sortu behar ez digula asimilatzeak berebiziko garrantzia du.. Elikagai horretaz ahalik eta gehien gozatuz, salbuespen gisa eta dosi txikietan dastatzea da terapiarik aproposena animoa altxatzeko eta dieta egiten kementsu segitzeko. Horixe da jangai horren atzealdean ezkutatuak dauden premia psikologikoak (maitatua, lagundua, hautatua… sentitzea) asetzeko bidea.
Dieta egokiaren bidez pisu aproposean mantentzeak edo gaixotasunaren tratamendua egiteak batzuetan, epe laburretik haratago elikadura planifikatzen asma dezagun agintzen digute, neurriz eta une jakinetan hartutako gutizia batzuek eskainiko diguten atseginari betiko uko egin gabe, noski.