Multimedia aisia

Bideojoko egokia oparitzea

Nori zein bideojoko komeni zaion aukeratu aurretik aholkuak bete behar
1 abendua de 2005
Img internet

Bideojoko egokia oparitzea

Eguberria gainean, guraso askorentzat zail gertatzen da seme-alaben adinaren araberako bideojokoa hautatzea. Horrelako batzuen edukiak bortitzak dira eta, zenbaitetan, adin txikikoen hezkuntza alda dezaketen rol sexistak dauzkate. Hala eta guztiz, Espainian eginiko ikerlanak bat datoz alderdi batean: eduki horiek ez dute agertzen, orokorki, liburu, telebistako serie eta film askok baino bortizkeria handiagorik. Telebista saioekin gertatzen den bezala, bideojokoetan adin txikikoek eskura dituzten edukiak ezagutu eta ikuskatzea oso komenigarria da. Estreinako kontrola produktua erostean egiten da.

Zazpi urtetik beherakoentzat moldaturiko bideojokoa hamabost urteko seme-alabari oparitzen bazaio, oso litekeena da gaztetxoa berehala aspertu eta senidekoen ikuskaritzari ihes egingo dion beste produktu erakargarriago baten bila hastea. Aitzitik, hamabi urteko umeari helduentzat eratutako bideojokoarekin aritzea onartzen bazaio, argi dago gazteak aurrean dituen eduki horiek zuhurtasunez asimilatzeko prestaturik ez dela egongo oraino. Dena den, gurasoak seme-alaben ondoan eserita, bideojokoa ikusi eta gazteei komeni zaien ikuskatzea aholkatzen dute adituek.

PEGI sailkapena

Erosketa egokia egiten laguntzeko, bideojokoen fabrikatzaileek produktu horien PEGI (Pan European Games Information) izeneko europar sailkapena sortu dute, filmei dagokiena baino askozaz ere zorrotzagoa. Kontua da produktu bakoitza balia dezaketen erabiltzaileen adin-tarteen gaineko orientazioa kontsumitzaileari ematea eta, bide batez, produktu horretan eduki polemikorik izan litekeela jakinaraztea. PEGI sailkapena bideojokoaren karatulan ikusgarri agertu behar den ikono-kode ulerterraz baten bitartez adierazten da. Bideojokoaren edukian zigarroak agertzen badira, adibidez, aipatu dugun kode horretako drogen ikonoa ikusiko dugu azalean.

Ez gakizkion eduki soilari lotu, ordea: balizko erabiltzaileak nolabaiteko nerbio-afekzioa edo antsietatea nozitzen duen edo, bestela, epilepsia-koadrorik ager dezakeen jakitea garrantzitsua da, horrelakoetan bideojoko jakin batzuk kaltegarri gerta lekizkiokeelako.

Jostailua ez, artea eta pedagogia baizik

Nornahik ez daki bideojokoak ezin direla jostailuen zakuan sartu. Liburu edo filmetik gertuago dabilen aisi mota hau dezente konplexuagoa da eta, nahasketaren arrazoi bat, produktua definitzen duen terminoaren osagaietako bat “joko” hitza izatean datza (erabiltzailearen adina 20 urte ingurukoa den arren). Anitzetan, edukiak errealitate birtualekoak bakarrik direla eta, hortaz, horko balioak monitoreko pantailara mugatuak daudela ulertzeko adinako gaitasun intelektualaz jantziriko pertsonarentzako oparia da bideojokoa. “Arturo erregearen abenturak” irakurtzea bakarrik ez da nerabeak Erdi Aroko lehietan parte hartu nahi izateko motiboa.

/imgs/20051201/internet.jpg

Bideojokoak askotan balio pedagogiko handia du, kontzeptu abstraktu, geometriko edo matematikoak asimilatzen laguntzen duelako. Jakin-min intelektual, musikal edo estetikoa sustatzeko ere balio du. Baliagarritasun praktikoa erakusten duen adibide nabarmenena hegaldien simulagailuak dira, aparatu hauek helikoptero eta hegazkinetako pilotu izango direnek ikasi eta entrenatzeko funtsezko lanabes gisa jotzen baitituzte.

Espainia, bideojokoen kontsumoan Europako laugarren herrialdea

Espainian bost pertsonatik batek bideojokoa darabilela kalkulatu da; Espainia Europako laugarren kontsumitzailea da Erresuma batua, Alemania eta Frantziaren ostean. Bideojokoaren negozioa 2004 urtean zinema, bideo eta musikarena baino handiagoa izan zen. Sektoreak irabazi zituen ia 800 milioi euro horiei esker, industria hori Espainiako aisialdiaren eragile nagusietako bat bilakatu da. Horren presentzia Eguberri aldera nabarmentzen da batik bat, orduantxe egiten baitira sektoreko salmenten %40.

Bideojoko motak

Sailkapen ohikoena funtzionamendu eskemaren arabera egiten da:

  • Arcade motakoak. Komertzializatu ziren estreinako joko haiek, klasikoenak, imitatzen dituzte. Bereizgarri nagusia, joko erritmo bizi-bizia da, erreakzio tarteak txiki-txikiak izan daitezela, arreta fokalizatua edukitzea eta plangintza mental urria eskatzen du mota honek. Borroka, liskar eta antzekoak agertzen dira honelakoetan. Super Mario Bros da Arcade motako bideojokoen klasikoetako bat
  • Kiroletakoak. Era guztietako partida eta lehiak. PC Football eta GrandPrix dira Europan arrakastatsuenak. AEB-etan beisbola da nagusia. Mota honetan ere garrantzi handiagoa du erreakzionatzeko azkartasunak abstrakzioak baino. Era guztietako kontsumitzaileen artean arrakastatsu.
  • Abentura eta rol jokoak. Hauetan, helburua abentura handia bizitzea da, kasu zenbaitetan, jokalariek sorturiko unibertso horretan bertan. Final Fantasy da horren adibide ezaguna. Erdi Aroan eta Eskandinaviako mitologian girotuak izaten dira eta erabiltzaileari, irudimen eta planifikazio aldetik esfortzu handia eskatzen diote Gaztetxoen artean bereziki hedatuak.
  • MMOG. Interneten bidez jokatzen den abentura eta rol jokoen modalitate honek urte asko iraun dezake. Pertsona anitzeko bideojoko ere esaten zaie honelakoei. Bertan esku hartzeko ezinbesteko baldintza buru argia izatea da eta baliteke, inoiz, jokalariaren arreta gehiegi erakartzea. EverQuest da denetan ezagunena. Erabiltze helduentzat egokiak.
  • Simulagailu eta eraikitzaileak. Bertan hegazkinen hegaldia, hirien eraikuntza eta antzekoak imitatzen dira. SimCity da genero honetako aitzindaria. Arcade eta rol-jokoen artekoak direnez, haurtzaroa atzean uzten ari diren jokalarientzat egokiak dira.
  • Estrategia jokoak. Protagonistak, helburu jakin batzuk erdietsiko baditu, jarduteko estrategiak taxutu behar ditu. Estratego da horren adibidea. Haur eta nerabeen dedukzio ahalmena garatzeko egoki-egokiak.
  • Puzzleak eta logika jokoak. Espazioaren pertzepzioa, logika eta irudimena baliatzeko eratuak daude hauek. Denetan ezagunena Tetris da. Dedukzioz eta lastertasunez jardun behar denez, gaztetxoek buruari bueltak eragiteko erakargarriak gerta daitezke.
  • Galde jokoak. Ludikoak izateaz gainera, era guztietako jakituria eta ezagutza errepasatu eta ikasteko balio dezakete. Trivial ezagunean oinarritutakoak ditugu hauetan adibide. Pertsona heldua dute erabiltzaile behinena baina badaude hainbat adinetako erabiltzaileen araberako galderez osatutakoak ere.
PEGI kodea
/imgs/20051201/edad.gif

Adinen araberako sailkapena:

  • 3 urtetik gorakoentzat
  • 7 urtetik gorakoentzat
  • 12 urtetik gorakoentzat
  • 16 urtetik gorakoentzat
  • 18 urtetik gorakoentzat
Edukien araberako sailkapena:http://www.pegi.info/pegi/index.do
/imgs/20051201/violencia.gif /imgs/20051201/sexo.gif /imgs/20051201/miedo.gif
Bortxakeria Sexua edo biluziak Beldurra
/imgs/20051201/drogas.gif /imgs/20051201/lenguaje.gif /imgs/20051201/discriminacion.gif
Drogak Hizkera satsu edo arrunta Diskriminazioa