Familia giro onari eusteak esfortzua eskatzen du
Giza harremanek poztasun zoragarriak eta, era berean, arazoak ekartzen dituzte. Gizatalde guztietan -lanean, giro sozialean, familian, etc.- elkarrekin bizitzea gatazka-iturri da. Hori normala bada ere, gatazkak arazo ez bihurtzea ahalegindu beharra dago. Horrelakorik lantokian edo lotura pertsonalak derrigorrezkoak ez diren beste tokiren batean jazotzen bada bizipena ez da atsegina; familian egokitzean, berriz, arras mingarria izaten da. Familiarengandik maitasuna espero dugu eta berarekin helburu behinena partekatzen dugu, haztea eta heztea, alegia. Horregatik, famili arteko harremanek behar bezala funtzionatzen ez dutenean arazoari konponbidea bilatu behar zaio. Ez da kontu erraza, ordea. Horri ekiteko funtsezkoa izaten da haren arau eta mekanismoak ongi ezagutzea; horrela aztertuko dugu zehatz-mehatz gatazkak nola sortzen diren eta kasuan kasuko konponbide egokiena zein den.
Familiaren osasuna, bera osatzen duten kideena da
Familia osotasuna denez gero, ez da osagaien ezaugarrien batura, nortasunen eta gorabeheren interakzio multzoa baizik. Funtzionamendu egokiak bertako kideen osoko garapena sustatzen du eta osasun egoera mesedegarria iraunarazten die. Martxa aukerakoa ez denean, aldiz, arrisku faktore bihurtzen da eta senideengan sintoma eta gaixotasunen agerpena laguntzen du. Orain arte prozesu hori linealtzat hartua izan da: kausa edo eragileren batek efektua sorrarazten zuen, alegia. Ikuspegi hori, baina, ez da zuzena. Akats horri amaiera eman behar zaio, bestelako ideia bati helduz: arazoak dituen familian ez da errudun bat bilatu behar, gatazkak familiaren interakzioan izaniko gabezien ondore baita.
Familian, bertako kideren batek (alkohol edo bestelako drogen kontsumoa, eskola porrota, depresioak edo bestelakoak direla medio) sorrarazitako arazozko egoera gertatzen denean, egokiera hori ez da arazotzat jo behar, famili problematiken eroale gisa baizik. Kontua ez da esatea “seme horrek problema latza du”, “familiak arazoa du” baizik. Horrezkero, errezeta eta aholkuen bila jardun ordez, familiak zergatik funtzionatzen ez duen aztertzea da. Eta aztertzeko lanabes aproposa, berriz, famili osasunaren adierazleak zein gradutan betetzen ari diren begiratzea da. Oso litekeena da gatazkaren jatorria eta konponbidea bilatzeko formula hortxe egotea.
Famili osasunaren adierazleak
- Familiak bere zeregin ekonomiko, biologiko, kultural eta izpiritualak bete behar ditu. Famili diruaren administrazioa, etxeko logistika, osasunaz artatzea eta osasunez garatzea, oinarri moral eta balio izpiritualez arduratzea familiaren erantzukizunak dira, baita funtzionamenduaren funtsa ere. Krisi ekonomikoak, osasun edo beste zeinahi alorretako kezka eta buruhausteak sendiaren kideen konpromisoa agertzeko kinkak dira.
- Famili sistemak norberaren nortasuna eta senide guztien autonomia ahalbideratu behar du. Familiak senideen arteko menpetasun zorrotza eskatzen duenean, nori bere burua gainditzea eta errealizazio pertsonala burutzea mugatzen dio. Famili harremana zabal-zabala izaki, indibidualtasun osoa defendatzen duenean, aldiz, familiartekotasun sentimenduak ezabatzeko joera hartzen du. Familiak funtzionatuko badu, beraz, nori bere bizi-espazioa babesten dioten muga psikologikoak errespetatu behar dira, independentzia eragotzi gabe eta, aldi berean, kide guztien elkartasunezko garapena galaraz dezakeen gehiegizko indibidualtasuna ere sustatu gabe.
- Arazoak konpondu behar direnean, arau eta roletan malgutasuna agertu behar da familiaren baitan. Famili kide bakoitzari bere eginkizun eta rolak egokitu zaizkio eta denek onartu dituzte bereak. Garrantzi handia du, gehiegizko zorroztasunaren eraginez, rol horietan gehiegizko kargarik ez hartzeak (ama nerabe edota guraso bakarra dagoen etxe askotan jazotzen den legez) eta, era berean, etxean gizonezko eta emakumezkoen funtzioetan zurruntasuna ezartzen duten sexuen araberako estereotipoak ez ezartzeak ere. Familiak funtzionatuko badu, izendaturiko zereginetan elkarren osagarri jokatu behar dute senideek, eginkizunak era zurrunean mugatu gabe. Hierarkia edo belaunaldien arteko aldeari dagokion betetzea aztertu behar da, bai horizontalki (botere bera dutenean) bai bertikalki ere (hierarkia maila desberdinak dauden kasuetan). Esate baterako, senar-emazteen artean hierarkia sistema horizontalak funtzionatu behar du eta gurasoak eta seme-alaben arteko harremanean, bigarrenak aurrenekoen zaintzapean daudela, bertikalak. Parametro horiek aintzat hartzen ez direnean edota hierarkiatzat autoritarismoa jotzen denean familiak ez du funtzionatzen eta, areago, hierarkia irauli, alderanztu egiten da (aitak berriro ezkontzeko baimena alabari eskatzen dio).
- Famili sistemak koherentzia eta maitasunezko komunikazio garbia eskaini behar du, arazoak partekatzeko aukera emango duena. Pentsatzen dena eta aldarrikatzen dena bat ez datozenean, egiten dena ez da esaten dena; horrelakoetan mezu inkongruente eta bihurrituak igortzen dira, komunikazioa usteldu egiten da eta iruzkintzen, kontatzen eta aditzen den egian ez da gehiago sinesten.
- Familiak aldaketei egokitzeko gauza izan behar du. Familiaren bilakaeran ezinezkoa da zurruntasuna. Gorabeherak etengabe aldatzen ari direnez, oreka berrien bila etengabe aritu behar da: funtsean, familia bera ez da aldatzen baina bere mugak, bere hierarki sistemak, arau eta rolak bai. Etengabe egokitu behar dira, garapen-zereginez (familiak bizi-zikloan egiten dituen etapez, alegia) eta buru-egitezko eginkizunez (krisi, arazo eta kinka larriei aurre egitekoei) artatzeko.