Eskien gainean mugarik ez
Pistan, eskiatzailea eserita, eski bakarraren gainean jira eta biraka ikustean edo, bikote batek elurretan bi lerro paralelo perfektu uzten dituenean, itsu-mutilaren arrastotik… geuk ere horrelako teknikaren jabe izan nahi genukeela pentsatu izan dugu askotan. Horrelakoetan onartu beharrean gaude: kirolak berdindu egiten gaitu denok edo, hobeki adierazteko, esfortzua egiteko gaitasunaren arabera sailkatzen gaitu. Horrek ez du inongo zerikusirik mugapen motor, sentsorial edo intelektualekin.
Eski alpinoa -egokitu eta normalizaturik- eta antzeko kirol asko eta askoren praktika Bigarren Mundu Gerra amaitzean hasten da. Urte haietan errehabilitazio-teknikak modernizatu eta gerrateko beteranoen neurrirako kirol mota zenbait egokitu eta sortu ziren. Geroztikako beste hainbat liskarrek -Vietnamgo gerrak, adibidez- lesioek ezinduta, gizakiak bizimodua gurpil-aulkitik mugitu gabe egin behar zuenean edo, leku batetik bestera joateko, itsu-mutila ezinbestekoa zuenean, kirol batzuk praktikatzea askatasun-sentsazioa handitu egiten zuela egiaztatu zuten. Naturarekiko harremanaz gozatuz elurretan barrena irristatzean, abiadura eta ingurunea lagungarri baliotsuak dira. Aldez edo moldez ezinduak dauden pertsonei jarduera kolektiboetan esku hartzeko ez ezik, bestelako mesedeez ere (taldean integratzea, nork bere burua gainditu edo hobetzea, etab.) baliatzeko aukera eman die eskiak. Bost axola erabat edo hein batean itsua izatea, bizkarrezur-muineko lesio larria nozitzea, ahalmen intelektuala murriztuta edukitzea. Eskia ez dago mugatua, aukera askoren arabera aldatzeko modukoa da-eta.
Eski mota zenbait
Eserita eskiatu behar duten pertsonentzat eratua, gorputzaren goialdean indar handia, oreka ona eta enbor malgutasuna eskatzen ditu kirol mota honek. Kirolaria, eskiari loturiko euskailuri erantsita dagoen eserlekuan jarririk, sarraila antzeko batek atxikitzen dio euskailua oholari. Orekan joateko eta birak egiteko, eskiatzaileak estabiloak (muturretan eskiak dauzkaten makulu egokituak) dauzka esku banatan. Monoskiaren diseinuari esker eskiatzailea teleaulkian bakarrik igo daitekeenez, independentzia handiz jarduteko aukera ematen dio kirolari ezinduari. Monoskian dabilen eskiatzaileak oso-oso maila altua har dezakeenez, zailtasun handiko pistetan eta beltzetan ibiltzera iritsi daiteke.
Biskia ere eserita eskiatzen duten pertsonentzat eratu zen, baina eskiatzaile hauek mugikortasun eskasa eta indar gutxi dute gerritik gorakoan. Azpialdean bi eski dauzkan beira-zuntzezko eserlekuan ipinita doa eskiatzailea; honetan, monoskiak baino oinarri zabalagoa duenez, eroso eta errazago ibiliko da. Biskian ere autonomia handiz jardun daiteke kirolaria, bi estabiloren laguntzarekin. Eskiatzaile hasberriek laguntza handiagoaren premia dutenek, monitoreak ezarritako zinten bitartez estekaturik, barra bati loturik eraman ditzakete eskuak.
Honelako eski mota hanka moztua daukaten edo poliomielitis nahiz hemiplegiak jota dauden pertsonentzat da egokia. Hiru aztarnaren gainetik eskiatzen dutenek eski arrunt bat eta bi estabilo luze daramatzate eta hiru horietan dituzte euskarriak. Aurrerapen handiak egiten dituzte kirolariok modalitate honetan.
Lau aztarnako eskiatzaileek bina eski eta bina estabilo darabiltzate. Lau euskarri horiek eskiatzaileari egonkortasuna eta biratzeko aukera eskaintzen diote. Bi eskik eta bi estabilok elurretan lau euskarri izatea bermatzen diote pertsonari. Batzuetan, eski-muturrak elkarlotzen dituzten mekanismoak ezartzen zaizkie, eskiak elkarri ez gurutzatzeko eta, bide batez, oreka hobea lortzeko. Makuluekin dabiltzan pertsona gehien-gehienek eskia dezakete lau aztarnarekin.
Itsuek praktikatzen duten eski alpinoa da, seguruenik, modalitaterik ezagunena baina horrek ez du esan nahi deigarria gertatzen ez denik. Nekez konbentzi dezakegu ikusten ez duen inor aldapaz behera abia dadin, geroz eta azkarrago joateko. Horregatik, taldeka praktikatzen den kirol mota honetan gidari ikuslea ezinbestekoa da, gainerakoak ere pistan behera irrista daitezen. Horretarako nahitaezkoa da eskiatzen maila ona agertzea eta entrenamenduan ordu asko ematea. Erabat itsu ez diren pertsonek gidariari ikusmenez segitzen diote. Eskiatzaileak zehaztasun osoz jarraitu behar dio atzetik gidariari, honek utzitako arrastotik irten gabe saiatuz. Gidariak keinu nabarmenak egingo dizkio informazioa emateko edo, bestela, ahotsez adieraziko dio esan beharrekoa. Erabat itsuak diren eskiatzaileak abiadura txikiagoan ibili ohi dira, soinuaren arabera (gidariak bizkarrean daraman bozgorailutik irteten den ahotsa, alegia) bakarrik orienta daitezkeelako.
Estazio eredugarria
Eski estazioak ezintasunak dituzten pertsonentzat legeak xedatutako mugetatik haratago egokituak egotea derrigorrezkoa ez den arren, kolektibo hori pistek, monitoreek, pertsonalak eta seinaleek aintzat hartzeak sentsibilitate goresgarriaren eta -zergatik ez?- enpresa-jokaera egokien erakusle da. Horren adibide bat, egunetik egunera horrelakoak ugaltzen ari direla ahantzi gabe, La Molina eski estazioa da: azken hamar urteotan instalazioak hobetzen ahalegindu dira bertako arduradunak, bertara edonork ateak zabalik izan ditzan (ikasteari loturiko guztian, batik bat: eskiatzen jakinez gero, bost axola zein baldintzatan edo nolako ahalmenez praktikatzen den).
Iaz, esate baterako, pertsona ezinduek diseinatu eta beraientzat egokituriko pista inauguratu da. Horren helburua zailtasunak dituen jendea eskiatzen hastea denez, pistak teleaulki berezia (zinta eroalearen modukoa), eskiatzaileaz eta bere laguntzailez artatzeko etxola bat eta berariazko aparkaleku plazak dauzka. Horiez gainera, igogailuetako pertsonala berariaz prestatzeko ikastaroak antolatu eta, eski estazioan bertan, natur guneari egokituriko kiroletako teknikariak prestatzeko zentroa ere eratu da. Ezinduen kolektiboaz artatzeko jomugaz Aragoiko Aramon osatzen duten estazioek ere bat egin dute: bitarteko kafetegietan, elurretatik zuzenean komunetara eta kafetegira sartzea ahalbideratzen duten gurpildun aulkiak dauzkate eta igogailu mekaniko gehientsuenak ezintasunen bat duten erabiltzaileek balia ditzakete. Enpresa-politikaren parte bat da, era berean, pertsonala igogailu mekanikoak eta gainerako zonak erabiltzeko eskiatzaile ezinduak prestatuko dituzten monitoreak trebatzea.
Argi dago, beraz, eskia egin dezaketela gradu desberdinetako kirolariek baina, horrelako ezintasunen gainetik, eragozpen serio bati egin behar zaio aurre: prezioari, alegia. Tira, ekipoa arrunta baino garestixeagoa den arren -eskaintza urria baita- urte askotarako balio du. Garestiena, ordea, prestakuntza da, pertsona ezindu batek irakasle bat berarentzat bakarrik behar duelako; baita bi irakasle ere, zenbaitetan. Nolanahi ere, eskiatzeko ateak jende guztiari zabaltzeak ahalegin partikular eta instituzionalak egitea agintzen eta merezi du, ondo frogatua baitago traumaren osteko errehabilitaziozko terapietan eskiak pazienteari hobekuntza fisikoa ez ezik, alor emozionalean ere laguntza itzela eskaintzen diola.