Minezko kristalak
Ohiko baldintzetan, organismoko azido urikoaren herena elikagaietatik dator eta beste bi herenak, berriz, barne-metabolismotik. Organismotik azido urikoaren herena gorozkien bitartez kanporatzen dugu eta beste bi herenak giltzurrunek botatzen dituzte. Organismoan azido uriko gehiegi egotea, hortaz, produkzio handia edo suntsitze urriaren ondorio izan daiteke. Baina hezueria ez da gaitz metabolikoa bakarrik: aresti eginiko ikerlanei esker, trastorno horretan sistema immuneak eta herentziak esku hartzen dutela frogatu da.
Kristalezko orratzak
Odoletatik zirkulatzen duen azido uriko ugariegiak (hiperurizemia) orratz formako azido urikozko kristalak sorrarazten ditu; horrelakoak junturetan metatzen direnean hezueri krisiak sorrarazten dituzte.
Hezueri krisi akutua bat-batean eta ustekabean agertzen da, hankako behatz lodian, eskuarki. Mina berebizikoa da, behatza hanpatzen, azala gorritzen da eta hipertsentsible dago: arroparekin edo maindireekin igurzte hutsa mingarria gertatzen zaio gaixoari. Estreinako krisia juntura bakarrean agertzen da: kasuen %68tan behatz lodian, %24tan oin eta orkatiletan eta %4tan belaunetan. Baina hurrengo krisietan oin eta orkatiletan azaltzen dira kasuen %34tan, belaunetan %20tan, behatz potoloan %18tan, esku eta eskuturretan %16tan eta ukalondoetan %10etan. Lehen krisiak egun batzuk baizik ez du irauten. Tratamendurik aplikatu gabe ere, maiz juntura hertu eta ohiko kolorera itzultzen da. Baliteke aurreneko krisi horren ondotik besterik ez agertzea edo, era berean, hilabete edo urteak pasatzea ere. Baina oso litekeena da, era berean, hezueria kroniko bihurtzea, krisiak maiz errepikatzea eta, gainera, bestelako lesioak ere agertzea, azido urikozko kristalak junturetan, azalean eta giltzurrunetan pilatzen direlako, lesio iraunkorrak sortaraziz.
Hezueria larria denean giltzurrunak bi mekanismoren bidez endeka daitezke giltzurrunak. Azido uriko pilatuak giltzurrun-parenkiman eta bere iragazte sisteman izaten dute eragina eta, areago, hezueri nefropatia eta giltzurrun-gutxiegitasunik ere eragin dezakete; bestetik, gehiegizko azido urikoak kalkuluak osatzearen errudun izaten da.
Tratamendua
Egun ongi kontrola daitezke biak, bai krisia, bai hezueri kronikoa ere. Kontua da pittin bat alderdi hori zaintzea baina, horrez gainera, hezueria tratatzeko botikak dituen baliabideak biziki eraginkorrak eta mugagabeak dira, kasik. Krisi akutua hanturaren kontrako sendagai eta analgesikoekin osatzen da. Dena dela, krisi akutua tratatzea garrantzitsua bada ere, are eta garrantzi handiagoa du balizko krisiei saihets egiteak eta, batez ere, hezueri kronikoak agertzen dituen alboko eraginei itzurtzeak; horrelakoetan tratamendu luzea aplikatzea ezinbestekoa izaten da, funtsezko bi bidetatik: dieta azido urikoaren gradua kontrolatzeko botikak. Aspaldi, botika eraginkorrik ez zegoen garaietan, hezueria kontrolatzeko bide bakarra dieta zen; egun, berriz, bigarren tokian geratu izanak ez du esan nahi dieta egin behar ez denik. Argitu dezagun, nolanahi ere, dieta bera bakarrik ez dela nahikoa, funtsezkoa dela behar bezalako hidratazioa: purina ugari duten elikagaien eta alkoholdun edarien (likoreena, bereziki) kontsumoa murriztu edo ezabatu behar da. Garagardoak, alkohol gutxi badauka ere, aski kaltegarria gertatzen zaie hezueria nozitzen duten pazienteei. Horiez gainera, likido ugari edan beharra dago: egunean 2,5 litro ur, gutxienez.
Hiperurizemia botiken bitartez kontrolatzeko moduari dagokionez, egun gehien preskribatzen den botika Alopurinola da, azido urikoaren produkzioa murriztu egiten duelako. Giltzurrunetatik kanporatzea errazten edo laguntzen duten botikak ere erabiltzen dira, hala nola probenezid eta sulfinpirazolona.
Tratamendu egokirik aukeratzea gaixoaren ezaugarrien arabera aldatzen bada ere, tratamendua luze-luzea dela -bizitza osorakoa, seguruenik- hartu behar da gogoan; horrekin batera, arrisku-faktore batzuk ere arindu behar izaten dira: gizentasuna saihestea, alkohola ez kontsumitzea eta dieta zuzena egitea, alegia, horrek denak ahalik eta botika gutxien kontsumi dezagun lagunduko gaituelako.
Pertsona batzuek azido uriko handia daukaten arren ez dute horren sintomarik agertzen: horri hiperurizemia asintomatikoa deritzo. Printzipioz behintzat ez dute zertan hartu botikarik -non eta oso-oso zifra handiak ez dituzten- baina azido uriko hori giltzurrunetatik kanporatzeak organook kaltetu edo kalkuluen metaketa eragin dezake.
Prozesu metabolikoan azido uriko bihurtuko direlarik, purina ugaridun elikagai gehiegi jatea da igoera horren zergati behinena. Purinak, haragi gorri, ehiza, errai, arrain urdin (antxoa, sardina, sardinzar, amuarrain, izokinean), itsaski, txerri-hestekietan eta hainbat landaretan (apio, berro, zainzuri, ilar, leka, babarrun zuri, dilista, errefau, azalore, ziazerba eta bestetan) dautzan elementu organikoak dira.
Baina egokiera batzuek ere, berez, azido urikoaren igoera areagotzen dute:
- Alkohola (baita, dirudienez, kafeina) kontsumitzea
- Estres egoerak
- Kontraste erradiologiko iododunak erabiltzea
- Hainbat botika, hala nola diuretikoak, teofilinak eta aspirina dosi txikietan
- Gizentasuna, hipertentsio arteriala, diabetesa, dislipemiak.
Zenbaitetan, azido urikoa garai edukitzea suntsitze prozesua eragoztearen ondorio da: akats hori, maiz, giltzurrunetako arazoren batek sortua izan ohi da.