Erretiroa ongizatearen lanabes bazen ere, lan-kudeaketaren tresna bilakatu dela diozu. Zein adieratan, alegia?
Erretiroa hartzea, lan-indarra berriztatzeko bitarteko ez ezik, langileak bere pentsioa jaso eta lana uzteko aukera gisa sortu bazen ere, kapitalismo berankorraz geroztik, adin jakin batera iristen zenarentzat mehatxu bilakatu zen. Adineko pertsona horiek balizko aurre-jubilatuen taldean sartzea hurbiltzen ari zela ikusten zuten, kezkaturik ikusi ere: ez zekiten zein adinetan egokituko zitzaien. Beraz, une horretarako prestatzerik edo uneari aurrea hartzerik ez zegoen. Erretiratzea, langabezia murrizteko, errotazio-tasak ugaltzeko eta lan-indar gazteago, eraginkorrago eta, errebindikatzeko orduan, otzanagoa eskuratzeko lanabes baliagarria zela ikusi zuten. Langilearen interesak orduan ez ziren aintzat hartu.
Zergatik diozu hori, langileak nahitaez onartu behar zuelako ala aurrerantzean nozituko zituen lan-baldintzengatik?
Biengatik ere. Segadan harrapaturik egokitu dira langileak: erretiroa hartzea (biziraupenerako diru-baliabide urri-urriak ekarriko dizkien pentsioa onartuta) edo, hori onartzen ez badute, enplegua bilatzea egunetik egunera zailago bihurtzen duen lan-merkatuari aurre egitea. Dilema hori areagotu egiten dute gobernuek eta sindikatuek langile zaharrek erretiroa hartu eta postua gazteagoei utz diezaieten egiten duten presioarekin. Horrek denak adinagatiko diskriminazioa sortarazten du lan-merkatuan. Noski, horrela aitortu nahi ez bada ere, adin handiko eta eskubide ugariko langileak garestienak direnez, kostuak murriztera jotzen dute enpresek, horrelako beharginak kaleratuz. Jubilatze figura asmatu eta instituzionalizatu aurretik, lan-merkatutik erretiroa egokitzat jotzen zuenean edo gorabeherek -fisikoek, gehienetan; izan ere, gizarte aurre-industrialetan eta lehendabiziko gizarte industrialean pertsona zaharrak funtzionaltzat hartuak izaten baitziren- agintzen zutenean hartzen zuen erretiroa langileak. Eta, gazteak bezain baliagarriak ez zirela onartua zegoen arren, edadetuak nahitaez lan-mundutik ateratzea ez zebilen inoren burutik. Egun, erretiroa hartzea eskubidetzat jotzen bada, borondatezkoa izan beharko litzateke edo, gutxienez, lana uzteko adin-muga malgutu egin beharko litzateke. Inor lanpostuan halako adina bete arte iraunaraztea bezain bidegabea da gai den norbait jarduera jakin horretan ari dadin galaraztea.
Norbaiten aburuz, baliteke egun lanean dabilen eta pentsioa ordaintzen ari den jende horri erretiro garaietan zor zaiona pagatzeko adina dirurik ez egotea. Zein da beldur horren funtsa?
Pentsio sistema bideragarria da oraino; funtzionatu egiten du eta Estatu espainiarrak izan behar du horren berme-emaile behinena. Egun bezainbeste aberastasun sekula ez da izan, egiazta dezakegun bezala (Europaz ari naiz, jakina). Hortaz, aberastasun hori sortzen ari diren langileak berak ordainik jasoko ez ote duten imajinatzea paradoxazkoa da, gutxienez. Urte batzuetan, jaiotze-tasa urri-urria zenez, populazio-piramideak hutsunea larriki nozitu eta populazio aktiboa pentsiodunek osatutakoa baino txikiagoa izango ote zen, beldur zeuden adituak. Orain, itxura guztien arabera, immigrazioari esker arrisku hori arintzen ari da eta, berehalako etorkizunean, esku-lana ugariegia ez izateak jornalak igotzea eta Gizarte Segurantzaren kotizazioak altxatzea ere ondoriozta dezake. Kontua, berriro ere, aberastasuna denengana iristeko moduan banatzea da.
Hortaz, erretiro duina bermatuko duten pentsio-planak sinatzeko egokitasunaz behin eta berriro ematen zaizkigun aholkuak zuzenak al dira?
Zuhurtziak ez du kalterik eragiten. Pentsio sistema ez da justua, ez du horrela izatea nahi eta ezin izan liteke, gainera. Bertan ahalik eta jende gehien sartzeko helburua du baina sektore zigortuenetako gizakiak ezin ditu ahantzi; hortaz, gehien jartzen dutenek gero ez dute etekina proportzio berean jasoko. Oso litekeena da pentsiorik altuena ordaindu zenaren baliokide ez izatea baina solidarioa da, denei pentsiorik hel dakien laguntzen baitu. Horregatik ez da gehiegizko neurria finantza-iturri partikularretara jotzea.
Nolako diru-sarrerak izan beharko lituzke erretiroa hartutako pertsonak duintasunez bizi ahal izateko?
Etxebizitza, elikadura eta osasuna bermaturik, norberak gaur arte ohi izan duen bizimoduaren arabera aldatzen da kopuru hori. Erretiroak lortu behar duena argi dago: aldaketarik gertatzekotan okerragora ez izatea eta, gainera, pertsona lanean zebilen garaietako bizi-baldintzei euts dakion bideratu behar du. Alderdi psikologikoan, bizi-zikloko beste zeinahi aldaketaren aurrean bezala, nahitaezkoa da egokitze prozesua bizitzea: erretiroa garaiz baino lehenago hartu badu ere, zahartzaro goiztiarrean ez amiltzeko ahaleginak egin behar ditu pertsonak. Funtsezkoa da jarduera mental eta fisikoari heltzea eta, nola ez, erretiroak erabaki asko hartu eta aukeraketa ugari egitea agintzen duela konturatzea.
Baldintza ekonomikoak alboan, nolako erantzunak bilatu behar dira gizartearengan?
Helduaroan pertsonak aurrekoa dela sentitzen du, bere burua ez du zahartzat hartzen, izan ere, zaharra ez baita: zahardadea, zuzen eta zehatz, ez da urte asko beteak izatea, autonomia gabezia baizik. Erretiroa hartzean jendeak lehenago egiten zituen gauza berberak -lana izan ezik, jakina- egiten ditu, hein handi batean. Horrelako betebeharretatik askatzeak ordutegia berregituratzeko, aisialdian eta boluntario-jardueretan aritzeko, senide eta adiskideekin izateko aukera ematen dio. Gizarteak hortxe egon behar du, jarduera erakargarriak egiteko aukerak -baliabide materialak eta bestelakoak barne- eman behar dizkio zaharrari. Harreman horrek feed-back eragin ohi du maiz: bere burua besteentzat baliagarri eta beharrezko ikusteari esker, erretiroan dauden pertsona askok sekulako ekarpenak egiten dizkiote familia eta gizarteari, bai materialak, bai afektiboak ere. Finean, dudarik gabe, horrek denen ongizatea finkatzen du.
Behin ere erretiroa hartuko ez duen etxekoandrea dugu hor…
Etxeko lanetan segituko badu ere, aurrerantzean ez du senarraren ordutegi-protokolo zorrotz paraleloa bete beharko, ezta laneko kezkak zertan konpartitu ere; beraz, aldez edo moldez, etxekoandreak ere hartzen du erretiroa. Izan ere, adin horretan makina bat emakume hasten da etxetik kanpoko jardueretan. Egoera berezi bat nabarmendu nahi nuke, dena den: goiz alarguntzen denari gertatzen zaion aldaketa latza, gertaera traumatiko horrek alargunaren ongizatean eta osasunean berebiziko eragina izaten duelako. Dolu-garaia iraganik, auto-errealizazio sentimendua bizi beharko luke alargunak etapa horretan, bere burua prestatzeko, ikasteko eta askatasun pertsonala praktikan jartzeko aukera urri-urriak izan zituen belaunaldi horretako emakumeak. Jarduera kultural eta prestakuntzazkoek oraindik ezezagun dituzten munduetarako ateak irekitzen dizkiete eta pertsona gazteago eta hobeto prestatuen solasaldian esku hartzeko segurantzia ematen diete.
Zergatik azpimarratzen dituzu jarduera altruistak?
Erretiroan jarduera batean aritze hori aisialdi ideiarekin lotzen da, betebeharren jarduera pribatua den aldetik. Betebeharrik ez izateak ez du esan nahi, ordea, ardura eta konpromisorik ez hartzea. Areago, zaharren zenbaitetan egiten duten jarduera hori zerbitzu publikotzat jotzen da, egintza horiekin beste pertsona batzuei eta gizarteari berari laguntzen diete-eta. Horrek, berriro ere, gure zaharrak azpiegiturez hornitzeaz eta arreta bideratzeaz hausnarketa egin dezagun agintzen digu, osasun-alorreko gogoetez haratago.
Pertsona zaharren kontrako tratu txar, gehiegikeria eta axolagabekeriaz Espainian egin den ikerlan bakarraren egile zara. Irakurtzeak berak ere izua ematen du: egoeren %68tan, zaintza fisikoan zabarkeria hauteman da; %46tan, zaintza afektiboan arduragabekeria eta %10etan, tratu txar fisikoa, orokorki. Egoeren %32tan tratu txar psikologiko-emozionala, %17tan, materiala eta %1etan, sexuala. Honetan ere, emakumearen aurkako bortxakerian bezala, kasuak salatzen direnean, zifrak ikaragarriak izango ote dira?
Nekez onar daitekeen arren, pertsona zaharren %5 senideen tratu txarren biktima direla dioskute datuek. Portzentaje hori zenbaki absolututan adierazita, kopurua izugarria da baina, halaz ere, bortxakeriazko egoera hauetaz oraingoz ez eragile politikoak, ez sozialak jabetu dira; areago, pertsona zahar ahulen eskubideak babestuko duen arauteriarik ez dugu oraino. Egoera honi buru egiteko, balizko kasuak detektatu eta politika sozialak diseinatzea bideratzeko moduko lanabesak sortu behar dira, osasun eta gizarte alorretako profesionalen esku jartzeko. Tratu txarren eragile askok eta askok biktimarekin menpekotasun ekonomikoan oinarrituriko harremanak dituzte: zaharra ahulagoa denez, pentsioa, ondarea eta bestelakoak erauzten dizkioke.
Baliteke pertsona zaharra gaizki zaindua egotearen erruduna ez izatea zabarkeria edo axolagabekeria, ezagutzarik eza baizik.
Horregatik ari dira behin eta biritan mezua errepikatzen: gizartea tresnez hornitu beharra dago. Edadetu gehientsuek, beren eguneroko bizimoduan artapena jasotzeko unea iritsi zaienean, etxean geratzea nahiago dute, bera maite duen pertsonaren zaintzapean. Eta, nahi ez badugu ere, horixe izaten da aukera bakarra kasu askotan, 65 urtetik gorako ehun pertsona bakoitzeko 2,7 plaza baizik ez dagoelako egoitza edo zahar etxe publiko eta pribatuetan. Horregatik, menpekotasunik duten pertsona zaharrez kargu egiten direnei baliabideez hornitu behar dituzte erakundeek, ezinbestean. Katering zerbitzuak, etxez etxeko artapena, aisialdirako zentro komunitarioak, etxebizitzaz aldatzeko edo norberarena egokitzeko laguntzak, osasun-teknikei buruzko ikastaroak eta antzekoak eskaintzea behar-beharrezkoa dute, premiak asko dira eta. Planteatu egin dira; orain, konponbideak aurkitu eta praktikan jarri behar.