Tinta-injekziozko inprimagailuak

Eraginkorrak, isilak eta erabiltzeko errazak, baina prezioetan alde handiak

Segurtasun eta etiketa hobeak izan ditzaketen arren, azterturiko inprimagailu guztiek -erabiltzaile arrunt baten premiak kontuan izaki-oso prestazio onak eskaintzen dituzte.
1 urria de 2001

Eraginkorrak, isilak eta erabiltzeko errazak, baina prezioetan alde handiak

Tinta-injekzioaren bidez diharduten zortzi inprimagailu aztertu dira oraingoan, horien prezioak 14.245 pezetatik (Epson Stylus 480SXU) 27.900 pezetaraino (Xerox Docuprint M750) doazelarik. Inprimagailua, berez, ordenagailuak sorturiko testuak, irudiak edo grafikoak inprimatzen dituen aparatua da. Inprimagailu matrizialak (zaratatsuago eta kalitate eskasagokoak, oro har) zaharkiturik geratu dira gaur egun; beste muturrean, laserrez dabiltzanek kalitate askoz ere handiagoa dute, baina prezioa ere horren tankerakoa da: beraz, horrelakoak profesionalek bakarrik izaten dituzte nahiago. Tinta-injekziozko inprimagailuak -gehien saltzen direnak, alegia- erabiltzaile arrunten premietara ondoen egokitzen direnak dira.

Azterturiko zortzi inprimagailu hauetan prezio eta kalitatearen arteko erlaziorik hoberena Epson Stylus Color 680 (21.500 pezeta) laginak eskaini du. HP Deskjet 640C (14.930 pezeta) ere aukera polita da, baina kalitate on-ona denetan bi garestienek, HP Deskjet 840C (23.695 pezeta) eta Xerox Docuprint M750 (27.900 pezeta), bakarrik ematen dute.

Erresoluzioak, paperean tinta jaurtitzen duten piten kopuru edo dentsitatea adierazten du: zenbat eta erresoluzio handiagoa, orduan eta zehaztasun hobea argazki eta testuetan. Baina kalitatea puntu-kopuruaren arabera ez ezik, zehaztasunaren arabera ere aldatzen da: erresoluzio handiegia, adibidez, papera blaitu eta inpresio-kalitatearen kaltetarako gerta daiteke, adibidez. Epson Stylus Color 680 lagina da erresoluzio handienekoa, ondotik Lexmark Z12 eta Xerox Docuprint M750 datozkiola; Canon markakoak, aitzitik, erresoluzio urriena eskaini du.

USB portua, balio anitzagokoa

Sei laginek USB eta portu paraleloa (zaharragoa) dakartzate, inprimagailua ordenagailuarekin lotzeko. Aukeran, hobe da USB portua: azkarragoa izaki, PC pizturik dagoenean ere badago konektatzea eta sarrera bakar batean, gainera, aparatu bat baino gehiago “entxufa” daitezke. Epson 480 SXU laginak USB lotunea bakarrik daukanez, ez du funtzionatuko antzinako sistemekin (Windows 98 eta Mac OS 8,1 sistemez geroztik ezagutzen du ordenagailuak USB; lehenagokoek, ez). Beste muturrean, Olivetti laginak portu paralelo bakarra dauka: ez dabil Macintosh ordenagailuekin. Mantenu eta garbiketa errazei dagokienez, denak dira azpimarratzekoak. Berezko inpresio-egoeraren menurik ez daukaten bakarrak (sistema operatiboarekin batera datorren seriekoa baliatzen dute) HP laginak dira.

Paperaren sarrera eta irteera errazak ere balioztatu ziren proban. Epson markako bi modeloek eta Canon laginak ez dute euskailua besteek bezain zurruna: beraz, ezaugarri horri puntuazio urriagoa eman zaio. Paperaren irteera eskasenekoak Olivetti Artjet-10 -paperaren irteerako azpilik ez baitu- eta Canon BJC 2100 dira; Epson 480 SXU, modeloak, bere aldetik, euskailu txikiegia du.

CONSUMERek inprimagailuei segurtasun-alorreko hainbat proba gaindiarazi dizkie: talka elektrikoak, eskuekin iristeko modukoak diren zatiak hauteman eta ihes-korronteak atzematea, zurruntasun dielektrikoa, beroketak, egintza, egonkortasun eta arrisku mekanikoei buruzkoak, etab. Eskaintzen duten bukaera onartzeko modukoa da, oro har, baina aparatuen egintzaz ari garela, maila jaitsi egiten da, zortzi laginek ere erraz iristeko moduko zati mekaniko mugikorrak dituztelako (arriskutsua baita hori, hein batean). Epson (bi modeloek), Lexmark eta Olivetti laginek ez dute buruak gelditzeko babesik, aparatua inprimatzen ari delarik, estalkia irekitzen denean. Bestetik, arrabolak eskuragarriegi dituzte zortzi laginek. Eragozpen hori ohar bat eginez konpon liteke: “Kontuz! Zati mugikorrak eskura” edo antzeko beste zerbait, baina laginek ez daukate horrelakorik.

Elkargarritasun elektromagnetikoaren probei goazkiela, ekipo hauek emititzen dituzten erradiazio elektromagnetikoek aparatu elektriko sentikorren baitan (igorpen-probak) eraginik ez dutela eta, bestetik, kanpo-interferentzien aurrean, inprimagailuok bere burua neurri batean babesteko gai direla (inmunitate-probak) egiaztatzea izan da kontua. Emaitzak: igorpen-probetan lagin guztiak arauaren araberakoak izan ziren arren, Olivetti Artjet-10 lagina mugatik oso gertu ibili zen. Inmunitate-probetan, aldiz, sei inprimagailuk huts egin zuten: Lexmark eta Canon bakarrik gertatu ziren arauaren araberakoak. Gainerakoetan, kanpo-perturbaziorik aplikatzean, inprimagailuen jardueran anomaliak gertatu ziren.

Kalitate ona eta energi kontsumo apala

Hainbat erresoluzio desberdinetan zortzi laginek egiten duten inpresio lana alderatu zen laserdun inprimagailu batek (HP Jet 4500, hain zuzen ere) egiten dituenekin. Argazkiak inprimatzean, hoberenetik hasita, hauek nabarmendu ziren: Epson 680, HP 840C, HP 640C, eta Epson 480 SXU; txarrenak, berriz, Canon BJC 2100, Lexmark Z12 eta Olivetti Artjet-10 izan ziren. Testua eta koloretako grafikoak inprimatzean, berriro ere hoberena Epson 680 izan zen, ondotik Olivetti Artjet-10 zetorkiola; eta Lexmark Z12 ostera ere, azkeneko tokian agertu zen.

Inprimagailu azkarrenak HP 840C eta Xerox Docuprint M750 dira, minutuko 4,6 orrialde egiten dituztelarik; ondoren Epson 680 (4,3) eta HP 640C (4) daude. Lexmark Z12 (2,6) eta Canon BJC 2100 (2) izan ziren mantsoenak.

Inprimagailuok kontsumitzen duten energia elektrikoa ere, itxaronaldian eta jardunean neurtu zen. Oso kontsumo apala dute denek: 3,2 eta 8,2 W bitarte itxaronaldian eta 14,3 eta 19,2 W, berriz, jardunean. Bonbilla soil batek horren bikoa kontsumitzen du (40 w orduko, hor nonbait). Ekipoaren pisuak eta neurriek zehazten dute, hein handi batez, bere ergonomia: Canon, Lexmark, Olivetti eta Epson Stylus Color 480 SXU dira denetan azpimarratzekoenak, baita arinenak ere (2,4 eta 3,1 kilo bitartean). Astunenak, aitzitik, HP (5,2 eta 5,8 kilo) markakoak eta Xerox (6,5 kilo). Denetan txikiena Olivetti (33,5x20x34,5 cm) eta handiena, berriz, Xerox (47x57x21 cm) dugu.

Bermea, eskas

Zortzietatik bostek eskaintzen duten berme-agiria ez da zuzena. Lexmark, Xerox eta HP markako bietan, fabrikatzailearen eta kontsumitzailearen datuak ipintzeko egokitutako espaziorik ez dago; Olivetti markakoan ez da adierazten bermearen indarraldiak noiz arte irauten duen. Gidaliburuak aski onartzeko modukoak diren arren, Canon eta Olivetti laginek dokumentazioa ez dute paperean ematen: CD-an grabaturik dagoela, pantailan bakarrik kontsulta daiteke. Beste horrenbeste gertatzen da HP markako bi laginak mantendu eta garbitzeko argibideekin. Informazio-politika horrek erabiltzailearen erosotasuna galarazi baina, bestetik, ingurugiroarekin errespetu handiagoa agertzen du.

Tinta beltzeko kartutxoa soilik daukan (kolorezkorik ez baitu) inprimagailu bakarra Olivetti da (18.444 pezeta kostatzen da). Aparatu honen egiazko kostua kalkulatzeko, koloreko kartutxoak balio duena (8.585 pta.) erantsi behar zaio prezio horri.

Xerox da denetan garestiena (27.900 pezeta) eta berak bakarrik dakar kolore bakoitzarentzat berariazko kartutxo bana; beraz, kartutxoa aldatzean ez da tintarik alferrik galtzen. Erabiltzaileak kolore baten aldeko zaletasuna baldin badu (ohiko joera da hori) inprimagailu hau errentagarri gerta dakioke.

Laburbilduz eta konparaketako taula

Laburbilduz

  • Tinta-injekzioaren bidez diharduten zortzi inprimagailu aztertu dira oraingoan, horien prezioak 14.245 pezetatik (Epson Stylus 480SXU) 27.900 pezetaraino (Xerox Docuprint M750) doazelarik.
  • Etiketa eta markatzea, lagin gehienetan, hobetzeko modukoak dira: edo informazio garrantzitsurik ez da eskaintzen, edo erraz ezaba daiteke; gainera, berme onargarririk zortzietatik hiruk bakarrik eskaintzen dute.
  • Segurtasunari dagokionez, egonkortasuna eta arrisku mekanikoak ez ziren zuzentzat hartu lau laginetan; beste laurena erdipurdikoa baizik ez zen izan. Ekipo horien diseinua horrelakoa izaki, lagin guztietako arraboletara eskuekin irits daiteke, aparatua martxan dabilela.
  • Epson Stylus Color 680 lagina da erresoluzio handiena ematen duena, ondotik Xerox eta Lexmark datozkiola. Papera sartzeko edukiera handiena Xerox Docuprint M750 laginak duen arren, papera sartu eta ateratzeko mekanismoak -aipatu dugun Xerox honetan ez ezik- Lexmark Z12 eta HP markako bietan ere kalifikazio onak jaso zituzten. Lexmark lagina hoberena izan zen inpresio-menuetan eta programen ahalmenetan.
  • Inpresio-kalitate eta abiaduran (funtsezko alderdiak dira hauek inprimagailu batean) Epson Stylus Color 680, Xerox Docuprint M750 eta Hewlett Packard 840C nabarmendu behar dira.
  • Zortziek funtzionatzen dute Windows 95az hornituriko PC aparatuekin (Epson Stylus Color 480 SXU-k izan ezik: honek, gutxien-gutxienez Windows 98 behar du). Zortzietatik bostek bakarrik jardun dezakete Macintosh bati loturik eta bat ere ez dator Linux programarekin aritzeko.
  • Prezio eta kalitatearen arteko erlaziorik egokiena Epson Stylus Color 680 (21.500) bada ere, merkeena (HP Deskjet 640C) eta bi garestienak (Xerox Docuprint M750 eta HP Deskjet 840C) oso aukera politak dira.
EPSON XEROX HEWLETT PACKARD HEWLETT PACKARD
Modeloa STYLUS COLOR 680 DOCUPRINT M750 DESKJET 840C ESKJET 640C
Prezioa (pezeta) 21.500 27.900 23.695 14.930
Kontsumitzaileentzako informazioa eta babesa
Etiketa eta markak Erdipurdi Erdipurdi Erdipurdi Erdipurdi
Erabiltzeko eta maneiatzeko argibideak Zuzen Zuzen Zuzen Zuzen
Bermea Zuzen Oker Oker Oker
Segurtasuna Akastun Erdipurdi Erdipurdi Erdipurdi
Elkargarritasun elektromagnetikoa (EMC) Akastun Akastun Akastun Akastun
Ezaugarri tekniko eta bestelakoak
Gehieneko erresoluzioa (ppp)** 2880×720 1200×1200 600×600 600×600
RAM memoria (MB) / PC espazioa (MB) 64/100 16 / 20 32 /100 64/100
Sistema operatibo nagusiak W-2000 / Mac W-98 / W-NT W-98 / W-NT / Mac W-98 / W-NT / Mac
Portuak Paraleloa / USB Paraleloa / USB Paraleloa / USB Paraleloa / USB
Pisua (kg) 3,9 6,5 5,8 5,2
Paperen tamainak A4 / A6 A4 / B5 A4 / A5 / B5 A4 / A5 / B5
Irekitzearen aurkako babes estalkiak Ez Bai Bai Bai
Erabiltzeko egokitasuna
Ergonomia Onargarria Onargarria Onargarria Onargarria
Kanpoko itxura eta bukaera Onargarria Onargarria Ongi Ongi
Imprimagailuaren gainean funtziak markatzea Muy ongi Muy ongi Muy ongi Muy ongi
Paperaren sarrera / irteera Onargarria / Ongi Ongi Ongi Ongi
Zenbat paper onartzen du Ongi (100 o) Muy ongi (150 o) Ongi (100 o) Ongi (100 o)
Erabili, mantendu eta garbitzeko erraztasuna Ongi Ongi Ongi Ongi
Imprimatzeko menuak Ongi Ongi Onargarria Onargarria
Software Ongi Ongi Onargarria Onargarria
Koloretako argazkiaren kalitatea Ongi Onargarria Ongi Onargarria
Koloretako testu eta grafikoen kalitatea Ongi Onargarria Gaizki Onargarria
Abiadura (ppm) / Kalitatea *** 4,3 / Onargarria 4,6/Ongi 4,6/Ongi 4,0 / Onargarria
Osoko balorazioa Ongi Ongi Ongi Ongi
EPSON OLIVETTI LEXMARK CANON
Modeloa STYLUS COLOR 480SXU ARTJET-10 Z12 BJC-2100
Prezioa (pezeta) 14.245 18.444 + 8.585* 14.400 14.945
Kontsumitzaileentzako informazioa eta babesa
Etiketa eta markak Erdipurdi Erdipurdi Erdipurdi Erdipurdi
Erabiltzeko eta maneiatzeko argibideak Zuzen Zuzen Zuzen Zuzen
Bermea Zuzen Oker Oker Zuzen
Segurtasuna Akastun Akastun Akastun Erdipurdi
Elkargarritasun elektromagnetikoa (EMC) Akastun Akastun Zuzen Zuzen
Ezaugarri tekniko eta bestelakoak
Gehieneko erresoluzioa (ppp)** 720×720 1200×600 1200×1200 720×360
RAM memoria (MB) / PC espazioa (MB) 64/100 Ez du adierazten 64/200 64/30
Sistema operatibo nagusiak W-2000 W-98 W-2000 / Millenium / Mac W-2000 / Mac
Portuak USB Paraleloa Paraleloa / USB Paraleloa / USB
Pisua (kg) 3,1 2,6 2,4 2,4
Paperen tamainak A4 A4/A5 A4/B5 A4 / A5 / B5
Irekitzearen aurkako babes estalkiak Ez Ez Ez Bai
Erabiltzeko egokitasuna
Ergonomia Ongi Ongi Ongi Ongi
Kanpoko itxura eta bukaera Onargarria Onargarria Onargarria Ongi
Imprimagailuaren gainean funtziak markatzea Ongi Ongi Muy ongi Ongi
Paperaren sarrera / irteera Onargarria Ongi / Mal Ongi Onargarria
Zenbat paper onartzen du Onargarria (50 o) Onargarria (50 o) Ongi (100 o) Onargarria (50 o)
Erabili, mantendu eta garbitzeko erraztasuna Ongi Ongi Ongi Ongi
Imprimatzeko menuak Ongi Ongi Muy ongi Ongi
Software Ongi Onargarria Ongi Onargarria
Koloretako argazkiaren kalitatea Onargarria Gaizki Gaizki Gaizki
Koloretako testu eta grafikoen kalitatea Onargarria Ongi Gaizki Onargarria
Abiadura (ppm) / Kalitatea *** 3,2 / Onargarria 3,2 / Onargarria 2,6/Gaizki 2,0/Gaizki
Osoko balorazioa Onargarria Onargarria Onargarria Onargarria

(*) Inprimagailuaren prezioa, gehi tinta beltzeko kartutxo bat gehi kolorezko kartutxoaren kostua, bereiz erosi behar denean

(**) Gehieneko erresoluzioa (puntuak hazbeteko): inprimatzean karakterrak markatzen direneko zehaztasuna, hazbeteko puntutan adierazirik

(***) Abiadura orrialdeak minutuko/Kalitatea: inprimatzeko abiadura, orrialdeak minutuko, testuz beteriko bost orri inprimatzean, zuri-beltzean eta kalitate apalean. / Abiadura horretan ekipoak inprimatzen dueneko kalitatea

Banan-banan

Banan-banan

Epson Stylus Color 680

  • 21.500 pta.
  • Kalitate eta prezioaren arteko erlazio egokiena.
  • Etiketa, erdipurdi: ezaugarrien plaka (datu elektrikoak adierazten dituena) ez dago espainolez.
  • Segurtasun aldetik, ez dago zuzen: zati mugikorrak ditu eskura, babespenik gabe. Erresoluziorik handienekoa (2.880 x 720 puntu hazbeteko).
  • Alderdi nabarmenak: koloretako argazkiak eta koloretako testu eta grafikoak inprimatzeko kalitatea, inprimagailuaren gaineko funtzio-markatzearen argitasuna, azpileko paper-edukiera (100 orri) eta sarturik dauzkan programak. Denetan azkarrenetako bat (4,3 orrialde minutuko).
  • Hobetzeko modukoa: testu beltzean, inprimatzeko kalitate apala aukeraturik, kalitatea ona da, baina ez hoberenetan bezain ona.
  • Azken balo- razioa: ongi.

Xerox Docuprint M750

  • 27.900 pta.
  • Denetan garestiena den arren, aukera polita da, bere kalitate orokorragatik. Beltzaz gainera, hiru koloreentzako berariazko kartutxoak eskaintzen ditu: ziana, horia eta magenta; horri esker, tinta aurrez dezake erostunak, koloreak agortzean.
  • Etiketa, erdipurdi: ezaugarrien plaka ez dago espainolez.
  • Berme-agiria ez dago zuzen: fabrikatzailearen eta eroslearen datuak jartzeko espazio egokirik ez du. Asistentzia teknikoaren helbiderik ez du: harremanetan sartzeko telefonoa baizik ez.
  • Alderdi nabarmenak: “zirriborro” edo “kalitate apala” aukeran, zuri-beltzeko testuan inpresio ona; oso azkarra (4,6 orrialde minutuko). Funtzioak inprimagailuaren gainean markatzen ditu; papera sartu eta ateratzeko mekanismoak; paper-edukiera handiena (150 orri). Inprimatzen duen bitartean, buruen estalkia irekitzean babespen-mekanismoa jartzen da martxan. Instalatzeko memoria gutxien behar duena.
  • Hobetzeko modukoa: koloretako testu, grafiko zein argazkiak inprimatzeko unean, kalitatea onargarria baino ez da. Denetan handi eta astunena da (6,5 kilo).
  • Azken balo- razioa: ongi.

Hewlett Packard Deskjet 840 C

  • 23.695 pta.
  • Bigarren garestiena, baina oso aukera polita da.
  • Etiketa, erdipurdi: ezaugarrien plaka (datu elektrikoak adierazten dituena) ez dago espainolez eta oso erraz ezabatzen da.
  • Berme-agiria ez dago zuzen: fabrikatzailearen eta eroslearen datuak jartzeko espaziorik ez du.
  • Asistentzia teknikoaren helbiderik ez: harremanetan sartzeko telefonoa baino ez. Segurtasun aldetik, erdipurdi: zati mugikorrak (arrabolak) ditu eskura, arrisku-oharpenik gabe.
  • Alderdi nabarmenak: koloretako argazkiak inprimatzeko kalitatea, inprimagailuaren kanpoko itxura eta bukaera, funtzioak aparatuaren gainean argi asko markatuak, paperaren sarrera eta irteera. Testua beltzez kalitate onarekin inprimatzean denetan onen eta azkarrenetako bat da. Hiru paper-tamaina onartzen ditu (A4, A5 eta B5). Inprimatzen duen bitartean, buruen estalkia irekitzean babespen-mekanismoa jartzen da martxan.
  • Hobetzeko modukoa: koloretako testu eta grafikoak egitean, erresoluzio apala (600 X 600 puntu hazbeteko). Ergonomia, onartzeko modukoa baizik ez, astuna baita (5,8 kilo) .
  • Azken balo- razioa: ongi.

HP Deskjet 640C

  • 14.930 pta.
  • Bigarren merkeena, eta oso aukera polita da.
  • Etiketa eta markatzea, erdipurdi: ezaugarrien plaka ez dago espainolez eta erraz ezabatzen da.
  • Asistentzia teknikoaren helbiderik ez: harremanetan sartzeko telefonoa baino ez. Segurtasun aldetik, erdipurdi: zati mugikorrak (arrabolak) ditu eskura, arrisku-iragarkirik gabe.
  • Alderdi nabarmenak: azkarra (4 orrialde minutuko). Hiru paper-tamaina onartzen ditu (A4, A5 eta B5). Funtzioak aparatuaren gainean argi asko markatuak, paperaren sarrera eta irteera. Inprimatzen duen bitartean, buruen estalkia irekitzean babespen-mekanismoa jartzen da martxan.
  • Hobetzeko modukoa: inprimatzeko kalitatea, onargarria baino ez; erresoluzio apalenetako (600 X 600 puntu hazbeteko) eta astunenetako bat (5,2 kilo).
  • Azken balo- razioa: ongi.

Epson Stylus Color 480 SXU

  • 14.245 pta. , denetan merkeena.
  • Etiketa, erdipurdi: ezaugarrien plaka ez dago espainolez.
  • Segurtasunean, ez dago zuzen: zati mugikorrak (arrabolak) ditu eskura, arrisku-iragarkirik gabe eta babesteko mekanismorik gabe.
  • Alderdi nabarmenak: arina da (3,1 kilo) eta ergonomikoa.
  • Hobetzeko modukoa: paper-tamaina bakarra onartzen du (A4). Paper-edukiera eskasa: 50 orri, eta irteerako azpila, txikiegia. Inprimatzeko kalitatea onargarria baino ez, abiadura apal samarra (3,2 orri minutuko). Komunikazio-portu bakarra (USB)
  • Azken balo- razioa: onargarria.

Olivetti Artjet-10

  • 18.444 pta. , baina koloretako kartutxoa (8.585 pezeta kostatzen dena) aparatuaren prezioari erantsi behar zaio: bene-benetan garestiena da.
  • Etiketa eta markatzea, erdipurdi: ezaugarrien plaka ez dago espainolez.
  • Bermea, osatu gabea: bermearen iraunaldia ez du adierazten.
  • Segurtasunean, ez dago zuzen: zati mugikorrak (arrabolak) eta buruak ditu eskura, arrisku-iragarkirik gabe eta babesteko mekanismorik gabe. Nolako betebehar informatikoak dituen ez du adierazten.
  • Alderdi nabarmenak: txikiena da eta arinenetako bat (2,6 kilo); koloretako testu eta grafikoak inprimatzean, kalitate ona.
  • Hobetzeko modukoa: paper-irteerako azpilik ez du; komunikazio-portu bakarra (paraleloa), zaharkitu samarra; paper-edukiera eskasa: 50 orri. Inprimatzeko kalitate urria koloretako argazkietan; abiadura ertaina baizik ez (3,2 orri minutuko).
  • Azken balo- razioa: onargarria.

Lexmark Z12

  • 14.400, bigarren merkeena.
  • Etiketa, erdipurdi: ezaugarrien plaka ez dago espainolez.
  • Berme-agiria ez dago zuzen, fabrikatzailearen eta eroslearen datuak jartzeko tokirik ez.
  • Asistentzia teknikoaren helbiderik ez, harremanetarako telefonoa bakarrik.
  • Segurtasunean, ez dago zuzen: zati mugikorrak (arrabolak) ditu eskura, arrisku-iragarkirik gabe eta babesteko edo aparatua gelditzeko mekanismorik gabe. Kanpo-perturbazio elektronikoen aurkako babesa duten bietako bat.
  • Alderdi nabarmenak: erresoluzio handia, bai horizontalean, bai bertikalean ere (1.200 x 1.200 puntu hazbeteko); ongi inpresio-menuak, softwarearen ahalmenak, inprimagailuaren gainean funtzioak argi adierazita, papera sartu eta irteteko azpilen egokitasuna. Arinenetako bat da (2,4 kilo).
  • Hobetzeko modukoa: PC batean instalatzeko gainerako inprimagailuek baino espazio handiagoa eskatzen du (200 MB), mantso samarra da eta inprimatzeko kalitate eskasa agertzen du, bai koloretako argazki, grafiko eta testuetan, baita beltzezko testuetan ere.
  • Azken balo- razioa: onargarria.

Canon BJC-2100

  • 14.945 pezeta
  • Etiketa, erdipurdi: ezaugarrien plaka ez dago espainolez eta ez du adierazten balio nominalik (tentsioa, korrontea, etab).
  • Segurtasunean, erdipurdi: zati mugikorrak (arrabolak) ditu eskura, arrisku-iragarkirik gabe. Kanpo-perturbazio elektronikoen aurkako babesa daukaten bietako bat.
  • Alderdi nabarmenak: memoria gutxien eskatzen duena (PC-an 30 MB bakarrik), arinenetakoa da (2,4 kilo) eta hiru paper-tamaina onartzen ditu. Inprimatzen ari den bitartean buruetako estalkia irekitzean, babespen-mekanismoa martxan jartzen da.
  • Hobetzeko modukoa: paper-edukiera eskasa: 50 orri. Inprimatzeko kalitate eskasa koloretako argazkian eta onargarria baino ez, koloretako testu eta grafikoetan. Geldoena da (2 orri minutuko) “zirriborro” aukeran, testua beltzez inprimatzean. Komunikazio-portu bakarra (USB)
  • Azken balo- razioa: onargarria.