Erregaiak ingurunearen adiskideago
Erregai berri hori gasolina berdea onartzen ez duten ibilgailuen motorretarako erabiliko da eta ez da garestiagoa izango, produkzio kostua handiagoa izan arren, zerga gutxiago izateak konpentsatuko baitu prezioa. Petroliozko Pruduktuen Espainiako Elkartearen kalkuluen arabera, Super 97 Berria, Super Berria edo Ecosuper 97 erregaia -izena aldatu egiten da konpainia hornitzailearen arabera- bi urtez komertzializatuko da eta epe horretan berundun gasolina bakarrik onartzen duten ia auto guztiak desagertu egingo direla espero da, une honetan milioi eta erdi ibilgailu guztira.
Europako Auto oil programa
Super gasolinaren ordez ingurumenaren adiskidegoa den beste bat jartzearen arrazoia Europako Parlamentuak 1994 eta 1999 urteen artean jarritako helburuak betetzea da, urte horietan hasi baitzen kutsadura atmosferikoaren aurkako borroka, osasun publikoaren eta ingurumenaren aldeko lehen lekuko gisa. Ibilgailuen emisio kutsatzaileei buruzko elkarteko legeria aldatzera bideratu ziren ahaleginak, munduko zorrotzena bihurtzeko. Oso gogoan izan zuten agente kutsatzaileak -karbono eta nitrogeno oxidoa, hidrokarburoak eta partikulak- minbizi, arnasa hartzeko zailtasun, begietako arazo, gaixotasun kardiobaskular eta buruko minekin lotzen direla. Materialak jan ere egiten dituztela -katedral bat baino gehiago erosionatu da- eta landaretza mota guztiei eraso egiten dietela. Batzordeak kalkulatzen du motordun ibilgailuek eragindako kutsadura atmosferikoaren kanpoko kostuak -mediku gastuak barne- Europar Batasunaren Barne Produktu Gordinaren %3ra iristen direla. Testuinguru horretan abiarazi zen Auto-oil programa, ibilgailuen emisioak mugatuz airearen kalitatea hobetzeko. Programa horretan, Europar Batasunaz gain, automobilaren eta petrolioaren industriek parte hartzen dute eta 2005. urtea markatu da karbono dioxido emisioa jaisteko gehienezko epe gisa, kilometroko 2,27 gramora gasolinazko ibilgailuetan eta 0,74 gramora gasoliozkoetan.
Gasolinazko autoetako substantzia kaltegarriak
Eragiten dituzten osasun arazoekin batera, ingurumenean kutsadura handiena eragiten duen iturria dira motordun ibilgailuak, karbono monoxido (CO), nitrogeno oxido (Nox), konposatu organiko lurrunkor eta negutegi efektuaren eragile diren gasen (CO2 eta metanoa) sortzaile nagusiak direlako. Erregaietan berunezko gehigarriak gutxitzeko ahalegin handia egin arren, berunezko osagaiak arazo latza dira oraindik airearen kalitatean. Motordun ibilgailuek beste kutsagarri toxiko batzuk ere botatzen dituzte, hala nola bentzenoa, butadienoa eta ihes-tutuak isurtzen dituen beste partikula txiki batzuekin lotutako kartzinogeno batzuk. Estatu Batuetako Ingurumena Babesteko Agentziak ingurumenarentzat arriskutsuen diren 20 substantzien zerrenda osatu du, mehatxuaren garrantziaren arabera handienetik txikienera antolatuta. Lehen bost elementuetatik (beruna, artsenikoa, merkurioa, binil kloruroa eta bentzenoa) erregaiekin lotuta daude bi: beruna eta bentzenoa. Gasolinak, gainera, beste kutsatzaile batzuk ere sortzen ditu, lurrunen eta konbustioaren bitartez. Mugimendu-sistemaren gune batzuetan erregaia lurruntzearen ondorioz, emisio guztien %30 inguru osatzen da.
Hondakinak murriztu, berrerabili eta birziklatu
Automozioarekin erlazionaturiko ingeniaritza ekologikoa automobilen hondakinek eragiten duten kutsadura arazo larriarentzat alternatiba bila ere badabil. Material horiek murriztu, berrerabili eta birziklatzea da bidea. Izan ere, ingurumenaren babesa hartzen da automozio industriaren funtzionamenduaren elementu kritiko nagusitzat. Horregatik, irabazi ekonomikoak baloratzeko gero eta garrantzi handiagoa ematen zaie ingurumen arloko alderdiei, materialen kostu, kalitate eta erabilerari bezala. Berrerabiltzeko joera ugaritzen hasi da: huarache edo hagunez egindako sandalia edo oinetako-zola dugu pneumatikoak berrerabiltzearen adibide garbia. Ingalaterrako zenbait hipodromotako pistetan hagun zulatuak jartzen dira, zaldien apatxek lurraren kontra hartzen duten kolpea leuntzeko. Karrozeria, xasis, motor, transmisio sistema eta abarretako burdina ere berrerabilgarria da. Hala ere, automobilaren barruko plastiko eta zuntz sintetiko gehienak birziklatu edo berrerabiltzen zailak dira.
Etxe barruko landareak ingurumenaren lagun
Landareak, gure Lur itoaren birikak, eguzkiaren laguntzaz karbono dioxidoa karbohidrato eta oxigeno bihurtzeaz arduratu dira milioika urtetan zehar. NASAk ikerketa bat egin zuen etxe barruko kutsatzaile arruntak -bentzenoa eta karbono monoxidoa adibidez- neutralizatzeko gaitasuna duten etxe barruko landareak zeintzuk diren jakiteko. Hona ondorioa: Drakaena (D. Janet Craig , D. Marginata, D. Massangeana, D. Warneckii), huntz ingelesa (Hedera helix) eta zenbait krisantemo (Chrysantheium morifolium) zurgatzaile indartsuak dira. Kontuan izan, beraz, etxe barruko landareen kutsaduraren aurka ahalmena, apaingarritasunaz gain, hurrengo landare bat erosten duzunean.
Gasolinaren prezioa telefonoz kontsultatzea
Estatuko Ekonomia, Energia eta Pyme Idazkaritzak telefonia mugikorreko operatzaile nagusiekin sinatu duen hitzarmenari esker, erabiltzaileek sakelako telefonoaren bidez kontsulta dezakete hainbat gasolindegitako gasolinaren prezioa.
Informazioa astero eguneratuko da eta operatzaileek SMS mezu labur, WAP, Internet edo beste edozein bidetatik zabalduko dute, erabiltzailearentzako kostua gehitu gabe. Informazio hori erabiltzailearen kokapenaren arabera emango da, ingurune jakin baten barruan, gasolindegi baterako distantzia, erregai mota edo prezio irizpideen arabera sailkatuta.
Etorkizuneko autoen prototipoetan automobilen parkea hazi zeneko hidrokarburoena baino teknologia garbiagoa sartzen da dagoeneko: eguzki-gelaxka garestiz estalitako karrozeriak, bateria astunez edo erregai-gelaxkaz mugituriko motorrak edo horietako batzuen edo guztien konbinazioa… Baina errealista izan behar dugu. Ez dago hain urruti konbustio motorraren ordez energia alternatiboak erabiliko diren eguna, baina gasolina eta dieselezko mekanismoek nagusi izaten jarraituko dute gure errepideetan oraindik hainbat hamarkadatan zehar. Petrolioaren prezioa beste energia batzuena baino merkeagoa da oraindik eta izugarrizko azpiegitura ekonomikoa dago eraturik erregai horren inguruan: birfindegiak, gasolindegiak, automobilaren industria, lantegi mekanikoak, etab. Milaka lanpostu dago energia horren menpe, zuzenean edo zeharka, eta ez litzateke zuhurra kolpetik gauzak aldatzea. Itxura guztien arabera, etorkizun hurbilean automobilak izango duen bilakaera eraginkortasun energetikoa areagotzera bideratuko da, hau da, gasolina gutxiagorekin etekin handiagoa ateratzera.