Euroa

Txanpon aldaketa baino zerbait gehiago

Txanpon berria etortzeak, Europako Moneta Batasuna osatzen duten 12 herrialdeen ekonomiara espainiar Estatuarena behin betikoz gerturatzea espero dute
1 urria de 2001
Img listado informe

Txanpon aldaketa baino zerbait gehiago

Datorren urteko urtarrilaren lehen egunean, Europako Moneta Batasuna osatzen duten herrialdeetako bizitza ekonomiko eta sozialeko lehen mailako partaide bihurtuko da euroa behin betikoz eta, era horretan, orain elkarte horretako kide diren estatu guztietako egungo errealitatea biziki aldatuko da.

Euroa behin betirako ezartzeko hiru hilabete baizik falta ez den honetan, Europar Batasunak egin duen azken Eurobarometroko datuen arabera, txanpon berrira egokitzen ez dela hasi aitortu dute inkesta erantzun duten enpresen herenak, doi-doi. Kontsumitzaileen artean, inkesta horrek berak adierazi duenez, txanpona, balioak eta antzekoak oraindik ere ez dira ezagutzen, hein nabarmen batean. Izan ere, euroaren ezarpena errazteko herrialde kideek martxan jarritako informazio-kanpainak gorabehera, Alemania, Austria, Belgika, Espainia, Finlandia, Frantzia, Grezia, Holanda, Irlanda, Italia, Luxemburg eta Portugalgo biztanleek oraindik ere mesfidantza agertzen dute, euroaren eta egoera berriaren balizko ondorioen aurrean.

Honetara ezkero, bidezkoa izango dugu gogoeta txiki bat egitea: moneta batua indarrean ezarri eta euroa bakarrik onartzeko Europar Batasuneko hamaika herrialdek -espainiar Estatua, tarteko- izan duten arrazoietako bat, bai kontsumitzaileentzat bai enpresentzat ere, epe ertain eta luzera, onuragarri izatea da. Geroz eta elkartuago dagoen Europa horretan, estatuen arteko merkataritza eragiketak eta hiritarren arteko harremanak izugarri ugaldu dira. Txanponaren oztopoa ezabatzeak, beraz, merkantzien, herritarren eta kapitalen ibilera askea soiltzea eragingo du: hauxe da Batasunaren funtsezko euskailuetako bat.

Aldakuntzak ez du europarren pentsaera bestelako bihurtzea bakarrik eragingo, noski. Arazo gaitza dakar berarekin: txanpon estatalak bidetik baztertu eta billete eta txanpon berriak zirkulazioan ezartzea. Dena aurreikusitakoaren arabera gertatuz gero, 2002ko urtarrilaren 1erako, Europako banku zentralek 16.000 milioi billete eta 50.000 milioi txanpon banatuak izango dituzte, 291 milioi lagunen artean.

Tokian tokiko agintariek konpondu beharreko beste arazoetako bat oraindik: bazterturiko txanpon eta billete zaharrekin zer egin, nolako irtenbidea eman? Espainiar estatuan bi bide hartuko dituzte. Billeteak, osaketa berezikoak izaki, egiaztatu eta zenbatu egingo dira. Oraingoz ez dakigu birziklatu ala suntsitu egingo diren. Txanponei trataera konplexuagoa eman behar zaie, hiru materialek osaturiko aleaziozkoak baitira: metal horiexek hautatu zituzten, hain zuzen ere, erdiesten oso zailak direlako. Txanponak faltsutzea are eta zailago bihurtu zuen osaketa-formula hura arazo bilakatu da pieza horiek urtu eta tratatzeko unean.

Pezeta baztertzean, espainiar Estatuan indarrean sartuko diren txanponen balioak 2 euro, euro 1, 50 zentimo, 20 zentimo, 10 zentimo, 5 zentimo, 2 zentimo eta zentimo bat izango dira. Billeteei dagokienez, ostera, 5 euro, 10 euro, 20 euro, 50 euro, 100 euro, 200 euro eta 500 eurokoak izango dira. Nolanahi ere, kutxazain automatikoek 10, 20 eta 50 eurokoak bakarrik emango dituzte, gainerako billeteen balio handiegia dela medio.

Funtsezko datak
  • 2001eko abenduaren 15a: euro diru-zorroak eskuratzea
    Erakunde finantzariek, 43 txanponek osaturiko euro diru-zorroak eskainiko dituzte, 2.000 pezetaren truk: horixe da, hain zuzen, diru-zorroan dauden txanponen guztirako balioa. Txanpon horiek, jakina, ezingo dira erabili 2002ko urtarrilaren 1era arte.
  • 2002ko urtarrilaren 1etik otsailaren 28ra arte: espainiar Estatuan bi txanponak (pezeta eta euroa) izango dira indarrean
    Euroen banaketari eta pezeten baztertzeari ekingo zaio, pezeten truk euroak eskuratuz. Txanpon berria kutxazain automatikoetan eta finantza erakundeetan eskuragarri egongo den arren, bi hilabete horretan bai euroa bai pezeta balia daitezke. Bezeroari kanbioa eurotan itzuliko dio dendak. Kutxazain automatiko gehien-gehienek billeteak eurotan bakarrik emango dituzte.
  • 2002ko martxoaren 1etik ekainaren 30era arte: euroa bakarrik erabil daiteke
    Ordainbide gisa, pezeta ezabatu da. Harreman ekonomikoetan euroa izango da txanpon bakarra. Banketxe eta aurrezki kutxetan pezeten truk euroak eskuratu ahal izango dira.
  • 2002ko uztailaren 1a: pezeten truk euroak eskuratzeko epea amaituko da
    Data horretatik aurrera, pezeten truk euroak eskuratzeko Espainiako bankura jo beharko da baina, hori bai, doan egingo dute trukea eta epe-mugarik gabe.

Oraino ez gaude prest

  • Europar Batzordeak eginiko Eurobarometroko azken datuen arabera, txanpon berriaz gauza asko ditugu oraindik ikastekoak, zenbait alorretan Europako batenaz bestekoak baino informazio hobea dugun arren.
  • Estatu espainoleko %73k zehazki daki zein egunetan sartuko den indarrean txanpon berria. Europar Batasuneko bataz bestekoaren portzentaje berean dabil horretan.
  • Espainiarren %87k badaki txanpon eta billeteak Europar Moneta Batasun osoan erabil daitezkeela (Europar Batasunean, herritarren %80k baizik ez).
  • Estatu espainoleko hiritarren %27k badaki epe batean bi diruak ibiliko direla zirkulazioan (Europar Batasunean, kopuru hori %17raino jaisten da).
  • Estatu espainolean inkesta erantzun duten herritarren %63k mesfidantza agertzen du, prezio berriekin iruzur egingo diotelakoan; EBean portzentaje hori %66ra igotzen da (Alemania eta Frantzian, ostera, %68raino).
  • Espainolen %79k espero du komertzioek Gizabidezko Kodea onartuko dutela (Europako batenaz bestekoa %69an dago).
  • Oraingo txanponarekin euroak zehazki zenbat balio duen galdeturik, espainiar Estatuan hiritarren %74k erantzun zuzena eman zuen; EBean jendearen %54k baizik ez (Alemanian %35k eta Frantzian %71k).

AHOLKUAK

Gogoan izan euro 1, 166,386 pezeta dela, baina zentimoek ere balio (handia) dutela. Egunero kontsumitzen ditugun produktu askoren prezioa euroa baino txikiagoa izango da (100 pezetako ogi barra 0,60 euro kostatuko da, hau da, 60 zentimo).

Kontua partzialen batuketa biribiltzea da; ez, ordea, partzialak banan-banan biribiltzea.

Hasierako egunetan eta behar bezainbeste euro zirkulazioan jarri aurretik, erosketa baten zati bat eurotan eta bestea pezetatan ordaindu ahal izango da.

Ahalegin zaitez lehenbailehen burua eurotan egokitzen. Horretan hasteko modu polita da eskuarki erosten dituzun produktuen etiketetan dauden prezioei (eurotan eta pezetatan) erreparatzen hastea. Praktikatu 6ko erregelarekin (eurotan) eta finka itzazu automatikoki erreferentziak buruan:

  • 6 euro = 1.000 pezeta
  • 12 euro = 2.000 pezeta
  • 30 euro = 5.000 pezeta
  • 1.000 pezetako otordua = 6.01 euro
  • 7.000 pezetako zapata parea = 42.07 euro
  • 275 pezetako aldizkaria = 1.65 euro
  • Bi txanponak batera dabiltzala, inork ezingo lizuke kobratu inolako komisiorik eurotan (txanpon nahiz billetetan) ordaintzearren.
  • Erosketak egiten dituzunean euroak itzuliko dizkizute. Trukea egiteko beste bide fidagarri bat finantza erakundeetara jotzea da: berme osoz trukatu ahal izango duzu bertan zure dirua.
  • 2002ko urtarrilaren 1etik aurrera ezingo da egin txekerik pezetatan. Horrenbestez, ohiko finantza erakundean eurotan agertzen den taloitegi bat lehenbailehen eskatzea komeni zaizu.

ABANTAILAK

  • Atzerrira goazela, dibisak erosteko kosturik ez da izango. Europa osoan barrena (kasik), txanpon bera eta bakarra erabiliz ibili ahal izango dugu.
  • Atzerrirako fondo-transferentziak errazago eta merkeagoak izango dira. Gardentasun eta lehiakortasun handiagoaren ondorioz, transakzioen prezioak ere jaitsiko direla aurreikusten da.
  • Euroa onartu duten herrialdeetan truke-tipoa aldatzearen arriskurik ez da izango; interes-tasak jaitsi egingo dira, maileguen kostua merkatu egingo da, erosteko ahalmena mantenduko da eta ekonomiaren hazkuntza ere hobea izango da.
  • Kontsumitzen ditugun produktuetako asko eta asko EBeko beste estatuetatik dator: komisioak eta dibisak ez izatean, oso litekeena da prezio horiek ere jaistea.
  • Europar Bankuko arduradunen iritziz, diru berriak prezioak garestitu ordez, jaitsieraren mesedetarakoa izan behar du, moneta hori onartzen duten estatuek egonkortasun handiagoa agertuko dute eta.
  • Gure aurrezki-kontuetan euroaren eragina onuragarria gerta daiteke, Estatu espainolak nozitu ohi duen inflazioa baino txikiagoa izan dutelako betidanik estatu-elkarte horretako kideek.
  • Hipoteka-maileguei dagokienez, aldaketarik aurkituko dugu. Gure hipoteka interes finko batez sinatu baldin badugu, eragiketak irauten duen bitartean interes hori ezingo da aldatu. Alderantziz, hipoteka interes aldagarrian kontratatu baldin badugu, aldaketarik izan daiteke, mesedetarakoa askotan. MIBOR ez diren interes-tasa aldagarria dutenek beren baldintzak bete beharko dituzte, ordezko tasei eta erreferentziako interes-tasak kalkulatzeari dagokienean.

ERAGOZPENAK

Eurora Egokitzeko Batzordeak ohartarazpena egin du: euroa indarrean sartu aurretiko hilabeteetan, baliteke komertzio eta bestelako establezimendu batzuek prezioak gorantz biribiltzea.

Horrelako gehiegikeriei saihets egiteko, diru berrirako trantsizioan zehar praktikan jarri beharreko “Gizabidezko Kodea” izeneko konpromisoa bereganatu du hainbat enpresak: kontsumitzaileei euroak behar den eran biribiltzeko, beti-beti euroak itzuli eta informazio egokia ematea agintzen dute. Toki ikusgarrian ipiniko den eranskin urdin bereziak adieraziko digu establezimendu horiek zein diren.

Bihurtze eta biribiltzea

Pezetatatik eurotara

  1. Pezeta kopurua zati 166,386 kalkulatu behar da, sei digituak baliatuz.
  2. Hirugarren dezimalaren arabera, biribildu gorantz edo beherantz.
    • Hirugarren dezimala 5 edo handiagoa baldin bada, biribildu gorantz.
    • Hirugarren dezimala 5 edo txikiagoa baldin bada, biribildu beherantz.

1.875 pezeta kostatzen den liburua

1.875 : 166,386= 11,26897. Hirugarren dezimala 8 denez, azken prezioa gorantz biribiltzen da eta, horrela, 11,27 euro izango da.

340 pezeta kostatzen den kontserba lata

340 : 166,386 = 2,043441. Hirugarren dezimala 3 denez, azken prezioa beherantz biribiltzen da eta, horrela, 2,04 euro izango da.

Eurotatik pezetatara

Euroa 166,386ez biderkatu behar da, sei digituak baliatuz

30 euro kostatzen den alkandora

30 euro x 166.386 = 4.991,58 = 4.992 pezeta

Europarren txanpon bakarra

Zortzi txanpon berriak

Aurrealde berdina (europarra) denek dutelarik, atzealdean tokian tokiko bereizgarria ezarriko dute Estatuek. Txanponak, duten irudia zeinahi dela ere, 12 estatu kideetako alderdi guztietan erabili ahal izango dira.

  • 1 zentimo: 1,66 pezeta
  • 2 zentimo: 3,32 pezeta
  • 5 zentimo: 8,31 pezeta
  • 10 zentimo: 16,63 pezeta
  • 20 zentimo: 33,27 pezeta
  • 50 zentimo: 83,19 pezeta
  • 1 euro: 166,386 pezeta
  • 2 euro: 332,77 pezeta

Zazpi billete berriak

Hainbat kolore eta tamainatan jalgiko direlarik, 500, 200, 100, 50, 20, 10 eta 5 euroko billeteak izango ditugu. “Eurozona” osoan berdin-berdinak izango dira billeteak: txanponak ez bezala, dagokien estatuaren bereizgarririk ez dute izango aurre nahiz atzealdean: bertan agertuko diren irudiek, Europako ondasun arkitektonikoa adieraziko dute. Eurozonan legezko zirkulaziokoak izango dira billete guztiak.

  • 5 euro: 831,93 pezeta
  • 10 euro: 1.663,86 pezeta
  • 20 euro: 3.327,72 pezeta
  • 50 euro: 8.319,30 pezeta
  • 100 euro: 16.638,6 pezeta
  • 200 euro: 33.277,2 pezeta
  • 500 euro: 83.193 pezeta