Ur-lurrunaren onurak
Hala ere, ahalik eta probetxurik handiena atera eta arriskuak saihesteko, oso ongi ezagutu behar da saunaren funtzionamendua eta erabiltzea komeni zaigun zalantzan egonez gero, medikuari aholkua eskatu behar zaio.
Sauna-bainu ohikoak egurrezko geletan hartzen dira (hormak zein jarlekuak egurrez eraikitzen dira), eta berogailu bat izaten du, jatorriz egurrezkoa eta gaur egun elektrikoa. Berogailuak harriak berotzen ditu eta harrietara ura botatzen da lurruna sortu, beroa areagotu eta izerdia estimulatzeko. Beroak larruazaleko kapilarrak dilatatzen ditu odol-presioari eusteko, hasieran jaistera egiten duen arren. Bihotz-erritmoa hazi egiten da, bikoiztu edo hirukoiztu arte. Horren ondorioz, areagotu egiten da larruazaleko zirkulazioa, pauso arinez ibiltzean gertatu ohi den antzera.
Onura ugari
Saunan sartzen garen unetik, gorputzak hainbat erreakzio izaten du. Lehenak izerditzea eta hidroforesia (larruazaleko poroak irekitzea) izaten dira. Ondorioz, toxinak kanporatu eta larruazala sakonki garbitzen da. Gero, tenperatura altuak eta hezetasun mailak odol-fluxua eta zelulen birsorkuntza estimulatzen du eta, beraz, larruazaleko eta arnas-aparatuko hainbat gaitz arintzen lagun dezake. Bero-kontzentrazioa positibo gertatzen da sistema kardiobaskularrarentzat ere, basodilataziora egokitzean indartsuago ponpatzen baitu odola eta horrela zirkulazioa hobetzen baita. Era berean, tenperatura handiek eragina dute nerbio-bukaeretan, larruazaletik burmuinera doazen inpultso sentsitiboak motelduz. Emaitza: pertsona lasaitu egiten da eta horixe da saunak estresaren aurka duen eragina. Azkenik, beroa eragin terapeutikoko olioren batekin (mentol edo eukaliptoarekin) nahasteak mesede handia egiten die bronkioei eta arnasketa sistema osoari.
Ez da edozeinentzat gomendagarria
Sauna oso arriskutsu izan daiteke zenbait bihotzeko gaitz duten pertsonentzat, izerdi ugari botatzeak gorputzeko likidoak ere pilatzea eragiten baitu eta odola lodiago bihurtzen denez, bihotzekoa izateko arriskua izaten baita. Horregatik, hipertentsioa edo kardiopatiak dituzten pertsonen kasuan saunara joan aurretik medikuari kontsultatzea gomendatzen dute espezialistek. Halaber, ikerketa batzuen arabera sauna gehiegi hartzea kaltegarri izan daiteke sexu-bizitzarako. Ikerketaren ondorioen arabera, gizonezkoaren haziaren kalitatea eta kopurua nabarmen gutxi dezake saunako beroak eta emakumeari hilekoan hemorragia handiak eragin edo obulazioa eten diezaioke. EEBBetan egindako ikerketek beste datu garrantzitsu bat ere eman dute: saunari sarri joaten diren emakumeen haurrek bi aldiz arrisku handiagoa dute bizkarrezur bifidoa izateko, umetokia larregi berotzearen ondorioz. Horregatik, emakume haurdunak saunarik ez duela hartu behar ohartarazten da eta haurdun geratzeko asmoa dutenek ere 15 minutura mugatu behar lukete saio bakoitza.
Saunaren onura terapeutikoak
- Zirkulazioa hobetzen du. Larruazalera hoztu dadin odola eramateko bihotzaren taupadak azkartu ahala, zirkulazioaren abiadurak orduan eta arinago kanporatzen ditu gorputzeko hondakinak ere.
- Izerditzeko gaitasuna hobetzen da. Gorputz beroak arnasa hartzen du hozteko, izerdi-glandulak entrenatuz eta izerdiaren erantzunari funtzional eutsiz, saunatik kanpoko erregulazio termala bultzatzeko, batez ere kirola egiten ari denerako eta eguraldi ona dagoenerako.
- Toxinak kanporatzen ditu. Gauza jakina zen saunan gorputzeko mineralak kanporatzen zirena, baina toxinak botatzen laguntzen zuenik ez genekien, analisi bat egin eta sauna saio batean zehar berun kopuru handia kanporatzen zela ikusi zen arte. Egia da izerdi asko botatzen denean organismoarentzat onak diren mineralak ere botatzen direla; beraz, horiek berreskuratzea bermatu egin behar da elikadura osasuntsuaren bitartez eta soberan ez dugun likidorik galtzera ez arriskatu.
- Mina arintzen du. Gorputzeko beroak, zirkulazioa hobetzeak, endorfinak askatzeak eta artikulazio zurrunak berotzeak arindu egiten ditu mina eta molestiak. Gorputz beroa ez da minaren aurrean hain sentibera.
- Lo egiteko lagungarri da. Saunaren bidez gorputza erlaxatu eta minak desagertzean, hobeto lo egiten da.
- Funtzio kardiobaskularrak hobetzen ditu. Ikertzaile japoniarrek diote sauna erabiltzea lagungarri izan daitekeela bihotzeko kongestio-akatsak dituzten pertsonentzat, bihotzaren ponpaketa eta odol-fluxua hobetu egiten delako. Ikerketa horretarako sauna epela erabili zen, 60 gradu ingurukoa.
- Arnasa hobetzen da. Saunak bronkioen uzkurdura (arnasa hartzeko zailtasuna) eragin zezakeelakoan kezkaturik zeuden ikertzaile holandar batzuek, baina guztiz alderantziz gertatzen zela ikusi zuten. Biriketako butxadura-gaixotasunak dituzten gaixoen kasuan biriketako funtzioak behin-behingoz hobetu egiten direla ikusi zuten.
- Artritisa arindu egiten da. Saunak arindu egin ditzake artritis erreumatoidearen eraginak. Ikertzaile errusiarrek ikusi zuten saunak eragin positiboa duela lokomozio-sisteman eta egoera psikoemozionalean, mina arintzeaz gain.
Hamam edo bainu turkiarra
Saunaren alternatiba da bainu turkiarra eta gero eta zale gehiago du. Gure inguruan aurki daitezkeenak gutxitan izaten dira jatorrizko formularen araberakoak; jatorrizkoan eraikin osoa izaten da hamam-a eta tenperatura desberdineko bero-gelen sistema jartzeko: lehena, 45 gradutan; bigarrena, 55°tan eta hirugarrena, 70°tan; baina errespetatzen dira oinarrizko lau elementuak: bero lehorra, bero hezea, hotza eta masajea. Elementu horiek gorputza estimulatu eta garbitzen dute, saunaren antzera osasuna hobetzeaz gain; baina, zalantzarik gabe, ez da hain txundigarria. Hemen ere, arretaz jokatu behar dute tentsio altua, bihotzeko zenbait gaitz edo zirkulazioan gorabeheraren bat duten gaixoek eta saunara sartu aurretik kontsulta egin beharko diote medikuari.
- Esfortzu baten ondoren hartzea komeni da, kirola egin ondoren adibidez; baina aurrez 15-30 minutuz atseden hartzea gomendatzen da, gorputzak beroaren aurrean arazorik gabe erreakzionatu ahal izan dezan.
- Azken otordutik denbora asko pasa bada, ogi apur bat edo gozokiren bat hartu behar da, odolak glukosa izan dezan.
- Higiene arrazoiengatik, saunara sartu aurretik ur epelez dutxatu eta gorputza lehortu egin behar da, larruazal lehorrak izerdi gehiago botatzen baitu. Irtetean ongi lehortu behar da, bestela izerdia geratzen da larruazalean eta narritatu eta azkenean ekzema sor daiteke.
- Oinak hotzak dituzten pertsonek ur berotan sartu behar dituzte 4-5 minutuz, saunaran sartu aurretik (edo ondoren). Odol-irrigazioa bizkortu eta beroa kanporantz ateratzen da horrela.
- Ahal dela ez jarri beheko jarlekuan (bihotzari gainkarga eragitea besterik ez da lortzen), erdikoan edo goikoan baizik. Etzan edo eseri oinak jarlekuan direla, gorputz guztia altuera berean egon dadin.
- Egiaztatu saunaren tenperatura egokia dela (80 eta 90 gradu zentigradu artekoa) larruazala 39-40 gradura irits dadin, barrutik 38 eta 38 gradu eta erdi dituen artean.
- Normalean 8-12 minuturen ondoren hozteko gogoa izango du gorputzak. Eta kasu horretan irten egin behar da, behar adina izerdi bota den ala ez kontuan izan gabe. Oso ohituta dauden pertsonak 15 minutu arte egon daitezke barruan, baina denbora hori pasa ondoren atseden hartzea gomendatzen da.
- Kabinatik irten aurretik, eseri hankak zintzilik direla, zirkulazioa berriro posizio bertikalera ohitu dadin. Kolpetik zutituz gero baliteke odola pilatzea eta nolabaiteko bertigo edo sinkopea izatea. Poliki-poliki altxa.
- Irtetean, garrantzitsua da saunatik kanpo (ahal bada aire zabalean) minutu batzuk egitea (gutxi, dardarka ez hasteko), arnas bideak hozteko. Birikek kanpoko airea behar izango dute.
- Gero, dutxa zaitez ur hotzez (odol-presioa handia baldin bada, ur epelez). Ur-txorrota gorputz-adarretatik erdi aldera zuzendu, beren erritmora itzul daitezen.
- Denborarik -eta gogorik- baduzu, gorputza ur hotzetan sartzeak odol-basoei erreakzionatu araziko die eta arterietako presioa hazi egingo da.
- Sauna bainua hartzeak txandaka “berotzea” eta “hoztea” esan nahi du, bi aldiz gutxienez. Horrelako kontuetan hasi berri denak ez luke behin baino gehiago errepikatu behar bero-hotz zikloa; esperientziarik gehien dutenak bi edo hiru aldiz ere sar daitezke saunara.
- Funtsezkoa da azken “bisitaren” ondoren ondo hoztea, jantzi ondoren ez izerditzeko eta hotzeria ez harrapatzeko. 30 minutuz etzanda atseden hartzeak ere saihestuko du hoztea.
- Saunara gosez, sabela beteta (otorduaren ondoren gutxienez ordubete pasatzen utzi) edo oso nekaturik ez sartu. Kolapsoa izan dezakezu.
- Sesioan zehar ez edan likidorik, horrela ez bailitzateke gorputza desintoxikatuko. Gero, hartu fruta zukua urarekin nahastuta edo ur minerala, besterik gabe.
- Kabina barruan ez egin gimnastikako ariketarik eta ez jardun ingurukoekin berriketan, arnasa eta zirkulazioa “kargatu” egiten baitira.
- Ez igurtzi izerdia. Azkura besterik ez dizu eragingo.
- Ez egin sekula 15 minutu baino gehiago sauna barruan, ez eta hiru “bisita” baino gehiago ere.
- Sauna ostean ez dutxatu ur beroz. Izerditan jarraitzeko estalkirik ere ez da jarri behar, saunan lortzen den erritmo ona eten egiten baitute.