Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Gaurkotasuna eta aisia > Produktuen azterketak

Λ

Informazio honetan agertzen diren datuak, informazioak, interpretazioak eta kalifikazioak burutu ziren momentuari soilik dagozkio eta, beraz, iraupen mugatua dute.

"Flash" memoriadun MP3 erreproduzitzaileak: Alde handiak prezioan eta prestazioetan

Memoriaren ahalmena, erabiltzeko erraztasuna eta erantsitako funtzioak: horra hor ongi aukeratzeko funtsezko elementuak

 "Flash" memoriadun bederatzi MP3 erreproduzitzaile aztertu dira oraingoan; horien prezioak 85 euroetatik (Acer Advanced: 512 Mb-ko ahalmena, hots, 512 musika-minutu, zortzi bat ordu) 210 euroetaraino (Ipod Nano: 2 Gb-ko ahalmena, hots, 32 ordu). Paradoxazkoa bada ere, Mpio FG100 (erreproduzitzaile garestienetako bat: 157 euro) ahalmen txikienekoa da: horren barrenean lau bat musika-ordu (256 Mb) baizik ez da sartzen MP3 formatuan. Kalitatea eta prezioaren arteko erlazio egokiena Creative Zen Nanoplus da (113 euro, 512 Mb), erabilera proban gehien preziatu denetako bat. Aukera polita, era berean, Sony NW-E105 (104 euro, 512 Mb) lagina da, erabiltzaileek okerrago baloratu badute ere, bere bateriak gainerako erreproduzitzaileenek baino dezente gehiago irauten baitu. MP3 ez ezik, Ogg formatu librea irakurtzeko ere gauza den erreproduzitzailea nahiago duenak Samsung YP-ST5X aparatuaren alde egin beharko du: aztertutako guztietatik, formatu libre horretan doinuak ulertzen dituen lagin bakarra da bera.

"Flash" memoriadun MP3 musika erreproduzitzaileak aparatu txiki arinak dira, eta aurreko walkman eta discman arbasoen hutsunea betetzera etorri dira. Musika ordenagailutik MP3 formatuko dispositibo hauetara iragan behar denez, ezinbestekoa da PC bat edukitzea honen barruan musika eraldatzeko. MP3 formatuko doinuak Internetetik jaits daitezke (dela dendaren batean -Itunesen adibidez- ordainduz, dela doan eskaintzen dituzten artisten web orrietatik zuzenean deskargatuz, dela artxiboak trukatzeko sistemak baliatuz) edo nork bereak fabrika ditzake, CDak audiotik sistema honetara ekarriz.

Erreproduzitzaile hauen barne-memoria, disko gogorra izan partez "flash" motakoa denez, dispositiboak ahalmen txikiagoa du eragozpen latza: azterturiko guztietan handienak (Ipod Nano) 2 Gb baizik ez dauka, esate baterako, disko gogorrekoek dozena batzuk "giga" dituztelarik. Beste alderditik, "flash" memoriadunak erabilgarriagoak dira, atal mugikorrik ez daukatelako; horrela, erabiltzailearen higiduraren ondorioz aparatuak jasan ditzakeen astinketek erreprodukzioan eraginik izaten ez dutenez eta horiek ekipoari kalterik eragiten ez diotenez, egoki-egokiak dira MP3 horiek erabiltzea kirola egiten ari den bitartean baliatzeko, esate baterako.

Erorikoa gertatuz gero...?

MP3 erreproduzitzaileak erortzea ohiko kontua dela gogoan izanik, aparatu hauen erresistentzia egiaztatzeko iraultze-upelean sartu eta 25 bira eman zitzaizkien, hau da, eguneroko erabilerak jasan ditzaketen 50 kolperen pareko proba ezarri zitzaien. Hau amaitutakoan Acer lagina kalte larriak nozitua zegoen eta, ondorioz, funtzionatzeari utzi zion; Ipod Nano laginak, berriz, funtzionatzen bazuen ere, pantailan urradura ugari txiki eta arinak agertu ditu. Gainerakoek ez dute bat ere kalterik erakutsi.

Beste aldetik, aurikularren iraungarritasuna egiaztatzeko 10 newtonen trakzioa noziarazi zaie minutu batez eta 90ºko 1.000 flexio eginarazi zaizkie, 2,5 newtoneko trakzioarekin. Lagin bakar batek ere ez dio funtzionatzeari utzi. Aurikularretako hari luzeenak Acer, Creative eta Sony laginenak dira; laburrenak, aldiz, Samsung eta Blu-Sens markakoenak. Ipod Shuffle laginak beste aurikular pare bat dauka.

Patrikan eraman ohi den erreproduzitzaile bati txiki eta arin izatea eskatzen zaio. Aztertutako denetan txikiena Ipod Shuffle da, ondotik Blu-Sens (%31 handiagoa) datorkiola; denetan handienak Mpio eta Oregon dira (Shuffle baino lau aldiz handiagoak). Pisuaz ari garela denak arinak diren arren, badira aldeak lagin batetik bestera: Ipod Shuffle da denetan arinena (22 gramo) eta Mpio astunena (63 gramo). Ipod markako bi laginak gainerakoak baino meheagoak direnez, gordetzeko eta eramateko errazago gertatzen dira.

Funtzio erantsiak

Sony, Acer eta Ipod markako biek ez daukate irratirik, Acer laginaren aurikularrek funtzio hori betetzen badute ere. Datuak karpetetan artxibatzeko aukera zortzi aparatuek ematen dute (diskoak banan-banan entzun nahi direnean prestazio horrek berebiziko garrantzia hartzen du) eta, gainera, PC batetik bestera artxiboak iragan ahal izateko (antzina disketeekin egiten zen modura) gordailu gisa balia daitezke denak. Memoria handitzeko aukerarik ez du bakar batek ematen. Sony, Ipod Shuffle eta Oregon laginek ez dute ahotsik grabatzen eta Ipod Nano izenekoak aukera hori eskaintzeko ekipoak berez ez dakarren mikrofonoa baliatu behar da. Funtzio gehien dauzkan ekipoa Ipod Nano da: egutegia, alarma, jolasak... Samsung laginak tenporizadorea dauka eta Oregon aparatua ur azpian erabil daiteke.

Baterien iraupena neurtzeko xedez, doinu bera bolumenik altuenean erreproduzitu egin da ekipoak agortu arte. Sony laginak (ia 50 ordu) bigarrenak (MPIO, 25 ordu) baino ia bi aldiz gehiago eta gutxien iraun zuenak (Blu-Sens, 6 ordu) baino ia zortzi halako iraun du martxan. Iraupen eskaseko beste erreproduzitzaile batzuk dira Oregon (9 ordu) eta Acer (10 ordu).

Ipod markako bi laginen eta Oregon laginaren bateria kargatzeko ordenagailu bat erabili behar izateak eginkizun hori zaildu egiten dio erabiltzaileari, ekipo informatikoa eskura ez daukanean. Blu-Sens lagineko bateria entxufe arrunt batekin karga daiteke; gainerako bost erreproduzitzailek pilekin funtzionatzen dute.

Sony eta Ipod markako bi laginek, ordenagailutik erreproduzitzailera doinuak iragan ahal izateko berariazko programa erabilarazte hori eragozpen gisa hartzen du kontsumitzaileak: normalena da honek artxiboak transferitzeko ohiko sistema baliatu nahi izatea (Windows Explorer, esate baterako). Ipod markako laginak ezin erabil daitezke Linux edota 2000 baino lehenagoko Windows modeloen bidez eta Sony markako erreproduzitzaileak ez du funtzionatzen Linux-ekin, ezta Mac OS-ekin ere. Gainerako zazpietan, berariazko programa daukaten arren, horien erabilera aukerazkoa denez, USB onartzen duen zeinahi sistema operatzailerekin elkargarri dira: Windows, Mac OS edota Linux. Baina funtzio erantsiak dituzten programa hauek Windows-ekin bakarrik funtziona dezakete, Ipod markako bi laginek izan ezik (biek Mac Os-ekin ere funtzionatzen baitute). Ekipo bakar batek ez du Linux-en erabiltzailea aintzat hartu.

Azterturiko bederatzi erreproduzitzaileak PC-arekin USB portuaren bitartez konektatzen dira doinuak transferitzeko. USB 2.0 estandarra onartzen ez duen lagin bakarra Acer da: hori dela medio, transferentzia askoz ere mantsoago egiten du. Ipod Nano laginak FireWire konexioa onartzen du: honakoa USB bezain hedatua ez dagoen arren, hura baino dezente azkarragoa da.

Kontsumitzaileen iritzia

Honelako aparatuak erabili ohi dituzten sei kontsumitzailek probatu eta erreproduzitzaile hauen hainbat alderdi 1etik 10era kalifikatu dituzte. Gehien gustatu zaizkienak Samsung (7,6 puntu), Ipod Nano eta Blu-Sens (biak ere 7,3na puntu) eta Creative (7,2) dira. MP3 erreproduzitzaile kaskarrena, erabiltzaileen iritziz, Ipod Shuffle (5,8 puntu) da, pantailarik ez daukalako, batik bat, gabezia horrek doinuak aukeratzea eragozten baitu. Erabiltzaileek gogorren zigortu dituzten alderdiak hauek dira: ekualizadore eta pantailarik ez izatea (Ipod Shuffle) eta irratirik ez izatea (Ipod markako biak eta Sony). Bezero horien aburuz, diseinurik erakargarriena Ipod Nano laginarena da eta erabiltzeko zailena, Acer.

Subjektiboki bada ere, aparatuen kalitatea eta soinua baloratu dituzte erabiltzaileek. Proba horretan doinu bera bi aurikular desberdinekin entzun dute: lehendabizi, ekipoak dakartzan aurikularrekin eta ondoren gama garaiko aparatu batekin. Ondorio behinena: kalitate alderik ez da atzeman aurikular berberak erabili direnean; hortaz, soinuaren kalitatea ez da erreproduzitzailearen arabera aldatzen, ekipoak dakartzan aurikularrenena baizik: alde nabarmenak hauetan hauteman dira, izan ere. Kaskarren baloratu diren aurikularrak Oregon markakoak dira (6,3 puntu), ondotik Ipod Shuffle eta Mpio (6,8 puntu) datozela; denetan hoberenak Ipod Nano (8,2 puntu) dira; erosoenak, amaitzeko, Ipod Shuffle laginarenak.

Pantailarik hoberenak

Ipod Shuffle da pantailarik ez daukan lagin bakarra, ekipoa doinuak aleatorioki erreproduzitzeko diseinatuta dagoelako, fabrikatzaileak adierazi duenez. Gainerako zortzi aparatuek pantaila daukatenez (denek ere LCD motakoak), erabiltzen errazagoak dira eta, gainera, funtzio aleatorio hori ere eskaintzen dute. Ekiporik txikienetako batek (Ipod Nano) dauka pantaila handiena (746 mm2, hots, gainerakoena baino bi aldiz handiagoa) eta koloretako bakarra; dena den, erraz urratzen dela egiaztatu da azterlan honetako probetan. Pantaila txikienak Sony (141mm2) eta Oregon (168 mm2) laginenak dira.

Orrialde-zenbaketa



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto