Endometriosia

Utero-ehun inbaditzailea

Ugaltze-adinean dauden emakumeen %10ek, min latzen iturri den afekzio kronikoa nozitzen du
1 iraila de 2006
Img salud listado 447

Utero-ehun inbaditzailea

/imgs/20060901/img.salud.01.jpg Endometriosia gaixotasun kronikoa da, arrunt-arrunta, eta menstruazioa duen zeinahi emakumek nozi dezake, lehen periodotik menopausiara iritsi arte. Ez du jartzen arriskutan pazientearen bizia baina sekulako minak eragin diezazkioke. Patologia hau 1921ean identifikatu zen eta, geroztik ikusi denez, emakume-populazioaren parte handi batek pairatzen du gaitz hau; egun, adibidez, ugaltze-adinean dauden emakumeen %9 – %10 inguruk jasaten dute endometriosia.

Zer den

Endometriotik -umetokiaren barrualdea estaltzen duen mukosa- kanpo, pelbiseko barrunbean bereziki, ehun endometriala agertzea da. Endometriosiaren kausak zein diren ez dago argi oraino. Azterketa batzuek iradoki dutenez, trastorno inmunologikoa litzateke eragilea eta gaixotasun auto-inmuneetako bat izan liteke hau (organismoak bertako zelulei erasotzen baitie, alegia). Endometriosia pairatzen duten emakumeek neke-sintoma, fibromialgia-sindromea, asma, ekzema eta beste alergia-plegu batzuk nozitzeko aukera handiagoak dituzte, adituen arabera, baina oraingoz ez dago inolako egiaztapenik horri buruz.

Ez da minbizizkoa

Berezko tokitik kanpo dagoen ehun endometriala ez da gauza bere kabuz hazteko; beraz, ehun hori ez da neoplasikoa, ez du minbiziarekin zerikusirik, baina baditu ezaugarri histologiko batzuk eta hormona-estimuluen aurreko erantzun biologikoa, hots, uteroko endometrioak nozitzen dituen aldaketa berberak pairatzen ditu honek ere. Ehun hori, printzipioz, pelbiseko barrunbeko zeinahi alderditan agertu eta obarioetan, ondestean, maskurian koka daiteke baina, era berean, bakandu eta barreiatu egin daiteke, odoletik eta linfa-bideetatik organismoko zeinahi ataletara iritsi arte.

Sintomatologia

Afekzioak eragiten dituen sintomak ehun endometrialaren ugaltzearen, hedaduraren eta kokapenaren ondorio dira. Pazienteak 20 – 30 urte dituenean agertu ohi dira estreinakoz.

  • Sintoma behinena, menstruazioa agertu baino lehentxeago hasten eta periodoa hasitakoan suntsitzen den mina bada ere, zenbaitetan iraun egiten du, pelbiseko min kroniko gisa; honen intentsitatea aldatu egiten da, arin-arina izatetik, emakumea bizimodu normala egiteko erabat desgaitu arte.
  • Sexu harremanetan ere agertu ohi da mina (dispareunia).
  • Endometriosiari maiz antzutasuna ere lotu izan zaio.
  • Kasu askotan, pazienteak bizi-kalitatearen endekapen latza nozitzen du, min bizi eta iraunkorraren ondorioz.

Hormonen erabilera

/imgs/20060901/img.salud.02.jpg Endometriosiaren molestiak kontrolatzeko unean gehien erabiltzen den tratamendua hormona bidezkoa da. Obarioen aktibitatea galarazi eta ehun endometrialaren hazkuntza geroratzen edo mantsotzen duten botikak hainbat substantziaz osatuak daude: ahozko antisorgailuak, progestagenoak, danokrina eta gonadotropinak (GnRH) librarazten dituen hormonaren agonistak.

Danokrinak baditu hainbat alboko eragin, hala nola azal gantzatsua, aknea, zefaleak, astenia, pisua hartzea, bular txikiak, zorabioak eta arnasestuak. Denokrina hartzen duten emakumeek, gainera, haurdun geratzeari saihets egin behar diote, botika honek fetua kaltetu egin baitezake. Edabea beste hainbat hormonarekin (antisortzaileekin, adibidez) irentsi behar dutenez haurdunaldiari itzurtzeko bestelako neurriak hartu behar izaten dira: diafragma, kondoiak edo bestelako oztopo-efektudunak.

Injekzio edo sudur bidezko inhalagailu bidez hartzen diren GnRH agonistek ere alboko eraginak izaten dituzte: insomnioa, zefaleak, arnasestuak, depresioak, bagina lehorra, osteoporosiak…

Botika bidezko tratamenduak ez du endometriosia sendatzen; areago, hura amaitutakoan, gaitza ostera agertu ohi da. Mina bizi-bizia bada eta emakumeari ohiko bizimodua egitea galarazten badio, hura desagertzea edo arintzea da kontu behinena, lehena. Horretarako analgesikoak aplikatzen dira baina, hori aski izan ezean, minaren unitatera jotzea da egokiena. Nolanahi ere, paziente bakoitza berariaz eta sakon aztertzea komeni izaten da, tratamendurik aproposena aukeratzeko: kirurgikoa, farmakologikoa edo bien arteko konbinazioa.

Tratamendu konplexua

Tratamendua endometriosiaren hedaduraren, sortarazten duen minaren, eragindako emakumearen adinaren eta haurdun geratzeko bere asmoaren araberakoa izango denez, biziki konplexua izan daiteke. Argi dezagun lehenbailehen endometriosiak ez duela sendabiderik: obarioek aktibo diharduten bitartean gaixotasunak ere iraun egiten du; menopausia agertzean, gaixotasuna ere suntsitu egiten da. Kasu larria bada eta eragindako emakumeak haurdun geratu nahi ez badu, uteroa eta obarioak erauz dakizkioke eta exeresiak (horrela deritzo ebakuntza horri) menopausiaren eragin berberak izango ditu. Hortik ekin beharko zaio estrogenoen ordezkapen-terapiari baina, ehun endometrial asko geratu bada hor, terapia hasi beharra dago ebakuntza egin denetik lau edo sei hilabete igarotakoan, horixe baita ehunak desagertzeko behar duen denbora.

Atxikidurak eta antzutasun koadroak agertzen dituztelarik, endometriosi larria nozitzen badute ere haurdun suertatzeko aukerari eutsi nahi dioten emakumeei kirurgia leun edo arinagoa aplikatzen zaie: ehun endometriala bakarrik kenduz zaie, atxikidurak eta kisteak erauzten zaizkie eta pelbiseko anatomia ahalik eta modu egokienean berrosatzen da. Kirurgia mota hau egin ondoren erdietsi diren haurdun gelditu diren emakumeen kopuruak aldatu egiten dira, gaitzaren larritasunaren arabera: kasu arinetan, eraginiko emakumeen %75 geratzen dira haurdun; tartekoetan, %55 eta kasu larrietan %35.