Eroslea, babesturik
- 1. Arazoa atzemanik, jo lehenbailehen saltzailearengana. Bermeak bi urteko iraupena du baina, sei hilabeteetatik aurrera, produktua akastun erosi zela egiaztatzen duen froga exiji diezazuke saltzaileak.
- 2. Aukeratu produktua konpontzea edo aldatzea, sen onez beti: hauta ezazu merkeena, bidezkoa dirudien guzietan eta eragozpen larriagorik sortarazi gabe.
- 3. Produktu akastuna entregatzen duzunean, eska ezazu horren agiria, data adierazita. Konpondutakoa edo berria jasotzean, eska ezazu entregaren agiria idatziz, data adierazita.
- 4. Konponketak edo aldaketak emaitza onik agertzen ez badu, eska ezazu aurrekoan baztertu den soluzioa edo, bestela, kontratua baliogabe uztea. Akatsa txikia bada eta produktuaren funtzionaltasunean eraginik ez badu, agian aski izan daiteke prezioa zerbait merkatzea.
- 5. Adostasunik ezean, egin erreklamazioa idatziz (kontsumitzailearen defentsarako bulego batera fax, eskutitz edo bureau-fax egiaztatu bat igorriz, adibidez) eta jarrai ezazu amaieraraino, bide judiziala baztertu gabe: azkenean, horrek ezar diezazkioke saltzaileari bete beharreko baldintzak.
Arazo ohikoenak
Ondasun berrien bermeak bi urteko iraupena du baina agorpen-data kalkulatzeko, bi urte horiei ondasunak zerbitzu teknikoan emaniko denbora gehitu behar zaio. Matxura bera berriro agertzen denean, legeak dioenez, akatsaz arduratu behar du saltzaileak konpondutako ondasuna entregatu denetik hurrengo sei hilabetean ere.
Saltzaileak ez du bermea onartzen, jatorriko bildukia ez daukalako.
Bermearen aplikazioa indarrik gabe utzi edo baldintzatzeko gehiegikeriazko praktika da hori. Are eta gehiago baldintza hori kontsumitzaileari jakinarazi ez bazaio. Bermea exijitzeko, txartela edo faktura aski da. Bildukiaren baldintza edo mugapen hori legeak ez du berariaz babesten. Horrelakoetan egokiena, kontsumitzailea informatzeko bulegora joatea da.
Ondasuna erosi denetik sei hilabete pasatutakoan, saltzaileak ez du bermea onartzen.
Legezko bermeak bi urteko indarraldia du baina erosi denetik sei hilabete igarotakoan akatsa ez da jotzen jatorrikotzat: orduan, oso litekeena da saltzaileak kontsumitzaileari alderdi hori froga dezan exijitzea. Horrela egiaztatzekotan, saltzaileak bermea aplikatu behar du eta, horretarako, horixe diktaminatuko (edo, gutxienez, matxura edo akatsa okerreko erabileraren ondorio ez dela egiaztatuko) duen peritu edo aditua behar du.
Saltzaileak urtebeteko berme-aldia duen agiria entregatu du.
Baliteke agiri hori zaharra izatea, indarrean dagoen legea baino lehenagokoa eta egokiturik ez egotea. Horrelakoetan saltzaileari bi urteko berme-aldia eskatu behar zaio baina, hori ukatzen bazaigu, bermea legeak du xedatua. Eduki faktura eta eskatu erreklamazio-orria.
Saltzaileak ez du lortu matxura konpontzea, ez du eman nahi beste produktu berdin bat, gehiegi dela argudiatuz eta, hortik aurrera ez du inongo soluziorik eman.
Saltzaileak ezin jo dezake gehiegikeriaren argudioetara ezer ez eskaintzeko. Legeak dioenez, konpontze-lana amaitu eta ondasuna entregatutakoan, hori kontratuaren araberakoa ez bada, erostunak aldaketa exijitu egin dezake, baldin eta gehiegikeria ez bada, edo prezioa merkatzea edo emaniko dirua itzultzea.
Konponketa alferrikakoa denean eta berri batez aldatzea gehiegizkoa bada, aukera dago prezioa merkatzea ala emaniko dirua itzultzea. Akatsa garrantzi txikikoa bada eta ondasuna funtzional badago, ez dago aukerarik: prezioa merkatzea da bide bakarra.
Saltzaileak ez du konpontzeko produktua jaso; ondasuna zerbitzu teknikora bidali du, kontsumitzailearen kontura konpontzeko.
Bermea doakoa da eta bertan sartzen dira eskulana, piezak eta bidaiak. Konponketa egiteko teknikoak kontsumitzailearen etxera joan behar izatekotan ez dio ezer kobratu behar, ezta irteerarik ere. Produktua zerbitzu teknikora igorri behar baldin bada, bidaltze-gastu hori ezin zaio kontsumitzaileari ordainarazi. Doakotasuna lortu ezean, erreklamazio orria eskatu, kontsumitzailea informatzeko bulegora joan eta gastuak saltzaileari erreklamatu behar zaizkio.
- Gorde beti erosketa-txartela edo faktura berme-agiriekin eta erabiltzeko eta instalatzeko argibideekin batera.
- Bi urteko baino berme komertzialik ordaindu aurretik, gogoan izan legezko bermeak zu babesten zaituela.
- Produktua saltzaileak instalatu badu, erosketa-kontratuan edo fakturan horrela agertzea komeni zaizu.
- Bilatu zure interesak eta saltzailearen interesen arteko oreka.
- Konponketa edo aldaturiko ondasunaren entrega gehiegi geroratzen bada, erreklama ezazu idatziz ordaindutako dirua itzul dakizun.
- Produktua konponketa-zerbitzuan dagoen bitartean, berme-aldia ez da kontatzen. Horregatik eduki beharko dituzu horrelako agiriak, beren data eta guzti.
Ez ahaztu: bigarren eskuko ondasunek urtebeteko bermea dute, non eta saltzaile profesionalari erosi zaizkion, ez horrela partikularrei. Horrela izatekotan, ezkutuko akats edo hutsuneez erreklamazioa egiteko sei hilabete dituzu.