Bulegoa etxean
Mahai gainekoa, eramangarria ala patrikakoa?
Etxetiko lana egitea planteatzen denean erabaki behar den aurreneko kontua, lanerako zein aparatu mota erabiliko dugun zehaztea da. Mugikortasunak garrantzi handia du, erosotasunak bezain handia. Horrenbestez, etxean bulego finkoa ezartzeko asmotan bagabiltza, mahai gaineko ordenagailua aukera polita da, prezioagatik eta prestazioengatik. Eramangarria ere aukera interesgarria da, geroz eta merkeago gertatzen ari baita baina, mahai gainekoaren prezioan baldin badago, behintzat, kontuan hartu behar dugu disko gogorrean edukiera txikiagoa daukala, laneko abiaduran mantsoago doala, pantaila ere txikiagoa dela eta teklatua ez dela mahai gainekokoa bezain erosoa. Eskuarki toki batetik bestera joan behar duenarentzat, dena den, egoki-egokia da. Etxean lanean ari garenean, nolanahi ere, monitorea eta teklatu konbentzionalak erants dakizkioke ordenagailu eramangarriari.
Etxetiko lanean aritu ahal izateko badira beste hamaika aukera: askotan lana ez datza testu luze-luzeak idaztean, datuak jaso, aginduak eman edo argibideak apuntatze hutsean baizik. Horretarako komeni dira Internetera konekta daitezkeen PDA agendak eta Blackberry telefonoak. Bi teknologia horietako aparatu aurreratuenek aukera ematen dute artxiboak eta taulak idatzi eta maneiatzeko eta mezu elektronikoak igortzeko. Telefonoz hitz egiteko parada ere daukagu, are doan ere (Internet bidez), Skype-ren “Pocket PC”-rako bertsioari eta antzeko programei esker.
Interneterako sarrera, funtsezkoa
Gogoan hartzeko hurrengo kontua konexioa egiteko ahalmena da. Banda zabaleko konexio ona (ADSL edo kablea, batik bat) edukitzea funtsezkoa da. Elementu hori IP (Interneten identifikatzen gaituen matrikula antzekoa) finko batekin instalatzen bada are eta soilago izango da komunikazio-kanal seguruak baliatzea. Bi kontu: hornitzaile guztiek ez dute IP finkorik eskaintzen eta, normalean, hori kobratu egiten dute.
Ordenagailu eramangarriarekin edo PDA agendarekin lan eginez gero, Wifi hari-gabeko konexioa beharko du profesionalak etxeko gela batetik bestera askatasunez mugitzeko, telefonoko entxufeak kezka-iturri bihurtu gabe. Mugikortasuna eskatzen denean badira bestelako aukerak ere: hirugarren belaunaldiko telefonia mugikorreko txartelak (3G edo UMTS), horrelakoek banda zabaleko konexioa oso-oso moduan eskaintzen baitute (hilean 40 euro inguru). Era horretan, gu goazen tokiraino lagunduko gaitu konexioak.
Informazioa segurantziaz partekatzea
Gainerako lankideekin dokumentuak partekatzeko, informazioa Interneteko zerbitzarietan metatua daukaten hainbat aukera daude. Adibidez, FTP batek artxibo handi-handiak trukatzeko bidea emango digu baina “wiki” bat eraginkorragoa gertatuko da kontua baldin bada hainbat lagunek, batera, kalkulu-orri edo testuak eskuartean erabiltzea eta zerbitzarian bertan aldi berean aldatzea. Bertsio eta eginiko aldaketa bakoitzetik segurantzi kopia bana gordetzen du sistemak beti, zerbait berrikusi behar bada, eskura izateko. Aplikazio horiek guztiek, informazioa eskuratzeko baimenduak ez dauden erabiltzaileei sarrera galarazten dieten segurtasun protokoloekin funtzionatzen dute.
Etxetiko lanean aritzeko aplikazioak eta eguneroko bulego-lanean erabiltzekoak oso-oso antzekoak dira. Finean, ohiko kontua da, lanera bulego batera joan arren, lankideak fisikoki urruti dauden bestelako lantegietan aritzea.
- Ofimatikoak: kategoria honetakoak dira “suite ofimatiko” izenekoak, hots, testuak idatzi, grafikoak eta aurkezpenak marraztu, kalkuluak egin eta taula eta estatistikak antolatzeko programa-multzoak. Suiterik ezagunena Microsoft Office da (ordaindu beharrekoa) baina badira doako bertsioak ere, horien pare-parekoak, hala nola OpenOffice (Internetetik deskargatzen dena).
- Dokumentuak finkatzeko: Adobe markako Acrobat Reader da nagusia. Lanabes honek egiten dituen dokumentuak, geroago, jasotzen edo irakurtzen duenak ezin alda ditzake. Dokumentu garrantzitsuetan (fakturak, kontratuak, etab.) oso-oso erabilia da aukera hau. Programa Saretik deskarga daiteke baina ez da doakoa.
- Posta igorri eta jasotzeko: horietako batzuk ordenagailuan idazmahaiko kontu gisa instala badaitezke ere, logikoena da orri nagusietako “webmail” kontu bat edo gehiagotan alta ematea. Yahoo! kontuak, adibidez, nahi adina irekitzeko aukera ematen du eta, mezuak metatzeko, Gigabyte bateko memoria du bere gordailuak. Google (Gmail zerbitzuan) hiru Gigabyteko memoria eskaintzen du baina, bertara sartzeko ezinbestekoa da beste erabiltzaile baten inbitazioa aurkeztea.
- Informazioa partekatzeko: aukeretako bat, lankideekin elkar hartuta, “wiki” bat irekitzea da. Era horretako orriek Interneten testuak eta taulak eskegitzeko aukera ematen dutenez, bertarako sarbidea duten erabiltzaileek plazaratu bazain laster irakurri ez ezik, aldatu ere ahal izango dituzte.
- Aldi berean komunikatzeko: “aldi bereko mezularitzako bezero” ezagunak dira. Gehientsuenek, gainerako erabiltzaileei ahozko deiak doan egiteko aukera ematen dute (aurikularrak eta mikrofonoa behar dira horretarako). Ezagunenak MSN Messenger, Yahoo! Messenger, Skype eta Google Talk dira; denak doakoak, Internetetik deskarga daitezke.