Etxebizitza

Imitazio sinesgarriak

Merkeak, kalitatekoak eta orijinaletik bereizteko geroz eta zailagoak, estaldura apaingarriek egunetik egunera onarpen handiagoa dute
1 iraila de 2006

Imitazio sinesgarriak

Itxurak egitea modan dago materialen artean, behintzat: poliuretanozko habeak, egurra edo zura diruditen produktu sintetikoak& Zoruan, hormetan eta sabaian, estaldura apaingarriak etxebizitzaren barrualdea konkistatu du. Merkeak, egiazko kalitatedunak, orijinaletik bereizteko geroz eta zailagoak izaki, etxegintzako elementu horiek barrualdeen diseinu-aukerak biderkatu egin dituzte, zaletasun eta patrika guztientzat baitaude ugari.

Era guztietako zoruak

/imgs/20060901/img.vivienda.01.jpg Egurrezko zoru tradizionalen ordez gaur beste batzuk ezartzen dira, merkeagoak eta ezartzen errazagoak:

  • Zoru laminatuak. Estaldura hauek hainbat geruzaz osatuak daudenez, higaduraren aurrean erresistentzia handiagoa ezartzen dute. Erretxina berezizko pelikula gogor gardena daukate kanpoan, gero beste bat, egurraren ukitu eta irudia erreproduzitzen duena, euskarri mihiztaturiko geruza bat hirugarrenik eta beste bat, azkenik, osotasuna egonkortzeko. Horren emaitza, egurraren imitazio ia perfektua da. Izan ere, zoru hauek fabrikatzeko material sintetikoak eta egurrezkoak baliatzen dira.
    Prezioa: 5 – 50 euro metro karratuko.
  • Parketa. Tarima mota hau egur hutsez edo hainbat material desberdinez fabrikatzen da. Osaketaren arabera aldatzen da lodiera 12 eta 18 milimetro artean; egur hutsezkoak 20 zentimetrotik gora doazenez, sendo-sendoak gertatzen dira.
    Prezioa: 20 – 70 euro metro karratuko.
  • Kortxoa. Material honek bazterrak apaintzeko daukan ahalmena oraindik orain aurkitu den arren, maila asko igo ditu denbora laburrean. Lauzatxotan eros daiteke, zoruan ezartzeko prest, eta isolatzaile akustiko eta termiko bikaina da, gainera. Ipinitakoan, bernizatu edo pintatu egin daiteke. Prezioa: 5 euro inguru metro karratuko.

Material hauek guztiak norberak instala ditzake, trebezia pittin batez, fabrikatzailearen aholkuak beteaz. Hona horiek ezartzeko hiru sistemak:

  • Flotatzailea. Zoru laminatu eta parketak ezartzeko baliatzen da. Lehendabizi, material isolatzailezko geruza bat ematen da eta, horren gainetik, lamak. Kolaz finka daiteke, edo “klik” sistemaz (piezak alboetan dauzkan mihiak aldamenekoan sartzen dira, presioa eraginik).
  • Iltzatua. Egurra eta parketa ezartzeko balio du baina gogoan hartu behar da iltzeak bistan gera daitezkeela, apaindura hondatuz. Horrela, dena den, sendoago finkatzen dira.
  • Itsatsia. Parket lamak edo kortxozko lauzatxoak zoruari itsasten zaizkio kolaren bidez. Honakoa aplikatu aurretik, azalerako hautsa garbitu behar da, piezak ongi itsatsiko badira.

Material bat edo bestea aukeratu ahal izango da, gela horrek izango duen zereginaren arabera. Erabilera biziko geletan (haurren gela edo establezimendu txiki bat, adibidez) egokiena izaten da lamadun zoruak edo parket flotatzaileak instalatzea: ezartzen errazagoak izaki, hondatuz gero ere errazkiago berrituko dira. Erabilera orokorragoko geletan (egongela edo jantokia, esate baterako) lamadun zorua edo egurrezko parketa hauta daiteke, zein baino zein sendo eta iraunkorrago.

Paretak

Hainbat estilotakoak instala daitezke, egun salgai dauden betiko pintura eta paperen ordezkoen aukera amaigabea baita.

  • Frisoak. Egurrezko bukaera imitatzen dute eta pareta edo horma hainbat estalduraz janzteko aukera ematen dute (izei eta pinuz, batik bat). Badira PVC-zkoak ere: hauek suaren eta uraren aurrean erresistentzia handia agertzen dutenez, bainugelan edo sukaldean instalatzeko egoki-egokiak dira. Erraz asko kokatzen dira, listoien bidez, torlojuez, grapez lotuak edo itsatsita. Lamak horizontal (gelak zabalago iruditzea nahi badugu) edo bertikalean (altuera handiagoaren efektua lortzeko) jar daitezke.
    Prezioa: 4 – 10 euro metro karratuko.
  • Harria eta adreilua. Unitateka edo plaketa apaingarriak osatuz eskura daitezke eta material naturalak errealismo osoz imitatzen dituzte. Bistako adreiluak eta harlanduak baserri-giroa prezio merkean imitatzeko erabiltzen dira. Horrelakoetan, harri naturala baino merkeagoa den artifiziala baliatzen da (hondar, legar fin edo igeltsuz osaturiko hormigoi antzekoa). Plaketak astunak direnean, kola-mortairurekin finkatzen dira, eror ez daitezen.
    Prezioa: plaketak, 22 euro inguru, metro karratuko.
  • Tximiniak. Horrelakoak imitatzen dituzten estaldurek ez dauzkate pareta erregogorrak: armazoi apaingarri gisa baliatzen dira fundizio edota sistemetan (kristal bitrozeramiko batean barna sua erakusten duten estrukturak) edo egurtegietan (hauetan, baserri-airea emateko, kolore eta material naturalak leundu eta landu gabe erabiltzen dira).
    Prezioa: 350 – 1.500 euro artean.
  • Bestelakoak. Zoruan ez ezik, horma eta paretetan ere instalatzen da kortxoa. Espazio horiek, era berean, plastikozko beira-panelez jantz daitezke, era guztietako kolore eta tamainetan.

Sabaiak

Azkeneko joera eskaiolazko bukaerak (arku, zutabe, erlaitz edo sasi-sabaiak imitatzeko) eta egur edo poliuretanozko habeak sekula baino gehiago erabiltzea da, nork bere estiloarekin apaintzeko.

  • Habeak. Era askotako material, kolore eta bukaeradunak fabrikatzen dira. Baserri-giroa zein giro modernoa sortzeko ipin daitezke, egur hutsezkoak edota imitaziokoak, beteak eta hutsak (hauen barnean kableak eta hodiak sar daitezke) daude merkatuan. Gehien ipintzen direnak (merkenak beraiek baitira) poliuretanozkoak dira. Habeak jartzeari esker, paretak eraitsi ondoren geratu diren zulo, arraildura eta juntak estal daitezke. Poliuretanozkoak berariazko silikonarekin itsasten dira (arin-arinak baitira) baina egurrezkoak josteko takoak sartu behar dira. Habeak duen bi metro bakoitzeko egurrezko hiru tako erabiltzea aholkatzen dute adituek. Ganbara eta bobedadun espazioetan biziki baliagarriak dira, bertan fokuak edo apaingarriak ezartzeko. Egurrezkoei, gainera, sabaian kateatu aurretik nahi den bukaera eman dakieke.
    Prezioa: 30 – 70 euro (poliuretanozkoak); 60 eurotik aurrera (egurrezkoak).