Ezustekorik ez izateko, egokiena testamentua egitea
Txakurrari dena utzi dion agurea, semea herentziarik gabe uztearren ahaleginak eta bi egingo lituzketen gurasoak, bikotekidea hildakoan inongo eskubide eta ondasunik gabe geratu diren ezkongabeak, aitona-osabaren ondarea erreklamatzen den senide ezezaguna& Herentzien hariekin ehunduriko amarauna horiek denek osatzen dute. Beldurrez ikusten den famili episodio horiei, herederoek ez ezik, notarioek eta Ogasunek ere zukuak erauzten dizkiete.
Testamentuan dena ongi lotuta uztea 36 eta 60 euro artean kostatzen da. Agiri horrek herentzia kontuetan berebiziko eginkizuna betetzen du. Oso garestia ez den paper bat, aparteko zailtasunik gabea (bera osatzea notarioaren zeregina baita)… Dena den, espainiar gehientsuenek testamentua idaztea ez dute gustuko, hori egiteak hil egingo garela aitortzearen pareko baita eta heriotza geureganatzea kontu latza dugu denok.
Testamenturik ez egitea senitartekoei ondorengotzaren inguruko kezkak uztea da: horrelakoetan, gure hurkoek notarioaren edo, areago, epailearen aurrean konpondu behar dituzte beren gorabeherak eta, gainera, legearen eskuetan uzten dugu geure ondasunen banaketa. Bi aukeren arteko kosteen aldea izugarria da. Testamentuz eginiko ondorengotza horrelakorik gabe egiten dena (150 euro inguru) baino hiru aldiz merkeagoa da. Herentzia argitze aldera, adierazpen judiziala egitera iritsi behar izanez gero, prezioa biderkatu egiten da: 200.000 euroko herentzia batean, adibidez, 6.000 euroraino irits daiteke hori.
Testamentuak eta herentziak: alderdi orokorrak
- Nork egin dezake testamentua? Hamalau urtetik gorako pertsona orok egin dezake, bere buruaren jabe baldin bada, indarreko Legeak dioen arabera.
- Nolako ondasunek osatzen dute herentzia? Ezkondu eta hildako pertsona baten herentzia osatzen dute bere ondasun pribatiboek eta irabazpidezkoen erdiak, hori baldin badu ezkontza-erregimen ekonomikoa. Ondasun pribatiboak, hildakoak ezkondu aurretik zeinahi tituluren bidez erosi zituenak gehi, herentzia edo emakida bitartez, geroago jaso dituenak dira; dena den, Legeak aurreikusiak dituen egoera eta baldintza jakin batzuetan, beste hainbat ondasun ere pribatibotzat joak izan daitezke.
/imgs/20060901/img.informe.02.jpg Irabazpidezko ondasunak, berriz, hildako pertsonak ezkondutakoan erosketa edo bestelako zeinahi kontratu dirubidezkoaren bitartez bereganatu dituenak dira (dirubidezkoaren kontratu hori bete dadin, alderdiek zerbait eman, egin edo ez egitea da beharrezkoa), bestelakorik frogatu ezean. Pertsona hiltzean daukan dirua irabazpidezkotzat jotzen da, ezkontideetako baten jabetza pribatibokoa zela frogatu ezean. - Zertan da usufruktu-eskubidea, zenbat irauten du? Usufruktu-eskubidedunak besteren gauza bat erabil dezake, haren jabea izan gabe. Eskubidedunak, besteren ondasun horrek ekoitz ditzakeen etekinak ere beregana ditzake (errentak, esate baterako, alogerean ezarritako ondasun higiezina denean; fruituak, nekazaritza-ustiakuntza denean, etc.). Beste aldetik, ordea, ezin sal dezake ondasuna eta ezin ezar diezaioke zamarik (hipoteka bat ezarriz, adibidez), ondasuna berea ez duelako.
Usufruktua iraupen jakin batez (hainbat urtez, esate baterako) hitzar daiteke edo, bestela, determinagarria izan daiteke (onuraduna hil artean). - Testamenturik ezean, nork heredatzen du? Hildakoak seme-alabarik baldin badu, herentzia berorien artean banatuko da, zati berdinetan. Hildakoa ezkondua bazegoen, ezkontideak herentziaren herenaren usufruktua eta irabazpidezko ondasunen erdia jasoko du. Hildakoak seme-alabarik ez baldin badu, herentzia gurasoentzat da eta ezkontide alargunak ondasunen erdiaren usufruktua hartuko du. Ez guraso eta ez seme-alabarik ez duen pertsona hiltzean, ezkontidea da heredero nagusia. Eta ezkontide zibilik ere ez bada, hildakoaren anai-arrebak eta ilobak izan daitezke herederoak. Ondorengotza “legala” zabalik, herederorik agertzen ez bada, estatuak bereganatuko ditu ondasunak.
Lerro bakoitzak hurrengoei pasabidea galarazten die, hots, ondorengorik baldin bada, beste inork ez du heredatuko (alargundutako ezkontideak izan ezik, berau usufruktu-eskubideduna baita beti). - Nola jakin hildako pertsonak testamentua egin duen eta zein notarioren aurrean aritu den? Estankoan edo Espainiako Justizia Ministerioan eros daitekeen “Azken nahien” inprimakin baten bitartez, Azken Nahi-Egintzen Erregistrora egiaztagiria eskatu beharra dago. Pertsona hil den herriko Erregistro Zibilean eskuratuko den eta nahitaez hildakoaren gurasoen izenak agertuko dituen inprimaki horri jatorriko edo behar bezala konpultsaturiko heriotza-agiria erantsi behar zaio. Ziurtagiria, heriotza-data ondoko hamabost lanegunetan eskatu beharko da.
Legitima edo senipartea
/imgs/20060901/img.informe.03.jpg Zenbat zatitan bana daiteke herentzia? Herentzia, lege bidez, hirutan banatzen da: “senipartea”, “hobekuntza” eta “erabilera askeko herena”. Seniparte hori da testamentua egin duenak erabaki ezinik utzi duen herena, bestelako asmorik bazuen ere, legez “derrigorrezko” deritzen herederoei eman behar baitzaie parte hori, non eta testamentugileak inor berariaz herentziarik gabe utzi nahi ez duen. Seniparte horren munta, herentzia jasotzen duten pertsonen kopuruaren arabera aldatzen da. Hobekuntza-herena seme-alaba edo ondorengoren baten zatia eransteko erabil daiteke; horren gainetik berariazko erabakirik hartu ezean, seniparteari gehitu behar zaio. Erabilera askeko herenak testamentugileak nahi duena egin dezake.- Zergatik eta noiz egin behar da herentziaren banaketa? Baliteke, adibidez, testamentugileak, herederoak izendatu ez ezik, testamentuan bertan herederoen artean ondasunen banaketa ere adierazita utzi izana, horietako bakoitzari herentzia-kuotaren araberako partea izendaturik: zatikatze-testamentua deritzo horri. Horrelakoetan, ondasunen banaketari dagokion guztian, testamentugileak agindutakoa hitzez hitz bete beharko dute herederoek, derrigorrezko herederoen senipartearen kalterako ez den bitartean. Litekeena da, era berean, testamentugileak, bere enpresak aurrera segitzeko edo familiaren mesedetarako, ustiakuntza ekonomiko batek osorik eta zatitu gabe iraun dezan edo, era berean, kapital-elkarte baten edo multzo baten kontrola manten dadin nahi izatea. Horrelakoetan eskumen hau baliatu ahal izango du, gainerako interesatuei beren senipartea dirutan ordain dakien ebatziz.
Herentzia ez da libre
Ondasunak nahi duenari uzteko aske ote da testamentugilea? Ez. Legez badago ondorengo, arbaso eta ezkontideari zerbait uzteko obligazioa (senipartea), kasuen arabera: horregatik deritze horiei “derrigorrezko heredero”. Kontuan izan dezagun, dena dela, Espainia osoan arauak ez direla berdinak. Herrialde batzuetan berariazko erregimen historikoa (“Foru Zuzenbideak”) dute indarrean: hauek, testamentu eta herentziei dagokien guztia modu berezi batez erregulatzen dute.
Zenbat eman behar zaie derrigorrezko herederoei?
- Seme-alaba eta ondorengoei (iloba, birloba, etc.), herentziaren bi herenak. Herenetako bat seme-alaben artean zati berdinetan banatu behar da eta beste herena (hobekuntzakoa) berorien artean nahi erara banatu edo ondorengo bakar bati utz diezaioke testamentugileak.
- Hildakoak ez bazuen seme-alabarik, ezta ondorengorik ere, arbasoek (guraso, aitona-amonak, etc.), gurasoek lehen-lehenik heredatu dutela, seme-alaba eta gainerako ondorengoen herentzia-ondasunen erdia jasotzeko eskubidea dute, baldin eta herentzia jasotzen ez badute hildakoaren ezkontidearekin; honelakoetan, guraso edo arbasoen senipartea herentziaren herena izango da.
- Ezkontide alarguna bera ere hildakoaren derrigorrezko herederoetako bat da eta, halakotzat, hobekuntzako herenaren usufruktuaz balia daiteke, herentzia seme-alaba edo ondorengoren batekin jasotzen badu. Ondorengorik ez baina arbasorik balego, honek herentziaren erdiaren usufruktuaz baliatzeko eskubidea izango luke. Ez ondorengo, ez arbasorik ez izatekotan, bizirik dagoen ezkontideak herentziaren bi herenen usufruktua baliatzeko eskubidea izango du.
Gurasoek seme-alabarik herentziarik gabe utz dezakete? Testamentugileak ezin diezaioke inori kendu herentziaren partea, gurari hutsez. Legean argi eta garbi zehazten dira herentziarik gabe uzteko arrazoiak; kausa horietatik kanpo ez dago inor herentziarik gabe uzterik. Hala eta guztiz, herentzia-erauzte hori gauzatzen bada kausarik adierazi gabe, kausa hori onetsi gabe edo legez adierazitakoez beste bat baldin bada, erabakia epaitegiek indargabe utzi ahal izango dute.
Baliogabetzea, uko egitea eta aurka egitea
/imgs/20060901/img.informe.04.jpg Ba ote dago herentzia bati uko egitea? Herentzia onestea eta gaitzestea egintza askeak dira. Legearen arabera, herentzia jasotzeari uko egin diezaioke bere ondasunez libre xedatzea duen edonork baina, hori bai, osotasunari egin behar dio uko, ezin egin dakioke zati bati, baldintzapean edo epeka. Ukazio hori notarioaren aurrean egin beharra dago edo, idatziz, epaile eskumendunaren aurrean. Kontuan izan, inork herentziari uko egiten badio eta bere hartzekodunak baldin baditu, horiek epaileari eskatu ahal izango diote baimena eman diezaiela beraiek herentzia jasotzeko, interesatuaren ordez.- Testamentua baliogabetu egin daiteke? Indarrean dagoen arauteriak ez du testamentua egiteko inongo obligaziorik ezartzen eta, areago, dokumentua eginik, bestela egiteko edo beste baten ordez aldatzeko aukera ematen du beti, nahiz eta testamentugileak berak aurreko testamentuan hori behin betirakoa izan zedin adierazi bazuen ere. Testamentu itxia denean baliogabetutzat joko da baldin eta dokumentua testamentugilearen helbidean azalak urratu edo hautsirik, edo sinadura aldaturik agertuko balitz. Baliozkoa izango da, ordea, hondamen horiek testamentugileak nahi izan gabe edo jakin gabe, edo dementzia egoeran badago, gertatu direla frogatzen bada.
- Nork egin dezake testamentuaren aurka? Printzipioz, testamentu akastua baliogabetzat jo dadin eskatzeko gaituak daude testamentua baliogabetzearen mesedea jaso dezaketenak: legezko herederoak, aurreko testamentu batean heredero edo onuradun izan direnak, etc. Alderantziz, ordea, testamentua baliogabetzeko egintza ezin egikari dezakete horren baliozkotasuna berariaz edo tazituki aitortua dutenek.
Nork jasoko du herentzia kasu hauetan?
Testamentua eginik | Testamentua egin gabe | |
---|---|---|
Testamentugileak alarguna eta seme-alabarik uzten duenean? |
Legez, alargunak hobekuntza herenaren usufruktuaz baliatzeko eskubidea du. Horrez gainera, libre xedatzeko herena jaso dezake, hildakoak horrela ebatzi balu. Horrela izatekotan, seme-alabek herentziaren bi herenez gozatuko lukete, parte berdinetan (senipartea eta hobekuntza). Era berean, hobekuntzaz balia daiteke horietako baten mesedetan jarduteko. |
Herentzia guztia parte berdinetan banatuko da seme-alaben artean. Halaz ere, amak herentziaren heren baten usufruktuaz gozatzeko eskubidea du. |
Testamentugileak alarguna bai baina seme-alabarik uzten ez duenean, bi gurasoak bizirik daudela? | Senipartea gurasoei utzi behar die, parte berdinetan. Gainerako bi herenak nahi duenari utz diezazkioke. Erakunde bati edo hirugarrengoei ematen badizkie alargunak herentziaren heren baten usufruktuaz gozatzeko eskubidea du. | Herentzia osoa hildakoaren gurasoen eskuetara doa. Ezkontideak herentziaren erdiaren usufruktuaz gozatzeko eskubidea du. |
Testamentugileak alarguna bai baina seme-alabarik eta gurasorik uzten ez duenean? | Herentzia nahi duenari utz diezaioke (alargunari, ilobei, etc.) baina alargunak, legez, herentziaren bi herenen usufruktuaz gozatzeko eskubidea du, bizi den bitartean. | Ondasun guztiak ezkontidearen eskuetara doaz. |
Testamentugileak lehen emaztearen seme-alaba eta alarguna bere bi seme-alabarekin uzten dituenean? | Senipartea, hiru parte berdinetan banaturik, hiru seme-alabentzat izango da. Horietako bati hobekuntza herena utz diezaioke edo, bestela, parte berdinetan bana dadin ebatz dezake. Libre xedatzeko herena nahi duenari utz diezaioke. Nolanahi ere, hobekuntza herenaren usufruktuaz gozatzeko eskubidea du alargunak. | Herentzia guztia hiru seme-alabek jasoko dute, parte berdinetan. Bigarren emazteak (alargunak) herentziaren heren baten usufruktuaz gozatzeko eskubidea. |
Testamentugileak bikotekidea (izatezkoa edo bestelakoa) eta seme-alaba bat uzten dituenean? * | Senipartea eta hobekuntza semearentzat dira. Libre xedatzeko partea, berriz, bikotekidearentzat izan daiteke. | Seme edo alaba horrek jasoko du dena. Ezkonduta ez zeudenez, bikotekideak ez du usufruktu-eskubiderik. |
Testamentugileak bikotekidea (izatezkoa edo bestelakoa) uzten duenean? * | Senipartea eta hobekuntza gurasoentzat dira. Hauek hil badira, anai-arrebek edo ilobek jasoko lukete herentzia. Libre xedatzeko partea, berriz, bikotekidearentzat izan daiteke. | Guraso edo arbasoek dena jasoko dute. Ezkonduta ez daudenez, bikotekideak ez du usufruktu-eskubiderik. |
Testamentugileak bi seme-alaba (bata biologikoa, bestea adoptatua) uzten dituenean? | Senipartea eta hobekuntza bi parte berdinetan banatu eta seme-alabentzat izango dira. Libre xedatzeko herena nahi duenari utz diezaioke. | Seme-alabek jasoko du dena. |
Testamentugileak bi seme-alaba uzten dituenean eta horietako bat hiltzen bada, testamentugilearen biloba den semea edo alaba utzita? | Senipartea eta hobekuntza herenak, parte berdinetan, bizirik dagoen semearentzat eta bilobarentzat izango dira, ordezkapen-eskubidez (aitonaren herentziaren gaineko eskubide guztietan, hila duen aita ordezkatzeko eskubidea). Libre xedatzeko herena nahi duenari utz diezaioke. | Semeak eta bilobak dena jasoko dute. |
(*) Espainiako Kode Zibilaren arabera, izatezko bikoteari buruzko legeek “orokorraz” bestelako ondorengotza xeda dezakete.