Oraino hutsuneak badira ere, eskolako autobusen segurtasuna hobetze bidean doa
Espainiako eskola umeak ikastegietara eramate horretan hautematen den segurantzi gradura gerturatu da CONSUMER EROSKI. Emaitzek -aldizkari honek 2000 urtean argitara eman zuen honen antzeko txostenean agertzen zirenak baino dezente hobeak badira ere- oraino ere hainbat hutsune agertzen dituzte eskola-garraioan. Hasteko, aztertu diren 323 eskola-autobusen %2k legea urratzen dute, duela hogei urte baino lehenago matrikulatuak daudelako. Horrez gainera, 2006-2007 ikasturtean oraingo autobusen %4k ez luke ibili beharko, muga hori gaindituko luketelako. Txosten honetan agertzen diren autobusen jabe diren 1100 enpresei CONSUMER EROSKI-k eginiko kontsultan, autobusen batez besteko adina 5 urtekoa bada ere, aldizkari honek ezarritako proba praktikoak egiazkoa batez besteko adina 6,5 urte dela frogatu zuen.
Segurtasun-uhala (2007tik aurrera matrikulatuko diren ibilgailuetan derrigorrezkoa izango delarik), segurtasunerako elementu bakana da oraingoz: azterturiko autobusen %8k baizik ez daukate segurtasun-uhala plaza guztietan. Prebentzioaz ari garela, beti komenigarriak diren istripu-simulazioak enpresa guztiek %22k bakarrik egiten dituzte.
Ikasleen autobusen irteera- eta sarrera-operazioen erantzule edo patioko arduradunari dagokionez, ikastegien erdietan zeregin hori ez du inork betetzen. Pertsona heldu bat laguntzaile gisa autobusetan joatea jeneralizatu bada ere, enpresen %53k ez dakite laguntzaile horiek nolako eskarmentu edo titulua duten (aisialdiko monitorea, adibidez). Derrigorrezkoa ez bada ere, hobe hori beteko balitz.
Autobusen ekipamendua ere hobetzeko modukoa da: %24 baizik ez dago gurpildun aulkiko erabiltzaileentzat gutxienekoan sarrerako arrapalekin egokituak. Eskola-ume askok ordubete eta gehiagoko ibilbidea egin behar izaten duten arren, autobusen %11k baizik ez dute komunik (orain dela sei urte baino %4 gutxiagok, alegia).
Eskola-autobusaren batez besteko tarifa (73 euro hileko), aldiz, %30 altxatu da 2000 urtetik hona. Nabarmenak dira, inondik ere, zerbitzu honengatik kobratzen diren tarifen arteko aldeak, bai hiri batetik besterako aldeak (hiri bakoitzeko batez bestekoez ari garela, hileko 51 eurotik 100 eurora baitoaz), bai hiri berean ere: Bartzelonako enpresa batetik bestera hileko 130 euroko aldea hauteman da; Madrilen, 104 eurokoa eta Valentzian, 75 eurokoa. Horrek ez du esan nahi prezio garestidun zerbitzuen kalitatea hobea denik.
Enpresek diotena...
Beren autobusez
Eskola-garraio alorreko enpresen arabera, beren ibilgailuen %98k iraultzearen aurkako segurtasun sistema daukate (2000.eko azterketan, %55ek). Dispositibo horri esker, ibilgailua egonkorrago bihurtzen da eta bidaiariak babestuago doaz.
ABS galgak eta retarder elementua ohi-ohikoak dira, enpresek diotenez: hiru autobusek izan ezik, gainerako guztiek dauzkate horrelakoak (2000 urtean, autobusen %69k zeukan ABS sistema eta %80, berriz, aipaturiko retarder).
Ekipamendu maila orokorra hobetu egin da, aurreko txostenetik hona: azterturiko ibilgailuen %24 zuzen egokituak daude (gehientsuenek sarbideko arrapala daukate) nolabaiteko ezintasuna duten eskola-umeentzat (2000 urtean portzentajea %7 baizik ez zen). Komunaz hornituriko autobusen kopuru erlatiboak, berriz, behera egin du (beharrezkoa, jakina, ibilbide luzeetan): %1kk baino ez dute komuna; duela sei urte, ostera, %15 ziren komunaz hornitutakoak.
Laguntzaile helduaz
Nolanahi ere, CONSUMER EROSKI-k egiaztatu nahi izan du garraio-enpresek eskola-umeen arduradun diren helduen titulazioa eta eskarmentua zein gradutan ezagutzen duten. Legeriaren arabera, laguntzaileak oro garraio-zerbitzua antolatzen duen erakundeak akreditatua egon behar du eta ibilgailuaren segurtasun-mekanismoak ezagutu behar ditu. Baina laguntzaile guztiek berariazko prestakuntza ez ezik, aisialdirako monitore edo baliokide den beste tituluren bat ere izan dezaten Aragoiko erkidegoak bakarrik behartzen ditu enpresak.
Horregatik, beharbada, inkestari erantzun dioten Zaragozako enpresa denek erantzun dute eskola-autobusetako laguntzaile guztiak aisialdirako monitore tituluaren jabe direla. Datu honekin kontrastean, ordea, gainerako hirietako enpresen batez bestekoa agertzen da: horien %53k ez dakite autobusetan doazen laguntzaileek nolako titulazioa edo eskarmentua duten.
Horrez gainera, hamar enpresatik lauk ihardetsi dute ez dakitela autobusetan doazen haurren arduradun horiek lehen sorospenei buruz zerbait dakiten edo ez; esan gabe doa, noski, istripurik gertatzekotan, horrelako prebentzio neurriak hartzea oso-oso bidezkoa dela baina, indarreko legeriak ez du inor behartzen horretara.
Segurtasunaren inguruko beste kontu zenbaitez
Simulazio-saiorik (balizko suteak edo autobusen istripuak gerta daitezkeen eta, egin beharko liratekeen eraikin eta ibilgailuen ebakuazio probak) ia ez da egiten ikastetxeetan, bertan autobusetan doazen haurrek esku hartzeko: zentroen %22k baizik ez dute horrelakorik praktikatzen, inkestan parte harturiko enpresen arabera.
Segurtasun-uhala erabiltzea da oraindik gainditu ez den proba nagusietako bat. Joan den maiatzaren 9an indarrean sartu zen Europako Arautegiak xedatua du 2007ko urritik aurrera matrikulatzen diren autobus berriek eserleku guztietan segurtasun-uhala eduki beharko dutela. CONSUMER EROSKI-k, 110 enpresa itaundu ondoren, emaitzak dezente hobetzeko modukoak direla egiaztatu du: enpresen %8k baino ez dute adierazi segurtasun-uhala beti baliatzen dutela eta ehun eta hamar horien erdiek diotenez, uhala ipintzen dute eskola-umeak azken ilarako erdialdeko eserlekuetan doazenean bakar-bakarrik. Leku horietan, arautegiaren arabera, derrigorrezkoa da segurtasun-uhala edukitzea, gainerako plazak baino arriskutsuagoak direlako horiek.
CONSUMER EROSKI-ren proba praktikoa
2000 urteaz geroztik indarrean dagoen legeriaren arabera, eskola-garraiorako autobusek ezin dute izan 16 urte baino gehiago baina CONSUMER EROSKI-k eginiko proba praktikoan agerian geratu zenez, azterturiko 323 autobusetatik 7k (%2,2) baimenduriko data horren aurretikoak dira. Eskola-zerbitzua ematen duten autobus batzuek 19 urte ere badituztela egiaztatu zen proba horretan. Horrez gainera, beste 14 autobusek ere (%4,3) ez lirateke erabili behar orain hasten den ikasturtean, 16 urteko muga horretan baitaude.
Halaz ere, egoera hobetu da 2000 urtean eginiko azterketa hartatik: orain, azterturiko autobusen batez besteko aspaldikotasuna 6,5 urte da eta orain dela sei urteko txostenekoa, berriz, 8,6 urte. Beraz, autobus.-flota horren erdia baino gehiagok (%54k) 3 eta 10 urte bitarte du (%36k, 2000ko txostenean) eta %22k hiru urte baino gutxiago, aurreko azterketan bezalatsu. Autobus horien %22ren aspaldikotasuna, azkenik, 10 eta 16 urte artekoa da (2000 urtean, %36).
Esan dezagun, bukatzeko, kontsultatu ditugun 110 konpainiek adierazi zutenez, beren autobusen batez besteko adina 5 urte zela baina CONSUMER EROSKI-ko teknikarien proba praktikoak erakutsiko datuek 6,5 urteraino altxatu zuen zifra hori.
Non gelditzen diren autobusak
Ikastegien %23k ezarria dute autobusen geltokia ikastetxean bertan (patioan, eskuarki): horixe da neurririk egokiena istripurik edo alferrikako arriskurik ez nozitzeko, haurrak autobusean sartzean edo bertatik irtetean.
Zentroen %77tan geltokia kalean dago, baina ikastegi batetik besterako aldeak berebizikoak dira: ikastetxe horien %11tan haurrek kalea zeharkatu behar dute baina, hori bai, kasu den-denetan egiaztatu denez, autobuseko laguntzaileak gidatu eta zaindurik daude ibilbide horretan. Gainerako zentroetan geltokia ikastetxeko eskuineko espaloian dago, atetik hurbil; beraz, haurrek ez dute kalea zeharkatu behar.
Segurtasun-uhala
Aurtengo maiatzean indarrean sartu den Europar Arteztarauak 2007tik aurrera matrikulatuko diren autobus guztiei behartzen die segurtasun-uhalaz hornituak egon daitezen. Halaz ere, CONSUMER EROSKI-k egiaztatu duenez, eskola-garraioan baliatzen diren hamar autobusetatik bik baino ez daukate segurtasun-uhala (edo ez zen horietan ikusi haurrak uhala ezarrita). A Coruña eta Murtzia nabarmentzen dira: lehenaren %80 eta bigarrenaren %70tan ikusi zenez, autobusek badaukate segurtasun-mekanismo hori eta haur gehientsuenek erabili egiten dute. Beste aldera, Valladolid, Sevilla, Santander, Donostia, Granada, Bilbo, Bartzelona eta Alacanten azterturiko autobus bakar bat ere ez dauka segurtasunerako elementu hori.
Laguntzaileen presentzia
Haurren erdiek 12 urte baino gutxiago dutenean, gidariaz aparte, beste pertsona heldu batek egon behar du autobusean, honen ardurakoa izango baita haurrak zaintzea. Lege-testuak, nolanahi ere, neurria 07-08 ikasturtera arte pixkanaka aplikatzea onartzen du.
CONSUMER EROSKI-k egiaztatu duenez, autobusen %8tan ez zegoen pertsona heldurik (gidariaz gainera), haurren zaintzaz arduratzeko. Nolanahi ere, autobus horietan 12 urtez beherako haurren kopurua erdia baino gutxiago zen.
Arautegiak dioenez, haur bakoitzak bere eserlekua izan behar duenez, ezinezkoa izango da hiru haur bi eserlekutan joatea. Horrelako okupazioa azterturiko autobusen %2tan bakarrik ikusi zen (gidariak edota laguntzaileak egoerari konponbidea emateko ezer egiten ez zutelarik).
Tarifak: hiri batetik bestera, alde handiak
Zentro pribatu eta itundu pribatuetako eskola-garraioko tarifak (ikastetxe publikoetako garraioa doakoa da) ez dira bat ere merkeak: batez beste, hileko eta ikasleko 73 euro kostatzen dira (CONSUMER EROSKI-k 2000 urtean eginiko azterketan batez bestekoa 51 euro zen, oraingoaren %30 merkeagoa, alegia). Hiri batetik bestera, gainera, sekulako aldeak daude: Gasteiz eta Donostiako 51 euro horiez beste muturrean daude Bartzelona eta Valentziako 100 euroko prezioak. Alde horiek, ordea, harik eta handiagoak dira hiri bereko ikastetxeen artean, hiri handienetan, bereziki: Bartzelonako ikastetxe batetik bestera 130 eurorainoko aldea dago ikastegi merkeena eta garestienaren artean; Madrilen 104 euro eta Valentzian 75 euro. Santander, Zaragoza eta Murtzian, aldiz, prezioak homogeneoagoak dira eta aldeak askozaz ere txikiagoak (20 euro, gehienez).
Gehiago ordaintzeak, ordea, seguruago bidaiatzea eta laguntzailearen zerbitzua kalitate hobekoa dela esan nahi ote du? Gogoan izan dezagun autobus zaharrenek istripua nozitzeko arrisku biziagoa dutela. Azterturiko autobus-flotaren batez besteko aspaldikotasuna jakinik, Valentzia da toki hoberenean dagoena, hiri horretan baitaude 3 urtez beherako autobus gehien; Alacanten ere araua bete egiten da: gehiago ordaintzen da baina autobus berri (eta, hortaz, seguruago) gehiago daude. Bartzelonak, aitzitik, eskola-garraio garestienetako bat izan arren, hiru urtetik beherako autobus gutxien dauzkan hiria da.
Zerbitzuaren prezioa eta kalitatearen arteko erlazioa zehazten duen beste aldaki bat, autobusen aspaldikotasunaz gainera, laguntzailearen figura da. Adin txikikoei ibilbidean lagunduko dien pertsona heldu baten presentzia jeneralizatu bada ere, badira oraino hutsuneak: CONSUMER EROSKI-ko teknikariek egiaztatu zutenez, Malagan azterturiko autobusen %46tan ez zihoan laguntzailerik, garraio-zerbitzu garestienetako bat daukaten hirietako bat izan arren (batez besteko tarifa 90 euro da hilean, ikasleko). Zerrendako beste muturrean Zaragoza dago: merkeenetakoa izaki (57 euro laguneko, batez beste, hilean) autobus-arduradunen zerbitzu bikaina du: ikastetxeetako geltokietan ikusitako autobus denetan zihoan laguntzailea eta, gainera, arduradun horiek guztiek zeukaten beren titulazioa (aisialdirako monitorea eta antzekoak). Areago, hamar autobusetik ia seik 3 – 10 urteko adina dute. Gehiago ordaintzeak, beraz, zerbitzu hobea jasotzea bermatzen ez duela ondorioztatu dugu.
Aholkuak
Nazio Batuek emaniko datuen arabera, eskola-garraioko istripuen %90 gertatzen dira haurrak ibilgailutik jaitsi eta bertara igotzean. Horrenbestez, seguruago ibil daitezen, funtsezkoa da gurasoek eta haurrek berek ere noiznahi nola jardun behar duten jakitea eta kontutan hartu beharreko neurriak.
Haurrei
- Ibili presarik gabe, saihestu arriskuak. Geltokira garaiz iritsi behar da, autobusa etorri baino bost minutu lehenago, gutxienez.
- Erne, kalea zeharkatzean. Igaro beti autobusaren aurrealdetik eta ibili espaloitik. Espaloirik ez badago, ibili errepidearen ertzetik autobusetik aski distantzia handi batera (hiru metro, edo) heldu arte; kalea zeharkatu aurretik, segurta ezazu gidariak ikusi zaituela eta badakiela kalea zeharkatzeko asmoa duzula. Gogoan izan: begiratu lehenik ezkerretara, ondoren eskuinetara eta berriro ere ezkerretara.
- Zaindu segurtasun tartea. Autobusa gerturatzean, egon zaitez gutxienez bi metrora. Ez ibili haren atzealdetik, baliteke gidariak zu ez ikustea eta, atzera martxa ematekotan, zu harrapatzea.
- Ez itzazu jaso autobusetik gertu erori zaizkizun gauzak. Eska iezaiozu gidariari edo laguntzaileari jaso ditzaten, zure partez.
- Bete ezazu laguntzaileak agindutakoa. Autobus barruan ez da oihu, ezta harrabotsik egin behar. Ibilgailuko seinaleak eta bestelako segurtasun-elementuak ez dira jolasean ibiltzekoak. Gidariari ez zaio arreta desbideratu behar. Eskolako autobus barnean ezin da ezer jan. Eskolako autobusa erabiltzen duenaren obligazioa da eserlekuak ongi tratatzea eta ibilgailua garbi mantentzea.
- Hobe da eroso ibiltzea autobusera igo eta bertatik jaistean. Heldu heldulekuei, erorikoa ez gertatzeko; zaindu motxila edo eskola-zorroak dituen eskegigarriak, esku-baranda edo ateetan trabaturik gera ez daitezen. Ibilgailuan sartzean ez bultzatu gainerakoei eta zoaz bizi-bizi zeure tokira.
Gurasoentzat
Seme-alaben hezkuntzaren arduradun behinenak diren aldetik, gurasoen zeregina da haurrei oinezko gisa segurtasunez ibiltzen eta autobuseko oinarrizko arauak errespetatzen irakastea.
- Izan zaitez oinezko eredugarria: seme-alabek ikasiko dute zuregandik eta beraiek ere seguruago ibiliko dira.
- Eska iezaiezu jendetasunezko jokabidea izan dezaten. Autobuseko arduradunek -gidari eta laguntzaileari- esandakoa bete behar dute beti haurrek. Ibilgailu hori ere elkarrekin erabiltzeko bizitokia denez, haurrei ongi porta daitezen exijitu behar zaie, beraiengatik eta gainerakoengatik ere.
- Ez kendu arreta inoiz. Hobe da zuek beste hainbat gurasoekin ere elkar hartzea, autobus geltokian beti pertsona heldu bat egon dadin (9 urtetik beherako haurrak direnean, bereziki). Eskola-umeak adin horretatik gorakoak badira, hobe dute geltokira taldean joatea, gidariak hobe ikus ditzan.
- Saia zaitez haurrak motxila prest eduki dezan. Presaka ibiltzea arriskutsua izan daiteke, oinarrizko neurriak hartzea ahantzaraz baitiezazuke. Gurasoen ardurapekoa da jolastokiko aparatuetan, itxituretan, edo autobuseko ate, barra zein esku-barandetan trabaturik gera daitezkeen eskegigarri eta luzagarriak kendu, moztu edo ordezkatzea.
- Utzi zure autoa autobusa gelditzen den aldean. Saia zaitez kaleaz beste aldean aparkatzen, horrela seme-alabak kalea nahitaez zeharkatu beharko bailuke.
- Jakinaraz ezazu seme-alaba zeuk jasoko duzun. Haurra egun horretan eskola-garraioa baliatzekoa ez bada, horixe idatziz agertzen duen agiria utz dezazun aholkatzen dute adituek.
- Espazio zabalagoak, egitura deformaezina. Albora irauliz gero karrozeriaren egitura deformatuko ez dela eta bidaiarientzat segurtasun-espazioa mantenduko duela bermatu behar du bidaiari-lekuak, aurreko inpaktua hobeki neutralizatzeaz gainera.
- Autobus egonkorragoa. ardatzen kopurua eta posizioa aldatu egiten da, grabitate-zentroaren kokapena, kulunka-ardatza, esekidura, egituraren bihurritzea, etc hobetu egiten dira. Sistema horri beste hainbat dispositibo ere gehitzen zaizkio, hala nola irauliaren aurkako arkua, ABS galgak, retarder mekanismoa, etc.
- Sutea galarazten duten neurriak. Andela osatzen duten materialei esker, talka suertatuz gero, erregaiarekin ez da “sprai efektua” gertatuko; alderantziz, ontzia hautsi eta erregaia errepidera eroriko da. Suharberak ez diren materialak baliatzen dira eta helburua da sutearen ondoriozko kea toxikoa edo opakua izan ez dadin.
- Gidari postuaren ergonomia. Gidaria erosoago dabil eta sistema guztiak hobeki kontrolatzen ditu. Bidaiariak baino altuago doa. Lekua zabalagoa du, bere segurtasuna bermatzeko.
- Barrualdeko ertz eta material leunagoak.
- Kolpea moteltzen duten eserlekuak. Eserlekuak indartze bikoitzari eutsi behar dio: bai eserlekuari loturik doan bidaiariarenari (segurtasun-uhalaren bidez), baita atzeko eserlekuak doan bidaiariaren (loturik ez baldin badarama) “bulkadari” ere.
- Leiho txikiagoak eta larrialdiko irteerak.
- Haurrentzako segurtasun-uhalak. Autobusik seguruenak plaza guzti-guztietan dauka uhala, haurren altueraren eta pisuaren arabera egokitzeko modukoak. Bi heltze-toki (bizkar gainetik pasata, gerrialdean estekatzen direnak.) dituztenak aholkatzen dira.
- Motxilak gordetzeko berariazko kutxak eserlekuen azpian egongo dira, geldirik.
Azterketa nola egin den. Datu guztiak
Eskola-garraioko 110 enpresa-arduraduni elkarrizketak egin zitzaizkien; bestetik, A Coruña, Alacant, Bartzelona, Bilbo, Kordoba, Granada, Madril, Malaga, Murtzia, Oviedo, Iruñea, Donostia, Santander, Sevilla, Valentzia, Valladolid, Gasteiz eta Zaragozako 202 ikastegitara iristen ziren 323 autobusen hainbat alderdi in situ aztertu ziren: ibilgailuaren aspaldikotasun eta segurtasuna, gidariaz gainera beste pertsona heldu bat laguntzaile modura zihoan, eskola-garraioak familiari eragiten dio gastua, etab.
Eskola-garraioaren batez besteko tarifa, hileko eta ikasleko (ikastetxe pribatu eta pribatu hitzartuetan)*
Hiria | Batez besteko tarifa | Gehieneko tarifa | Gutxieneko tarifa |
---|---|---|---|
A Coruña | 62euros | 80euros | 48euros |
Alacant | 79euros | 100euros | 67euros |
Bartzelona | 100euros | 170euros | 40euros |
Bilbo | 67euros | 82euros | 49euros |
kordoba | 72euros | 95euros | 60euros |
Granada | 70euros | 90euros | 62euros |
Madril | 88euros | 160euros | 56euros |
Málaga | 90euros | 100euros | 72euros |
Murtzia | 71euros | 80euros | 62euros |
Oviedo | 62euros | 90euros | 36euros |
Iruñea | 55euros | 74euros | 35euros |
Donostia | 51euros | 70euros | 35euros |
Santander | 67euros | 68euros | 65euros |
Sevilla | 79euros | 105euros | 62euros |
Valentzia | 100euros | 145euros | 70euros |
Valladolid | 64euros | 88euros | 45euros |
Gasteiz | 51euros | 75euros | 34euros |
Zaragoza | 57euros | 63euros | 50euros |
Batez bestekoa | 73euros | 170euros | 34euros |
(*) 222 ikastetxetan eginiko telefonozko inkestetan jaso dira datu hauek.