Bi artekadun ogi xigorgailuak

Gehiago ordaintzea ez da beti bide egokia

Ez funtzio gehigarri batzuek ez xigortzeko proban erakutsitako aldeek zuritzen dute prezioen arteko aldea
1 iraila de 2004
Img analisis 2 listado

Gehiago ordaintzea ez da beti bide egokia

Zortzi ogi-xigorgailu elektriko aztertu dira oraingoan; horietako seik oso prezio berdintsuak dituzte: 18,23 eurotik (Taurus Planet II) 21,18 eurora (Fagor Alba TTE 750V); garestiagoetan, Bosch TAT 4301 28,56 euro kostatzen da eta Rowenta Sensor Electronic, 28,40 euro. Azterketa honetan kalitatea eta prezioaren arteko erlazio egokiena Ufesa TT7915 laginak ematen du: merkeenetako bat izaki (19,90 euro), laborategiko test guztiak gainditu ditu eta gorritze-proban bera da denetan hoberena.

Ogi-xigorgailu elektrikoek ogia azkar eta erraz xigortzen dute, sukaldea zikindu gabe eta inolako gantzik erabiltzeke. Horregatik aldarazi dute ogia paderan olio tanta batekin xigortzeko ohitura.

Egun, hiru ogi-xigorgailu mota eskaintzen ditu merkatuak: lauek era guztietako ogi eta opilak xigortzen dituzte baina berotasunaren parte handi bat alferrik galduta eta, gainera, erabiltzaileak eskuz biratu behar du produktua. Bi artekadunak bi ogi xerra aldi berean xigortzeko berariaz diseinatuak daude. Eta arteka bakarrekoak, bertan xerra edo opil lodiagoak sartzen direlarik. Azterketa honetako zortzi ogi-xigorgailuak bi artekadunak dira, gehien saltzen direnak, alegia.

Bolumena

Ogi-xigorgailu baten alderdi garrantzitsuetako bat toki handirik ez betetzea da. Denetan txikiena Philips da (27x17x15cm), ondotik Taurus eta Ufesa datozkiola; handienak, berriz, Rowenta eta Moulinex dira. Haria zenbat eta luzeago izan, orduan eta libreago ibiliko da erabiltzailea aparatua entxufetik urrun ipintzeko. Hari luzeena Philips laginak du (116 zentimetro) eta denetan laburrena Moulinex laginak (75 zentimetro). Aparatu guztien behealdeetan biltzen da haria, Solac laginean izan ezik, honek haria biltzeko sistemarik ez du eta.

Aparatua behar bezala garbitzeko funtsezkoa da ogiak pusketa txikiak galdu ahala xigorgailuaren hondoan geratzen diren apurrak biltzeko azpil antzeko bat edukitzea. Bestela, pusketa horiek pilatu eta kiskali egin daitezke aparatu barruan. Ogi-xigorgailu guztiek daukate garbiketa errazteko horrelako azpil bat baina Moulinex laginaren sistema gainerakoez bestelakoa da: daukan tranpa zabal eraisgarriak, teknikarien iritziz, xigorgailuaren garbiketa eragotzi egiten du.

Tenporizadoreari esker ogi xerrak xigortzeko denbora programatu egin daiteke. Ogi-xigorgailuak zenbat eta posizio gehiago eduki, orduan eta xigortze-aldia zehazteko eta, horrenbestez, azken emaitza hobetzeko aukera egokiagoa da. Ufesa, Rowenta, Fagor eta Bosch laginen tenporizadoreek sei posizio dituzte eta Moulinex, Solac, Philips eta Taurus markakoek, zazpi.

Adierazitako xigortze-denbora bukatutakoan eragiketa gelditu eta ogi xerrak automatikoki ateratzen dira bertatik. Hortaz, ogi xigortua jasotzeko ekipo guztiek (Moulinex, Solac eta Fagor laginek izan ezik) dauzkaten belarriak erosoak dira baina ez ezinbestekoak. Zortzi ogi-xigorgailuetako lauk (Moulinex, Rowenta, Philips eta Taurus) ogia xigortu ez ezik, ogi izoztua ere xigortzen dutela diote. Nolanahi ere, adierazi edo ez adierazi, denek desizozten eta xigortzen dute ogia, gehieneko potentzian eraginez gero.

Desizozte funtzioaz gainera Moulinex eta Rowenta laginek ogia, xigortu gabe, berotzeko aukera ere ematen dute.

Ufesa, Rowenta eta Taurus laginek eskaintzen duten erdiratze automatikoari esker ogi xerra beti dago sarexkaren erdialdean, xigortzearen homogeneotasunaren mesedetan. Deskonexio automatikoak (Moulinex, Solac eta Bosch), tenporizadorean programatutako denbora amaitutakoan ogi-xigorgailua itzali egiten du, ogia sarexkan badago ere. Xigortze gradua ikusteko belarriei helduta ogia altxatuz gelditzen den aparatu bakarra Moulinex da; gainerakoetan “stop” botoia kalkatu behar da. Rowenta eta Bosch laginek opiltxoak berotzeko mekanismoa daukate.

Philips da itzaltzeko etengailu nagusia daukan bakarra: honi esker, ogi-xigorgailua entxufaturik ere, ogi-xerrak sartzean pizteke egon daiteke (seguruagoa da, haurrak dabiltzan tokietan). Bakar batek ere ez dauka funtzionamendua adierazteko argi-seinalerik, ezta ogia bero mantentzeko edota ogia alderdi bakar batetik xigortzeko aukerarik ere.

Zortzi tenporizadoreetan programaturiko denbora aparatua martxan dabilela ere alda daiteke eta aparatu guztien kanpoko paretak hotzak direnez (material termo-isolatzaileez babestuta daude, alegia), erredurak gertatzeko arriskua arindu egiten da. Laburtuz, Rowenta da denetan handiena baina, aldi berean, prestazio gehien ematen dituena. Funtzio gutxien dituztenak Fagor eta Solac dira.

Elektrizitatearen gehieneko kontsumoa lagin guztietan adierazitakoa baino txikiagoa da, Taurus aparatuan izan ezik: honetan zerbait handixeagoa da, baina arauak onartzen dituen mugen barnean dago (lagin horren kontsumoa adierazten duena baino 16 W handiagoa da). Moulinex (685,7 W) eta Taurus (716W) dira elektrizitate gutxien kontsumitzen dutenak eta Ufesa (841W) eta Bosch (814,2W) kontsumo zerrenda honen beste muturrean agertzen dira.

Erabilera proba

Ñabardurak ñabardura, ogi-xigorgailu guztiek gainditu dute honelako etxetresna elektriko txikiak baliatu ohi dituzten sei kontsumitzailek eginiko erabilera proba. Puntuazio onenen eta txarrenen artean alde txikiak erakusten dituzte balorazioek. Denek “ongi” nota lortu zuten, ñabardura txiki batzuekin: Philips, Fagor, Taurus eta Bosch laginek 5 puntutik 3,8 irabazi dituzte; puntuazio kaskarrenak Solac eta Moulinex aparatuak eraman dituzte: 3,3 eta 3,4 puntu, hain zuzen.

Fagor nabarmendu da bere eskuliburuaren argitasun eta erabilgarritasunagatik; Taurus, Bosch, Rowenta eta Ufesa, beren kanpoko itxura eta bukaeragatik; Philips, Fagor eta Taurus, neurri eta pisuarengatik. Moulinex da aginteak nahasgarrien dauzkana. Erabiltzeko erraztasunagatik Rowenta, Fagor eta Bosch azpimarratu ditu epaimahaiak; Philips eta Bosch laginetatik ateratzen dira ogi xigortuak errazkien eta Moulinex egokiena da haria gordetzeko unean, garbitzeko erraztasun aldetik “erdipurdi” baino kalifikazio hoberik lortu ez badu ere (azpiko tranpatxoak aparatua okertu eta astintzera behartzen dio erabiltzaileari, behar bezala garbitzeko). “Erdipurdikoa” baizik ez zuten eraman Rowenta eta Solac laginek haria gordetzea zaila gertatzen zelako (Solac aparatuak ez du haria biltzeko sistemarik eta Rowenta laginaren sistema gainerakoena baino aldrebesagoa da).

Zortzi ogi-xigorgailuek daukate argibideen eskuliburua, bertan legez eska daitekeen informazio guztia agertzen delarik: segurtasunari buruzkoa, eta aparatuaren instalazioaz, erabileraz, mantenuaz eta garbiketaz). Bestetik, eskaintzen duten bermearen iraupena (legeak bi urte xedatua badu ere) ez da denetan berdina: Fagor laginak sei hilabete baino ez du ematen, Bosch laginak urtebete, Solac markakoak bi urte eta Taurus aparatuak, hiru urte (azken bi ogi-xigorgailu hauetan erabateko bermea bi urtekoa bakarrik den arren).

Nolanahi ere, berme-agiria oker badago ere, arauak finkatua duen bi urteko bermea dauka erabiltzaileak beti.

Proba guztietan moldeko ogi berbera erabilita, aparatu bakoitzak posizio desberdinetan lortzen duen xigortze-graduari erreparatu zion laborategiak.

  • Beheko posizioan: ogia berotu baizik ez da egiten. Laginen emaitza batetik bestera ez zen hauteman alderik, uniformetasun eta ukituei dagokienez.
  • Erdiko posizioan: honetan, berriz, aldeak agertu ziren: batzuek ogia dezente xigortzen dute eta beste batzuek, gutxi. Moulinex eta Taurus laginek xigortze gorabeheratsua ematen dute: lehenak alderdi bakarra xigortzen du eta bigarrenak ogiaren ertzak erdialdea baino gutxiago xigortzen du. Rowenta, Fagor eta Taurus gorritze eskasa lortu zuten.
  • Goiko posizioan: honetan ere bada alderik aparatu batetik bestera. Batzuek ogia ezin hobeto xigortzen duten bitartean, beste hainbatek (Fagor, Solac eta Philips, adibidez) kiskali egin dute (agian, goieneko posizioa ogi xerra potoloagoak eta guk erabili ditugunak ez bezalakoak xigortzeko diseinatua dagoelako goieneko posizio hori). Moulinex laginak huts egin zuen xigortzearen uniformetasunari dagokionean. Posizio honetan Taurus da hoberena, beste hainbatek ere ogiak kiskaltzen ez dituzten arren.
  • Ogi izoztua xigortzea (“desizozte posizioa” edo “gehieneko posizioa”): Moulinex laginean uniformetasunak porrot egin zuen eta Solac eta Fagor aparatuek ogia gehiegi xigortzen dute.

Aparatu hauen segurtasunari dagozkion alderdi guztiak laborategian neurtu dira eta zortzi laginek gainditu dituzte proba guztiak. Areago, pizte-probaren (ogi-xigorgailuetara hari gori bat gerturatuz 30 segundotan) eta funtzionamendu anormaleko probaren (potentzia nominala baino handiagoan jardunez) normaltasun osoz funtzionatzen segitu zuten. Konektatzeko hari elektrikoan interferentziarik sortarazten ez zutela egiaztatzeko egin zitzaien elkargarritasun elektromagnitikoko proba ere gainditu zuten denek.

Laburbilduz eta Konparaketako Taula

Laburbilduz

  • Moldeko ogia gorritzeko diseinatuak dauden zortzi ogi-xigorgailu elektriko bi artekadunak aztertu dira oraingoan, 18,23 eurotik (Taurus) 28,56eurora (Bosch) kostatzen direnak.
  • Zortziak ere seguruak dira, interferentziarik ez dute sortarazten eta argibide-liburuak dauzkate. Baina Taurus, Bosch, Solac eta Fagor laginen bermea ez dago zuzen, Legeak agindutako gutxieneko bi urteko aldi hori hartzen ez dutelako.
  • Rowenta da denetan konplexuena eta Fagor eta Solac funtzio gutxien dauzkatenak. Moulinex da energia gutxien kontsumitzen duena eta, aldi berean, garbitzeko eragozpen gehien dituena. Ufesa da gehien kontsumitzen duena eta Solac haria biltzeko mekanismorik ez duen bakarra.
  • Erabilera proban agerturiko aldeak txikiak dira: kalifikazioak 3,3 puntutik (Solac) 3,8 punturaino doaz (Philips, Fagor, Taurus eta Bosch). Ufesa eta Bosch laginek bakarrik gainditu dituzte xigortze proba guztiak posizio denetan.
  • Kalitatea eta prezioaren arteko erlazio egokiena Ufesa da, lagin merkeenetako bat izaki, laborategiko proba guztiak gainditu dituelako eta xigortze proban onena delako
Marka
Modeloa
UFESA
TT7915
TAURUS
Planet II
BOSCH
TAT 4301
PHILIPS
Comfort HD 2521
Prezioa (euro) 19,90 18,23 28,56 20,34
Kontsumitzailea- rentzako informazio eta babesa Zuzen Zuzene Zuzen Zuzen
Produktuaren bermea Zuzen (2 urte) Gaizki (urtebetea) Gaizki (urtebetea) Zuzen (2 urte)
Segurtasuna Zuzen Zuzen Zuzen Zuzen
Elkarga- rritasun elektro- magnetikoa Zuzen Zuzen Zuzen Zuzen
Ezaugarri teknikoak
Neurriak (cm) 26,4×17,6 x15,8 26,9×17 x16 27,8×19,6 x16,3 27,1×16,8 x14,7
Gehieneko kontsumoa (W) 841 716 814,2 789,5
Hariaren luzera (cm) 94,5 99 111 116
Tenperatura posizioak 6 7 6 7
Deskonexio automatikoa Ez Ez Bai Ez
Ogiak jasotzeko belarriak Bai Bai Bai Bai
Desizozte funtzioa Ez Bai Ez Bai
Birberotze funtzioa Ez Ez Ez Ez
Ogiaren erdiraketa automatikoa Bai Bai Ez Ez
Haria biltzeko sistema Bai Bai Bai Bai
Funtzionatzen duela gelditzea Bai Bai Bai Bai
Garbitzeko sistema Azpila Azpila Azpila Azpila
Ogia xigortzeko proba
Minimoan Egokia Egokia Egokia Egokia
Erdian Egokia Xigortze urria Egokia Egokia
Maximoan Egokia Egokia Egokia Gehiegizko xigortzea
Ogi izoztua, maximoan Egokia Egokia Egokia Egokia
Erabilera proba (1 – 5) 3,6 3,8 3,8 3,8
Marka
Modeloa
SOLAC
Maggic T203
MOULINEX
TAOS
ROWENTA
Sensor Electronic
FAGOR
Alba TTE 750V
Prezioa (euro) 19,32 19,97 28,40 21,18
Kontsumitzailea- rentzako informazio eta babesa Zuzen Zuzen Zuzen Zuzen
Produktuaren bermea Gaizki (urtebetea) Zuzen (2 urte) Zuzen (2 urte) Gaizki (urtebetea)
Segurtasuna Zuzen Zuzen Zuzen Zuzen
Elkarga- rritasun elektro- magnetikoa Zuzen Zuzen Zuzen Zuzen
Ezaugarri teknikoak
Neurriak (cm) 28,2×18,7 x15,9 28.5×18,3 x17,7 28,8×20,1 x17,8 27,5×18,9 x15,5
Gehieneko kontsumoa (W) 734 685,7 799 752
Hariaren luzera (cm) 101,5 74,5 95,5 104
Tenperatura posizioak 7 7 6 6
Deskonexio automatikoa Bai Bai Ez Ez
Ogiak jasotzeko belarriak Ez Ez Bai Ez
Desizozte funtzioa Ez Bai Bai Ez
Birberotze funtzioa Ez Bai Bai Ez
Ogiaren erdiraketa automatikoa Ez Ez Bai Ez
Haria biltzeko sistema Ez Bai Bai Bai
Funtzionatzen duela gelditzea Bai Bai Bai Bai
Garbitzeko sistema Azpila Tranpa Azpila Azpila
Ogia xigortzeko proba
Minimoan Egokia Egokia Egokia Egokia
Erdian Egokia Ez uniforme Xigortze urria Xigortze urria
Maximoan Gehiegizko xigortzea Ez uniforme Egokia Gehiegizko xigortzea
Ogi izoztua, maximoan Gehiegizko xigortzea Ez uniforme Egokia Gehiegizko xigortzea
Erabilera proba (1 – 5) 3,3 3,4 3,7 3,8

Banan-banan

Bi artekadun zortzi ogi-xigorgailu elektriko

Ufesa TT7915

  • 19,90 euro
  • Kalitatea eta prezioaren arteko erlazio egokiena. Elektrizitate gehien kontsumitzen duena. Haria biltzeko sistema, gorritutako ogia altxatzeko belarriak, ogiaren erdiratze automatikoa eta funtzionatzen ari dela, geldiketa. Azterturiko erregulatzailearen lau posizioetan ere, ogiaren xigortze uniforme eta egokia.
  • Erabilera proba: 3,6 puntu, 5etik; kanpoko itxura eta bukaera gustatu zaie mahaikideei.

Taurus Planet II

  • 18,23 euro, denetan merkeena
  • Ez du ematen gutxieneko bi urteko bermea. Haria biltzeko sistema, xigortutako ogia altxatzeko belarriak, ogiaren erdiratze automatikoa, ogi izoztuarentzako berariazko posizioa eta, funtzionatzen ari dela, geldiketa. Erdiko posizioan ogiaren gorritzea eskas eta uniformetasun urrikoa.
  • Erabilera proba: 3,8 puntu, 5etik; kanpoko itxura, bukaera, neurriak eta pisua gustatu zaizkie mahaikideei.

Bosch TAT 4301

  • 28,56 euro, denetan garestiena
  • Ez du ematen gutxieneko bi urteko bermea. Haria biltzeko sistema, xigortutako ogia altxatzeko belarriak, automatikoki deskonektatzeko mekanismoa, funtzionatzen ari dela, geldiketa. Azterturiko erregulatzailearen lau posizioetan ere, ogiaren gorritze uniforme eta egokia.
  • Erabilera proba: 3,8 puntu, 5etik; kanpoko itxura, bukaera, aparatua erabiltzeko eta ogi xigortuak ateratzeko erraztasuna, ondo. Ezkertiarrentzat ere egokia.

Philips Comfort HD 2521

  • 20,34 euro
  • Denetan txikiena eta hari luzeenekoa. “Itzali” posizioa duen ekipo bakarra (seguruagoa). Haria biltzeko sistema, xigortutako ogia altxatzeko belarriak, ogi izoztuarentzako berariazko posizioa eta, funtzionatzen ari dela, geldiketa. Goieneko posizioan gehiegi gorritzen du.
  • Erabilera proba: 3,8 puntu, 5etik; menuen argitasun eta erabilgarritasuna, kontrol eta ikonoak, neurriak, pisua eta ogi xigortuak erauztea, ongi.

Solac Maggic T203

  • 19,32 euro, bigarren merkeena
  • Ez du ematen gutxieneko bi urteko bermea. Haria biltzeko sistemarik ez. Funtzio gutxien dituenetako bat: deskonektatzeko mekanismoa eta, funtzionatzen ari dela, geldiketa baizik ez du. Goieneko posizioan moldeko ogia, fresko zein izoztua, gehiegi gorritzen du.
  • Erabilera proba: 3,3 puntu, 5etik.

Moulinex TAOS

  • 19,97 euro
  • Hari motzenekoa. Elektrizitate gutxien kontsumitzen duena. Haria biltzeko sistema. Okerren balioztaturiko papurretako arrakala duena; automatikoki deskonektatzeko mekanismoa, ogi izoztuarentzako berariazko posizioa, ogia birberotu eta, funtzionatzen ari dela, gelditzea ahalbideratzen du. Ez du ogia uniformeki gorritzen posizio bakar batean ere: alderdi batetik gehiago xigortzen du.
  • Erabilera proba: 3,4 puntu, 5etik; haria biltzeko erraztasuna gustatu zaie mahaikideei baina gaitzetsi egin zaio aginteen zailtasuna eta garbitzeko zailtasuna.

Rowenta Sensor Electronic

  • 28,40 euro, bigarren garestiena
  • Denetan handien eta osatuena: haria biltzeko sistema, xigortutako ogia altxatzeko belarriak, ogiaren erdiratze automatikoa, ogi izoztuarentzako berariazko posizioa, ogia birberotzen du eta, funtzionatzen ari dela, gelditzea ahalbidetzen du. Erdiko posizioan, ogiaren gorritzea eskasa.
  • Erabilera proba: 3,7 puntu, 5etik; kanpoko itxura, bukaera, erabiltzeko erraztasuna eta denetan sakonena izatea gustatu zaizkie mahaikideei. Haria biltzea, nekoso

Fagor Alba TTE 750V

  • 21,18 euro
  • Ez du ematen gutxieneko bi urteko bermea. Funtzio gutxien dituzte bietako bat: haria biltzeko sistema eta, funtzionatzen ari dela, geldiketa baizik ez du. Erdiko posizioan xigortze eskasa eta goienekoan moldeko ogia, fresko zein izoztua, gehiegi xigortzen du.
  • Erabilera proba: 3,8 puntu, 5etik. Eskuliburuaren argitasun eta baliagarritasuna, neurriak, pisua eta erabiltzeko erraztasuna gustatu zaizkie mahaikideei.