Gosaltzeko laboreak

Osasungarriak eta ondo eginak

Lau motatako zortzi laginen azterketak egiaztatu duenez, arauak xedaturiko guztia betetzen dute labore hauek
1 iraila de 2004
Img analisis listado

Osasungarriak eta ondo eginak

Labore hanpatu edo maluta pleguko zortzi lagin aztertu dira oraingoan. Horietatik hiru muesli dira (Kellogg´s Muslix Country Store, Alpen eta Pascual Muesli Extra), bik zuntz erantsia daukate (Nestlé Zuntz 1 eta Kellogg´s All-Bran Plus), beste bi “argal mantentzeko” laboreak dira (Nestlé Fitness eta Kellogg´s Special K) eta bat barratxo gisa merkaturatzen da (Weetabix).

Labore hanpatu edo malutak gosaltzeko aproposak dira. Gosari onak buru-lanari etekin egokiak ateratzen laguntzen omen du. Ereduzko gosarian esnekiak, laboreak eta fruta sartuko lirateke. Labore hauek elikagai energetikotzat jotzen dira, karbohidrato ugari dauzkatelako; horiez gainera, proteinak, gantzak, bitaminak, mineralak eta zuntza ere badauzkate. Merkatuak gosaltzeko hamaika labore plegu eskaintzen ditu baina ohiko gosarian hartzeko hobe da sodio, azukre soil eta gantz ase gutxien dauzkatenak kontsumitzea.

Gosari merkeena Pascual markako Muesli Extra laginarekin egingo litzateke (3,96 euro kiloko) eta garestiena Alpen laboreekin (6,16 euro kiloko).

Laborategiko azterketak egiaztatu zuenez labore hanpatu edo maluten arauak xedaturiko baldintzak zehazki betetzen dituzte zortzi lagin hauek. Etiketa ere zuzen agertzen dute, nutrizio-osaketa eta guzti, eta ez dute genetikoki eraldatutako osagairik.

Muesliek, fruitu lehorrak dauzkatenez, gainerakoek baino gantz gehiago dute. Bitamina gehien dutenak, berriz, Nestlé Fitness dira.

Bost laginen ekarpen energetikoa antzekoa da, 360 kaloria inguru ehun gramoko. Lagin horietako bi “argal mantentzeko” dira (Kellogg´s Special K eta Nestlé Fitness), baina ustezko kontraesan horrek errealitatean ez du euskailurik, biek ere gantz gutxiago eta karbohidrato gehiago dituztelako: ondo dakigunez, karbohidratoa errazkiago erretzen da gantza baino. Kaloria gutxien dauzkaten biak (Kellogg´s All-Bran Plus eta Nestlé Zuntz 1, biak ere 270 kaloria inguru ehun gramoko) zuntz gehien daukatenak dira: %30 inguru, gainerakoen batez bestekoa %8ra nekez iristen delarik.

Dastatze proban alde nabarmenak atzeman ziren: Weetabix barratxoa (4 puntu) balorazio eskaseneko lagina izan zen, Alpen (muesli) laginak ere 4,9 puntu baino gehiago lortu ez zuelarik. Klasifikazioan hoberenak: Pascual Muesli Extra (7,3 puntu) eta Nestlé Fitness (7 puntu). Kalitatea eta prezioaren arteko erlazio egokiena Nestlé Fitness da; aukera polita Pascual Muesli Extra. Zuntz erantsia daukan laborea nahiago duenarentzat, aldiz, aukera egokiena Nestlé Zuntz 1 da.

Plegu asko

Gosaltzeko labore mota asko eskaintzen ditu merkatuak. Honatx horietako batzuk:

  • Malutak irin finduetatik abiatuta erdiesten direlarik, gatz, malta eta azukrea dituzte osagai, besteak beste. Bitamina eta mineral erantsiak dauzkate, irinak nozitu duen fintze prozesuaren eragina orekatzeko.
  • Hanpatuak, ale mota askotako irin finduz eginiko ore-pusketetan aire presiopean sartuz moldatzen dira. Beste hainbat labore baino arin eta kraskatsuagoak dira baina zuntz gutxiago daukate.
  • Integralak eta zuntz erantsia daukatenak: integralak egiteko labore alea osorik baliatzen da. Hauen ekarpen nutrizionala (zuntza, besteak beste) labore finduena baino handiagoa da. Fruitu lehor eta fruta idortu erantsiak dituztenek ere zuntz gehiago daukate.
  • Muesliaren osagaiak laboreak (oloa, arroz hanpatua, garia, artoa, etc.), fruitu lehor (intxaurrak, almendrak, hurrak…) eta fruta idortu edo deshidratatuak (mahaspasa, sagarra, banana, kokoa, marrubia, etc.) dira.
  • “Argal mantentzeko” laboreen ekarpen kalorikoa besteenaren parekoa edo handiagoa da. Irudia zaindu nahi duenari zuzentzen zaio produktu hau, dieta hipokalorikoa egiten duenarentzat nutrienteen gabezia nozitzeko arriskua orekatzeko balio duela argudiatuz. Dena den, ohiko elikagaiek osaturiko behar bezalako dieta hipokaloriko batek (eguneko 1200 kaloriakoak) gure organismoaren bitamina eta mineralen premiak ederki betetzen ditu.
  • Laborezko barratxoak arinak dira, edozein patrikatan sartzeko modukoak, isolatzaile termikoaren beharrik gabe hobe egiten diote aurre hotz eta beroari, ahoan erraz urtzen eta gerora erraz digeritzen dira, baina katilu bat esnerekin batera hartzen den labore eskutadak baino energia eta nutriente gutxiago ekarriko dizkigute. Zahia, olo malutak, garia, artoa, arroza, mahaspasa, almendra, sagarra, azukrea, eztia, laktosa eta bestelako esnekiak, esne hautsak, txokolatea eta antzekoak ohi dira hauen osagaiak. Fabrikatzaile zenbaitek esne- edo landare-proteinak (soja, adibidez) eransten dizkiete.

Araua betetzen dute

Honelako laboreek ezin dituzte agertu plagiziden hondakinak, beren lehengai eta osagaiei baimendutako proportzioz gora. Plagiziden hondakinak lau laginetan atzeman dira (Kellogg´s Muslix, Weetabix, Nestlé Zuntz 1 eta Kellogg´s All-Bran Plus) baina bakar batek ere ez du baimenduriko mugarik gainditu. Metal astunei dagokienez, beruna zortzi laginetan hauteman da eta kadmioa, berriz, Nestlé Fitness, Nestlé Zuntz 1 eta Kellogg´s All-Bran Plus markakoetan; dena den, bakar bat ere ez da hurreratu onarturiko gehieneko mugetara. Laboreetan bestelako substantzia toxikoak ere topa daitezke, hala nola okratoxina eta aflatoxinak baina zortzi laginetatik bakar batean ere ez da atzeman horrelakorik. Analisi mikrobiologiko bidez frogatu den bezala, lagin guztien higiene eta osasun alorreko egoera egokia da.

Nutrizioaren ikuspegitik

Aztertu ditugun laginek labore-mota, osagai eta nutriente desberdinak dituztenez, osaketa nutrizionala ere aldatu egiten da lagin batetik bestera baina zortziek ere dituzte karbohidratoak osagai nagusi. Karbohidrato horiek laboreek ez ezik (almidoia eta antzeko karbohidrato konplexuak) azukreek eta produktuari erantsi zaizkion bestelako osagaiek ere (fruktosa, glukosa-siropa, fruitu lehorrak, fruta pusketak) dauzkate. Karbohidrato gehien dauzkatenak “argal mantentzeko” lagin biak dira (Kellogg´s Special K eta Nestlé Fitness): nutriente horren %75 eta %80; urrien, berriz, zuntz erantsia daukatenek erakutsi dute (Nestlé Zuntz 1 eta Kellogg´s All-Bran Plus): %48, batez beste. Zaporea areagotu eta laborearen ukitua hobetzeko, produktuari azukre soilak eransten zaizkio: Weetabix barratxoak izan ezik (%3) gainerako lagin guztiek %13 baino azukre gehiago daukate eta, areago, Pascual Muesli laginaren azukrea %27raino iritsi da.

Proteinen edukia %8tik (Nestlé Fitness) %15era zihoan (Kellogg´s Special K). Dena den, kalitate ertaineko proteinak dira horiek, lisina aminoazido funtsezkoaren gabeziak agertzen dituztenak; nolanahi ere, esnekiek lisina daukatenez, laboreak esnearekin hartuz gosariak proteina ondo osatuak izango ditu. Gantzaren proportzioa handiagoa daukate fruitu lehor edota txokolatea erantsia dutenek eta landare-olio edota gantzak gehien baliatzen dutenek. “Argal mantentzeko” bietan, Weetabix barratxoetan eta zuntz erantsia daukaten bi laginetan gantzaren proportzioa %1,3tik %4ra bitartean agertzen delarik, muesliren batean gantza %7,3raino iristen da (Alpen).

Zuntza kontsumitzea egoki-egokia da: idorreriaren kontrakoa da, dibertikulosia hobetu eta koloneko minbizia prebenitzen laguntzen du. Egunean 20 – 40 gramo zuntz kontsumitzea aholkatzen dute adituek. Zuntz gehien daukaten laginak Nestlé Zuntz 1 eta Kellogg´s All-Bran Plus dira (labore integralak, zahi eta guzti): %30 eta %28 agertu zuten. Gainerakoetan zuntzaren presentzia askozaz ere urriagoa da: %2,6tik (Kellogg´s Special K) %10,6ra arte (Weetabix barratxoa). Bi zuntz mota daude: bata, disolbagarria, lekale, barazki eta frutetan nagusi agertzen dena; eta bestea, disolbagarri ez dena, laboreetan ugari: honek idorreriaren kontrako eragin biziagoa duen arren, disolbagarriak gauza gehiagotarako balio du: kolesterol maila eta hesteetako trantsitua erregulatzen du, odoletako azukre-gailurrak kontrolatzen ditu (diabetikoentzat, funtsezkoa). Zuntza erantsi duten bi laginek malta-estraktu gisa ipini dute (disolbagarria, alegia).

Bitamina eta mineralak

Labore hauek ekoiztean, B1 bitaminaren edukia murrizten duten prozesu eta tenperatura handiak aplikatzen dira. Fabrikatzaile askok gosaltzeko laboreak C bitaminaz eta B multzoko bitaminez eta hainbat mineralez hornitzen dituzte, galerak orekatzeko. Nutriente horietako batzuek, haurrengan, haurdunengan eta gabezi egoeretan dauden pertsonentzat sekulako garrantzia duen metabolismo energetikoan inplikaturiko erreakzioen faktore-kide gisa parte hartzen dute. Horiek, burdinarekin batera, hainbat anemiaren prebentzioan lagungarri gertatzen dira.

Zortzi laginek dauzkate (hainbat proportziotan, dagokion taulak agertzen duen bezala) B1, B2, B3, B5, B6, B9, B12 eta C bitamina; horretan salbuespen bakarra Alpen da, B1, B2 eta B6 bitaminak ez dituelako. Nestlé Fitness laginak, aipatutakoez gainera, E bitamina erantsi du eta Pascual Muesli Extra laginak D3 bitamina. Labore hauetatik egunean 40 gramo kontsumituz gero, aholkatzen den eguneko kopuruaren laurdena hartua dago. Nolanahi ere, elementu horiek dieta orekatu eta anitza hartuta ere geuregana ditzakegu.

Laburbilduz eta Konparaketako Taula

Laburbilduz

  • Labore hanpatu edo maluta pleguko zortzi lagin aztertu direlarik, hiru muesli dira, bik zuntz erantsia daukate, beste bi “argal mantentzeko” laboreak dira eta bat barratxo gisa merkaturatzen da.
  • Gosaltzeko egokiak dira labore horiek. Ohiko gosarian hartzeko hobe da sodio, azukre soil eta gantz ase gutxien dauzkatenak kontsumitzea.
  • Zortzi laginek betetzen dituzte arauak xedaturiko baldintzak eta etiketa zuzen agertzen dute.
  • Zuntz iturri garrantzitsua dira. Nestlé Zuntz 1 eta Kellogg´s All-Bran Plus laginek (biak ere, zahidun labore integralak) %30 inguru zuntz daukate eta gainerakoetan zuntz edukia %2,6tik (Kellogg´s Special K) %10,6ra doa (Weetabix barratxoa).
  • Dastaketak alde nabarmenak hauteman dira: Weetabix barratxoa (4 puntu baino ez) izan da okerren kalifikatutakoa. Denetan hoberenak Pascual Muesli Extra (7,3 puntu) eta Nestlé Fitness (7 puntu) izan dira.
  • Kalitatea eta prezioaren arteko erlazio egokiena Nestlé Fitness laginak ematen du; aukera polita, era berean, Pascual Muesli Extra da. Zuntz erantsia daukaten laboreak nahiago dituztenentzat aukera egokiena Nestlé Zuntz 1 da.
Marka
Izendapena
NESTLÉ
Fitness
PASCUAL
Muesli Extra
NESTLÉ
Fibra 1
KELLOGG`S
Special K
Prezioa (euro kiloko) 4,11 3,96 4,65 5,64
Etiketa Zuzen Zuzen Zuzen Zuzen
Osagaiak
Laboreak (%) 100 81 100 100
Fruitu lehorrak (%) Ez dauka 4,6 Ez dauka Ez dauka
Fruta pusketak (%) Ez dauka 14,4 Ez dauka Ez dauka
Hezetasuna (%) 2,9 9,1 2,8 2,8
Proteina (%) 8,1 10,3 12,7 14,7
Karbohidratoak, guztira (%) 79,9 65,8 46,6 75
Azukre soilak (%) 17,4 26,9 13,8 15,3
Guztirako gantza (%) 1,3 6,9 3,3 2
Kaloriak (Kcal/100 g) 364 367 267 377
Guztirako zuntza (%) 4,4 6,1 30,4 2,6
Bitaminak
B3 bitamina B3 (mg/100 g) 27,5 17,3 16,2e 24,4
B1 bitamina (mg/100 g) 2,9 2,6 1,8 3,4
B12 bitamina ( g/100 g) 2,2 1,4 1,1 1,56
B2 bitamina (mg/100 mg) 1,3 1,4 2,6 2,9
B5 bitamina (mg/100 g) 15 5,6 4,8 5,4
B6 bitamina (mg/100 g) 3,4 2,7 1,5 4,1
B9 bitamina (µg/100 g) 308 268 137 303
C bitamina (mg/100 g) 84,3 84,3 37,1 87,9
Mineralak
Kaltzioa (mg/100 g) 666,3 37,4 446,7 71,5
Fosforoa (mg/100 g) 209,4 288,7 539,9 236,3
Magnesioa (mg/100 g) 44 77,7 171,3 45,1
Burdina (mg/100 g) 19 8,4 6,2 21
Metal astunak 1
Kadmioa (mg/kg) 0,059 Ez da atzeman 0,063 Ez da atzeman
Beruna (mg/kg) 0,058 0,072 0,029 0,049
Okratoxina 2 Ez da atzeman Ez da atzeman Ez da atzeman Ez da atzeman
Aflatoxinak 3 Ez da atzeman Ez da atzeman Ez da atzeman Ez da atzeman
Plagizidak 4 Ez da atzeman Ez da atzeman Presentzia Ez da atzeman
OGM 5 Ez da atzeman Ez da atzeman Ez da atzeman Ez da atzeman
Egoera mikro
biologikoa
Zuzen Zuzen Zuzen Zuzen
Dastaketa (1 a 9) 7,0 7,3 5,7 6,4
Marka
Izendapena
KELLOGG`S
Muslix Country Store
KELLOGG`S
All-Bran Plus
WEETABIX
Barritas de cereales
ALPEN
Cereales con fruta y frutos secos
Prezioa (euro kiloko) 5,21 5,32 5,65 6,16
Etiketa Zuzen Zuzen Zuzen Zuzen
Osagaiak
Laboreak (%) 86,2 100 100 85
Fruitu lehorrak (%) 2 Ez dauka Ez dauka 3,7
Fruta pusketak (%) 11,8 Ez dauka Ez dauka 11,3
Hezetasuna (%) 7,2 3,2 6 7,4
Proteina (%) 9,5 10,8 11,2 12,3
Karbohidratoak, guztira (%) 69,2 49 68 61,1
Azukre soilak (%) 22,1 16,9 3,1 13,7
Guztirako gantza (%) 5,2 3,9 2,3 7,3
Kaloriak (Kcal/100 g) 362 274 338 354
Guztirako zuntza (%) 6,6 28,2 10,6 9,9
Bitaminak
B3 bitamina B3 (mg/100 g) 14,5 16,2 16,4 0,5
B1 bitamina (mg/100 g) 0,9 0,9 2 Ez dauka
B12 bitamina ( g/100 g) 0,65 0,9 0,5 0,58
B2 bitamina (mg/100 mg) 1,2 2,5 1,3 Ez dauka
B5 bitamina (mg/100 g) 5,7 5,5 5,8 5,2
B6 bitamina (mg/100 g) 1 1,2 0,5 Ez dauka
B9 bitamina (µg/100 g) 113 219 155 0,08
C bitamina (mg/100 g) 24,7 62,1 73 24,8
Mineralak
Kaltzioa (mg/100 g) 57,9 63,2 32,1 70,4
Fosforoa (mg/100 g) 321,8 583,7 262,6 329,1
Magnesioa (mg/100 g) 82,9 189,4 72,9 86,2
Burdina (mg/100 g) 8,4 9,6 10,5 3,1
Metal astunak 1
Kadmioa (mg/kg) Ez da atzeman 0,048 Ez da atzeman Ez da atzeman
Beruna (mg/kg) 0,048 0,033 0,038 0,068
Okratoxina 2 Ez da atzeman Ez da atzeman Ez da atzeman Ez da atzeman
Aflatoxinak 3 Ez da atzeman Ez da atzeman Ez da atzeman Ez da atzeman
Plagizidak 4 Presentzia Presentzia Presentzia Ez da atzeman
OGM 5 Ez da atzeman Ez da atzeman Ez da atzeman Ez da atzeman
Egoera mikro
biologikoa
Zuzen Zuzen Zuzen Zuzen
Dastaketa (1 a 9) 5,9 5,4 4,0 4,9

(1) Metal astunak: giza gorputzarentzat kutsagarriak diren sustantziak. Laboreetan baimentzen den gehieneko beruna 0,2 mg/kg da; kadmioari dagokionez, 0,1 mg/kg; gehienekoa zahi, gari ale eta arrozetan, 0,2 mg/kg.

(2) Okratoxina: Aspergillus eta Penicillium mikroorganismoen hainbat espeziek ekoizten duten toxina.

(3) Aflatoxinak: Aspergillus mikroorganismoaren hainbat espeziek ekoizten duten toxina. Substantzia kartzinogeno genotoxikoak dira.

(4) Plagizidak: izurriteei aurre egiteko gizakiak baliatzen duen konposatu kimikoak dira. Atzemaniko kopuruak, Arauak baimentzen duen gehienekoa baino txikiagoak dira.

(5) GEA: genetikoki eraldaturiko organismoak.

Banan-banan

Gosaltzeko zortzi laboreak, banan-banan

NESTLÉ Fitness

  • 4,11 euro kiloko. Kalitatea eta prezioaren arteko erlazio egokiena.
  • Ez du fruitu lehorrik, ezta frutarik ere. Proteina (%8,1) eta gantz (%1,3) gutxien dauzkana, eta karbohidrato ugarienekoa (%80). B3, B12, B5, B9 bitamina eta kaltzio gehien dauzkana eta C bitamina gehien dutenetako bat, baina fosforo eta magnesio gutxienekoa.
  • Dastatze proban, bigarren hoberenak (7 puntu): “gozoa” eta “kraskatsua” izatea hobetsi zaio; kontrako kritikarik ez.

PASCUAL Muesli Extra

  • 3,96 euro kiloko, denetan merkeenak.
  • Aukera polita, hau ere. Fruitu lehor (%4,6) eta fruta (%14,4) gehien, baita gantz gehien daukan bigarrena (%6,9) eta azukre soil ugarien dauzkana (%26,9).
  • Dastatze proban, hoberenak (7,3 puntu): “labore aniztasuna”, “mahaspasen presentzia”, “gozoa”, “itxura” eta “bukaeran uzten duen ahogozagarria” izatea hobetsi zaio; kontrako kritikarik ez.

NESTLÉ Fibra 1

  • 4,65 euro kiloko. Ez du fruitu lehorrik, ezta frutarik ere.
  • Karbohidrato (%46,6) eta ahalmen energetiko urrienekoa (267 kaloria 100 gramoko). Zuntz (%30,4) gehien daukana. Plagiziden hondakinak, Arauak onarturiko kopuruan baino urriago.
  • Dastatze proban, (5,7 puntu): “zapore gozoa” eta “kraskatsua” izatea hobetsi zaio; “itxura” eta “zapore ahula” kritikatu zaio.

KELLOGG`S Special K

  • 03 albergue irurok
    5,64 euro kiloko. Ez du fruitu lehorrik, ezta frutarik ere
  • Proteina (%14,7) eta kaloria (377 kal/100 g) gehien dauzkatenak, eta zuntz urrienekoak (%2,6). C bitamina eta burdina (21 mg/100 g) ugarienekoa.
    Dastatze proban, 6,4 puntu: “zapore gozoa”, “itxura” eta “kraskatsua” izatea hobetsi zaio; “zapore ahula” kritikatu zaio.

KELLOGG`S Muslix Country Store

  • 5,21 euro kiloko.
  • C eta B1 bitamina-eduki txikiak. Plagiziden hondakinak, Arauak onarturiko kopuruan baino urriago.
  • Dastatze proban 5,9 puntu: “mahaspasen presentzia”, “osagaien aniztasuna” eta “uzten duen zaporea” hobetsi zaizkio; “zapore ahula” kritikatu zaio.

KELLOGG`S All-Bran Plus

  • 5,32 euro kiloko. Ez du fruitu lehorrik, ezta frutarik ere
  • Guztira, %28,2 zuntz dauka (bigarren ugariena). B1 bitamina gutxien daukaten bi laginetako bat; fosforo eta magnesio ugarien daukana. Plagiziden hondakinak, Arauak onarturiko kopuruan baino urriago.
  • Dastatze proban, 5,4 puntu: “zapore gozoa” izatea hobetsi zaio; “irintsua” eta “zapore ahula” izatea kritikatu zaio.

WEETABIX Barritas de cereales

  • 5,65 euro kiloko. Ez du fruitu lehorrik, ezta frutarik ere
  • Azukre soil gutxienekoak (%3,1). Guztirako zuntza %10,6 izaki, %2,7 disolbagarria da. B6 eta kaltzio (32 mg/100 g) gutxien daukan lagina. Plagiziden hondakinak, Arauak onarturiko kopuruan baino urriago.
  • Dastatze proban, okerrenak (4 puntu): “zapore ahula”, “irintsua” eta “itxura” kritikatu zaio. Aldeko iruzkinik ez.

ALPEN Mezcla de cereales con fruta y frutos secos

  • 6,16 euro kiloko, denetan garestienak.
  • Gantz ugarienekoa (%7,3). Guztirako zuntza %9,9 izaki, %4,2 disolbagarria da. B1, B2 eta B6 bitaminak eransten ez dituen lagin bakarra. B3 , B9, C bitamina eta burdina edukiak denetan apalenak dira.
  • Dastatze proban, bigarren kalifikazio eskasena (4,9 puntu): “mahaspasen presentzia” eta “labore aniztasuna” izatea hobetsi zaio; “gogortasuna” eta “zapore ahula” kritikatu zaizkio.