Ura ibaiz aldatzearen alternatiba
Itsasoko ura gezatzeak itxaropen handiak sortu ditu Mediterraneo aldean baina, aldi berean, eztabaida iturri bilakatu da gai hau. Ur eskasia historikoki nozitu duten eskualde zabaletan kalitatedun ur-baliabideak eskuratzeko, maiz auzitan jarri izan den ura ibai edo erreka batetik bestera eroate horren alternatiba gisa proposatu da.
Ebro ibaiko ura beste norabait eroatean oinarrituta zegoela, Espainiako Plan Hidrologiko Nazionala aresti indargabetzeak itsasoko ura gezatzea informazioaren lehen mailara ekarri du. Proiektuaren aldekoek diotenez, faktoria horien energi kontsumoa ura ibaiz aldatzeko beharrezkoa den azpiegitura eraikitzea baino askozaz ere txikiagoa izango litzateke eta, gainera, lursailen okupazioa eta lur mugimenduak ere arinagoak. Aurkakoek, berriz, gesalek -ur geza erdiesteko prozesu honek sortarazten dituen ur gazien hondakinak: honelako hondakinak suntsitzeko itsasoraino eraman eta bertan hustea beste biderik ez baitago, eta hori ere itsas bioaniztasunari erasotzea da- ingurugiroan eragiten duten inpaktua nabarmentzen dute. Egun eskuragarri ditugun ingurugiroko inpaktuaren gaineko azterlan urrien arabera, itsasoko ura gezatzen duten instalazioetako isuriek Itsas Gorrian hainbat arrain populazio murriztu eta planktona eta koralak suntsitu dituzte, Ras Hanjurah (Arabiar Emirerriak) lakuko itsas angiosperma eta manglareen desagertu dituzte, Key West-eko (Florida) lohiak kobrez eta nikelez dezente kutsatu dituzte.
Ura gezatzeko instalazioak eta energi kontsumoa
Urte mordoa eman dute ikertzaileek itsasoko ura gezatzeko instalazioen energi kontsumo handia urritzeko ahaleginetan. Izan ere, gesalean bertan oin harturik energia sortzeko teknologia asmatu da dagoeneko: PE (Pressure Exchanger, presio-aldagailua) mekanismoak energia gesaletik elikatze-emarira daroa zuzen-zuzen, egungo fabriketako abiadura handiko ardatz birakariek dituzten etekin-arazo horiek nozitu gabe. Sistema hori praktikan jarrita, energia eta bestelako kostu ekonomikoen murrizpenak prozesu bitxi bat ager lezake: estreinakoz itsasoko ura hartu eta ur edangarria ekoiztea posible izan liteke bestelako bideetatik (urtegiak, erretenak, ur eroateak) erdiesten dena baino metro kubiko bakoitzeko prezio txikiagoa ordainduta. Horra hor, hain zuzen, polemika honek oraingoz konponbide ezaguna ez duen beste alderdi bat: zein ote da industrian gezaturiko metro kubikoaren prezioa eta zein Ebrotik beste ibai batera eroaniko urarena?
Gezatzearen eragozpenak
- Itsasoko urari gatza erauztean gatz-hondakinak sortzen dira. Hauek, itsasora ostera isurita, uren gazitasuna areagotzean, bertako faunarentzat kaltegarri gertatzen dira.
- Osmosi alderanztuz diharduten instalazio konplexuek elektrizitate kontsumo handia egiten dute.
- Itsasoko ura gezatzeko instalazioak turismo urbanizazioek okupatuak ez dauden tokietan kokatuko lirateke.
- Fabrika diren aldetik, bizitza mugatua dute.
- Gezaturiko ura, dirudienez, nekazaritzarentzat kaltegarri izan liteke. Valentzia eta Murtzian ugari-ugariak direlarik, zitrikoak ur gezatuak dauzkan mineralen aurrean oso sentsible dira.
- Gezaturiko ura premiazko duten eskualdeetara eroateko azpiegitura lan eskerga eta izugarri garestiak egin beharko lirateke.Gezatzearen abantailak
- Iturri batzuen arabera, indargabeturik dagoen Espainiako Plan Hidrologiko Nazionalaren Legean aurreikusitako Ebroko ur-eroatearen aurrean, lursailen okupazioaren %3 eta lur eroateen %3 baizik ez litzateke kostatuko, alderdi horretatik.
- Ebroko ura Kataluniara, Valentzia Erkidegora, Murtziara eta Almeriara eramateko behar den energia baino %30 gutxiago kontsumituko luke gezatze sistemak.
- Gezatzen instalazioek funtzionatzeko energia berriztagarriak balia litezke, Espainiako hego eta ekialdeko eskualde askotan eguzki edo haize orduak ugari dira eta.
Adituen aholkuak
Centre d´Estudis Avançats de Blanes – CSIC (Espainiako Zientzi Ikerkuntzetarako Kontseilu Nagusia) erakundeko ikertzaileek kontuan hartu beharreko neurriak jakinarazi dituzte:
- Ura gezatzeko instalazioak komunitate bentonikoen gaineko inpaktua gutxienekoa litzatekeen tokian kokatu beharko lirateke (hondakinak landaredirik gabeko hondoetan isurtzea, ahal dela). Ahal den neurrian, badia itxietan eta balio ekologiko handiko sistemetan (hala nola itsas angiospermen zelaiak) hobe isurketarik ez egitea.
- Gesalen isurketak hidrodinamismo ertain edo handiko guneetan egin beharko dira, itsasora isuritako gatzaren sakabanaketa errazteko.
- Sedimentazio prozesuetan eragina izan dezakeen aldaketarik ez da egingo, ahal den neurrian.
- Jatorriko ura kalitate onekoa izan dadila saiatu behar da, geroagoko tratamendu kimikoa ahalik eta arinena izan dadin.
- Gesalek itsasertzean duten inpaktu motak ikertu beharra. Isurketa osatzen duten elementu guzti-guztien -eta horietako bakoitzaren- inpaktua eta elementu horien arteko elkarreraginak aztertu behar dira.
- Isurketen eragina nozi dezaketen komunitate bentoniko mediterraniarren tolerantzia mailak zehaztu beharko lirateke.
Energia berriztagarriak
Itsasoko ura gezatzea energia berriztagarrien aplikazio erakargarri bihurtzen dute zenbait faktorek. Batetik, ur gezatu gutxi daukaten eskualde askok energia horietakoren baten -haizea eta eguzkia, batik bat- potentzial egokia daukate. Aldeko faktore bat, ur edangarriaren demanda handieneko sasoia eta aipatu berri diren energien eskuragarritasuna denboran bat datoz. Itsas ertzeko herri eta zentro turistiko ugaritan ur edangarriaren eskakizunak gora egiten du uda partean, turismoak eraginik, populazioa izugarri biderkatzen delako sasoi horretan. Uda da, hain zuzen ere, eguzki irradiazioaren eskuragarritasun handieneko garaia. Arrazoi horiengatik hainbat erakunde eta organismo ofizialek garatu dituzte -edota garatzen ari dira- energia berriztagarriekin funtziona dezaketen itsasoko ura gezatzeko sistemak hobetu eta lehiakorrago bihurtzeko proiektuak.
Itsasoko ur emaria, gezatzeko instalaziotik igarotakoan, populazioa hornitzeko eta landareak garastatzeko ur gozo bilakatzen da. Prozesu honetan, ordea, gesala osatzen da eta hondakin hori tartetik kendu beharra dago. Egiari zor, berrerabili ere egin liteke, gatz-ekosistema oso bat sortzeko edo, areago, instalazio hori ostera elikatuko lukeen energia erdiesteko.
Urari gatza erauzteko oinarrizko bi prozesu baliatzen dira eskuarki: destilazioa (lurruntzea) eta osmosia alderanztua (gatzak eta zikinkeriak geldiarazten dituen mintz erdi iragazgarri batean zehar pasarazten da ura, presio handia eraginez). Destilazioz diharduten instalazioetan isurketa -gesala, funtsez- araztutako ur bolumenaren halako zortzi edo hamarrekoa delarik, osmosi alderanztuz dabiltzan faktorietan hondakin bolumena txikiagoa da (arazturiko bolumenaren 2,5 – 3 aldiz baizik ez) baina gatz edukia handiagoa da, inondik ere. Kasu batean zein bestean, uraren tratamenduan baliaturiko produktu kimiko batzuk doaz isurketan (biozidak, anti-inkrustagarriak eta aparren kontrakoak).