Ikusmena eta ordenagailua

Lanean eten egin eta ikusmen-ariketak egitea, egoki-egokiak

1 iraila de 2004
Img consejo listado

Lanean eten egin eta ikusmen-ariketak egitea, egoki-egokiak

Profesionalek eta pertsona pribatuek ordenagailua geroz eta gehiago erabiltzearen ondorioz, erabiltzaile horiek ikusmeneko arazoak ere ugalduz doaz: begietako mina, begi lehor eta narritatuak, buruko mina, ikuspen lausoa… hamaikatxo dira aspaldian bulegoetako enplegatuen sarrieneko gaitz bihurtua den ordenadore-ikuspenaren sindrome horren agerpenak. Gaitz horien zergatia aparatua gaizki erabiltzea denez, konponbidea nornahiren esku dauden aholku soilak betetzea baizik ez da.

  • Ez eman ordenagailu aurrean lanean ordubete baino gehiago. Hori ezinezkoa bada, egin etenaldi asko, bost minututik bost minutura. Etenaldi horietan begiratu urrutiko zerbaitera 20 segundoz.
  • Tartekatu ordenagailuko lana eta bestelako jarduerak
  • Molestiarik nozitzen baduzu, itzali ordenagailua eta deskantsatu begiak. Aire freskoan begiak ireki eta ixtea lagungarri izango duzu.
  • Beharrezkoa bada, handitu pantailako letraren tamaina.
  • Karaktereek ondo zehaztuak egon behar dute, hondoarekiko kontraste onean, behar bezalako tamainakoak izango dira, eta lerro arteko tartea egokia.
  • Lanean erabili testu beltza hondo zuriaren gainean. Ahal dela, ez erabili kolore gehiegi.

Kokapena

  • Jarri monitorea 50 – 60 cm-tara.
  • Jarri pantailaren goialdea begien mailan edo apalxeago. Era horretan, monitorea ikusmen egokieneko zonan egongo denez (ikuspen-lerro horizontalez azpiko 5º – 35º bitartean) dena ahalegin berezirik gabe ikusiko duzu, ikusmena ez zaizu nekatuko eta postura kaltegarriei ihes egingo diezu.
  • Okertu monitorea beherantz, zure zuzeneko begiradarekiko 20 graduko angeluan.
  • Ipini dokumentuak atrilean, zure begietatik pantailaren distantzia eta altuera berean, horrela, begiratzeko ez baituzu burua jaitsi eta jasoko aldiro-aldiro eta ikusmen-nekea apalduko duzulako.

Kontuz argiarekin

  • Instalatu pantaila leihoari perpendikular; inola ere ez aurrez aurre, begiak altxatzean itsutzea gerta baitaiteke, ezta leihoari bizkar emanik, argi naturala pantailan islatzen baita, ezinbestez.
  • Saiatu monitorea edo mahaiko lanpara argi-iturri bakarra izan ez dadin. Baliatu giroko argitasuna: horrela, argitutako zonatik kanpo begiak ateratzean ez dituzte zeharo bestelako argitasun-gorabeherak nozituko.
  • Ez erori ohiko akatsean, ez erabili argi askorik. Toki berean argi-iturri ugari jartzeak zure begiei arreta monitoretik ken diezaieke eta, bestela, pantailan islapenak egin ditzakete.
  • Gehiegizko argitasunak ere nekatzen du ikusmena; hobe izaten da lanparak lan-zona argitzera zuzentzea, zure begietara edo pantailara jo gabe.
  • Erabili islapen kontrako tratamendu berezia edo berariazko filtroa duen monitorea. Kontuz filtro horrekin, pantaila ilunegi uzten badu.
  • Pantailako irudiak egonkor izan behar du, islapenik, distirarik, erreberberaziorik gabea. Aresti eginiko ikerlan baten arabera, izpi katodikodun monitoreen luminantzia maila ez dabil egonkor, aparatua piztu denetik lehen 20 minutuetan; beraz, lanean hasi aurretik monitorea piztea komeni izaten da, aldaketa horiek ikusmenean eragin dezakeen nekeari ihes egiteko.
Ordenagailu aurreko ariketak
  • ” Eseri zuzen eta begira aurrera. Burua mugitu gabe, zuzendu begirada ahalik eta eskuinenera lehendabizi, eta ezkerrenera ondoren.
  • Ordenagailu aurrean zaudela, egin ahaleginak begien kliska erritmo biziz egiteko edo, bestela, egin etenaldiak, begiak kliskatzeko
  • Egin pausaldi bat eta zuzendu begirada infiniturantz (begientzat, sei metrotik haratago). Gertura begiratu beharrak agintzen duen egokipena alferrikakoa denez, begiko muskuluak lasaitu egiten dira horrela.